Prostituzioa: legeztatzea, abolizioa edo despenalizazioa?

 

Nagore Vega [@muxkilla]

 

Prostituzioa edo sexu-lana diruaren edo beste zerbaiten truke sexu harremanak saltzea da. Sexu zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsonei prostitutu (latinezko prostitutus hitzetik) edo sexu langile deritze; emakumeei, prostituta (edo, irain kutsuarekin, puta, emagaldu, urdanga eta abar). Gaur egun, legez kontrako jarduera da herrialde askotan, batzuetan heriotza zigorrarekin zigortzen dena, baina beste herrialde batzuetan guztiz legezkoa da. Zenbait emakume feministak lanbidetzat aldarrikatzen dute (Wikipediatik).

Lanbidetzat aldarrikatzen dutenei, instituzioek beti ukatu dizkiete espazioak, ahotsa eta erabakitze ahalmena. Ez dugu ahaztu behar, ordea, sexu-langileak ez direla objektuak, eskubideak dituzten subjektuak baizik.

300x300_animatua

Estigma izateari ere ez dio utzi prostituzioak. Sexualitatearen gaineko moral bikoitza erakusten du estigma horrek. Prostituzioan jarduten direnek ez dute lan-eskubiderik (gizarte segurantza, erretiroa…); sostengu gutxi dute aniztasun funtzionala duten pertsonek sexua nahi bezala bizitzeko; edo kalean jazarrita daude udal ordenantzen bitartez (nahiz eta bitartean burdelak onartzen diren…).

Zentzu horretan, elkarren kontrako bi mugimendu (bereziki) aurrez aurre daude azken urteetan: hainbat herrialdetan prostituzioa legezko bihurtzearen (legeztatzea) edo legez kontrakoa izaten jarraitzearen (abolizioa) eztabaida piztu da.

Legeztatzea

Lege penalen bidez edo beste era bateko legeen bidez prostituzioa arautzeari deritzo. Ikuspegi honek, bada, legezko lanbidetzat hartzen du prostituzioa, eta hainbat arauren bidez kontrolatzen du. Arau horiek zehazten dute prostituzioan nork eta zein egoeratan lan egin dezakeen (Wikipedia).

Abolizionismoa

Abolizionismoa edo feminismo abolizionista defendatzen dutenek diote, prostituzioa praktikatzen duten emakume gehienak horretara behartuta daudela. Indarkeria matxistaren parte dela.

Sexu-langileen elkarteek kontrakoa diote.

NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, zazpi emakumetik bat da pertsonen salerosketa sareen biktima.

Egia esan, ez daude bi langile eta bi istorio berdin.

Badago hirugarren mugimendu bat ere, beste batzuen artean.

Legeztatu ordez, despenalizatu

Mundu guztiak du iritzi bat legeztatzeari buruz. Baina horrek konponduko luke arazoa? Beatriz Gimeno feminista idazlearen iritziz, ez: “Benetako irtenbideak oso konplexuak dira bi legetan jasotzeko; prostituzioa ezina da legalki konpondu, aldaketa kultural sakonagoa beharrezkoa da” (Pikara Magazine-tik).

Antzeko zerbait dio Toni Mac sexu-langile ingelesak. Sexu-langileak babesteko zer beharrezkoa den hausnartu du. Eta prostituzioa praktikatu aurretik zituen ideiak errebisatu. Baina nabarmentzen du lan hori guztia sexu-langileekin batera egin behar dela.

Mundu guztiak ematen du bere iritzia sexu-lana legislatzearen gainean: legalizatu, debekatu, zergapetu… Baina zer diote langileek eurek?

Mac-ek egun indarrean dauden lau eredu azaltzen dizkigu TedTalk honetan:

  1. Penalizazioa osoa. Mundu erdian ematen da: Errusia, Hegoafrika, ia AEB Ameriketako Estatu Batu guztietan… Parte hartzen duten guztiak zigortzen dituzte: prostitutak, bezeroak, probetxua ateratzen duten hirugarrenak… Uste dute horrela, multen eta atxiloketen beldur, jendeak ez duela sexuagatik ordainduko. Horietako herrialde batzuetan kondoiak gainean eramatea proba gisa balia daiteke, eta sexu langilea zarela leporatu.
  2. Penalizazio partziala. Sexua saltzea eta erostea legala da, baina inguruko jarduerak ez. Burdelak eta kaleko jarduera debekatuta daude. Erresuma Batuan eta Frantzian gertatzen da hau, adibidez.
  3. Eredu suediarra edo nordikoa. Prostituzio eskaintza onartzen dute, baina ez eskaria. Sexu harremanak saltzen dituena zigortu ordez, bezeroa zigortzen dute. Sexu-langileak laguntzen dituzte, baina prostituzioak kopuru berdinetan jarraitzen du.
  4. Legalizazioa. Prostituzioa legala eta erregulatua. Alemanian eta Herbehereetan kasu, baita AEBtako Nevadan ere. Aukera garestia da, gutxi batzuen esku dagoena eta ez beti segurua.

Egoera okerrenak bizi dituztenak are okerragoak bizitzera eramaten dituzte laurek Mac-ek azaltzen duenez: “Debekuak ez dira onerako. Are gehiago, arriskuak areagotu egiten dira: gaixotasunak, erasoak, atxilotzeak, isunak…”

Sexuaren industrian bereziki nabarmenak dira gizarte-desberdintasunak, baina ezin da mundu hobe bat sortu legislazioarekin bakarrik.

Lan sexuala abolitzea ez du aukera bezala ikusten Mac-ek. Egokiena, haiei galdetzea dela argi du: “Zer nahi dute sexu-langileek? Despenalizatzea. Zeelanda Berriak 2003an egin zuen bezala. Legalizazioa eta despenalizazioa ez dira gauza bera. Despenalizazioa honakoa da: sexu jarduera penalizatzen duten legeak kendu eta beste edozein lan bezala tratatua izatea. Orain jarduera ez da zabalagoa han, adibidez, baina bai seguruagoa. Ez da ona horregatik bakarrik, sexu-langileekin egin zelako baizik”.

Ahotsa izatea da garrantzitsua, alegia. Eskubideak bermatzeaz hitz egin beharko lukete haiekin, kriminalizazioa saihesteaz, estigmak konbatitzeaz eta diskriminazioa albo batera uzteaz. Batzuek gustuko dute lana. Besteek ez. Gehienek sentimendu kontrajarriak dituzte. Gainontzeko lan guztietan bezala. Garrantzitsua modu seguruan lan egitea da. Despenalizazioa eta lan baldintza duinak izatea, alegia, edozein langile bezala.

Prostituzioaren inguruko hiru jarrera ezagutu ditugu. Orain, bakoitzak bere ondorioak atera ditzala.

 

CCBYSA: Nagore Vega & Kaixomaitia.eus

Irudia: Alejandro Forero Cuervo rena hemendik

argibidea