Ane eta Jon (X) – Leihotik begira

Kaixomaitia.eus | Aratz Begiristain

Jon begira geratzen zen bitartean pertsona ezezagun eta askorekin orgia bat egiten ari nintzen, gorputzak nahastuta genituen, azalen arteko laztan amaigabeak jasotzen nituen eta guztiek gorputzeko atalak begi-bistan genituen. Desira eta berotasuna nire azaleko poro guztietatik kanporatzen zen eta morbo izugarria ematen zidan Jon begira egoteak.

Goizeko 10:07 ziren ametsetik esnatu nintzenean. Ohean etzanda begiak itxi nituen ea ametsera bueltatzeko aukera nuen ikusteko, bitarte horretan nire hankak maindire artean gora eta behera ibili ziren duela segundo gutxi barru sentitzen nuena berreskuratu nahian. Berotasun lasai batean lo hartu nuen eta berotasun geldiezin batean esnatu nintzen.

Ametsak gure inkontzientearen erakusleiho apartak dira eta askotan ahaztu baino lehen idatzi egiten nituen gerora aztertu ahal izateko. Oraingoa aztertu baino, nahiago nuen unean gozatu eta ametsera bueltatu, baina ezin izan nuen horrelakorik egin, nire eskua ordea hankartera erraz asko bueltatu ahal izan zen. Gozamena. Hilekoa nuen bakoitzean alua oso sentikor izaten nuen eta bereziki lizun egoten nintzen. Menstruazioa oso normalizatua nuen nire gorputzean eta baita harreman bikotean ere, horregatik bikote harreman erotikoak ere oso modu naturalean bizi genituen odola jariatzen nuenean, are gehiago esango nuke, egun horietan txortan ibiltzen ginenean bereziki ona izaten zen harremana.

Brrr, brrr, isileko whatsapp abisua jaso nuen baina eskuak oso okupatuta nituen. Ummm baina Xabat balitz? Eskuin eskua nire izterrean lehortu eta mugikorra hartu nuen. Bazirudien nire burmuin edo aluarekin konexio zuzena zuela… Xabat zen eta galtzontzilo azpian erabat tente antzematen zen bere zakilaren argazki bat bidali zidan “nire lagunak egun on esan nahi dizu” mezuarekin. Maindireekin erdi tapatutako nire gorputz biluziaren argazki bat egin eta momentuan bidali nion. “Egun on zure lagunari ere”. Erokeria goxo honekin jarraitzeko gogoa nuen eta horregatik bazkaltzera gonbidatu nuen askorik pentsatu gabe. Jon igande goiz-eguerdian etortzekoa zen eta beraz larunbat osoa libre izango nuen nire saltsara aritzeko.

Ondo gosaldu, dutxatu eta ipurdi erdia estaltzen duten kulero horietako bat jarri nuen, gainetik Jonen kamiseta zahar luze bat jantzi eta bazkaririk prestatzeko gogorik ez nuenez bere zain egon nintzen sofan botata liburu bat irakurtzen nuen bitartean.

14:11etan Xabaten whatsapp mezua jaso nuen “Zure portalera iritsi berri naiz” eta atea irekitzera joan nintzen. Ondoren etxeko atera gerturatu eta igogailuaren soinua entzun nuen, jarraian atean eskuarekin emandako golpe bakar bati erantzunez atea ireki eta etxe barrura pasarazi nuen. Hau izan zen bizilagunak ez konturatzeko erabilitako sarrera “mekanismoa”.

Zer moduz zegoen galdetzen hasi nintzaion eta tenperatura apur bat igotzeko, hasierako elkarrizketa hori gertatu bitartean eskuak nire bularretara eraman nituen eta desira aurpegi lizuna jartzen hasi nintzaion. Behatz bat nire ahotik pasa, zurrupatu eta kulero azpira eraman nuen.

– Zatoz, etxea erakutsiko dizut eta. – Esan nion beregana gerturatu eta ahoan muxu bero bat ematen niolarik.

Egongela nahiko handia zen: sofa, telebista, leiho handi batean ondoan telefonoa eta giltzak uzteko altzaria, … Sukaldea ez zen oso handia, baina jateko egurrezko mahaitxo baterako lekua bagenuen eta amaitzeko bainugela, logela txiki bat eta handiagoa zen gure logela erakutsi nizkion.

Bazkaririk ez nuenez pizza bat eskatzea ondo iruditzen zitzaiola esan zidan. Zerriak telefonoz pizzak eskatzen nituen bitartean eskua sartu zidan leku guztietatik eta zakila nire izterrean ere nabaritu nuen, ze bero jarri ninduen egoerak! Aspaldian horrelakorik egiten ez zidatela… ummmm. Telefonoa eskegi eta leihotik begira jarri ninduen, bera nire atzean kokatu zen, kuleroak jaitsi zizkidan eta belauniko alua eta ipurtzuloa miazkatzen hasi zitzaidan, a ze eromena… Kanpoan bizilagun bat ikusi nuen eta berak ere ni ikusi ninduenez, ahalik eta aurpegi lasaiena jartzen ahalegindu nintzen agurtzeko. Egoera horretan nintzela nire lehen orgasmoa azkar batean iritsi zen, ummmm. Xabat zutik jarri eta galtzen gerrikoa eta botoia askatuta, galtza orkatiletaraino erortzen utzi zuen, orduan bere zakila galtzontziloak tartean zirela oso gogor nabaritu nuen, ummmm barruan sentitu nahi dut Xabat, esan nion gogoei eutsiezinik. Galtzontziloak jaitsi, praken poltsikotik kondoi bat hartu eta jarri ostean pixkanaka nire barrenean murgiltzen hasi zen, a ze gogor nabaritzen zaitudan uuuffff. Leihotik begira jarraitzen nuen eta danba-danba ari ginela, bere eskuek nire kamiseta azpitik bereak eta bi egiten zuten bitartean, portaleko txirrina jo zuten. Jodeee dagoeneko pasa dira 30 minutu?

Dirua eskuan hartuta elkarrekin etxeko aterantz joan ginen eta bertan leihoan egiten ari ginenarekin jarraitu genuen etxeko tinbrea jo zuten arte. Xabat atearen atzealdean ezkutatu zen eta nik soilik kamiseta luzea gainean nuela pizza jaso eta ordaintzeari ekin nion etorri zenaren begirada arretatsuak gorputz osoa errepasatzen zidala, ummmm. Kanbioak pizzaren gainean jarri eta azkar batean bere eskumutur bat hartu nuen, bere eskua nire titi batean kokatu eta mila esker pizza ni bezain bero ekartzeagatik esanez agurtu eta atea itxi nuen. Xabatek sekulako harridura aurpegia zuen eta zuzenean sukaldera joan ginen pizza jateko intentzioz. Argi zegoen baina zakil gogor horrek eta nire alu bustiak ez zutela deskantsatzeko gogo askorik…

Irudia: angrylamble1

argibidea