Ipurtzuloa odoletan

Maddi Txintxurreta

Hamahiru urterekin edo,  banekien bazirela emakume batzuk emakumeak maite zituztenak, baina txortan nola egiten zuten ezin asmatu nenbilen. Imajina nezakeen aluak elkar igurzten zituztela, baina praktika aspergarriegia iruditu zitzaidan hau eta erabaki nuen ez nuela lesbiana izan nahi.

Banekien, ordea, zer egiten zuten gizonek argi guztiak itzaltzen zirenean: batek zakila bestearen ipurtzulotik sartzen zuen (ipurtzulotik!), eta ondoren, alderantziz, aspertu arte. Hau ilunpetan egiten zutela pentsatzea komeni zitzaidan, imajinatzeko errazagoa zitzaidalako gela ilun bat ipurtzulo baten prospekzio linternapekoa baino. Inork ez zidan esplikatu sexua zer zen eta nola egiten zen, eta handik eta hemendik lortutako informazio zantzuak baliatu nituen neure imajinarioa eraikitzeko. 

Txiki-txikia nintzenetik, amak Bob Dylanen World gone wrong kasetea jartzen zuen asteburuetan bazkaria prestatzen aritzen zen bitartean. Kantuak ez ziren bereziki alaiak, baina nabari nezakeen amak ilusio handiagoz zorabiatzen zuela zopa asmatutako ingelesez abesten zuenean, eta berarekin abesten nuen nik ere. Amarekin momentu politak oparitzeagatik, beti gustatu izan zitzaidan kantautorea.

Garai horretan, ingelesa erdi ulertu erdi asmatu egiten nuen eta zoparekin batera zorabiatu nintzen horrenbeste miresten nuen Bob Dylanen ahotik “hey, hey, babe, I got blood in my ass for you” ulertu nuenean. Gaizki ulertu nuen, noski. Abestiak, egiaz, “blood in my eyes” zioen.

Kanta horrek irudi sadomasokistez bete zuten nire burmuina pare bat urtez, sadomasokismoa zer zen ez nekien arren. Linterna guztiak piztu zituen abeslari madarikatu horrek. Eszena bat eraiki nuen, panoramika zehatz bat: gizon altu bat, iletsua, zutik eta biluzik. Aurrerago, bere zakila, metro bateko luzeraduna gutxienez, aurrera eta atzera, Bob Dylanen ipurtzuloan ezkutatzen eta bertatik agertzen. Abeslaria irudikatzen nuen gero, ohean makur baina gozatzen, alkandora ondo lotuta eta kapela buruan, tinko, World gone wrongen portadan bezala, baina prakak txorkatiletan. Abeslariaren eskuan, boligrafo bat, eta burkoan, koaderno bat. Titulu gisa, bertan idatzita: “Blood in my ass”. Kaligrafia, txukun. Bob Dylanek zuzen idazten du errenkada okerretan. 

Nire ametsetan, Dylan eta bere meatzaria ez ziren gelditzen artistaren ipurtzuloa gorriz tindatzen zen arte – horra zertzelada sadomasokista-. Irudi horrek luzaro torturatu ninduen.

Ez nuen berriz amarekin batera kanta hori abestu, lotsatuta. Horren ordez, gelan ezkutatzen nintzen amak kasetea martxan jarriko zuela ikusi orduko, nire pentsamenduak irakurriko zituen beldur. Eskerrak berak ez zuen ingelesa ulertzen!

Gaur goizean irratia piztu dut. Komunean sartu naiz, hilekoaren kopa atera (plop!), arraskan hustu eta garbitu, eta bueltan zulora sartu dut. Aintzanek lo jarraitzen du. Biluzik. Nekatuta, antza. Kafea egiten nengoela, irratiak bete-betean asmatu du. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada. Barretxoa atera zait barren-barrenetik. Bart, behatz odolduak nire baginatik atera, eta hasperenari bukaera ematear nengoela, ipurtzuloan sartu zidan hatzetako bat Aintzanek. Ustekabean. Zart!

 Hey, hey, babe, I got blood in my ass for you.

 

Argazkia [CC0]: Kawamaru-rena hemendik hartua

argibidea