Euskal Herriko Bilgune Feministaren #Sexuinkestaren balorazioa (I) Kokapen teorikoa eta metodologiaren inguruko oharrak

Amaia Zufia, Pili Alvarez Moles, Oihana Lopez, Idoia Arraiza

Euskal Herriko Bilgune Feminstak egindako balorazioa bi ataletan banatu dugu duen luzerarengatik eta bi atal nabarmendu dituelako, lehena ikerketaren kokapen teorikoari eta metodologiaren inguruan eginikoa, jarraian duzuen hau,  eta bigarrena, emaitzen atalez ataleko balorazioa.


 

Kokapen teorikoa: maitasun erromantiko eta heteroarauaren makineria

Hartu-emanak. Harreman intimo, sexualak, afektiboak, kidegokoak, militantziakoak, bizilagunen artekoak, elkartasunean oinarritutakoak. Eta harremantzera eramaten gaituzten maitasunak. Baina zer ote da maitasuna? Gizakiok elkarren arteko kontaktura, elkar harremantzera, zaintzera edota plazera trukatzera eramaten gaituen bultzada bada. Baina horrekin batera, testuinguruak baldintzatutako izaera hartzen duen eraikuntza soziokulturala, kode ideologikoz eta botere harremanez betetakoa, harreman mota guztiak zeharkatzen duen makineria, zapalkuntza sozialak sortu eta mantentzeko mekanismoak barnebiltzen dituena. Maitasuna eraikuntza bat den heinean ikasi egiten da, gure sozializazioan, modu inkonsziente batean gehienetan, ez matematikak ikastolan ikasten diren moduan. Haatik, ikaspen hauek naturalizatu eta esenzializatzeko joera dugu, berezko egiak baliran moduan.

Horrela, ipuin, irudi eta sinbolo, etxean ikusten dugun adibide, telesail, abesti, pelikula, jolas edota kalean aditzen ditugu komentarioek maitasunaren inguruko pentsamendu eta eredu oso bat eraikitzen du.

Gure mendebaldeko kulturak bultzatzen duen eredua “Maitasun erromantikoa” eta “Heteroaraua”rena da, eta harremanak ordenatzeko erregimen ekonomiko, politiko eta soziala da gure harremanak ordenatu eta maitasuna zer den eta zer ez den, eta nola edo norekin sentitu eta adierazi behar den ebazten duena. Emakume eta gizonen arteko harremanak, elkarbizitza, familia, hezkuntza, zaintza lanak eta enplegua antolatzeko pieza klabea dugu, beraz, maitasunaren ideologia hegemoniko hau.

Dakigunez, gure jendartean pentsamolde zein harreman heterosexualak, familia nuklearrak osatzera bideratutako bikoteak, eremuz eremu bazterkeria egoeran dauden emakumeak, zaintza lanak dohain egiten dituzten ama eta emazteak edo murrizketa neoliberalak eta prekarietatea arintzeko koltxoi familiarrak dira arau. Jendarte heteropatriarkal eta kapitalista du izena guzti honek eta hura mantentzeko oso harreman eredu hertsiak bultzatzen dira, esan bezala, maitasun erromantikoan oinarritutakoak.

Hauek dira maitasun erromantikoan oinarritutako eta heteroauren ereduaren hainbat ezaugarri:

Heteroaraua eta harremanen mailakatzea: Harreman mota ezberdinak mailakatzen dira eta ororen gainetik bikote heterosexualen baitan ematen den pasiozko maitasuna goratzen da, hain zuzen, familia nuklearra osatuko duten bikoteena. Beste harreman mota batzuk, esaterako, elkartasuna, lagun-artekoa edo bizilagunen artekoak maitasun goren hartatik banantzen dira. Honen baitan, desira eta sexualitatearen eraikitze, kontrol eta bideratze bat ematen da, oso aukera mugatuak bultzatuz:

harreman heterosexualak, koitoa, genitalak. Heteroarau horretatik at geratzen diren bestelako harreman formulak, baztertu, zanpatu eta estigmatizatu egiten dira.

