Gizarte egitura

Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen Leihaketako Finalista

Irati Goikoetxea

 

Ispiluari begira dago Lore. Ispiluari begira dago bere burua ikusi nahi duelako. Ispiluari begira dago Lore. Arratsaldeko zazpi eta erdiak dira eta ilun dago ingurua. Beltza gustatzen zaio Loreri, argia arrastaka izaten duen beltz hori, bidea nondik nora egin behar duen jakiteko azala igurtzi egiten dizuna. Maite du Lorek negu bezpera, arratsaldea ere gau izaten den garai hori. Isiltasuna egarritzen duena arnasaren erritmoan.

Abendua da. Abendua da eta hotz egiten du, baina zerbaitek arrastoak kiskali ditu giroan. Lurruna itsatsita du ispiluak eta esku ahurrarekin zirri eta zarra egin ezean, edo laztanka-laztanka hatz erakuslearekin arrakala txikiak elkarri lotu ezean, edo ukabil itxiaren atzeko ipurdiarekin zirriborroak irristatu ezean, Lorek ez du bere burua ikusiko ispiluari begiratu arren. Tira egin dio jertse lodiari lepoan gora eta gerrialdea agerian gelditu zaio ñimiño bat, nahikoa haizeak esan eta egiteko: “Ni barrura noa”. Hotzikara bat lehertu zaio Loreri zilborrean.

Abendua da eta hotz egiten du Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegiaren aurrean. Hogeita bosgarren urteurrena ospatzeko, erakusketa txiki bat dago ezarria kanpoko aldean. Hamaika panel. Eta erdi-erdian ispilu bat, liburutegiaren sarrera nagusira begira. Sartuko da liburutegia ispiluan barrura, handi eta erraldoi, sartuko da asmatzen badu makurtzen edo zimurtzen edo tolesten. Eta zurruputuko du, bestela, ispiluak. Baina Lore dago bien artean eta jolasak, izango bada, hiruren artekoa beharko du izan. Berezia da ispilua. Lodia loditu eta luzea luzatu egiten du. Non kokatzen zaren, halakoa izan daiteke zure desiren tamaina. Nola begiratzen diozun, halakoa izan daiteke errealitatearen gordina. Bihurgune arriskutsuak ezkutatzen ditu ispiluak bere baitan. Helduleku hezeak. Eta zuloak. Zulo asko.

Hatza hatz artean bihurtu nahi du jolas. Hautsi egin nahi du Lorek lurruna, puskatu, pixka bat ukitu, irristatu hotzaren errea, eta busti hatzaren zimurduretako izerdia. “Hatz kuxkuxeroa” esaten zion amak umetan. “Laugarrentxu hori. Txikerrak ekarritako arrautzatxue pittin bat probatzen duen hori”. Mingainari kilimak egiten dakien hori. Hautsi egin nahi du Lorek lurruna, umetan autoko leihoetan egiten zuen bezala. Tentazioari su ematen zion. Zirkulu bat marraztu du. Kobazulo bat ematen du; alu bat izan daiteke. Bagina bat egin nahi du. Norbaitek ispiluan sartu nahi badu bere atzetik, sar dadila zuzeneko bidetik. Eta bueltan-bueltan hatz erakuslea zorabiatu egin du bere itzal saretuan eta estutu egin dio lokarria eta ito bezala egin du arnas-hotsa. Bai, bagina bat ematen du marrazkiak ispiluan.

Norbait begira dago metro batzuk atzeragotik. Ikusi egiten du Lorek ispiluan. Eta ikusi egiten dio betartean irrika, halakorik bereizteko urrutiegi dagoen arren. Ikusi egiten dio desioa. Eta usaindu. Ihintz-putzu moduko bat. Zerbait bustita antzematen dio, eta ez da aurpegiera.

