Tabuak hautsiz: emakumeentzat egindako panpina-erotikoak eta gure masturbazioa

Gabriel da hau. Lehen silikonazko panpina-erotikoa emakumeentzat.

Gabriel (Sinthetics)
Ikusi izan ditugu benetako emakumeak diruditen silikonazko panpinak. Hainbat gizonek erabiltzen dituzte. Japonian, esaterako, baten bat ezkondu ere egin da halako batekin. Europan zehar egon badaude panpinekin bakarrik zerbitzuak eskaintzen dituzten prostituzio-etxeak ere.

Sinthetics da panpina-erotikoak egiten dituen enpresa ezagunenetakoa. Panpinen “haragiak” eta “azalak” duten testuragatik egin da famatu. Orain, Karley Sciortino sexologo britainiar entzutetsuarekin elkarlanean, lehen panpina-erotikoa diseinatu du emakumeentzat.

Sciortinok berak probatu du, eta asko gustatu zaio: “Zirraragarria da, benetako pertsona dirudi. Zuk daukazu boterea. Sexuak zuretzat nola funtzionatzen duen ikas dezakezu, angeluak eta abiadurak probatuz. Zure gorputza ezagutzen lagun zaitzake, eta horrek boterea ematen dio emakume bati”.

Sexologoak esperimentuan parte hartu zuen, emakumeek panpina batekin intimitatea izan dezaketela frogatu asmoz: “Sinistuta gaude neskek sentimenduak behar dituzten harreman sexualak izateko, baina frogatu dugu hori ez dela horrela”.

Panpinak, hala ere, ez daude denen eskura: 5.000 eta 13.000 dolar artean balio dute. Hemen ikus ditzakezue eredu ezberdinak.

Masturbazioa ere, tabu
Gabriel eta antzeko panpinekin tabuak hautsi nahi dituzte Sinthetics-ek eta Sciortinok. “Beste batekin” harreman sexualak izan aurretik, ordea, baditugu gainditu beharreko beste aurreiritzi batzuk nire ustez: emakumeen masturbazioari dagokiona, adibidez. Beti esan ohi dugu lehenengo gure burua ezagutu eta maitatu behar dugula, hori dela oinarria gero besteokin harremanak izan eta maita gaitzaten.

Sciortinok, bide horretan, konfiantza hartzeko gailu gisa aurkezten du panpina-erotikoa. Panpinarik gabe ere, guk, bakoitzak gure buruarekin, hainbat aurreiritzi eta tabu hautsi ditzakegu, eta gure burua, gustatzen zaiguna, ezagutu (eta gero, zergatik ez, ondokoari erakutsi).

Horretan hasteko, dokumental hau ikustea proposatzen dizuet: Masturbación femenina.

Emakumeen masturbazioak tabua izaten jarraitzen du gaur egun, tabu handienetakoa. Dokumental honek isiltasun horrekin amaitu nahi du. Betty Dodson da protagonista, New Yorkeko medikua, lehen orgasmo-entrenatzailea bezala ere ezaguna. Dodsonek mundu guztiko emakumeei, adin, sinismen edota jatorri ezberdinetakoei erakutsi die nola masturbatu (badirudien arren denok jakin badakigula, ez da horrela). Dokumentalean, hiru emakume ausartu dira terapia kamera aurrean esperimentatzera. Astebetean egindako lana jasotzen da bideoan: heziketa psikologikoa, praktikoa, saio pribatuak eta lan-taldeak.
Ausartuko gara gu ere tabua hausten?

ARGAZKIA (Iturria: Sinthetics)

argibidea