Anatomiako Hiztegia (1)

Goiatz Labandibar [@goiatzL]

 

BARRABILAK:

HIZTEGI ENTZIKLOPEDIKOAK:

1) iz. Gizonezkoaren eta oro har ugaztunen bi testikuluetako bakoitza.

2) Gizakiagan eta ugaztun gehienetan jaio aurretik barrunbe abdominalean garatzen dira, baina jaio aurreko unean edo jaio eta handik gutxira jaisten dira eskroto edo barrabilak biltzen dituen zorro-antzekora. Indibiduo helduengan, luzean 4-5 cm inguruko arrautzaantzeko masa da eta albuginea izeneko mintzez estalia dago. Barrabil bakoitza kiribilean bilduta dauden milaka tubulu seminiferoz osatua dago; tubuluak epitelio germinalaz inguraturik daude eta epitelio horretan daude espermatozoide bilakatuko diren nukleo handidun zelulak. Tubulu hauen artean zelula interstizialak daude eta zelula horiek sexuhormona maskulinoak (testosterona bereziki) jariatzen dituzte. Tubulu seminifero bakoitzaren muturrean beste hodi fin bat, eferentea izenekoa, dago eta honen bidez epididimoarekin konektatzen du; bertan depositatzen dira espermatozoideak. Epididimo bakoitzetik ateratzen den hodi deferentea izenekoak barrabil bakoitza barrunbe abdominal, gernumaskuri eta zakilarekin komunikatzen du. Bi funtzio ditu, beraz, barrabilak: ugalketarako dena bata (espermatozoideak sortzea) eta endokrinoa bestea (sexu-hormona maskulinoak jariatzea).                                     

KALE HIZTEGIA: Arrautzak. Edo koskobiloak. Edo potroak. Edo testikuluak. Edo koskoilak.

KURIOSITATEAK: Australiako aborigenen hizkuntzan “erreka bat igarotzen da inguruan” esan nahi omen du barrabill-ek.

HIZTEGI POETIKOA:

Karlos Argiñanok errezeta batean, arrautza-loreak izendatutako horien antza dute barrabilek. Arrautza-loreak. Edo Izarok Tu escala de grises abestian hain gozo izendatutako eztiaren fabrikarena. Lore eta erle.

Erle lanak egiten dituen ahoa –edo eskuak- fabrikara hurbiltzen da, ezti bihurtzeko polen bila, eta barrabila inguratuz eta zupatuz hustutzen du elikatzeko hain beharrezkoa duen polen eta nektarrez. Erle-lana da –eta batzuetan txingurriena ere izan liteke- barrabilak goxo miazkatzea, goxo tiratzea azaletik, goxo-goxo-goxo… arrautza-loreetako ezti guztia atera arte.  
300x300_animatua

ZAKILA:

HIZTEGI ENTZIKLOPEDIKOA:

1) iz. ANAT. Ugaztunen penisa. Pubisaren aurrealdean kokatuta dagoen eta esperma umetokian edo umetoki-lepoan uzteko balio duen organo zutikorra da.

2) Zakila organo zutikorra da.

3) Zakila (grezieraz: peós) arraren ugalketa organo garrantzitsuenetakoa da. Ugaztunetan, gernubidearen azken zatia da gainera. Zakilaren oinarrizko funtzioa sexu harremanean sartzea da. Zakila gogortuta (zutik) egon behar da sartzeko. Gizakion zakila odolez betetzean gogortzen da, ez baitu, beste animalia batzuen kasuan bezala, hezurrik.

KALE HIZTEGIA: Buztana. Edo pitilina. Edo txoria. Edo ezpata-arraina. Edo txistorra. Edo isipua.

HIZTEGI POETIKOA:

“Maite ditut zakilak

maite

bakeropean hazita

eskua betetzen didatenean

hankartean

ahoan

azalean

kolesterolaren edo kalorien beldurrik gabe dasta ditzakedanean

tente

zuzen

umel

busti

bero

hotz

lo

 

Eta

batzuetan maite

maite ditut zakilen jabeak ere”

 

(Des-egiten. Ione Gorostarzu.

Zertarako hasi ezer idazten beste norbaitek aurretik hain ongi egin badu?)

 

EREKZIOA

 HIZTEGI ENTZIKLOPEDIKOA:

1)iz. BIOL. Zenbait ehun organiko odolez bete eta puztea ezaugarri duen fenomenoa. Giza espeziean bereziki sexu-jarduerari lotzen zaion fenomenoa da; erekzioaren bidez, gizonaren zakilak emakumearen baginan sartzeko adinako zurruntasuna hartzen du.

