Haizeak eramanak

Ez dut aurtengo abuztuaren zazpia sekula ahaztuko. Bezperan, jaiki orduko profil berri hura goitik behera miatu nuen, “antzekoa lehen ere ikusi izan duk, ez zaik oso ezezaguna egiten” pentsatu nuen nerekiko. Nahi zuen guztia omen zuen, senar perfektua, alaba zoragarria, ogibide bihurtzen asmatu zuen zaletasuna, eta idazteko gaitasuna bizitza berrasmatzeko, antza. Baina zoro gisa txortan egiteko garaia aspaldi joana zuela tankera hartu nion. Azken urteetan gorputza trebeki igurtzen bere besaulkian etzanda irudikatu nuen. Une iheskorrak, familiakoek harrapatuko ote zuten beldurrez beti, antsietateak asaldatzen zuen amorratuetatik haratago joango ez ziren momentuak seguruenik. Gogoratuko zituen, gogoratuko zituenez, ezkongaietako ehunka larru jotzeak, ezkontzan errautsetara mugatuak. Luzaroan horrela jarrai zezakeen ideia egina izango bazuen ere, atzeraka egin ez zion hitzorduen webgune bakarrean izena eman zuen ahalik eta argazki onena igoz. Hori guztia pentsatuta, biharamunean deika ari nintzaion.

Baionan geratu ginen. Kafetegiko atetik sartzen ikusi orduko jakin nuen bera behar zuela izan, eta berak ere azkar bereizi ninduen. Begi handiak zituen, irribarre zintzoa, hortz zuriak eta ezpain lodiak. Aurpegiko aurkezpen-gutun horrek gauza on pilo bat iradokitzen zuen norbait bihurtzen zuen arren, berezia naiz emakumeekin atentzioa pizten didate edo ez. Hitzorduagatik izan ez balitz, ez dakit une bakar batez ere erreparatuko niokeen emakume hari, aitortu beharra daukat, nahiz eta susmatzen hasia naizen beti kale egiten dudala analisian.

Lagunarekin begirada gurutzatu orduko jakin nuen erdi etsipena ez zela nirea bakarrik, pentsatzen ari nintzena asmatu izan balu bezala. Kopa bat eskatu ondoren lehen hitzak esan genizkion elkarri eta mahai batean eseri ginen afaltzeko. Haizeak ekarrita bezala, saxofoi baten soinu sentsualak bildu gintuen emeki-emeki.

Ordurako konturatu nintzen soinekoak gerria ondo markatzen ziola eta bular aldea kanpora ateratzen zitzaiola, baina tamainan, ez faltan eta ez soberan.

Laguna argitaletxe ezagun bateko enpresa-andrea zen, horrek nagikeria handia piztu zidan, emakume aberats eta gizonezko pobrearen istorioetan ez baitut sinisten. Ez dute funtzionatzen. Inoiz ez. Hala ere, ondo konektatu genuen. Interesa pizten hasi zitzaidan, neure burua begirale handitzat badut ere ez ziren bezperako lehen ondorioak berresten ari, Baionako haizeak eramango balitu bezala. Bere iragan sentimentala kontatu zidan, lasai, lotsarik gabe begietara begiratzen ninduen bere ondorioak ateraz, nik gauza bera egin nuen, gutxi gorabehera.

Ordaintzeko ordua iritsi zen. Ez zidan utzi esan nahi nuena amaitzen, erdibana ordain genezakeela, alegia. Zorrotz esan zidan bion afaria berak ordainduko zuela. Egiten utzi nion. Ez zegoen dena eginda, ordea, azken errematea geratzen zen. Bera begira neukan bitartean zerbait esango ote nion zain, bat-batean hurbildu eta bere hats epela bota zidan belarrira. Hura izan zen seinalea, besterik ez genuen behar izan. Nire andrezale izaera indartzen joan zen, aspaldidanik nuen estimu handiegian hainbeste urtetan zehar egindako ar alfaren rola. Ez zegoen kale egiterik. Harrapatu ninduen. Gau horretan, bere ahotsaz, hitzaz, esperientziaz eta adimenaz liluratzen hasia nengoen, izaki errugabe bat bihurtzeraino.

