To! Mugimendu Erotikoa

Kaixomaitia.eus | Nagore Vega

Zoritxarrez, oraindik, jaietan eta aisialdi giroan sexismoa ematen da. Asko. Kasu sonatuenetakoa 2016ko sanferminetan gertatutakoa da, duela egun batzuk epaitu dutena (epairako prest gelditu zen auzia azaroaren 28an). To! Mugimendu Erotikoa osatzen duten pertsonak adituak (eta arituak) dira lurraldeak erotizatzen. Giro horietan ematen den sexismoaren prebentzioa dute helburu.

Tratu eta harreman onak sustatzeko lanean ari da Arremanitz kooperatiba 2010. urtetik. Kideek urteak daramatzate ikastetxeetan hezkidetzaren, tratu onen eta sexualitatearen gaineko saioak eskaintzen. To! Mugimendu Erotikoaren iturburua, berriz, Dssirez egitasmoa da (Donostia 2016). Iaz, Donostia Kultur Hiriburua izan zen urtean, Arremanitzek Nerea Sanchoren zuzendaritzarekin martxan jarri zuen proiektua da Dssirez. Besteak beste, erotismoa, plazera eta jolasa kalera ateratzea zuten xede, tratu onen kultura erotikoa lantzeko prozesua garatzeko. Ondoren, KoopFabrikatik pasatu zen eta bertan osatu zuten proiektua.

Gizonen eta emakumeen arteko harremanak aztertu zituzten, zer-nolako botere harremanak dauden ikusteko, eta zer sexualitate eredu ezartzen diguten identifikatzeko. Aldarrikatzen dutena da plazeraz zabal gozatzeko, eta pertsona eta harreman aske eta parekideak nahi dituztela.

Hasiera aldera, gainera, ohartu ziren hutsune handia zegoela nerabeekin emakumeen sexualitateaz eta plazeraz hitz egitean. Hutsune hori betetzeko sortu zuten Alu Ulu antzerki foroa sortu zuten: “Emakumeen sexualitatea umoretik, onarpenetik eta plazeretik tratatzeko tresna”.

Bertan ikasitako guztiari jarraipena emateko lanean ari dira orain, “kultura erotiko positibo bat lantzea baita egun ditugun arazo askoren (erasoak, besteak beste) aurrean prebentziorik eraginkorrena”.

To! Mugimendu Erotikoa: zer da?

Jai eta aisialdi giroan ematen den sexismoaren prebentziorako prozesu kolektiboen garapena. Tratu Onen ikuspegitik, “subkultura maskulino eta femeninoen inguruko gogoeta kolektiboa egiteko aukerak sortu eta esperimentatzeko eremu errealak” antolatzen dituzte.

Udal teknikari, herritar, jai batzorde, koadrilen parte-hartzearekin… aldaketaren agente diren heinean eta festa giroak duen gaitasuna eraldatzaileari esker, “Tratu Onen Kultura Erotiko berri bat eraikitzeko bidea” marrazten dute.

Jarduerak

https://vimeo.com/234467093

Festa eta aisialdi giroan Tratu Onen Kultura Erotikoa sustatzeko formazioa teknikoa eskaintzen dute, sorkuntza prozesu kolektiboen garapena, eta horren guztiaren ikusgarritasunerako ekitaldi jendetsuak antolatzen dituzte.

  1. Festa eta aisialdi giroan Tratu Onen Kultura Erotikoa sustatzeko formazio teknikoa (udal teknikariak, agenteak, jai batzordeak…). Teknikoki sexismoari aurre egiteko beharrezkoak diren baldintzak, irizpideak eta metodologia helarazten dizkiete, ondoren, sorkuntza prozesu kolektiboari hasiera emateko.
  1. Sorkuntza prozesu kolektiboak (herritar, agente sozial, koadrilen… parte-hartzearen bitartez, saretze eta gogoeta kolektiboak). Komunitateak, Tratu Onen, parekidetasunaren eta harreman afektiboen ikuspegitik, festa eta aisialdi giroan, bere baitan egin nahi dituen hobekuntzen inguruko hausnarketa egiten du. Kolektiboek desioen kudeaketa, proposamenak egin eta jasotzeko moduak, plazera bizitzeko aniztasuna eta askatasuna, landu beharreko ezinbesteko gaitzat jotzen dituzte.
  1. Tratu Onen Kultura Erotikoaren ikusgarritasunerako ekitaldi jendetsuak antolatzea.
    1. To! Festa (egunez): Tratu Onak festaren gai nagusia izanik, egunerokotasunean etxeko edota bikote giroan, gozamenak eta sentsualitateak ekar ditzakeen onurak gogora ekarri, eta ekitaldi jendetsua izanik, ikusgarritasuna emango dio aurretik egindako ibilbideari.
    2. Ligodromo Festa (gauez): Ibilbide luzeko bikotearekin, senarrarekin, emaztearekin, lagunekin edota bakarka, festa honetan, ligatze jatorraren dekalogoa praktikan jartzeko aukera sustatzen dute. Eredugarria den moduan, proposamen erotikoak egin eta jasotzeko giroa ematen da, hainbat aktibitate kolektibo, txoko, joko eta ikuskizunez lagunduta.

Ekitaldi horietan egin daitezken aktibitateen eskaintza ere anitza da:

  • Photocall pikante (gauez)
  • Alu Ulu Antzerki foroa (bakarka ere antola daiteke)
  • Dsioen putzua
  • Mezu graffiteroak
  • Mezu jardineroak
  • Avatareak (gauez)
  • Senso txokoak
  • Zurrumorbo irratia
  • Rally poteo erotikoa
  • Hondartzako eskulturak (egunez)
  • Bokata erotikoak
  • DJa
  • Zurrumargo txikiak (ipuina +marrazkiak + txapak) (egunez)
  • Ligatze Jatorraren Dekalogoa
  • Ero Trivial
  • Ero Lab (gauez)
  • Kartografia erotikoa
  • Globo aerostatikoan bidai kautiboa
  • Alfonbra gorria

Udal teknikari, herritar, jai batzorde, koadrila… ez legoke gaizki horrelako prozesu batean hastea, ezta? Planteatu beharreko gaia dela iruditzen zait. Eta talde honek erremintak eskura jartzen dituela. Ikasi besterik ez dago, beste behin ere, hezkuntza baitago gakoa.

To! Mugimendu Erotikoa

Bazkide eta langileak
– Nerea Sancho: Zuzendaria
– Axier Baglietto: Kudeatzailea
– Edurne Mendizabal: Alu Ulu Antzerki Foroaren Kudeatzaila
– Ibai Fresnedo: Ekitaldien Koordinatzailea
– Mirari Legarreta: Administraria
– Julieta Alvarado: Arte Zuzendaria
– Haizea Egiguren: Aktorea
– Izaro Auzmendi: Dinamizatzailea
– Julen Arregi: Gidaria

Helbidea
Gabriel Zelaia Eraikina, lehen solairua. Florida Auzoa 28. 20120 Hernani

Telefono zenbakia
655 741 946

Posta elektronikoa
nerea.se@arremanitz.eus

Webgunea
http://www.mugimenduerotikoa.eus/

argibidea