Etxeko erditzeak

Magale: “Gizarte aldetik eskaera bat zegoela ikusita eta etxeko erditzeak ilunpetik atera nahi genituelako hasi ginen honekin”

Clara Rosas (1988, Moià, Bartzelona), Josune Ibargoyen (1988, Irun, Gipuzkoa) eta Igone Eskudero (1989, Oiartzun, Gipuzkoa) Magaleko kideak dira. Magalek etxeko zerbitzua eskaintzen du erditze prozesu osoan zehar; bai haurdunaldian, bai erditzean eta baita erditze-ondorenean ere: “Gaur egun dagoen eskaera baten erantzuna edo ondorioa da Magale. Erditze prozesu osoa etxeko zerbitzu pertsonalizatuan eskaintzen duen lehen enpresa gara Gipuzkoan, nahiz eta gure lan-eremua probintziako inguruetara ere luzatu. Zerbitzu profesionala eskaintzen dugu, pertsonala, gertukoa eta errespetuzkoa”. Gehiago jakin nahi genuenez, gure galderak erantzun dituzte.

  1. Magale, maitatuz jaio. Hasieratik uzten duzue argi zuen asmoa. Baina zer esan nahi du horrek zehazki? Eta izenak esanahirik badu (Magale)?
    Izen honekin esan nahi duguna da txikiei mundu honetara ongietorria maitasunarekin eta errespetuarekin emango diogula. Magale, magal hitzetik dator, regazo esan nahi duena.

  2. Zenbat denbora daramazue lanean? Gainera, Gipuzkoako horrelako zerbitzu bakarra zarete. Nolatan hasi zineten?
    Orain dela 3 urte eta erdi hasi ginen Magale proiektuarekin. Badirudi ospitalea dela erditzeko aukera bakarra, eta ez da horrela, aukera ezberdinak daude, eta emakume guztiek ez dauzkate behar berdinak. Batzuen nahiak eta beharrak ospitaleek betetzen dituzte, baina beste batzuenak ez, eta horregatik beste aukera bat eskaini nahi genuen. Gizarte aldetik eskaera bat zegoela ikusita eta etxeko erditzeak ilunpetik atera nahi genituelako hasi ginen honekin. Beti artatu izan dira etxeko erditzeak, baina modu profesional batean egin nahi genuen, informazioa zabaltzeko, egoera azalarazteko, eta Eusko Jaurlaritzak hau zerbitzu publiko bat bezala eskaintzea borrokatu nahi genuelako, beste hainbat herrialdeetan gertatzen den bezala.

  3. Zerbitzu ezberdinak eskaintzen dituzue. Pixka bat kontatzerik bakoitzaren xehetasunak?
    Etxean erditzen duten bikoteekin lan asko egiten dugu prozesuan zehar. Haurdunaldian erditze aurreko bisitak egiten ditugu, elikadura, ariketak, beldurrak etab lantzen ditugu. Hau eta erditzeaz gain, erdiondoko zainketak ere etxean egiten ditugu, edoskitzean laguntzen dugu, zalantzak argitu etab.
    Bi hilabetero, gurekin erdituko ez duten familiekin ere ikastaro intentsiboak eskaintzen ditugu. Larunbatetan izaten dira, eta erditzean zehar dena ondo joateko erabili daitezkeen teknika ezberdinak azaltzen ditugu, edo haurdunaldian zehar egin ditzakegun estrategiak lantzen ditugu.
    Asteazkenero, Tolosako Usabal Kiroldegian, 12:00tan uretan erditze aurreko prestakuntza ere egiten dugu.

    Etorkizun batean beste batzuk eskaintzea espero dugu.

  4. Clara, Josune eta Igone. Hirurok elkarrekin egiten duzue lan beti?
    Binaka egiten dugu lan. Erditze bakoitzean gutako 2 egongo dira beti.

  5. Pentsa etxean izan nahi dudala haurra. Kasu guztietan ahal da?

    Ez, etxeko erditzeen segurtasuna ospitalekoarena berdina dela ziurtatzeko, arrisku baxuko erditze bat izan behar da, eta horretarako baldintza batzuk bete behar dira: erditzea 37. astetik 42.astera izatea, haur bakarra izatea (bikiak etab ez genituzke artatuko), buruz behera egotea, analitikak eta ekografiak ondo egotea, eta etxea ospitale batetik 30 minutu baino gutxiko denborara egotea.