  • Gizakion kontzepzioa: Gizakioi gabeziazko izakitzat definitzen zaigu, berezko hutsune bat izango bagenu. Hau beste pertsona batekin, pertsona bat eta bakar batekin, osatuko dugunaren ilusioa elikatzen da. Gure kontrakoa baino bateragarria izango den “gure beste partea” edo “laranja erdia”ren ideia zabaltzen da.
  • Fusio totala: Maitasun harremanetan fusio eta sinbosia posible eta desiragarria dela zabaldu da. Gure burua ahantzi eta beste pertsona batekin guztiz nahastu, bestean galtzearen mezu alienanteak zabaldu dira, “zugabe ez naiz ezer” adibidez.
  • Bikote-zentrismoa: Geroz eta indibidualizatuagoa planteatzen den jendarte honek sortzen duen isolamendu eta bakardadeari aurre egiteko, bikote harremanak bultzatzen dira, afektua, babesa edo beroa sentitzeko bide nagusitzat. Zentzu horretan bizipoz eta zorionerako bide nagusi moduan ulertzen da bikotea. Horrela bizi proiektuetan bikotearen egitura erdigunean kokatu ohi dugu. Bikotean ez egotea, ordea, “bakarrik egotea” bezala ulertzen da maiz.
  • Emozioak vs. Arrazoia: Gure jendarteak bi plano hauek bereizi izan ditu historikoki. Maitasuna emozioen eremuari guztiz lotu izan da, askotan irrazional, mistiko edo magikoa ere denari atxikiz, neurtu, arrazoitu, konszienteki landu edo kontrolatu ezin den indarraren moduan aurkeztuz. Hortik datoz, adibidez, atzera bueltarik ez duten “betirako fletxazoaren” fantasia adibidez.
  • Kontrola: Maitasun erromantikoaren ideologia maitasuna jabetza terminoetan azaldu du, zeloak, kontrola edota menpekotasuna positibotzat hartuz, eta “zurea naiz” bezalako ideiak maitasun, konpromiso edota leialtasun keinutzat hartuz. Hori horrela, harreman itxi monogamikoak dira onuragarri eta natural moduan ulertzen direnak.
  • Maitasunak feminitatea eraikitzen du: Modernitatean gaur dugun genero sistemaren oinarriak ipintzen direnean, bizitza eremu pribatu eta publikoan bereizi, genero bakoitza horietako batekin lotuz. Orduan emakumea “maitatzeko izakitzat” definitu zen eta aitzakia horrekin lotu zen eremu pribatura, alegia, hiritartasun eskubiderik ez zeukan eremura (erreprodukziora, naturara, besteentzako izatera…) bere zapalkuntza sozialari lotuz.
  • Generoaren araberako desorekak: Generoaren araberako emozioen eraikuntzaren ondorioz, ezberdin bizi eta ezberdin ulertu ohi dugu maitasuna emakume eta gizonek, bakoitzaren sozializazioa ezberdina izan baita maitasunean: gizonezkoak botere soziala izateko heziak izan dira eta emakumeak maitasunean bere autoerrealizazioa bilatzeko. Emakumeon bizitzen erdigunea da maitasuna askotan, gai honetan aditu bihurtzen garelarik. Gizonezkoak aldiz, heziketa pasiboagoa daukate maitasunean eta sexuarekin lotuagoa. Ondorioz, harremanarekiko dedikazioan desoreka handiak eman ohi dira; askotan emakumezkoen inplikazio eta espektatibak handiagoak direlarik. Gainera, emakumeek maitasunean heziketa trinkoa jaso dutenez, maitasun erromantikoaren mito, ezaugarri eta mandatuak sakonago gorpuztu izan ditugu.

Ikerketa honen emaitzetan maitasun erromantikoarekin lotutako adierazle eta ondorio anitz atzematen ditugu.

