Klitoriak erakutsiko dizu dena klitoriari buruz

Kaixomaitia.eus | Nagore Vega

“Zorionekoak emakumeak: plazera emateko den organo bakarra dute”. Horrelaxe hasten da Le Clitoris, Lori Malepart-Traversy errealizadore kanadarraren film laburra. Arrosa koloreko klitori jostalari batek, modu dibulgatzailean eta umorez, emakumeen plazeraren organo garrantzitsuenari buruzko guztia azaltzen du bertan, eta zein inportantea den.

Gizakiengan, aluaren gainaldean eta alboetan dagoen atal zutikor bat da klitoria; zatirik handiena azalaren azpian ezkutuan dago, eta zati txiki-txiki bat, klitori-glandea izenekoa, botoi itxurakoa, agerian dago aluaren gainaldean. Klitoriaren kilikadurak bagina lubrifikatzen ere laguntzen du, eta horrela bagina sarketarako prestatzen da. Emakumeen sexu plazererako atal garrantzitsua da: klitoria kitzikatuz, orgasmora hel daiteke emakumea (Wikipediatik).

Gutxi gorabehera, 8.000 nerbio-bukaera ditu. Hala, emakumeen gorputzeko zati sentsibleena da. Izerberg bat bezala, zati handiena gorputzaren barruan gordetzen du. Bi erro edo sustrai ditu alde banatara, 10 bat zentimetrokoak. Barneko horrek eragiten du, bideoaren arabera, hainbat emakumek orgasmo baginalak izatea.

Behin gaia kokatuta eta film laburraren hasierako esaldira itzulita, txorakeria irudi dezake, baina ez da. Emakumeen sexualitateari dagokionez, klitoria da organo iraindu eta ahaztuena. Gizon batzuek ez dakite non dagoen ere. Emakume askok ere ez, zoritxarrez.

Ikusezintasuna eta jazarpena

Film laburrean, klitoria mugitzen doa, eta hainbat gai erakusten ditu: jasan duen ikusezintasuna, jazarri dizkioten mito zientifikoak, psikologikoak, sozialak… Oraindik orain, indarrean jarraitzen dute askok.

Atzera, XVI. mendera egiten du salto historiak, klitoria deskubritu zutenera. Eztabaida izan zen garai hartan. Izan ere, Realdo Colombo eta Gabriel Fallopius medikuek, bakoitzak bere aldetik, aurkitzaileak zirela zioten. Aurkitzaileak zioten, baina klitoria beti egon baita hor. Antzinako Grezian, esaterako, klitori-orgasmoa ugalkortasunarekin lotzen zuten.

1800. urtearen bueltan, ordea, medikuek “alferrikako organo” izendatzen hasi ziren, eta emakumeak zoratzen zituela zioten. Orduan asmatu zuten histeria: emakumeei bakarrik eragiten zien ustezko patologia bat, inolako oinarri zientifikorik gabea. Zein zen helburua? Beti bezala, emakumeen sexualitatea kontrolatzea eta plazera ukatzea.

Sigmund Freud etorri zen, gero: klitoriaren beste etsai nagusienetako bat. Hark ere, oinarri zientifikorik gabe, adierazi zuen klitori-orgasmoa haurren zerbait zela, neskatila edo emakume-nerabeena. Zioenez, orgasmo “ona” edo “heldua” baginala zen. Bazekien zertaz ari zen, gizona eta klitori gabekoa izanik… Ejem! Ez zuen kontuan izan emakumeen ia %70ak klitoria estimulatzea beharrezkoa duela orgasmora heltzeko.

Argiune bat izan zen XIX. Mendean: eliza katolikoak klitori-orgasmoa onartu zuen, esaten baitzuen tentsioak askatzeko balio zuela! Argiune txikia izan zen ordea.

Urtetan, sexu “adeitsu”, aspergarri eta bete ez gaituenera kondenatu gaituzte. Baina ez gara ez frigidoak ez santuak: ez ginen orgasmora iristen, inork ez zigulako erakutsi!

Klitoriak maitatua izan nahi du, besterik ez

“Munduari erakutsi nahi diot nire ikerketarekin ikasi dudana. Izan ere, nik ere, emakume gisa, gauzetariko asko ez nekizkien, nahiz eta organo hori nire gorputzaren zati den”, azaltzen du errealizadoreak.

Irakatsi ez ziguten hura irakasteko balio dezake bere lanak. Gero eta ezagunagoa egiten ari da film laburra, hainbat festibaletan parte hartu du, eta sari asko jaso ditu. Sinplea da, baina oso pedagogikoa. Ikastetxeetan jartzeko modukoa. Ondo ezagutzeko, zer den plazera emateko organo eder hori.

Film laburra esaldi interesgarri batekin bukatzen da, eta nik ere gonbite gisa uzten dizuen hemen: “Egun klitoria iluntasunean bizi da oraindik. Laztanak atariko keinu gisa besterik ez dira ikusten normalean. Baina klitoriak maitatua izan nahi du, besterik ez. Zure plazererako existitzen da esklusiboki, zergatik ez erabili?”.

https://www.youtube.com/watch?v=J_3OA_VZVkY

argibidea