Zortzigarren artea (XIX eta XX – amaiera)

Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen Leihaketa

Egilea: Ander Varela

Argazkia: Hernan Piñera

18

Etxetik etxera. Kaleko aurpegiak tristeegiak dira. Guztiok jakingo balute Markok entzun berri duen istorioa. Farolen argiek ohikoa baino gutxiago argiztatzen dute. Ilargia neurri berean. Indargabetuta dago gaur. Txakurren zaunkek ez dute oihartzun bera. Ezta jabeen aginduek ere. Autoak errepidetik, ugari. Aldiz, ez da zaratatik. Gendea isilik dabil. Oinez. Bakarrik. Noraezean. Jomuga garbirik gabe. Ez da umerik kalean. Ohiko gotorleku duten plaza, usoek ukatu dute. Ondorioz, atso bat ere ez. Ogi apurrak biharko gorde beharko dituzte. Tabernak berdin. Itxita. Eta denden erakuslehioak estaldurik. Kale katuek gaur zakarrontzi izkinak miazkatuko ez dituztela erabaki dute. Iturriek ez dute urik beheratzen. Haizea leun. Urria. Zuhaitzen ostoak finko, tente. Ez dira mugitzen. Ez du indar nahikorik. Hodei bat ere ez zeruan. Izarrak ugari. Gaurtik aurrera, bat gehiago.
Giltza sartu aurretik, Maiteri mezua bidali dio; “Gaixo nago, ezin naiz lanera joan”. Pena eman dio. Gaur lan karga guztia berak eraman beharko du. Sobera daki, ederto egingo duela. Eta ez du kezkatzen.
Zapatak kendu ditu. Oinutsik. Besaulkia leundu du eskuarekin, eta bertan eseri da. Lasai. Taupadak pausaturik. Alboko mahaiko kaxoitik labana atera du, halako egoeretan erabiltzekoa. Bi azalak itsasten dituen lekeda moztu du, erditik. Goxo. Barruko gutunak zauririk izan ez dezan. Osorik behar du. Lehendabiziko hitzetik, azkenekora arte. Behatuko ditu. Gozatuko ditu. Mirestuko ditu.

19

Ezkutuko miresle maitakor hori:
Nor zaren ez dakidan arren, maite zaitut. Maite zaitut, bizia emateagatik. Maite zaitut, amets egiteko hegalak eskaintzeagatik. Maite zaitut, etxeko ohetik munduara salto egiteagatik. Maite zaitut, barruko hautsak mugiarazteagatik. Maite zaitut, behar nuen unean iristeagatik. Maite zaitut, ama eta biok elkartzeagatik. Maite zaitut, bizitza xehetasunez behatzeagatik. Maite zaitut, ingurukoak bertan daudela konturatzeagatik. Maite zaitut, zure bizitzako tartetxo bat niretzat izateagatik. Maite zaitut, egun hauek arinagoak egiteagatik. Maite zaitut, herriko txokoak miresteagatik. Maite zaitut, zinema beltza izugarria dela erakusteagatik. Maite zaitut, nire zuzendari gogokoena izateagatik. Maite zaitut, nire gotorlekua izateagatik. Maite zaitut, ausardia erakusteagatik. Maite zaitut, kemenez eta adorez indarberritzeagatik. Maite zaitut, besarkatzeagatik. Maite zaitut, arima erakusteagatik. Maite zaitut, bihotzeko beldurrak kanporatzeagatik. Maite zaitut, aspaldian galduta nituen sentipenak berpizteagatik. Maite zaitut, bizitzan sinisteagatik. Maite zaitut, amodioa bultzateagatik. Maite zaitut, zaren modukoa izateagatik. Nor zaren ez dakidan arren, maite zaitut.
Parisko txoko guztiak ikuskatu nahi ditut. Oinez. Korrika. Motoz. Nire ileak zure aurpegia kolpatu dezan. Autoz ere ez legoke gaizki. Iraganaeko Chrevrolet zahar batean. Bidaian zehar liburuak irakurtzen ditugun heinean. Liburu berdeak, nahiago. Hego Amerika goitik behera, ezkerretik eskubira zeharkatzea. Izkinarik inozoena ere bisitaturik utzi gabe. Piano soinuaren erritmoaren babesean, noski. Norbait bahituko dugu. Zoriz. Ordu batzuez bada ere, gero libre uzteko. Maletategian sartuko dugu. Kolpez. Eta autoa abiadura bizian jarriko dugu. Mugak apurtuz. Adrenalina sentitu dezan. Barre egin dezagun. Autoko leihotik buruak atera, eta segundo batzuez, arnasa moztuko zaigu. Ume bati hondartzako ertzeko ur azpian eteten zaion moduan. Guztia galduta dagoela sentitu. Muturreraino ustiatuko dugu egoera. Eta inguruan heldulekurik ez dugunean, eta ur azala geroz eta urrutiago behatzen dugunean, esku magiko batek tinko helduko gaitu. Gorantz bultzatu. Buruak zerumuga hautsiko du. Berriz ere, arnasa. Bizia ospatuko dugu. Dantzan. Maskara jantzita. Soineko xelebreenak soinean ditugula. Gitarra hotsak lagunduko du egoera. New York hotzak bultzatuta. Handik datoz soinu oihartzunak. Akordeak. Harmonikaren babespean. Mendian barrena barruratuko gara. Oinak mugitu gabe. Saltoka. Alderik alde. Tuspustean, oreina batekin egingo dugu topo. Eta hura izatea amestuko dugu, une batez. Adarrak izatea. Luzeak. Zorrotzak. Ederrak. Beldurrari parez kolpatzeko. Puskatzeko. Desegiteko. Baina, gu ez gara horrelakoak. Beraz, adarren ordez, hegalak luzatuko zaizkigu bizkarretik. Ez da tratu txarra. Beldurra bere horretan utziko dugu. Baina, gurekin bat ez datorrela esango diogu. Aurpegira. Hegalak zabalduko ditugu. Eskutik heldu. Eta amildegitik salto egingo dugu. Haiek eutsiko digute. Hala ez bada, lasai nago. Zu bertan zaude. Hau guztia, eta asko gehiago. Zurekin. Ez hemen. Ez orain. Beste bizi batean. Nonbait. Noizbait. Esperoan izango natzaizu.
Behartu ama, bertan egongo banintz nitaz hitz egin dezan. Pertsona bat ez da desagertzen gorpua lurperatzen denean, memoriaren ahazturan ezkutatzen denean baizik. Hitz egin dezala, nitaz. Mesedez. Mespretxatu nazala. Goraipatu nazala. Gutxietsi nazala. Maitatu
nazala. Gorroto nazala. Mirestu nazala. Iraindu nazala. Babestu nazala. Arbuiatu nazala. Baina, arren. Ez dezala sekula nitaz hitz egiteari utzi. Ez nazala baztertu. Ahaztu. Ordezkatu.
Eta zuri. Miresle kuttun horri. Ez aldatu. Inoiz. Harribitxia zara. Argi propioarekin argiztatzen dena. Inoren premiarik behar ez duena. Igmar Bergmanek zioen moduan; Dinosaurua zara. Desagertzeko arriskuan dagoen espezie bat. Azken indioa. Eutsi horretan. Beharrezkoa zara. Zuretzat. Guretzat. Herriarentzat.
Zinema zazpigarren artea dela esan ohi dute. Hortaz, zu zortzigarren artea zara.
Noizbaiten irakurriko duzulakoan.

Sara.