Hirukote sexualak bai, baina nola? Eta norekin?

Nagore Vega (@muxkilla)

Inkesta gehienen arabera, gure fantasia sexual nagusia hirukote bat egitea da. Mutilen kasuan, gainera, bi neskarekin egin nahi izatea omen da ohikoena. Control preserbatibo markak azken barometroaren berri eman du duela gutxi. Ondorio nagusia da, fantasien kasuan, Espainiako Estatuko gazteen (18-35 urte) %36,6k ménage à trois bat egin nahi duela (bai neskek zein mutilek).

trio-por-sexos

Hori bai, nahi izatea ez da beti ahal izatea, eta datuen arabera, %8,8k bakarrik praktikatu du. Izan ere, gure buruan dagoena errealitatean gertatzea edo praktikara gogoan dugun bezala eramatea ez da horren erraza.

fantasia-sexual-2017

Alegia, bai, egin nahi dugu hirukote sexual bat. Baina nola? Norekin? Has gaitezen oinarrizkoena den ideiatik. Hirukote bat hiru pertsonen arteko harreman sexualak izatea da. Bai, argi eta garbi adierazten du hitzak, baina pertsona esaten dugunean, berdin du mutilez edo neskez ari bagara. Konbinazioak parte-hartzaileek nahi bezalakoak izan daitezke.

Oinarrizko erregelak bi izan behar dira: gogoa izatea (garrantzitsuena ondo pasatzea baita), eta errespetua. Hirukotea hirurentzat gogobetegarria izateko eramaten utzi behar da, denak gara ezberdinak, baita egoera guztiak ere, eta ez dago ziurtatzerik esperientzia ondo aterako denik. Ondo pasatu behar da, disfrutatu, hiru gorputzekin jolastu eta errespetatu.

Ez daukazu parte hartzeko obligaziorik. Edota parte hartzen baduzu, ez duzu zertan bukaeraraino iritsi behar. Ez bazaude eroso, jakinarazi behar duzu eta utzi. Bestela okerrago senti zaitezke, eta helburua, gogoratu, ondo pasatzea da.

Pertsonak ez ezik, formulak ere ezberdinak izan daitezke. Ohikoa izan ohi da bikotea + pertsona gonbidatua formula aukeratzea. Baina izan daiteke hirukotea hiru ezezagunen artekoa ere. Artikuluan desio nagusiei helduko diet. Beraz, bikotean beste norbait sartzean eta beste norbait hori neska izatean zentratuko naiz.

Bikoteari begira

Norbait gure harremanean sartzeak duda asko eragin ditzake, eta kezkagarria suertatu hasieran: nire bikotekideak hobe pasatzen badu beste pertsonarekin? Ondo pasatuta ere, gero errepikatu nahi ez badut? Sentimenduak sartzen badira tartean? Gure harremana kolokan jarriko dugu?

Harreman guztietan bezala, komunikazioa da maxima. Bikoteak argi eduki behar du egin nahi duela, eta zergatik. Ezin dio batek besteari bere desioa inposatu. Behin hori erabakita eta argituta, sexologo gehienen gomendioa da hirugarren pertsona hori ezezaguna izatea, bietako inork ez izatea harekin loturarik.

Beste gomendio batzuk:

  • Argi hitz egin nork egingo duen zer. Eta erabaki posizio sexualak. Baita zer debekatuko den ere.
  • Ez utzi kanpoan zure bikotea. Ez dadila apartatuta sentitu, bikotea zaindu eta landu konfiantza, gogoratu hirugarrena gonbidatua dela.
  • Konfiantzak %100ean egon behar du, eta komunikazioak ere bai. Momentu txarra bizi badu harremanak, gerta daiteke ez izatea momentu honetan hirukote bat egiteko.
  • Ez sentimenduak nahastu. Hirukoteak sentsazio berriak probatzeko dira, ez sentimenduak bideratzeko edota zure bikotearenak probatzeko.
  • Elkarrekin esperimentatu. Ohean elementu berri batekin esperimentatzea bezala da. Ez da proba bat, ez konpetentzia bat. Plazer gehiago eman eta jasotzeko da, gogoratu. Desioak gida zaitzatela.
  • Utzi atzean aurreiritziak eta segurtasun-gabeziak. Bizi esperientzia.
  • Gonbidatua ezagutu. Oso garrantzitsua da. Harreman sexuala hasi baino lehen, gutxienekoak jakin behar dituzue: osasun sexuala, psikikoa… gaixotasunak edota egoera deserosoak saihesteko.
  • Sexua ziurra izan dadila: erabili preserbatiboak.
  • Erabili jostailu sexualak ere, zergatik ez? Hori bai, zaindu garbitasuna.

Ez da hain erraza neska bat topatzea ere

Fantasiatik errealitatera salto egin eta dena ondo ateratzea (edo espero bezala) erraza ez den bezala, ez da hain erraz topatzen hirugarren pertsona hori. Gutxiago neska bada. Zoritxarrez neskok oraindik gutxiago ausartzen gara horrelakoak probatzera gure hezkuntza eta segurtasun-ezak medio (aldatzen ari da hori ere e, baina…).

Bide batzuk honakoak izan daitezke:

  • Ligatzeko/Sexua izateko aplikazioak: Tinder, 3der…
  • Sare sozialak: Facebook. Twitter…
  • Swinger lokalak (bikote trukaketetarako).
  • Txat erotikoak.
  • Webgune/orrialde sexualak.

Oraindik asko dugu egiteko hezkuntza alorrean eta sexu-errespetuan, baina beti bezala, tabuekin haustera animatu behar dugu eta ménage à trois-ak ere normalizatzera (beste praktika batzuen artean). Izan ere, gure sexualitateaz gozatzen badugu, horretarako prest dagoen jendearekin eta errespetuz, zergatik ez esploratu sexuak eskain diezaguken guztia?

 

Irudia: Kedal Lelaki https://goo.gl/fZ6G6g

argibidea