Euskara eta harremanek topa egiten dutenean… “Saltsa badago!”

Kaixomaitiatik, inoiz baino berrikuntza gehiagorekin, euskaldunon harremanen aro berri bat dastatzera gonbidatzen zaitugu

Berritze lan intentsibo baten ondoren, Kaixomaitiaren, euskaldunon harremanetarako gunearen, aro berri bati emango diogu hasiera, “Saltsa badago!” lelopean. Hiru oinarriek eutsiko dute proiektu berria: Kaixomaitia.eus, harremanetarako webgune eraberritua; Kaixomaitia Ekintzak, pantailaren beste aldean jendea ezagutu eta elkarrekin gozatzeko jardunaldiak; eta Kaixomaitia Blog-a, kolaboratzaile sare batekin harremanei buruzko hausnarketa egin eta iritziak partekatuko dituenak.

Agur maitia .com, kaixomaitia.eus

http://www.kaixomaitia.eus/

Kaixomaitia.com 2007.urtean jaiotako euskaldunon euskarazko harremanetarako lehen ataria da, Iñigo Arandiak sortua eta, egun, bakarra izaten jarraitzen du. Denboran zehar, akats eta abilezien ondorioz ikasiak, zerbitzuak moldatuz joan gara: 2009.urtean aldaketa nabari bat jasan zuen Kaixomaitia.com-ek eta gaur, inflexio puntua iritsi zaio, euskaldunon harremanetarako gunearen ibilbidea markatuko duena.

Webguneak eta proiektuak, orohar, izaera berdifinitu eta diseinu identifikagarri batekin egingo du aurrera. Bizipoxa, ausardia, aukera, ahalduntzea, aldarrikapena, askatasuna eta gozamenaren alde agertuko gara Kaixomaitia gunean eta jarrera horretan oinarriturik eraiki dugu online ataria.

Gainera, kalitatea, segurtasuna eta profesionaltasuna bermatuko dugu, webgunearen eredu / zentzu sutsuari jarraituz: kalitatezko soslaiak osatuko dituzten erabiltzaile aktiboak izango dira protagonistak, kalitatea eta emaitzak jasotzearen truke zerbait ordainduko dutenak, gutxi bada ere.

300x300_animatua

Azken ideia horri eutsita, harpidetza salneurriak soslaiaren argazkiaren eta iraupenaren arabera ezarriko dira. Horretaz gain, erabiltzaile guztiek lehen hilabetea dohainik probatzeko aukera izango dute hasiera batean (soslaieko argazkia irekia jartzearen baldintzapean) eta epea pasa ondoren, bakoitzak, erabakiko du webgunean harpidetza egiteagatik hautatu edo ez. Honela, kaixomaitia.eus-etik ordaineko harpidetza eskatuko dugu behin harpidedunak dohainik zerbitzua ongi ezagutu duenean.

Zerbitzu eta funtzionalitate berriei dagokienez, hauek dira azpimagarrienak: bilaketa aurreratuak, bat-bateko mezularitza sistema, ordainketa egiteko baliabide ezberdinak (mikrordainketak eta txartel bidezkoa), soslaiaren pribatutasuna egokitzeko aukera (profilaren ikusgarritasuna, borondatez erakutsi ahal izango den argazki pribatua…) eta Zirri-Mirri (bateragarritasuna bilatzen duen argazki karrusel jolasa).

Pantailaren mugak gaindituz, Kaixomaitia kalera

P1080323

www.kaixomaitia.eus/eu/ekintzak/

Webgunetik eta pantailatik kanpoko zerbitzu berriak martxan jarriko ditugu, Kaixomaitia Ekintzak izenpean. Horietan, harremanetarako webgunean harpidetza ez duten pertsonek ere parte hartu ahal izango dute, teknologien lagun ez direnei ere harremanetarako eta ondo pasatzeko aukera zabaltzeko asmoz, guztiok Kaixomaitian gure lekua aurkitu dezagun.

Ideia asko ditugu jada jendea giro paregabean biltzeko eta beste elkarte batzuekin elkarlanak adosten gabiltza zerbitzu berezi eta osoak eskaintzeko. Besteen artean, sukaldaritza ikastaroak, harremanei buruzko hitzaldiak, kirol ekintzak, ibilaldiak, jarduera kulturalak, speed dating-ak… antolatuko ditugu, urtarriletik aurrera; hitz bitan, agenda alaitzeko plan oso tentagarriak.

Kaixomaitiaren hizki saltsa, blog-a

blog.kaixomaitia.eus/

Euskaldunon harremanetarako gunearen izaera eta hausnarketak partekatzeko asmoz, komunitatea sustatuko duen bloga zabalduko dugu. Horretan, astero, kaixomaitiatik gure ekarpenak egingo ditugu proiektuaren berri emateko eta, horrekin batera, kolaboratzaile eta jarraitzaileek ere euren zeresana izango dute. Lagun horiek kazetari, iritzi emaile, itzultzaile, eta generoan espezializatutako profilak izango dituzte eta astero partekatuko dituzte fikziozko istorio, berri, iritzi, erreportai, e.a. “Kaixomaitian Saltsa badago!” baieztapena egiaztatuko da blogean ere, sustatuko ditugun eduki aktibo, dinamiko eta interaktiboei esker, euskaldun orori gizartearen harremanei buruzko hausnarketa egitera gonbidatuko gaituenak.

Euskal Herritarren harreman afektibo eta sexualen inkesta anonimoa

Zoriontsuak al gara ditugun harreman sexual / afektiboei dagokienez? Erlazio irekiak izateko desira dugu? Sexualki aktiboak gara? Zenbateraino gara leialak? Eta zergatik gara leialak?  Eragina al dute genero, adin edota ideologia bezalako aldagaiek harreman zoriontsuak izateko orduan?

Egun, oraindik, tabu eta erronka anitz estaliak daudela sinetsita, euskal herritarren sexu eta harremanei buruz jakin eta argitara eman nahi dugu Kaixomaitiatik. Hori dela eta, internet bidezko inkesta anonimo bat zabalduko dugu kaixomaitia.eus-en eta geure sare sozialen bidez. Aztiker Ikergunearen aholkularitzarekin osatu da eta hiru hizkuntzetan (euskara, gaztelera eta frantsesa) egongo da eskuragarri inkesta hurrengo astetik aurrera otsaila bitarte. Helburua da denbora horretan erantzun kopuru altua izatea (1.500-2.000), errealitatearen interpretazio sakon eta zintzoa egiteko aukera emango duena. Inkestaren emaitzak otsailean zabalduko dira.

argibidea