Hotelera bidean, arrazoizkoa behar zena baino gehiago hurbildu nintzaion. Erle erreginaren eta xaboi garestiaren usaina botatzen zuen, soinekoaren oihal finaren azpian bere bihotzaren taupadak sentitzen nituen kanpora atera nahian. Hoteleko igogailuaren intimitatera ez ginen berehala iritsi, gorputzak gogor estutu genituen azken solairuko botoiari ematen genion bitartean une hori luzatu nahi bagenu bezala.

Hoteleko gelara iritsi ginenean elkar biluztu genuen, ez genuen gehiago hitzik gurutzatu. Jantzi bakoitzak lurrean bukatu zuen, filmetan bezala. Musu luzea eman genion elkarri. Amorruz. Ordurako bere hankartearen hezetasuna nabaria zen, nabaria zen bezala bere mingainaren zaporea nire ahoan. Aurpegian egundoko plazera marraztuta zeukan. Gorputz polita zuen, nahiz eta berrogeita hamar urte urruti ez izan, oso ondo kontserbatzen zen. Adin horretako emakumea biluzik egoteak lotsarik erakutsi gabe, zoratu egiten nau. Nire kemenak bizitza propioa balu bezala erantzun zuen, beti egiten duen modura. Ni horretan kontzentratua nengoen bezala, laguna bere baitan zegoen, non sentsazio hori berria zirudien berarentzat, bere bizitzako antzeko unerik gogoratuko ez balu bezala. Horrek zer pentsatua eman zidan, baina hori geroago hausnartzea erabaki nuen.

Lasterra, nire gizontasun hezeari eutsi zion ahoan sartzeko, txokolatezko izozki goxoa irensteko erabiliko zuen amorru berdinarekin. Hurrupatu, miazkatu, eta ondo txupatu zuen, nire esku batek bere ezpainekin batera ibilbide etengabea egiten zuen bitartean, eta besteak, berriz, mugimendu erritmiko berdintsuak egiten zituen bere hanka arteko iluntasunean. Emeki-emeki gorputz osoa musukatu nion, hozkada txikiz lagundurik. Hozkada bakoitzeko hasperen sakonak egiten zituen. Bere sabeletik jaisten jarraitu nuen, gerria eta aldaka alde batera eta bestera mugitzen zituen arnasketa astintzen zitzaion bitartean.

Bere gorputz-lurrinak hordituta nindukan. Nire mihiak bere sexura iritsi nahi zuen, hor zegoen zain, guztiz bustia. Ezpain handi-txiki loriatsu horiek, nire ezpainen artean harrapatu ahal izan nituen, mihi-ukaldika xurgatuz. Bat-batean bere bi eskuek nire garondoan nituen, nire burua indar handiagoz estutuz bere iluntasunaren kontra. Eta bat, eta bi, eta hiru orgasmoz gozatu zuen. Bere zukuek ahoa busti zidaten, sentsazio horrek gehiago eta gehiago berotu ninduen, eta mugimenduekin jarraitu nuen, berak azken tanta bota zuen arte.

Nire plazeraren intentsitatea, berearen emaitzari begira egotearen harridurarekin nahastu zen. Emakume haren plazera neurtuko zuen amaren semerik ez da jaio. Gehiago eta gehiago eman niezaion eskatzen zidan. Segundo batzuetan zehar aukerak kalkulatu nituen, banekien ezin izango niola luzaroan nire buruari eutsi eta lagunaren barreneraino sartu nintzen, hondo-hondoraino. Aterpe samur hura uste nuena baino txikiagoa sentitu nuen, eta horrek estualdi bat baino gehiago sorrarazi zidan gehiago luzatze aldera. Baina ez zen txikia, aitzitik, ez zuen amaierarik, unibertsoaren handitasuna bezala, txikitzen zutena bere gorputzaren uzkurdura sismikoak ziren, epizentro guztiak hortxe zeudelarik. Ezin izan zion garrasi egiteari uko egin, bultzada bakoitzeko iturri agortezin baten antzera beste hainbeste garrasi irten baitzitzaizkion ni erabateko gozamenean lehertu nintzen arte, hark, dardarizoen artean, irentsi eta hurrupatu egin zuen nire zukutik ateratako tanta bakoitza, abar guztiak miazkatuz, ni aratz eta erabat hutsik utzi arte.

