Inbasioak

Maddi Txintxurreta

 

Aurreko urtean Perun izan nintzen, urte betez bertan bizitzen, Trujillo izeneko kostaleko hiri batean.  Historia interesgarria eusten dute herrialde honen zimenduek. Izango duzue honen berri ziurrenik, baina badaezpada, Peruko historiaren atal bat kontatuko dut labur-labur:

Espainolak 1492an iritsi ziren Ameriketara (eta tartean euskaldunak, ez dezagun errua sorbalda gainetik horren erraz garbitu). Garai horretan, inperio inkak Hegoamerikako zati handi bat zuen kontrolpean. 1532an, Francisco Pizarro Perura iritsi zen atzetik zekarren ejertzitorekin, eta garaiko Inka, Atahualpa, bahitu zuen. Pizarrok tratu bat egin zuen Atahualparekin: askatasuna eskaini zion bere urre guztiaren truk. Inkak men egin, eta zeukan urre guztia eman zion espainolari, baina Pizarrok, bere promesa bete barik, Atahualpa hil zuen. Honek inperio inkaren gainbehera ekarri zuen, eta geroztik, espainolek alfonbra gorria (gorri-gorria, isuritako odolagatik) izan zuten Amerika inbaditu eta ustiatzeko. 

Batzuek emakumeon gorputza ustiatu eta inbaditzeko eskubidea dutela uste dute. Zenbatek bortxatu gaituzte begiradekin kaletik, Perun eta Euskal Herrian? Zenbat aldiz erail gaituzte sarrailen itxieren hotsa entzun orduko? Zenbat hitz asmatu behar izan dituzte gu iraintzeko? Zenbat kolpe gure gorputzak moretzeko?

Nora zoaz juergan? Non zaude-norekin-zertan? Ezpainetakoa zertarako? Norbait konkistatzeko asmoarekin zoaz, ala? Idatzi etxera iristen zarenean, badakizu ez zaidala gustatzen zu ordu txikitan kaletik ibiltzea… Ez daroazu gehiegizko eskotea? Tori nire  berokia, hotzik pasa ez dezazun.

Lepotik oinetarainoko beroki bat jantzita ikusi gara ezustean, patriarkatuaren banderak estalita, hagak eragindako arrakalatik odolez. Mozala ahoan eta izterretan kiribilduta. Jabetza bihurtu gaituzte. Inbaditu gaituzte.

Honen aurrean, hortzak estutu beharrean, kosk egiteko hautua egin dugu, eta eskerrak!

                Baina ez naiz mota horretako indar-hartzeez hitz egitera etorri. Esan bezala, aurreko urtean Perun egon nintzen. Bertan jasandako inbasio positiboak agertu nahi dizkizuet, odolik eta jabetzarik gabekoak:   

Izan ere, zertaz ari gara inbasioez ari garenean? Pizarrorik behar ez duten gorputz malgu bi parez pare jarri eta urrezko begiak bata bestean likidotzen eta berriz solidotzen direnean, ez al du gordetzen dantza horrek Atahualparik?

Orbelak inbaditzen ditu zoruak eta ortozik doazen oinen behatz-tarteak, eta udazkeneko zuhaitzen adaxkek inbaditzen dituzte zeruak kate konplexuak eraikiz, pentsamendu batek burmuina hartu eta atsedenean uzten duen bezala.

Likenak harriak inbaditzen dituenean, nor ausartzen da esatera harriek ez dutela bizitzarik?

Hitz baten esanahia ez dakigunean, ez al ditu inbaditzen hitz horrek ondokoak eta aldi berean azaleratzen?

Jakingo bazenute nire orgasmoek zenbat aldiz inbaditu duten nire gela eta bizilagunenak! Zenbat mozal apurtuko ote zituzten emakumeon garrasiek!

Jeurt egin dezagun Atahualparenera. Pizarrorik behar ez dudala esaten dudanean, ez dut esan nahi inbasiorik ez dudala atsegin.

argibidea