Monogamia eta polimaitasunaren arteko naufragioa

Kaixomaitia.eus | Txintxurreta Agirregabiria, Maddi

Bikote eredu tradizionala izanik maitasun erromantikoaren kulturak onartzen duen erlazio bakarra, harreman afektibo-sexual anitzak salbamendu-txalupa izan daitezke. Baina, honek ere baditu deseraiki beharreko hainbat  mito eta estereotipo.

Ilustrazioa_Nuria Frago

Ilustrazioa: Núria Frago (Pikara Magazinen argitaratua1)

Miren eta Andrearen erlazioa klandestinoa izan zen hasieratik, bikotea normatibatik at zegoelako. Biak emakumeak eta hamabost urteko adin-tartea. Buenos Airesen ezagutu zuten elkar eta bikote harremana mantendu zuten Mirenek Argentinan igaro zuen urtebetean.

Urte horretan, Mirenek bere klaseko Jorgerekin sexu harremanak izan zituen birritan. Lanean ere hasi zen, eta Lucia ezagutu zuen, bere nagusia. Gau batean, Lucia eta Miren ardo batzuen bueltan zebiltzala, Andrea gonbidatu zuten nagusiaren etxera, eta harreman sexualak izan zituzten hirurek.  Hortik bi astetara, berriro, zine festibal batean topo egin zutenean. Gau berean, Luciaren mutil-lagun ohia jolasera batu zen. Nagusiaren etxeko ohe txiki batean amaitu zuten laurek.

Miren Euskal Herrira itzuli da, Lucia Bartzelonan bizi da orain eta Andrea Argentinan geratu da. Miren bere nagusia bisitatzera joan da aurten Kataluniara. Lucia gizon batekin ezkonduta dago. Baina berdin dio. Gizonari morboa ematen dio norbaitek bere emaztea desiratzen duela jakiteak. Miren etxeko leiho ondoan zigarro bat erretzen ari zela, Lucia gerturatu zitzaion, eta, bere gizonaren aurrean, Miren ukitzen hasi zen.

Maitasun erromantikoa eta monogamia

Izan pasibo eta emozional bulbadun emakumea bazara, izan izaki arrazional zakildun gizona bazara. Eta bion artean, osatu betirako bikote harreman eredugarri bat.

Heteropatriarkatuaren kalte-ordainak etxeetako barrunbeetan daude, eta maitasun erromantikoan eraikitako harreman afektibo-sexualak dira horien adierazpide.  Monogamia fidelak promesten dituen amaiera zoriontsuak ez dira uste bezain ohikoak. Espainian, ezkonduen %60 dibortziatzen dira. Maitasun erromantikoa iraultzeko tresna gisa iradokitzen da polimaitasuna, zeinen bidez norbanakoak pertsona batekin baino gehiagorekin izan ditzaken harreman afektibo zein sexualak.

Ibai Fresnedo, sexu hezitzailea: “Maitasun erromantikoa sistema patriarkalaren biziraupena bermatzeko dispositiboa da”

“Maitasun erromantikoa sistema patriarkalaren biziraupena bermatzeko dispositiboa da”, Ibai Fresnedo sexu hezitzailearen ustez. Plax! bikote eta sexu aholkularitza programan egiten du lan berak, maitasun erromantikoaren ajeei aterabideak proposatzen. Bere aburuz, maitasun eredu honen estereotipo eta mitoek gizaki-erdi bihurtzen dute emakumea: “emakumeek espero dute printze urdina aurkituko dutela, eta printze urdin horren bitartez osatuko direla. Ez dira pertsona osoak, erdiak baizik.”

June Fernandez generoan espezializatutako kazetariak mandarina batengatik aldatu zuen laranja erdiaren ipuina, Argian argitaratutako  San Valentin eguneko artikuluan.[1] Mandarina-atal bakoitzak harreman mota bat ordezkatuko luke: lagunen artekoa, bikote harremana, familiarena, norbere buruarena, eta abar. Brigitte Vasallo kazetari feministaren hitzak berretsi ditu Fernandezek: “norbaiti esatea bere bizitzan pertsona bakarra desiratu eta maitatu behar duela oso eredu mugatua da, ez du norberaren auto-garapena ahalbidetzen”.

