Kalaka kooperatiba: “Jakinduria inoiz ez dago soberan, gizon erreferenteak izatea ez dago soberan, emakume faltan izatea da akatsa”

Emariak izeneko liburua kaleratu berri du Kalaka kooperatibak: emakumeek historian zehar egin dituzten ekarpenen bilduma. 12 biografia osatu dituzte Ilazki Gainza eta Nerea Uriak, eta diseinu eta ilustrazio propioekin lagundu dute bakoitza.

Aukeratutako emakume horiek euren bizitzan lorpen handiak egin badituzte ere, isilarazi egin izan dira. Hori dela eta, euskarazko liburu hau sortu dute emakume erreferenteak ikusarazteko eta denon eskura jartzeko hauen berri zabaltzeko tresna: “Erreferenteek beti ematen digute besteoi amesteko, noizbait izan nahi dugun hori irudikatzeko eta inspiratzeko bideak. Erreferente maskulino ugari ditugu guztiok buruan eta inguruan (besteak beste, eskoletan eta komunikabideetan horien berri ematen digutelako etengabe), baina, garrantzitsua iruditzen zaigu emakumeak ere lehen lerroan kokatzea”.

Emariak 1

Gauza gehiago ere kontatu dizkigute. Begira:

  1. Zer da Emariak? Zer jasotzen du? Emariak sortu dugun euskarazko liburua auto-editatua da. Urteak generamatzan ideia honekin bueltaka eta azkenean esku artean dugu emaitza. Emariak liburuan historian zehar, arlo, herrialde eta garai desberdinetan emakumeek egindako ekarpenak bildu ditugu, 12 emakumeren biografia laburrei esker. Amaieran ariketak txertatu ditugu, irakurketaz harago doan baliabidea sortu nahi izan dugulako. Gaztelaniaz edota atzerriko hizkuntzatan geroz eta ikerketa gehiago egiten ari dira emakume erreferenteen inguruan eta hori berri ona da, baina euskaraz ez dugu halakorik topatu, hori dela eta, gure egunerokoan erabiltzen dugun hizkuntzari garrantzia eman eta baliabideak eskaintzea izan da gure helburu xumea liburu honekin. Bizitzan zehar eskolan, bestelako ikastaroetan, egunerokoan ikasi eta ikusi ditugun erreferenteetan pentsatzen badugu, ziurrenik gehienak gizonezkoak izango dira eta hori ez da kasualitatea. Emakumeon ekarpenak isilduak, zapalduak edota lapurtuak izan dira urtetan zehar. Liburu honekin gure alea erein nahi dugu euskaraz, emakume erreferenteen berri emanez.
  2. Zergatik izenburu hori? Emakumeak emari izan direlako eta garelako: historian zehar gure bizitza erraztu duten zientzialariak, erizainak, astronautak, matematikariak, medikuak, zaintzaileak, kirolariak, borrokalariak, eta beste “ari” guztiak, emakume aritu eta adituak.
  3. Zein dira emakumeak? Zein ekarpen egin zituzten? 12 emakumerekin osatu dugu bilduma, 2 euskaldun daude eta nazioarteko 10. Euskaldunak Elbira Zipitria eta Josefa Molera dira, hezkuntzan eta kimika munduan arituak eta adituak biak. Nazioartekoetan musikariak, zinema zuzendariak, Nobel saridun biologoak, etab. Bi kolektibo ere badaude: etxean lan egiten duten emakumeak eta sufragistak, izen propioetatik harago joan nahi izan dugu bi kolektibo hauek bilduman barneratzeko unean, eurak gabe geure bizitzak oso desberdinak izango zirelako gaur egun.
  4. Zergatik aukeratu dituzue horiek?

Liburuan bertan azaldu dugun moduan beste batzuk aukeratu genitzaken, baina, emakume guztiak bilduma bakarrean sartzea ezinezkoa denez, irizpide batzuk jarraitu ditugu aukeraketa egiteko orduan: orain arte hainbestetan entzun ditugun Simone de Beauvoir, Frida Kahlo, Marie Curie, etab.ez harago joan nahi izan dugu. Eurek egin zituzten ekarpenak oso garrantzitsuak izan dira, baina, zorionez, euren berri iturri desberdinetan topa dezakegu nahiko erraz, hala nahi izanez gero. Hori dela eta, hain ezagunak ez diren emakumeak bildu nahi izan ditugu. Bestetik, aniztasuna bermatzeko garai, lan arlo eta herrialde desberdinetakoak izatea nahi izan dugu, ez baita gauza bera emakume izatea Grezian XIII. mendean edota Senegalen XXean, adibidez. Garaiak, herrialdeak, bizi zaren jendarteak eragin zuzena du. Azkenik, euskaldunak eta nazioarteko emakumeak bilduma berean txertatu nahi izan ditugu, emakumeen ekarpenen bazterketa mundu mailako zerbait (izan) delako.

  1. Ale gehiago egiteko asmorik duzue? Sartu ez direnak sartu, bilduma moduko bat?

Buruan ideia desberdinak ditugu aurrera begira lantzekoak, baina, oraingoz, lan hau zabaltzen ari gara, sentsibilizazio lana eginez. Bilduma bat garatzen joatea bada proiektuetako bat, baina, oraindik goiz da zehaztasunez ezer ziurtatzeko.

  1. Nondik sortu zitzaizuen liburua egiteko ideia?

Hasieran eskoletan emakume erreferenteak txertatzeko proiektua izan genuen buruan, irakasleekin fitxen bidez lantzeko proiektua. Baina, bilera ugari egin ostean, une honetan behintzat ezinezkoa dela ikusi dugu. Beharbada aurrerago garatzeko aukera izango dugu, baina oraingoz ez. Hori dela eta, baliabidea bera garatzeko beharra sortu zitzaigun, ez baikenuen proiektua ezerezean geratzerik nahi.

  1. Zergatik erabaki zenuten liburua izatea eta ez beste euskarriren bat?

Aurrez esan bezala, hasierako ideia beste bat zen, baina, gerora, baliabidea bera liburu formatuan garatzea egokiena zela iruditu zitzaigun.

  1. Erreferente femeninoak behar ditugu, maskulinoak soberan ditugu, ezta?

Jakinduria inoiz ez dago soberan, gizon erreferenteak izatea ez dago soberan, emakume faltan izatea da akatsa. Erreferenterik ez badugu, amestea zaila da. Neska batek enpresariak, lehendakariak, astronautak, zientzialariak, emakumeak ere badirela ikusten badu, helduagoa denean ez du pentsatuko: “Ni ezin naiz zientzialaria izan, horiek gizonak dira”. Eta mutilek ez dituzte neskak gutxietsiko esanez “neskak ezin zarete futbolariak izan, mutilen futbola hobea da”, adibidez. Erreferenteek ikuspegia zabaltzen digute, amesten lagundu eta etorkizun berdinzaleago bat sortzen laguntzen digute, horregatik da hain garrantzitsua gizon erreferenteez gain, emakumeak jakinarazi eta zabaltzea (bai etxean, eskoletan, aisialdian, formazioa ez arautuan, etab. eta horretarako, helduok ikasi eta barneratu behar ditugu lehenengo).

  1. Euskaraz egin duzue lana. Euskaraz beharrezkoak dira horrelako materialak? Beste hizkuntzetan badaude? Edo agian Emariak itzultzeko aukerarik izan liteke...

Euskaraz egin dugu hain zuzen ere ez dugulako halakorik euskaraz topatu eta beharrezkoa iruditzen zaigulako itzulpenetatik harago, euskaraz sortu eta pentsatuak izan diren baliabide propioak izatea.

argibidea