LTGBIren alde asko egiteke oraindik

Kaixomaitia.eus | Nagore Vega

 

Maiatzaren 17an, asteazken honetan, Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna “ospatu” dugu. Komatxo artean diot, oraindik asko dagoelako egiteke. Zoritxarrez, normalizatze bidean gauden arren, LGTBIfobia uste baino zabalduago dago, lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexulean kontrako fobia, alegia.

Noiz finkatu zuten egun hau egutegian? 1990an. Urte hartan, OME Osasunaren Mundu Erakundeak, homosexualitatea gaixotasun psikikoen zerrendatik atera zuen. Egun horren helburu nagusia da edonolako ekintzak koordinatzea homosexualek, lesbianek, bisexualek eta transexualek jasaten duten diskriminazioa salatzeko eta haien eskubideek mundu osoan aurrera egiteko.

Aurtengoan, LGTB+ kolektiboko kideek jasan dituzten irain, mespretxu eta erasoak direla eta, leloa gogortzea erabaki dute. “Ez da adierazpen askatasuna. LGTB+fobiak hiltzen gaitu”, salatu dute gurean.

Aipatzekoa da ere Steilasek kaleratu duen unitate didaktikoa. Bi atal ditu: lehenengo atalean etapaka antolatuta daude jarduera didaktikoak eta hizkuntza bera ere lantzeko atala gehituta dago euskaltegietan edo bigarren hezkuntzako ikasleekin euskara klasean egiteko. Bigarren atala, berriz, ikastetxeari zuzenduta dago. Azken honetan egoera aztertzeko inkestatxoa dago, bai eta aurrera eramateko hainbat proposamen ere ikastetxea LGTBI+ lagun izan dadin.

PDF formatuan: Ortzadar gara.Unitate didaktikoa.steilas

ISSU formatuan: https://issuu.com/stee-eilas/docs/ortzadar_gara.unitate_didaktikoa.st

Bagoaz, pixkanaka, bidea egiten.

Egoera munduan

Lokaletik globalera salto egin, eta egun honek munduko beste herrialdeetako egoeraz informazioa biltzera eraman nau. Benetakoa da normalizazioa?

2015eko maiatzaren 13an ILGA elkarteak (Lesbianen, Gayen, Bisexualen, Transexualen eta Intersexualen Nazioarteko Elkarteak) txosten bat kaleratu zuen: homosexualen eskubideak munduan. Munduko legeei buruzko txosten osatua da: kriminalizazioaz dihardu, babesez eta sexu bereko pertsonen arteko maitasunaz.

Mapa honetan ikus ditzakezue datu esanguratsuenak:

Mapa

  • NBE Nazio Batuen Erakundeko 117 herrialdetan, sexu bereko pertsonen arteko harreman sexual pribatuak legalak dira. 2014an Mozambike eta Palaun despenalizatu zituzten. Lesothon, berriz, 2010ean.
  • 76 herrialdetan harreman sexual horiek ilegalak izaten jarraitzen dute. Txad-en, esaterako, Kode Penal berria jarri zuten martxan 2014an halakoak zigortzeko.
  • Orientazio sexualean oinarritutako lan-diskriminazioa debekatuta dago 63 herrialdetan, esaterako: Txilen (2012), Samoa (2013), Namibia (2004) eta Argentinako Buenos Aires hirian (2015).
  • Orientazio sexualean oinarritutako edozein diskriminazio debekatuta dago, eta hala jasota dago, Mexikoko (2011) eta Birjina Uharteetako (2007) konstituzioetan.
  • Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak legeztatuta daude 18 herrialdetan, Luxemburg eta Eslovenian, adibidez (biek 2015ean onartu zituzten).
  • 2014ean Mexikoko Coahuila estatuan eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako 19 estatutan onartu zituzten sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak baimentzeko legeak.
  • Aurten sartuko da indarrean 2015ean Finlandiak onartutako ezkontza-berdintasun lege bat. Gauza bera egin zuen Estoniak 2014an eta legea 2016an sartu zen indarrean.

Ikusi ahal dugunez, oraindik zoritxarrez, estigma bat da homosexuala, lesbiana, bisexuala, transexuala edo intersexuala izatea. Munduko hainbat txokotan asko sufritzen dute oraindik maitatu besterik egin nahi ez dutenik.

Mapa kolore berdinarekin margotuta laster ikustea izango litzateke ideala.

Hurrengo hitzordua, ekainaren 28an

Ekainaren 28an, berriz, festa eguna izango da. LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna ospatzen da orduan, askapenerako eguna, alegia. Mundu osoan gogoratzen dira 1969an Stonewall-en ( New Yorkeko Greenwich Village delakoan) izan ziren istiluak.

Homosexualen eta poliziaren arteko gatazka bortitzak izan ziren orduko hartan, eta gertakari horrek gayen askapen mugimenduari hasiera eman zion. Ondorioz, eremuan LGBT komunitate zabala dago, eta “the Village” izendapena gay joera zuten auzo ugariren izendapen orokorra bilakatu da. Horren adibide garbiena gay komunitatearen musika ikur nagusienetakoa den The Village People (“Udalerriko Jendea”) taldearen izena da.

argibidea