Bikote eredu tradizionalak ez dio lekurik uzten Fernandezek proposatutako harreman-aniztasunak ekarriko lukeen auto-garapenari. Bere ustez, hain dago normalizatuta monogamia, ez diegula askatasunez irekitzen ateak harreman afektibo eredu desberdinei.

Baina monogamiak heteropatriarkatuarekin lotura estua daukan arren, eskema hau jarraitzen duten harremanak ez dira kaltegarriak izan behar derrigor. June Fernandezek dio monogamia norbanakoen erabaki bat bada, edo bikote esparruan horren inguruko adostasun bat bada, ez dela patriarkala. Fresnedoren arabera, erlazio horretan eraikitzen dugun “kontratu mota” berrikusi behar da. Hau da, nahiz eta bikote monogamo bat izan, norberaren espazio independenteak eta identitate pertsonala garatzeko paktuak egitea.

Arazoa ez da monogamoa izatea, arazoa da monogamia dela kulturalki onartuta dagoen aukera bakarra eta horretan hezi dela gizartea. Sexualitatearekin antzeko zerbait gertatzen dela dio June Fernandezek: “heterosexualitatean eroso dagoenak inoiz ez dio bere buruari galdetu zergatik den heterosexuala. Monogamiarekin gauza bera gertatzen da, naturalizatuta dago eta ez dugu askatasunez erabaki ea hori den bikote esparruan nahi dugun akordioa”.

 Zeloak

Patriarkatuaren biziraupenerako lan egiten duen engranajeko pieza garrantzitsu bat zeloak dira. “Zeloak, kontrola eta gure bikotea aldatzearen beharra maitasun erromantikoaren ondorioak dira”, dio Ibai Fresnedok.

Bikote harremana erlazio guztien erdigunean jartzean loratzen da jeloskortasuna. Sexu hezitzaileak dioenez, “gure protagonismoa edo besteekiko daukagun posizioa arriskuan ikusten ditugunean sentitzen ditugu zeloak.” Pertsonaren garapena bikote-espaziora mugatzen denean, maitasuna eta sexua esklusiboak bilakatzen dira. Norbaitek bere behar afektibo zein sexualak partekatu nahi baditu, bikotekidearen zeloek balazta-mekanismo modura jokatzen dute.

Plax! sexu eta bikote aholkularitzan auto-estimua lantzen dute jeloskortasunari aurre egiteko. Ibai Fresnedoren esanetan; “demostratuta dago, auto-estimu altua duten pertsonek, zelo gutxiago sentitzen dituztela.”

 Polimaitasuna

Polimaitasunezko sistema feminista batean, posible izango litzateke edozein generotako pertsonek osatutako ménage à trois bat, seme-alabekin. Suposizio honetan, guraso izaera birpentsatu beharko litzateke, familia nuklearra deseraiki, eta maitasunaren esklusibotasunarekin apurtu: zaintza eta afektibitatea elkarbanatuko lirateke, ez monogamian gertatzen den guraso eta seme-alaben arteko harreman hierarkikoarekin, baizik eta seme-alaben eta hiru zaintzaileen bitarteko berdintasunezko harreman-fluxu zirkularraren bidez.  Ilustrazioa_Carlos Mol 