  6. Baiezkoa denean, zein da jarraitu beharrezko prozesua?

    Gurekin lehenbailehen harremanetan jartzea, erditzeko data gordetzeko eta leku bat erreserbatzeko. Gero, 20.asteko ekografia egin ondoren, lehenengo bisitako data jarriko genuke, eta hortik aurrera harremanetan jarraitzen dugu prozesuan zehar.

  7. Iritsi da eguna. Nola hasten da erditzea? Zein urrats jarraitzen dituzue?

    Erditzeak bi modu ezberdinetan hasi daitezke. Ur poltsa puskatzen edo kontrakzioekin hasten. 37. astetik aurrera harremanetan egoten gara oso maiz, eta lehenengo seinaleak agertzen direnean, babesa eta gida ematen diegu. Behin erditzeak intentsitatea hartzen duenean, beraien etxeetara joaten gara. Intimitatea babesten dugu, umeen taupadak intermitente entzuten (hau da MOE Munduko Osasun Erakundeak gomendatzen duena) 15 minutuero, prozesuari bere denbora ematean, ukitzen baginalak ez ditugu egiten normalean, beste seinaleei egoten gara adi… Masajeak, aromaterapia eta erditzeko igerileku txikia erabiltzen ditugu.. Emakume bakoitzak behar desberdinak ditu eta gu beti behar horiei erantzuna ematen saiatzen gara.

  8. Zuen blogean irakurritako esperientziak oso ederrak dira, eta guraso denek dituzte esker hitzak. Arazorik izan duzue inoiz? Arazoak sortzen badira, ospitalera bideratzen dituzue?
    Bai noski, arazoak sortuko ez balira, emaginak ez ziren beharrezkoak izango. Gure ardura dena ondo doala ikustea da, eta normaltasun hori babestea da, baina arazo bat sortzen baldin bada, teknikak, medikazioa etab erabili behar dira. Batzuetan ospitalera egin behar dira trasladoak. Kasu horietan, beraiekin goaz, ospitaleko profesionalei parte ematera.

  9. Bikoteek zergatik hautatzen dute aukera hau, intimitateagatik?
    Intimitatea arrazoi bat da bai. Beste batzuk, prozesuaren erritmoa errespetatzea, emaginak aldez aurretik ezagutzea, beste umeak etxean daudelako eta prozesuan egon nahi dutelako, etxeek segurtasun gehiago ematen dietelako… aukeratzen dute. Arrazoi asko daude.

  10. Zein abantaila ditu etxean haurra izateak?
    Hori oso pertsonala izaten da. Guk ez dugu pentsatzen etxeko erditzeak ospitaleko erditzeak baino hobeagoak direla, beste aukera bat baizik. Abantailak bakoitzak bere aukera egitea izan daitezke, eta modu horretan, bere erditzearen jabe izatea (bai etxean bai ospitalean). Orokorrean, asebetetze maila altuagoa izaten da etxeko erditzeetan, baina erabaki oso kontziente bat izan delako.

  11. Zein desabantaila?
    Gure herrian pribatua dela, eta arrazoi ekonomiko batengatik, nahi duzun tokian erditu posible ez izatea, ez da zuzena.

  12. Zenbat balio du?

    Haurdunaldiko bisitak, 5 asteko guardia, erditzea, eta erdiondoa, 2.500 euro dira.

  13. Diru hori, edo zati bat, errekupera daiteke?

    Hemen ez. Borroka horretan gaude, baina printzipioz hori aldatzeko asmo handirik ez daukate Eusko Jaurlaritzan. Gure webgunean, familiek betetzen duten eskaera aurkitu dezakezue.

  1. Zer esango zeniekete etxean haurra izan nahi baina ausartzen ez direnei?
    Informatzea. Informazioa, datua objektiboak etab dira gure aurre iritziak aldatu ditzaketen bakarrak. Guk ere 2 hilabetero hitzaldiak ematen ditugu (dohainik) honen inguruan.

Argazkia: Yohann Legrand

argibidea