2) Iz. Zenbait organo, egoera normalean bigunak direnak, zurrunduta eta gogortuta jartzea, beren ehunetan odola ugari biltzen delako. Zakilak, klitorisak eta titi buruak adibidez erekzioa izaten duten organoak dira.

3) Erekzioa, batzuetan zakilaren tumeszentzia ere deitua, gizon eta hainbat animalia arren zakila gogortze eta zutitzeari deritzo, sarpena ahalbidetzeko. Gizonezkoek erekzio iraunkor bat atxikitzeko gauza ez direneko arazoari zutitzearen disfuntzio deitzen zaio. Gogortze hori sexu kitzikapenaren ondorio izan ohi da gehienetan, nahiz eta kasu askotan gorputzaren berezko erreakzio izan (lotan dagoela gertatutako erekzioak kasu). Gizonezko heldu bat erekzioaren ondoren zakila kitzikatuz (bai sexu harremanen, bai masturbazioaren bidez) orgasmora eta eiakulaziora iristen da. Hala ere orgasmoak ez dira helduen kontua soilik, haur eta nerabeek ere (guztiz heldu gabe daudenek) izan ohi dituzte.

 

KALE HIZTEGIA: Enpalmatuta egotea. Edo bero-bero. Edo katxondo.

 

KURIOSITATEAK:

“Erekzio disfuntzioek gora egin dute krisiaren eraginez” (EITB, 2011/12/01)

Zakilaren tamaina eta itxura gizonetik gizonera aldatzen da. Osagai genetikoek zein arrazialek nolabaiteko eragina dutela frogatu dute zenbait ikerketek, baina ez da ondorio esanguratsurik atera. Ikerketa horien arabera, erekzioan dauden gizonezkoen zakilek 13 eta 17 zentimetro bitartean neurtzen dute.

 

HIZTEGI POETIKOA:

Baratze bat ereitean, lehenengo, haziak landatu behar dira. Egunero zaindu behar da baratzea. Haziak, ikusi ez arren, handitzeko. Eskuak dira nekazariaren lanabesik behinenak. Eta, ongi zainduz gero, barazki edo fruitu bakoitzak ontzeko eta zoritzeko behar duen denbora pasata, emaitza jasoko du nekazariak –amateurra bada ere-:  artoa, azenarioa, zainzuriak, kuiatxoak…

Voilà.

Erekzio bat ereitea antzeko zeozer da. Barrabil-zakil barruan dauden haziak ez dira ikusten, baina hor daude. Eta, egunero ez –edo bai-, baina eskuz lantzea da aukera behinenetako bat erekzio bat sortzeko. Gizon bakoitzak behar ontzeko edo zoritzeko behar duen denbora pasata, emaitza jasoko du ekinlariak: erekzioa.

Voilà.

 

Argazkia: “Penis” Espen Sunve-rena hemendik hartua

argibidea

  1. Koxkorra · azaroa 29

    Kaixo, oso interesgarria.

    Komentario batzuk egin nahi dizkizut:

    1- Barrabilak
    Definizioan “testikulu” gisa ematen badituzu, ez da oso logikoa gero Kale Hiztegian ere “testikuluak” jartzea, ezta?

    Lagunarteko beste hitz batzuk: boloak, borlak, dandabelak, grisolak, izter-saguak, koskorrak, landroak, otaxak; potto (potro-ren txikigarria)

    2- Zakila
    Lagunarteko beste hitz batzuk: anaia txiki, beheko anaia, beheko (buru), barro, kikila, kikirri(o), pitxo [leun. pitto], txitxarro, txitxil, xispa, zutarri; xakil [zakil-en leungarria]

    3- Erekzioa
    Kaleko Hiztegiko “enpalmatuta” eta “katxondo” hitz espainolak dira; “bero-bero” oso orokorra da, emakumearekin ere erabil daiteke, baita egunarekin ere.
    Zakila armatzen, harri egiten, harrotzen, tentetzen da; gizona muntatzen da edo adarra sutan jartzen zaio.

    • kaixomaitia · azaroa 29

      Komentario oso egokiak Koxkorra! Aintzat hartu eta helaraziko dizkiogu Goiatzi.
      Kale hiztegia oso aberatsa da bai sexu organuen eta oro-har sexuaz ari garenean. Beste erreportai honetan emakumezkoaren masturbazioaz aritu ginen eta Xabier Mendigurenek lagundu zigu “Tinbrea jo” esamoldearekin >> https://twitter.com/xme64/status/719471413795622912 eta honen bidez Asier Sarasuak hiztegi honen berri eman zigun, http://gazteak.ahotsak.eus/gazte-hiztegia/
      Bertan azaltzen dira sexuari buruzko hitz eta esamolde ugari bai!

      Mila esker Koxkorra!

      PD: Koxkorra ezizenak badu izenik? 😉