Baina harreman afektiboen eraldaketa errotikoa eta sistema osoaren pekoa izanagatik, ez da erraza. Maitasun erromantikoa kulturalki xiringatuta izanda, polimaitasuneranzko jauzia utopikoa iradokitzen da. Baina erlazio monogamo idealizatuak ere asko dauka utopiatik. Coral Herrera idazleak Pikara Magazine aldizkarian idatzi zuen: “polimaitasunaren utopia monogamoarena bezain erromantikoa da: biek ala biek sor ditzakete mitoak, amaiera zoriontsuak (…) eta neurrira moldatutako paradisuak.”[4]  Polimaitasuna ez da harremanen anarkia bezala ulertu behar, indibidualismotik jokatzen duena eta pertsonak erabili bezain pronto baztertzen dituena. Polimaitasunak ez ditu heteropatriarkatuaren zamak arinduko ez bada feminismotik bideratzen. Errespetuan eta zaintzetan oinarritutako kultura afektibo bat ehundu behar da edozein harreman mota osasuntsua izan dadin. Halaber, polimaitasuna dibertsoa bada eta norberak nahi duen bezala ulertu eta praktikatzeko askatasuna badu, eredu hori gizarteko aldagai askotara zabalduko litzateke; eta, sexualitate anitzak, familia eredu desberdinak eta generoaren aldaera guztiak monogamia edo heterosexualitatea bezain naturalizatuta egongo lirateke.
                                

June Fernandez, kazetaria: “askok sentitzen dugu momentu honetan ez daukagula energiarik polimaitasun eredu bat jarraitzeko”

Baina, esan bezala, harreman afektibo-sexualen aniztasun perfekturako bidea neketsua da. June Fernandezen ustez, “askok sentitzen dugu momentu honetan ez daukagula energiarik polimaitasun eredu bat jarraitzeko”. Eta gaineratzen du: “eredu oso logiko bat modan dago, baina hori ere zalantzan jarri behar da. Helburua da monogamia naturaltzat ez jotzea eta gure neurrira beste eredu bat moldatzea.”

Polimaitasuna egungo kultura emozionalean jasangarria izan dadin, mugak adostea lagungarria izan daiteke. Bi pertsona baino gehiagoz osatutako erlazioetan parte hartzen dutenen arteko paktuak ohikoak dira. Harreman mota erabakiko duen kontratu hipotetiko bat sortu eta sinatzaile bakoitzak bere klausulak proposatzen ditu. Honen helburua, Ibai Fresnedo sexu hezitzaileak dioen bezala; “kudeaketa emozionala” egitea da: “zeloak mahai gainean jarri behar dira, hauek heldutasunetik aztertu eta denen artean aurre egin”.

Edonola ere, monogamia eta polimaitasunaren dikotomiak jomuga galtzea eragin dezake. Aukera zeinahi ere den, helburua maitasun erromantikoaren lasta askatzea da. Pikara Magazineko kazetariak esan du, horretarako, norbanakoak bizitzan dituen harreman guztiei balioa eman behar diela. Emakumeen kasuan, batez ere, sexu askatasuna aldarrikatzea proposatu du: “orain arte esan digute sexu harremanak izateko maiteminduta egon behar garela, edo ezezagunekin oheratzen bagara, putak garela. Orduan, lan luzea daukagu gure sexu askatasuna aldarrikatzeko, gure desirekin eta gure behar afektiboekin konektatuta egoteko.”

Eta, Ibai Fresnedok dioen bezala, auto-estimua landu. Gu eta gure gorputzaren arteko harremanean inork ez dizkigu adarrak jarriko.

Ilustrazioa_Maddalen IrastorzaIlustrazioa: Maddalen Irastorza

Hala bazan eta ez bazan…

Mirenek bere klaseko Jorgerekin sexu-harremanak izan zituenean ez zion ezer kontatu Andreari, orduko neska-lagunari. Berak beti egin zuen harreman ireki baten alde, baina bazekien Andreari ideia hori ez zitzaiola gustatzen. Behin, Andrea konturatu egin zen. “Nire gelan irekita zegoen kondoi kaxa bat ikusi zuen; galdetzen hasi zen, eta nik onartu behar izan nion beldurragatik ez niola kontatu, baina mutil batekin erlazioak izan nituela”, azaldu du Mirenek.