Metodologiaren inguruko oharrak

Klase ikuspegiaren gabezia: Maitasuna denok berdintzen gaituena, modu aske batean erabaki eta edozein oztopo gainditu dezakeen hori (baita klase sozial antagonikoen oztopoa ere) balitz aurkezten zaigu. Baina maitasun eredu hegemonikoak ondorio material nabariak ditu (familiatik estaturako antolaketan, lan banaketan e.a.) eta orden ekonomiko baten sostengua da: kapitalismoa. Hau da, desoreka sozio-ekonomikoak mantendu eta birporduzitzeko pieza da. Hori horrela, ez dira berdinak klase baxuko edota aberats batek izango dituen baldintzak utopia erromantikoa garatzeko, ez batak eta besteak izango duen harreman afektiboen bizipen edota fantasiak. Argi dago ez dela berdina gey exekutibo, heterosexual emakume etxeko langile, edo lesbiana migrantea, eta ezberdintasun hauek kontuan hartu beharko lirateke. Hau ikerketan jasotzea askoz ikuspegi sakonagoa eskeiniko liguke.

“Harreman bat izatea” = bikotea?: Egoera afektiboaren atalean, harreman bat izatea galdetzen denean ez da zehazten zeri deitzen zaion hau. Aipatu berri dugun harremanak mailakatzearen joeraren eraginez, hau zehaztu ezean, ohikoena erantzuleek bikoteagatik galdetzen ari dela ulertzea da. Modu honetan, oharkabean, maitasun erromantikoaren oinarri nagusienetakoa indartuko du ikerketak, hau da, maitasun harremanak = bikotea ekuazioarena.

Zer da harreman ireki bat izatea?: Ikerketan harreman irekiengatik galdetzen da, baina ez da azaltzen ez galdetzen zer ulertzen den harengatik: sexu harremanak beste pertsonekin edukitzea? Kontu pertsonal eta intimoak lagun ezberdinekin konpartitzea? Denboraren banaketan bikotea ez izatea beti lehentasuna? Hau jakintzat jotzen bada, harreman baten konpromisoa eta irekiera maila esklusibitate sexuala edo ez egoteak definitzen duen ikuspegia, hots, begirada monogamikoa, indartzen da.

“Sexu harremanak” = praktika genitalak edo koitoa?: Zer dira harreman sexualak? zeri egiten dio erreferentzia inkestak? sarketa harremanei? genitalak tarteko dauden harremanei? Zeri erantzun dio jendeak sexu harremanak izatea galderari? benetan uste badugu sexu harremanak gorputzaren globaltasunarekin zerikusia duela galderak tranpa du. Galdera beste modu batez egingo bagenu hau da plazerra eta gorputzari buruz hitz egingo bagenu bestelako erantzun batzuk izango genituzke.

Sexualitatearen merkantilizazioa: Bizitza sexualaren partean, asko galdetzen da kantitatea, maiztasuna eta zenbatekoagatik. Hau, modu batean, sexualitatean dagoen metaketa logika merkantilista indartzen du: “zenbat eta gehio, orduan eta arrakastatsuagoa”, “gehio hobe da”.

Aukera sexualaren kategoriak: Metodologikoki, sexu aukeraren aldagaiari dagokionez, ez da azaltzen zergatik hautatu diren hiru kategoria horiek ikerketan: heterosexuala, homosexuala eta bisexuala. Identitate eta joera sexual anitz dagoen testuinguru batean, hau ongi kokatu izana garrantzitsua deritzogu. Bestetik, Homosexualen baitan  interesgarria izango zen galdera guztietan gey eta lesbianen arteko ezberdintasuna azaltzea. Izan ere, gure ustez pertsona batek beste harreman batean zer bilatzen duen edo zeri ematen dion garrantzia sozializazio prozesu baten ondorio da eta ikusi dugunez, sozializazio prozesu oso ezberdinak jaso dute emakume eta gizonak emozioei lotuta. Hori ez bereiztean homosexualitatearen iruditegian gailentze maskulinoa bultzatu daiteke, egun emakumeek ere, lesbianek, bazterkeria egoera bizi baitute eremu honetan, are eta inbisibilizatuago edota estigmatizatuago egonik. Horregatik, lesbianen errealitatea azaleratzea ezinbestekoa iruditzen zaigu.