Agurtzerako orduan

 

Agurtzerako orduan

 

A

Beti izaten da festa,

elkartzen garen aldiro,

bihotzak taupaka_hasteko

badauka nahiko motibo.

Katramila atsegina

izaretan ez da giro,

batzutan pasioz eta

bestetan astiro_astiro.

Agurrean dut nahikoa

larritasun ta bertigo,

galdera egin dizut ta

zuk erantzun maitekiro,

lasaitu nau entzuteak:

“etorriko naiz berriro”.

 

 

B

“Etorriko naiz berriro”

esan dizut bihotzetik,

beldurrez alde batetik

eta desiraz bestetik.

“Etorriko naiz berriro”

esan dizut azaletik.

Hogeita_hamar ordu dira

despeditu ginenetik,

kontaktuaren zirrara

gainean daukat oraindik.

Begietara begira

eta helduta gerritik

“etorriko naiz berriro”

berriz esan nahi dizut nik.

 

 

A

Etorri nahi duzunean,

zabalik duzu atea,   

zabalik besoak eta

zabalik nire ohea.

Begiak dizdiz, sabela

pinpilinpauxez betea.

Errespetuz, elkar zainduz,

hori da gure legea.

Bestelako eskemekin

egin nahi nuke bidea,

juxtu hori baldin bada

gu bion borondatea,

libre izan dadin “ez naiz

itzuliko” esatea.

 

 

 

 

B

Gu libre senti gaitezen

proposamen zerbitzala,

ate, beso eta ohe,

guztia zabal zabala.

Hori entzun nahi nuela

ohartu naiz berehala,

aldi berean sortu zait

esentzian arrakala.

Gatazka dut ta norbaitek

erantzun diezadala,

askatasunari buruz

galdera_existentziala:

beregan zer du gehiago

argia edo itzala?

 

 

A

Askatasunaz gatazka

erantzutekotan nago:

argitik edo_ilunetik

zer ote duen gehiago.

Kolore bako mundua

bizi dut guztiz arraro,

alaitasun ta dirdira

nahi nuke_urtaroz urtaro.

Baina aurrera_egiteko

ohikoaz haratago

bestearen alde_iluna

ikusi beharra dago,

ta_askatasun argitsuak

argi gaitzala luzaro.

 

 

B

Zure_etxera heldu gara

zerbait afaltzeko_asmotan,

baña lenengo mokaua

doa zure_ezpain goxotan.

Ziraunen gisan eskuak

dauzkat barruko arropan,

egongelatik ohera

bizi-bizi lau pausotan.

Bidaia_ederra egin dut

geratu baino len lotan,

guztiz aske sentitu naiz

hegan zure bi besotan,

argitasuna_ikusi dut

izarape ilun hortan.

 

Dorleta Kortazar Alkoz eta Unai Muñoz Iztueta

 

 

 

 

Argazkia: Banalities_”Bed”_hemendik hartua

argibidea