Zein emojirekin irudikatuko zenukete hilerokoa?

Nagore Vega

 

Nazioarteko kanpaina bat abiatu dute hilerokoa irudikatzeko emoji bat sare sozialetan txertatzeko eskatuz. Haurren eskubideen aldeko Plan International GKE Gobernuz Kanpoko Erakundeak tabuarekin hautsi nahi du, eta horretarako sustatu du ekimena (Mashable-n ikusia).

Plan Internationalen iritziz, neskek ez lukete diskriminatuta egon behar neskak izateagatik bakarrik. Horregatik, Because I am a Girl kanpaina martxan dute: helburua da neskek eta mutilek aukera berdinak izatea, horregatik lantzen dituzte neskek eta emakume-nerabeek egunero aurrean topatzen duten errealitateko “arazoak”.

Erakundeak bost diseinu prestatu ditu emojiarentzat, eta edonork bozka dezake bere faboritoaren alde:

  1. Konpresa bat.

  2. Utero bat.

  3. Hilerokoa duten kuleroak.

  4. Egutegi bat.

  5. Odol tantak.

Emojiak

Irudia: Plan International

Gero, diseinu irabazlea Unicode Consortium-ari helaraziko diote. Erakunde hori da gure gailuetarako karaktereak eta emojiak estandarizatzen dituena; Emojipediaren katalogoa handitzen duena, alegia.

Duela urtebete BodyForm konpresa-enpresa ere saiatu zen kanpaina bat abiatzen sareetan eta Change.org-n, baina Unicodek ez zuen onartu.

Plan International-en helburua da hilerokoaren gaiaren bueltan dagoen tabua haustea. Susanne Legena GKEaren arduraduna da Australian. Bere iritziz, emojiak erreminta ona dira hilerokoa ikustarazteko, izan ere, marrazki edo irudi berdinak kultura ezberdin askotan uler daitezke. “Momentu honetan, oraintxe, gutxienez 800 milioi emakume eta neska, 15-49 urte bitartekoak, hilerokoarekin daude; ez dago emoji sinplerik hori irudikatzeko, baina bai beste hainbat txorakeria; ez al da lotsagarria?”, dio Legenak.

Tanya Barron elkartearen presidentea da Erresuma Batuan. Ados dago Legenarekin: “Bai, desatsegina eta mingarria da, baina ez dugu ezertaz lotsatu behar. Gure bizitzen parte da. Emakume batek, batez beste, 3.000 egunetan du hilerokoa bere bizitzan: 8,2 urte! Hala ere, gure ikerketen arabera, Erresuma Batuko emakumeen %64 deseroso sentituko litzateke hilerokoaz hitz egiten mutilak diren lagunekin”.

Biak uste dute emoji batek egoera normalizatzen lagun dezakeela, gaiaz normalago hitz egiten-edo, eguneroko jardunean ere ikusiaz eta erabiliaz.

Sareetan ere hurrengo etiketa edo traola erabiltzea proposatu du: #periodemoji. Gaia pil-pilean dago.

Sareak eta hilerokoa, normaltasunik ez

Denok dakigu emakumeok hilerokoa dugula. Odola botatzen dugu, hilean behin, bai. Ondo dakigu: minak, deserosotasunak, hormonen gorabeherak… Askotan esaten digute: “erotuta zaude”. Hori ere estigma dugu.

Erika Irusta ikerlari eta idazleak ondo azaltzen du “Ez zaude erotuta, ziklikoa zara” artikuluan: “Aldatzen den gorputz batean bizi gara, batzuetan mundua jaten dugu, besteetan zainak moztuko genituzke […]. Gozoak eta adeitsuak izaten erakutsi digute, pentsatzen duguna ez esaten. Baina hori ez da hormona kontua, genero-ikasgai bat baizik […]. Hormonak superatu behar ditugu, gure gorputzak. Linealak izan behar dugu, mutilak bezala. Ebidentea dena ukatzen digute […]. Feminitatea eraikitze-kultural krudela da”.

Horrela bizi gara. Mutilek hilerokoa izango balute, ez litzateke ezer zikina kontsideratuko, baina neskek dugu.

Hori gutxi balitz, tabua ere bada, normala ez balitz bezala gorde beharrekoa da; gure egunerokoan gertatuko ez balitz bezala, edota beste gaiak jorratzen ditugun bezala, lagunekin naturaltasunez hitz egiteko aukerarik gabe.

Gizartearen ispilu diren aldetik, sareetan egoera ez da askoz hobea, “modernoago” edo “garaikideago” direla uste dugun arren. Zoritxarrez gauzak ez dira guk nahi bezainbeste aldatu.

Instagramek, esaterako, argazki hau blokeatu zuen 2015eko martxoaren 25ean:

 Rupi Kaur

Irudia: Rupi Kaur

Rupi Kaur Kanadako poetak argitaratu zuen. Komunitatearen arauak ez betetzeagatik borratu zuen Instagramek, azalpen gehiago eman gabe. Kaur-ek desmitifikatu egin nahi zuen hilerokoa, eta sarean sortutako zalapartaren ondoren, Instagramek berriro publikatu zuen.

Oraingoz, kuleroak irabazle

Aipagai dugun kanpainara bueltatuta, Plan Internationalek jendea mugitzea nahi du, isiltasun edo normala ez den egoera honen kontra egitea. Horretarako, bozketan parte hartzeko gonbita egin die pertsona guztiei, Unicoderen batzorde nagusi ofizialari aurkezteko eskaria “indartsuagoa” izan dadin; behintzat, ahalik eta pertsona gehien artean erabakitakoa.

Emaitzak ikustera sartu eta, oraingoz, honela doa ranking-a (20.052 bozka jaso dituzte oraingoz):

  1. Konpresa bat: %11.

  2. Utero bat: %12.

  3. Hilerokoa duten kuleroak: %31.

  4. Egutegi bat: %22.

  5. Odol tantak: %24.

Zuek zein iritzi duzue? Beharrezkoa ikusten duzue horrelako kanpaina bat tabua hautsi eta gaia normalizatzeko?

Bozkatzen hasita, zein emoji aukeratuko zenukete?

argibidea