Lurruna ispiluan. Bagina irekitzen eta irekitzen. Hor behar du klitoriak. Bueltaka-bueltaka zorabiatu du hatz erakuslearen punta ispiluaren azalean. Lurruna beltzagoa da puntu horretan, beroa erreagoa. Eta estutu egin du hatza tenperaturaren kontrastearen kontra. Artilezko jertseak badu botoi bat sorbaldako joskuran. Askatu egin du Lorek. Eta musukoari tira egin dio pixka bat kanpora. Arnasa berritu ezean, eztarria lurrunduko zaio, eta eztarrian behera beste guztia.

Norbait begira dago metro batzuk atzeragotik. Ispiluan ikusten du Lorek. Liburutegia handi eta erraldoi eta norbait hori txiki eta nano. Norbait begira dago metro batzuk atzeragotik eta hurbiltzen ari da. Lorek pauso bat eman du ezkerrera. Metro eta erdi. Segurtasun distantzia. Hariak tenkatuta. Badago birentzako espazioa ispiluaren aurrean.

Horrelako zerbait egin zuen azkeneko aldian Donostian zegoen. Hiru urte gutxiago zituen eta egiten ari zena zergatik egiten ari zen ez zuen oso argi. Gertatu zen, plazera eta beste guztia deskubritu zituen eta bere buruari aitortu zion, “Errepikatuko dut”. Eta gaur behar zuen. Gaur izan zedin egin dio gogoak bultza. Nahita etorri da ordu honetan liburutegi aurrera. Nahita aukeratu du ispilua. Nahita dauka ezkerreko eskuan eskularrua jantzita. Lorek ez du ezer nahi gabe egiten. Kuleroak taupaka ditu, ordea. Eta badihoakio kontrola beste dimentsio batera.

–Agur, Lore!

Gizarte Egitura ikasgaiko irakaslea pasa da ispiluaren atzeko aldetik. Maite du ikasgaia Lorek. Maite du irakaslea esaten dienean “Gizartearen egiturak behar luke hankaz gora eta hankaz beste”. Larrutan egingo luke berarekin Lorek, eta egiten du pixka bat begira jartzen zaionean hau eta hura azaltzen ari den bitartean. Miazkatzen dizkio bularrak eta titiak eta puntak eta bizkar-hezurrean behera hatzak zintzilikatu egiten zaizkio, eta ipurdiaren erorialdian, beste ezer egiten asmatu ez eta erori egiten da. Eta hortxe gozo. Bertan dagoelako dena: gizartearen egitura. Larrutan egingo luke Lorek Lidiarekin, baina emakumea da eta heldua eta gorputza jantzia du eta aurpegia eta gainerako guztia zer esanik ez. Eta zer esango du ba hark, “Ume ziztrina halakoa, Lore”. Horregatik bakarrik egingo luke larrutan Lorek Lidiarekin, “Ume ziztrina halakoa” entzuteagatik belarrian barrura, mingaina lodi zulo betean. Eta goratuko lituzke aldakak eta esango lioke “Ume honek jolasten baino ez daki”. Eta hori da plazera, uste du Lorek: jolasaren irrazionaltasuna. Burua hanka artean sartzen asmatzea.

Larrutan egingo luke Lorek Lidiarekin. Baina badoa Lidia. “Beste larru batzuetara” pentsatu du Lorek. Beste batzuen garrasiak hozkatzen irudikatzen du askotan Lorek Lidia, beste batzuen loditasunak estutzen, pelbiseko izerdia igurtziz gozoa mintzen.

–Lore? –aldamenera inguratu zaionak.

–Bai, Lore –metro eta erdiko distantziatik.

–Lorena? –bekainak saltoka ditu.

–Ez. Lore –musukoa beheratu du pixka bat. Segundo erdi bat. “Hau da nire irribarrea” esan nahi dio. Auskalo zer ulertu duen besteak. Baina Lorek hori nahi du, izan dadila egoera bat ez ulertzekoa. Abendua da eta hotz egiten du. Baina bera beroa baino ez da ari arnasten.

