Ezkondu edo bikote bezala inskribatu, zertarako?

Daniel Martinez abokatua da. Ekin Abokatuak-en egiten du lan, Orereta-Errenterian. Goiburuko galdera nagusi horrekin jo dugu harengana, ezkontzari eta izatezko bikoteei buruzko xehetasun gehiago ezagutu asmoz.

Arrazoi ezberdinak izan ditzakegu ezkontzeko: ohiturak, lege arrazoiak, pertsonalak… Baina bereziki ekonomikoak dira aintzat hartu beharrekoak, Martinezek nabarmendu duenez. Ziur aski gehienek beste zerbaitengatik hartzen dute urrats hori egiteko erabakia, baina okerrik egin nahi ez badugu, kontenplatu beharrekoak ez dira zio erromantikoak.
300x300_animatua

Onura ekonomikoak nagusi

Batez ere onura ekonomikoak ditu ezkontzeak, argi eta garbi. Ezkontzean, eraentza ekonomiko batetara meneratzen gara, eta horrek eragina izango du gure bizitzan, gure etorkizunean. Martinezek hiru eraentza nagusiak azaldu dizkigu:

  • Irabazpidezko eraentza: dena da biona.
  • Ondareen banantzearen eraentza: gure ondareak ez dira batzen ezkonduta ere.
  • Parte-hartze eraentza: erdibidekoa izango litzateke.

Beste zenbait “onura”, “bitxikeria” edo “tramite batzuetarako beharrezko status-a” ere eman ditzake ezkontzeak: “Onura fiskalak ere baditugu: errenta aitorpena elkarrekin egitea, adibidez. Oporrak ere ematen dituzte lantegietan, 20 egun ezkontzeagatik. Ospitalean edo kartzelan bikotekidea bisitatu ahal izateko beharrezkoa izan liteke, kasu batzuetan, ez baitute uzten senidea bisitatzen familiakoa ez bazara”.

Hala ere, normalean, ezkontzera doanak ez ditu “abantaila” horiek bilatzen, zerbait pertsonalagoa izan ohi da. Dena den, ondorio txarrak etor daitezke, eta aintzat hartu beharrekoak dira. Garrantzitsua da hori jakitea. Izan ere, jendea ezkondu egiten da horien inguruko aholkua eskatu gabe, eta gerora arazoak sor daitezke.

2003tik hona, aldaketak

Egitatezko edo izatezko bikoteen legea onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoan 2003. urtean. Ordutik, eskubide berdin-berdinak dituzte ezkondutako edo bikote gisa inskribatutako pertsonek (aurrez ez zen horrela): konpentsazio pentsioei dagokienez (kasua bada), seme-alabei dagokienez, alarguntza pentsioari dagokionez…

“Onurei” buruz ari garela, izatezko bikoteek malgutasun gehiago dute eraentza ekonomikoari dagokionez. “Ezkontzetan aipatutako baten bat aukeratu, edo bikoteak adosten duena sor dezakete, horiek oinarri hartuta”, Martinezek azaldu digunez.

Lege horri esker, gainera, sexu bereko pertsonek ere hautua egin ahal izan zuten izatezko bikote bihurtzeko, Espainiako Estatuak ezkontza onartu aurretik.

Banantzeko prozedura da, kasu honetan, ezkontzekiko ezberdina. Ez du zertan txarragoa izan.

“Inork orain galdetuko balit, zer komeni zait gehiago, ezkontzea edo izatezko bikote bezala inskribatzea? Egokiena iruditzen zaizuna erantzungo nioke”, dio Martinezek.

Intzestuaz eta poligamiaz

Intzestua ez da legeetan aurreikusten, ez behintzat bere horretan aipatzen. Hiztegiak definitzen du zer den:

Intzestua familia bateko kideen arteko sexu harreman debekatua da. Mundu osoko kultura gehien-gehienetan tabutzat hartzen da, baina tabuak, debekuak edo gaitzespenak, hedadura ezberdina du kultura eta garai batetik bestera. Batzuetan, familia nuklearrera mugatzen da soilik, guraso eta seme-alaben arteko harremanak debekatuz hain zuzen; beste batzuetan ordea, familia eremu zabalagoa hartzen du, esaterako koinata eta koinatuekiko sexu harremanei buruz (Wikipediatik).

Legeei dagokienez, Espainiako Estatuan, hamarkadak dira ez dela arautzen, baina bai esaten da nor ezkon daitekeen eta nor ez. Ahaidetasun graduaren arabera egiten da ezberdintasun hori (lerro zuzenekoak kasu: gurasoa eta haurra; edo anai-arrebak), intzestua bere horretan aipatu gabe.

Poligamiari dagokionez, Kode Zibilak jasotzen du gizartea kaltetzen duela. Hots, poligamia zigortuta dago legez. Legeak dezente aldatu beharko lirateke “delitu” hori desagerrarazteko, Martinezek gogorarazi digunez: “Eraentza ekonomikoa, esaterako. Eta batek dibortziatu nahi badu? Seme-alabarik bada? Adopzioaz ari bagara?…”. Gizartean oraindik tabu bezala ikusten dela uste du Martinezek, eta lege-munduak orain arte nola funtzionatu duen ikusita, ez du uste ez bata edota bestea epe laburrean arautuko direnik.

Beraz, ezkondu edo inskribatu? Eta bai ala ez?

Bi pertsona bakarrik ezkon daitezke edo izatezko bikote bezala inskribatu, beraz, oraingoz. Erabakia hartzeko momentua iristen denean, honatx planteatu beharko duguna: “Oso erabaki garrantzitsua da, eta oso ondorio ekonomiko garrantzitsuak ditu. Ezkondu baino lehen, aholkua bilatu. Ondoren beranduegi izan daiteke”.

Zein izango litzateke zuentzat aukera egokiena?

 

Argazkia: “Matrimonio” Francesca Capparena hemendik hartua 

argibidea