                Mirenek, Luziak – bere nagusiak-  eta Andreak harreman sexualak izan zituzten lehen gauean, Mirenek kontatu du ez zuela Lucia ukitu. Momentu batean, bere bikotearekin muxukatzen ari zenean, Andreak Lucia aurpegitik eutsi zuen eta beste alde batera begirarazi zuen. “Niri ez zitzaidan egoera hori gustatu, eta alboratu nintzen. Ez badut jolasteko aukerarik, albo batean jartzen naiz”, esan du Mirenek.

                Luciak, egoeraren tentsioaz ohartuta ziur aski, bakarrik utzi zuen bikotea. Andreak Mireni egin zion lehen komentarioa hau izan zen: “ez dut inork zu ukitzerik nahi”.

Zine festibalaren gauean, ohe berdinean bukatu zuten Luciak, Mirenek, Andreak eta Luciaren bikote ohiak. Baina ez zuten harreman sexualik izan. Horren aurretik, laurak Luciaren etxera iritsi zirenean, Andrea eta nagusiaren bikote ohia oheratu egin ziren. Mirenek askatasun osoa eman zion Andreari gizonarekin oheratzeko. Bitartean, Luciarekin hitz egiten geratu zen: “esan nion ez nuela ezer egin nahi, gai

honek nahastuta utzi ninduela, erdian sentitzen nintzela.” Baina, beroaldiak bultzatuta, gela batean sartu ziren. Bat-batean, aterik jo gabe, Mirenen neska-laguna sartu zen gelan. Mirenek azaldu du ez zela errespetatua sentitu, eta horregatik ez zirela laurak oheratu: “Andrea gelan sartu zen, eta mutila baita. Laurok ohe txiki batean geratu ginen, hitz egiten. Ez genuen ezer egin, ni haserre nengoen, ez nintzen errespetatua sentitu.”

                Hilabete batzuen buruan, Mirenek Luciari bisita egin zionean Katalunian, ez zen eroso sentitu Lucia bere gizonaren aurrean ukitzen hasi zitzaionean, eta ez zion utzi. Baina gizonak lanagatik Italiara joan behar izan zuenean, Miren eta Lucia aske sentitu ziren harreman sexual nahiz afektiboez gozatzeko. Mirenek dio bere nagusiarengandik erakartzen duena harreman itxi bat izatearen ezinezkotasuna dela, “normatibatik guztiz kanpo” daudelako: “ni ezin naiz 42 urteko pertsona batekin egon, eta gutxiago profesionalki daukagun erlazioa kontuan izanda.” 21 urte ditu berak.

                Mirenek maitasunari buruzko hausnarketa egin du. Berak dio, maitasuna horren hitz “potoloa” dela, ez dela ausartzen maiteminduta dagoela esatera. Polimaitasunaren aldekoa da. Harremanetan ez duela sufritzen azaldu du, ez duelako inoren beharra sentitzen. “Askok esaten didate hotza naizela”, esan du. Baina bereari eutsi dio: “nik ez dut inori esplikazioak emateko beharrik sentitzen, nik ez diodalako inori ezer zor. Ez naiz inorena.”

[1] Frago, N.; Unanue, M. (2017). La poliamorosa realidad. [online] Pikara Magazine. Hemendik hartua: http://www.pikaramagazine.com/2015/10/la-poliamorosa-realidad/

[2] Fernandez, J. (2017). Mandarinak. [online] Pikara Magazine. Hemendik hartua: 1. http://www.argia.eus/argia-astekaria/2541/mandarinak

[3] Mol, C. ; Vasallo, B. (2017). Polyamor y redes afectivas: ¿reforma o revolución?. [online] Pikara Magazine. Hemendik hartua: http://www.pikaramagazine.com/2014/02/polyamor-y-redes-afectivas-reforma-o-revolucion

[4] Herrera Gómez, C. (2017). Desmontando la poliamoría feminista. [online] Pikara Magazine. Hemendik hartua: 2. http://www.pikaramagazine.com/2015/09/no-eres-tu-es-la-estructura-desmontando-la-poliamoria-feminista/

argibidea