Prostituzio-etxe poetiko bat  irekitzeko proiektua aztertzen ari dira Donostian

Kaixomaitia.eus | Nagore Vega

inuxente eguna

Bartzelonan prostituzio-etxe poetikoa dago. Laster irekiko dute beste bat Madrilen. Eta dagoeneko ari da interesdun talde bat (Kaixomaitiako Iñigo Arandia tartean) Donostian proiektua martxan nola jarri aztertzen.

Prostituzio-etxe poetikoa? Bai bai, ondo irakurri duzue. Moulin Rouge irudi dezake. 1920. Hamarkadetako hainbat leku. Garai hartan, dekadentzian zegoen burgesiak antzokiak betetzen zituen, baita prostituzio-etxeak ere, goizaldera arte, edari bizien eta musikaren artean. Baina ez. Prostituzio-etxe poetiko bat da, eta Bartzelonan dago. Código Nuevon irakurri dugu lekuaren berri, Helena Sardá-k idatzita. Bertara joan zenean izandako esperientzia kontatzen du testuan.

Burdel horretan ez da ordaintzen kontaktu fisikoagatik, poetikoagatik baizik. Bakoitzak bere gustuko menua hautatzen du, adibidez, lerro batzuk belarrira xuxurlatzean: errezitatzen dituenak idatzitako poemak; momentuan zu nola zauden ikusita aukeratzen dizkizutenak; edota zure interesen araberakoak.

Casa – Prostíbulo Poético from epokhé films on Vimeo.

Horrelako lehen ekimena New Yorken jarri zuen martxan Kiely Sweatt-ek duela hamarkada bat: Poetry Brothel. Bartzelonan, berriz, arduraduna Madame Sonia Barba da. Berari eskatu behar zaizkio zitak. Munduan zeharreko poetak ditu lankide. Edozein lekuk balio du zirri-egite literario baterako. Finean, laborategi bat da, eta helburu du mundu guztira poesia transmititzeko modu ezberdinak arakatzea. Helena Sardák bere artikuluan jasotakoaren arabera, “poesiak laztandu egiten zaitu, hitzek adimena estimulatzen dizute ekinaldi intimo batean”.

Bisitan, Madameari ere galdetu zion zer duten komunean sexuak eta poesiak. Hona erantzuna: “Bi kasuetan berehala jakiten duzu ona den edo ez, kalitatezkoa, legendazkoa eta gogoangarria; edota, aldiz, graziarik eta egiarik gabekoa den, magiarik gabekoa. Badakizu berehala ahaztuko zaizun edota betiko gogoratuko duzun”.  

Hori bai, nahiz eta sentsualitatea giroan egon, ez dago kontaktu fisikorik. Nahasketara eraman dezake izenak, noski. Eta erakarri edo atzera bota. Madameari ere gauza bera gertatu zitzaion hasieran: “Penagarria da zein izen txarra duten langile sexualek eta zein baldintza txarretan lan egiten duten. Haiek gu baino merito gehiago dute, ez gara beraien mailara iristen”. Dudak dituztenei gomendioa ere egiten die: “Etorri, probatu, ausartu, fidatu”.  

Paperean ere goza ditzakezue. Urtero Liburu Gorria argitaratzen dute bertako poema onenekin. Gainera, literatura tailerrak antolatzen dituzte, poesia eszenikoari buruzkoak, poesia erotikoaren gainekoak, baita burlesque-ari lotutakoak ere. Afari pribatuetan ere parte hartzen dute. Asmoa, beti berdina, poesia denei ezagutaraztea.

Madrilen, laster

Proiektu ezberdina eta interesgarria da. Esperimentazioa oinarri duena. Orain poeta, musikari, abeslari eta performer bila ari dira, Madrilen beste prostituzio-etxe bat jarri nahi baitute.

Donostian, aztertzen

Proiektua hastapenetan dago. Kulturaren munduaren inguruan dabiltzan hainbat norbanako biltzen hasi dira gaia jorratzeko. Izan ere, Bartzelonako egitasmoaren berri izan zutenean, ideia asko gustatu zitzaien, eta aztertzen ari dira ea horrelako zerbait Donostian martxan jarri ahal izango litzatekeen.

Interesdun koadrila horretako kideetako bat Kaixomaitiako Iñigo Arandia da. Ez digu gehiegi aurreratu nahi izan gaiaz, oso-oso ideia jaioberria baita. Hala ere, Kaixomaitiaren eta ekimenaren arteko harremanaz galdetzean, argi du zergatik egin nahi duen horrelako zerbaiten aldeko apustua: “Kultura, literatura, poesia, erotismoa, sexualitatea, sentsualitatea, esperimentazioa… Interesatzen zaizkigun gauzetako asko ukitzen ditu, zergatik ez saiatu?”.

Irudia: http://prostibulopoetico.com/ 

argibidea