–Lore, Lore –xuxurla gozoa.

–Bai –ia ez da entzun.

 

Lorek ez dio izenik galdetu. Zertarako. Nahiago horrela. Sexua anonimotasunean bi aldiz da sexu. Eskua edonorena denean, eskuak dira larrutzen zaituztenak. Zurrunbiloak beste modu batera irensten zaitu. Mundutarrago egiten zaitu. Askeago uste du Lorek.

Ispilura luzatu du hatza lagunak. Lurruna zintzilik bezala dago, zaplaztekoka salto egiten duela dirudi, nahi duela jo diezaioten azala eta laztana. Ispilura luzatu du hatza lagunak, Lorek marraztu duen klitoriaren ondoan jarri du eta begietara begiratu dio zeharka Loreri, “Ez dizut ukituko” desafio eginez. Eta jolasean hasi da bueltan-bueltan, eta jolasean hasi dira biak nor bere tentaziotik. Lorek praketan barrura sartu du eskua, “Ni ari naiz ukitzen”. Eta epel dago eta gozo dago, eta bustitzeko astirik utzi gabe egin du lehorrak jauzi eta likastu da iluna argian. Eta ito baino lehen, eskua galtzetatik atera eta bete-betean, zapla, zabal-zabalik ispiluaren gainean jarri du Lorek. Milimetro bat. Distantzian amildegia. Milimetro bat. Ez du ukitu lagunaren hatza. Kiskaliko lioke gustura, baina xulo-xulo joan egin da ihesi beste zulo batzuetara.

Lore eseri egin da lurrean. Hankak gurutzatu ditu mundua ireki zaio aluan. Atzera inklinatu du bizkarra. Lepoa luzatzea gustatzen zaio ubideak emarika hasten zaizkionean. Esku batekin lurrari eutsi eta bestea praketan barneratu du berriro eta lagunaren eskuaren erritmora zirikatu du bere intimitatea. Poliki. Ia nagi. “Itxaron-itxaron” errepikatuz. Hor behetik beste bat da perspektiba, eta beste bat da boterea. Lagunaren ipurdipeak beste lizuntasun bat du. Uholdeka lehertzen ari da Lore. Baginan barrura sartu ditu bi hatz eta hirugarrenari bultzaka, klitoriaren berotasunean estutu du hatz potoloa. Alua ispiluan sartuko luke gustura eta ikusi egingo luke hor bestaldetik larruak nola egiten duen garrasi. Begiak itxi ditu, ordea. Eta imajinatu egin du metro eta erdia gertuago eta gertuago, lagunaren bularra berean taupaka. Eta imajinatu egin du izterra izterraren kontra hari hauskor batek lotua, eta ikusten ez diren ile xalo horiek triku bihurtuta elkarren basoan. Eta mingaina musukoa mastekatzen eta zilborra sabeletik kanpo zakil loditu bati hurrupaka. Konturatu gabe beste erritmo batean ari da Lore galtzen, badirudi liburutegia bera ere zaldikatzen ari dela. Atximur txiki bat egin dio klitoriaren izerdiari, nahikoa mina betileen suizidioan ahoratzeko. Eta “Berriro hiltzeko prest nago” pentsatu du Lorek. Ipurdia lurrean gora altxa du pittinka bat eta arnasa intzirika mututu du.

Begiak ireki dituenean, ondoan ez du inor. “Koldarra” pentsatu du Lorek, eta barre egin du. Zer den ederra. Ispiluan marrazkia. Eta segundo bat, bi. Altxa eta ispiluan sartu du gogoa. Musukoa zuzen jarri eta sorbaldan behera zintzilikatu du poltsa. Orain lasaiago dago. Biharko azterketa prestatzeko tenplean. Gizarte egitura. Liburutegirantz egin du Lorek, aluan barna zer-nolako piramidea sartuko lukeen pentsatuz.