Dardara egiteari utzi zionean arnasa hartu zuen birikak minberatu zitzaizkion arte. Ondoren zigarro bat piztu zuen. Deskargaren zaporea zuen zigarro hark. Nik ez dut inoiz erre, baina berehala jakin nuen ezingo nuela inoiz sentitu une horretan bera sentitzen ari zena. Minutu batzuez askatasuna zer zen jakin zuen. Ni neu konturatzen nintzela. Nahi ez banuen ere, inbidia eman zidan. Une horietan ez ninduen ikusi ere egiten, bakarrik balego bezala infinituraino abstraitu zen. Nire buruari galdetu nion ea emakumeek ez ote duten gozatzeko gaitasun gehiago izango. Egun hauetan horri bueltaka nabil. Nik erre ez nuen zigarro haren zaporeaz askotan oroitu naiz oroimenean betiko geratu izan balitzait bezala.

Bueno, haria galdu gabe, hurrengo goizean, maitalearen bizkarrean burua bermatuta nuela, haizea gogotik ari zela entzun nezakeen lehen eguzki izpiak iragartzen ariko balira bezala. Eta bai, Baionako eguzkiaren lehen izpiek gelan sartu ziren bezalaxe betiko hasperena etorri zitzaidan. Pasiozko gau baten ondoren eguzkiak beti izan du nigan eragin hori. Banekien zer gertatuko zen bera esnatzen bazen. Azken urteetan gertatu zitzaion gauzarik onena izan zela esango zidan, berriro elkar ikusi behar genuela, bere bizitza askoz zoriontsuagoa izango zela nirekin, baina hainbat arrazoirengatik ezin zuela bere oraingo bizitza utzi. Betikoa. Isilik jaiki, trago bat ur hartu eta aitzakiaz beteriko ohar bat idazten hasi nintzaion, baina dutxa bat hartzeko beharra nuen handik aterako banintz. “Dutxan zerbait originalagoa bururatuko zaik oharra bukatzeko” nire buruari esanez dutxa hartzera joan nintzen, seko lo zegoela egiaztatu ondoren.

Bainutik irten nintzenean, ez zegoen haren arrastorik, joana zen. Nire harridura eztarritik pasatu ezinik mahi gainean aurretik utzita nuen oharra ikustera joan nintzen, hitz batzuk zeuden nireen gainean idatzita. —Nik ezingo nukeen hobeto esan. Izan ondo! —

Bere ihesak izoztuta utzi ninduen. Lehen aldia zen hori gertatzen zitzaidala, ez nengoen ohituta horretara, ni izaten nintzen beti alde egiten zuena eta sentsazioa ez zitzaidan batere gustatu, aitortzen dut. Jainkosa batekin amodioa egin nuela pentsatzen hasita negoen ordurako. Mugikorra hartu eta hitzorduen webguneari begiratu nion, ez nuen haren soslaia ikusten dagoeneko, Jainkosak blokeatu egin ninduen. Ezin izan nion irribarre egiteari utzi, irribarre zakarra izan zen hura, uste baino inozoagoa nintzela baieztatzen zuen irribarrea. Bat-batean, oso begikoa nuen beste soslai batekin topo egin nuen, hau beste baterako utzi beharko duk pentsatuta, gelako ateari danbatekoa eman eta etxerantz abiatu nintzen.

Hoteleko harreran, nire harridurako, harreragileak jakinarazi zidan gela ordaindu gabea zegoela modu bitxian begiratzen zidan bitartean, nire aldartea asmatzeko gauza balitz bezala. Begirada harengan hobeto pausatu nuen, neska puska, bizibizia, berrogei urte ingurukoa, ezkongabea, parekorik gabeko gorputza, ile guztiak nahasiak zituelarik imajinatu nuen, atseginez garrasika bera ere, joan hadi etxera aluzinatzen hasi haiz eta esan nion nire buruari, neskari ahal izan nuen irribarrerik hoberena eskainiz. Kreditu-txartela eman nionean berak hoteleko txartela luzatu zidan, atzealdean bere telefono zenbakia zuen idatzita —deituidazu— esan zidan, hortz zuri perfektuak erakusten zizkidan bitartean.

Jone Aranzasti