#Sexuinkestaren metodologia

Euskal Herritarron harreman sexual eta afektiboei buruzko online inkesta anonimoa 2016ko otsailaren 12an zabaldu eta martxoaren 13an itxi genuen. Galdetegiaren diseinua Kaixomaitia.eus en egin zen, hainbat norbanakoekin kontrastatu ondoren eta Aztiker Soziologia Ikergunearen aholkularitza teknikoarekin.

Galdetegiaren sarreran genioen bezala, inkesta 18 urtez gorako euskal herritarrei zuzenduta zegoen, hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelera eta frantsesa) eta, nagusiki, sare sozialen bidez zabaldu genuen, bai doako zein ordaineko zerbitzuak erabiliaz. Era berean, harreman publikoak landu genituen honen sustapenean eta hainbat hedabidek jorratu zuten gaia.

Guztira 73 galdera *osatu genituen 5 ataletan banatuak:

1.Bizitza afektiboa

2.Internet bidezko harremanak

3.Bizitza sexuala

4.Leialtasuna eta harremanak

5.Datu pertsonalak

Ikerketa abiatzean garbi genuen online, internet bidez alegia,  behar zuela izan, arrazoi ugarirengatik: kostu baxuagoak, aplikazio erabilerrezak, hedapen erraza, azterketarako erreztasunak eta anonimoki erantzuteko aukera. Badira hainbat webgune aukera hauek eskaintzen dutenak eta guk Surveymonkey webgunearen bidez egitea erabaki genuen.

Guztira, 2.358 pertsona sartu ziren inkestara eta 1.500 pertsonek bete zituzten galdera guztiak, hauetarik 200 bat emaitzetatik at utzi genituen azterketarako, arrazoi bat ala beste, ikerketaren hobebeharrez.

Geuk, kaixomaitiatik, sortu genituen sustapen eta zabalkunderako esteken bidez jakin dugu erantzunen jatorri eta horien portzentaia:

– Facebook ordaineko publizitatea %38

– Twitter ordaineko publizitatea %19

– Whatsapp mezularitza sistema %18

– Kaixomaitia.eus eko erabiltzaileak %12

– Twitter organikoa (doan) %6

– Beste %3

Erantzun hauek guztien %80 izan daitezkeela uste dugu geure analitikari erreparatuta. Gainerakoak, ahoz ahoko edota hedabide tradizionaletatik (harreman publikoak) etorritakoak direla esan dezakegu.

* Galderetan erabilitako terminoak zenbaitetan interpretazio ugari izan ditzakete; zer da desleiala izatea? Zer da harreman ireki bat? Zer da sexu harreman bat? Jakitun ginen hontaz baina propio irekia utzi dugu, galderari erantzuten dionari interpretazioaren ardura eta askatasuna emanez.

Lehenengo sustapen olatu bat otsailean zehar egin zen, eta behin jasotako datu demografikoak ikusita, bigarren sustapen kanpaina bat jarri genuen abian; lagina osatzeko helburuarekin, ordaineko publizitatea egin genuen facebook eta twitterren, gazteleraz.

Martxoaren 13an itxi genuen galdeketa eta Aztikerrek egin zuen lehen lanketa bat datu horien gainean; jasotako datu horiek nondik zetozen ikusi ondoren, ponderazio teknikak erabiliz unibertso ahalik eta zabalena osatu zuten.

Aztikerrek, lortutako lagina unibertsora ahalik eta gehien dohitzeko, bost aldagai hartu zituen kontutan:

-Herritarren hizkuntza gaitasuna (Euskararen Datu Baseak emandako datuak).

-Sexuaren araberako banaketa (INEren datua).

-Adinaren araberako banaketa (INEren datua).

-Euskal Herriko herrialdeen pisu demografikoa (INE eta INSEEren datua).

-Portaera politikoa edo bozka politikoa (datu base elektoral edota inkesta elektoral ezberdinetatik ateratakoa).

Azken finean, egin duguna da unibertsoaren ezaugarri errealak eta laginean atera zaizkigun ezaugarriak konparatu eta bakoitzari bere pisua eman, emaitzak ahalik eta sesgo gutxien izan dezaten.

Horrela izanik, inkesta bete dutenen profilak ikusita eta fidagarritasun minimo bat bermatzeko unibertsoa honakoa izatea erabaki dugu:

Hego Euskal Herrian bizi diren herritarrak, 18 eta 64 urte bitartekoak eta euskaldunak (inkesta euskaraz bete zutenak edota euskaradunak zirela esan zutenak). Aldiz, beste perfiletako nahikoa inkesta jasotzea lortu ez genuenez, unibertsotik kanpo geratu ziren 65 urte edo gehiagoko herritarrak, euskara menderatzen ez duten herritarrak eta Ipar Euskal Herriko edo beste herrialderen bateko herritarrak.

Behin unibertsoa definituta, aipatutako bost aldagairen arabera ponderatu zen lagina, errealitatearen ahalik eta argazki fidelena ager zezan. Hortaz, txostenean egiten diren azterketa edota interpretazioak esandako unibertsoari dagozkio.

TXOSTEN HONETAN EGITEN DIREN AZTERKETA ETA INTERPRETAZIOAK UNIBERTSO HONI DAGOZKIO SOILIK.

BATZUETAN “GADETUTAKOEN”, “EUSKALDUNEN”, “ERANTZUN DUTENEN” GISAKOAK ERABILI DITUGU UNIBERTSO HONETAZ ARI GARENEAN.

argibidea