Anorgasmia edo emakumeak orgasmorik ez izatea

Noelia Jiménez

 

 

Emakumeen % 5ek anorgasmia pairatu ohi dute eta % 33-50 bitartekoek adierazten dute sexu-bizitzan noiz edo noiz pairatu dutela. Disfuntzio sexualeko arazo horren zergatien % 95 psikologikoak dira

 

Laztanak, musuak, maitasun-keinuak, hitz politak, konplizitatea, barre egitea…eta, jakina, orgasmora iristea. Horixe da denok nahi duguna sexu-harremanak izatean! Hori guztia aldi berean lor daiteke, baina emakumeen ehuneko ez hain txiki batek ez du lortzen sexu-harremanetan orgasmoak izatea.

 

Hori oso gutxitan edo oso noizean behin gertatzen bada, ez da zertan arazoa izan. Zergati asko egon daitezke, nekea edo egun horretan pairatutako estresa, esate baterako. Egoera hori sarritan errepikatzen bada edo sexu-harreman guztietan gertatzen bada, ordea, anorgasmia dago.

 

Zer da anorgasmia?

Emakumeak orgasmorik ez izatea da. Eta ez dugu esaten ez duela desirarik edo une horretan berarekin dagoen bikotekidea ez duela gustuko. Aitzitik, pertsonak sexu-harremanak dituen guztietan edo askotan gertatzen den arazo batez ari gara. Zerbait deserosoa eta desatsegina da, pertsonak ezin baititu sexuaren eztiak guztiz gozatu (beste gauza batzuek ere garrantzirik baduten arren, musuek edo laztanek, besteak beste).

 

Emakumea, aurretik klitoria kitzikatu ondoren, orgasmora iritsi beharko litzatekeen ohiko aldia igarota, ez da orgasmora iristen eta, pixkanaka, frustratu egiten da.
Hainbat inkestaren emaitzen arabera, emakumeen % 10ek egoera hori nozitzen dute sexu-harremanak dituzten aldiro. Kopuru hori emakumeen % 50era ere iristen da, ordea, era horretako egoerak hainbatetan, beti ez, baina bai nolabaiteko maiztasunaz, bizitzen dituzten galdetuta.

 

Bi anorgasmia mota daude:

  • Lehen mailakoa: baldin eta emakumea ez bada inoiz orgasmora iritsi, ez eskuz estimulatuta, ezta sarketa bidez ere. Horrelakoetan erabateko anorgasmiaz hitz egingo genuke.
  • Bigarren mailakoa: baldin eta emakumeak, orgasmoaren plazera esperimentatu ondoren, une batean hori sentitzeari uzten badio. Bigarren kasu horiek ditugunean anorgasmia partzialaz hitz egiten dugu.

 

Anorgasmiaren zergatiak

Kausen % 5 arazo ginekologiko, neurologiko edo endokrinologikoen ondorio dira. Gainerako % 95 horrek, aldiz, kausa psikologikoak ditu; honako hauek, besteak beste:

  • Norberaren estimu txikia eta norberaren gorputzaz lotsatzea.
  • Sexu-esperientzia traumatikoak.
  • Sexu-informaziorik eza.
  • Sexua eta masturbazioa negatiboak edo bekatuzkoak direla jotzen duen heziketa jasotzea.
  • Estresa, monotonia, ez kontzentratzea.
  • Desiraren mende egotearen beldur izatea.
  • Bikotekidea erakargarri ez gertatzea.

 

Anorgasmiaren aurreko konponbideak

Kausa zein den, neurri batzuk edo beste batzuk hartu beharko ditugu. Baina, lehenik eta behin, ginekologoarengana jo beharko dugu era horretako arazoak baztertzeko, baita familia-medikuarengana ere arazo neurologikoak edo endrokrinologikoak baztertzeko, betiere argi ez badugu gure bikotekideak ez gaituela erakartzen eta lehen bai, eta orduan orgasmoak genituela baina orain ez.

 

Horrelako arazoak baztertuta, arazoa bikotekidearekin bada onena berarekin lasai hitz egitea da, irtenbidea nola lor litekeen ikusteko, arazo bihurtu beharrik gabe.

 

Komeni da, halaber, gure gorputza maitatzen eta ezagutzen ikastea eta, beharrezkoa bada, sexu-harremanetako aditu batengana jotzea, orientabideak eta informazioa eman diezazkigun.

 

 

Argazkia: Linzi_”Excavation” hemendik hartua

argibidea