Aldiak

Ezpainetatik, ezpainetatik hasi naiz, emeki, erdi irekita duzun ahoko hatsak behatza berotzen didan bitartean. Kurba jarraituz noa, gidatuz, izkinara  iritsi arte,  bat-bateko tupustean amaitzen den  izkina hori, eta hortik gora, masailetik gora, inurri bat desertuko duna batean, zure aurpegiko pikorrak saihestu beha- rreko oztopoak bailiran, beraien artetik zeharka eta kiribiletan mugituz. Gero sudurreko maldatik abiatzen naiz, eta oraindik magalean nagoela uzkurtu egiten duzu, kilimak nonbait, eta zure lo sakonetik pixka bat ateratzen zaitut, ez guztiz, kexu txiki bat egiteraino besterik ez. Konkistatu dizut sudurra jada, puntan nago orain, amildurik kasik, eta zubian barrena noa bekainetarantz, eta nire behatzari bere kide potoloa batzen zaio,  bion artean nahi dute bekainen zabalera guztian bidaiatu,  baina potolo hau motzago eta traketsagoa da, hatz potolo tentela, eta ibilbidearen erdian egiten ari denaz damutu eta kopetan zehar murgiltzen da, bere lagun luzexkarekin zure belarrian aurkitzen den arte, ezkerrekoan, betiko lez, ezkerrekoa baitute bietatik gustukoen. Eta agur diote belarriari, presaka antzean, zure ileko adarren artean sartzeko premiarekin, eta orain behatz guztiak batzen dira txangora, eta eskuak berak, eta besoak, baita sorbaldak ere, tira egiten didate, horrenbeste aldiz pasa ostean horren ezezaguna egiten zaidan zure orografian berriz galtzeko, pixka bat gehiago ahanzteko, behin eta berriro etorri behar dezadan bera gogoratzera.

Eta hor, orduan, horrenbeste kilometrotara dagoela ematen duen iratzargailu batek hausten du ilun- tasuna. Goizeko ordu txikiak,  txikiegiak beharbada.  Orain kexuago zara,  temati,  baina ez nire behatzak beste.  Bukatu zaie bidaia.  Arranguraz uzten dizute, nirekin haserre.   Borroka bat saihestekotan, iratzar- gailua amatatzera bidaltzen ditut,  eta zure muxuaren zain geratzen naiz.   Begiak itxirik dituzula bilatzen nauzu ezpainekin, haztamuka, lehenik lepoa, gero baraila, azkenik ahoa. Epel zaude, epelegi. Ondo lo egin duzunaren seinale. Nik, ordea, badaramatzat orduren batzuk esna, sabaiko belztasun horretan zerbait ikusi guran, ametsen baten hasiera posible bat edo, jakin ezazu. Zure erraztasun horrekin nahi nuke nik ere subkontzienteko labirintoan sartu, eta paradisuak ikusi, eta hurrengo udaran egin nahi dugun bidaia, eta iaz egin genuena, eta aurreko astean afaldutako tortilla hura, bost arrautzaduna, eta bat erori egin zitzaigun eta plaf eta zipriztindu eta biok algaraka, eta munstroren bat, bai, beti dago munstroren bat, eta aspaldian egon ez naizen lagunen bat akaso, eta, zorte pixka batekin, zu, zergatik ez, zu ere bai. Baina ez, horretarako kezkarik gabe egon behar, eta ez nago. Kezkak iratzarrita gaudenean ditugun ametsak direla esan ohi didazu, eta lotara joatean kentzeko, biluzteko, pijamarekin batera, zuk nire aurrean egiten duzun moduan. Kezkak, zurekin, azken aldiak direla esan ohi dizut nik; azken aldiak, pluralean. Horrek zentzuren bat izango balu bezala. Badu, bai. Ezin zenuen gure ikasle garaietako grinarekin jarraitu; zuk borroka egin behar zenuen, feminismoa eta ahalduntzea eta tankerako hitz potoloak zureak eginez, eta hemen gaude, oraindik igande izan  nahi  duen  astelehen  bateko  goizeko  hirurak  puntu-puntuan  gutxi  gora  behera,  ni  anderen˜o,  zu  kamioi gidari, aho epel bat eta ezpain hotz batzuk, hotzegiak akaso.

Labur eusten didazu muxua, presaz nonbait, eta ohetik irteteko saiakera egiten duzu. Alferrik; betiko kalkulu akatsa, ez zara batere estratega zorrotza. Liskar bila dabiltzan nire behatzek hauteman dizute, eta gainetik bota dizkizut, pisutsu, bost minutu gehiagorako preso hartuko zaitudalakoan. Amodio eta borrokan denak balio omen du, diotenez. Azkar libratu zara, ordea, ezpainak nire belarrira gerturatzeak dakarkidan ahuleziaz baliatuz, eta bat, bi, hiru pausotan komunean zaude, iratzargailuak hautsi duen iluntasuna fluo- reszente baten argi hotzarekin behin betiko birrinduz. Irribarre egiten didazu komun-ontzitik eserita, berez, definizioz, bihurria duzun aurpegiera horrekin. Ni ere altxa naiz, azkenean altxa naiz, errutinan sartuz, gure azken aldi hauek eramangarriagoak egiten dituen errutina, samina burutik pasa beharrean sabelera bidera- tzen duena. Errutinek abantaila hori dute, ez dizutela pentsatzen uzten; errutinek desabantaila hori dute, egiten soilik uzten dizutela.

Eta, hala, sukaldera  goaz,  zu  kulerotan,  ni biluzik.  Kafeontzia  jartzen  duzu  sutan,  eta  nik hozkailua- ren atean itsatsiriko mapa begiratzen dut, kaxoi batetik txintxeta pakete bat ateraz. Nora zoaz oraingoan, Frantziara? Diotsut, oraindik nahikoa izan ez duen behatz deabru hau zure ezpainetan jarriz; zuk ezetz. Alemania? Eta behatza lepoan behera doa, aurpegiak gertuago. Eskuinerantz, segi eskuinerantz. Polonia? Kafea berotuz doa, nire behatza gerrian, alde batetik bestera kulunkan, ezpainen artean milimetroak. Behe- rago, pixka bat, eta jada ez dakigu herrialdeez ala mokorrez ari garen. Hankartera noa, Europakoa baino ezagunagoa egiten zaidan geografia honetara, eta ilea hasten zaizun mendilerro horretan geratzen naiz, erdi jakinguraz, erdi baimen eske, zuk begiak ixten dituzun bitartean. Eslovakia, diostazu azkenik, zure eskua- rekin nirea gidatuz. Txintxeta gorria, bakarra poltsan, mapan txertatzen dut, berorren gainean. Berdeak zuri dagozkizu, eta bira emanez hozkailuari begira jartzen zara, eskukada bete hartzen duzun bitartean. Nik bizkarrean behera egiten dut, egiten dizut, atalka, poliki, mingainarekin eta ezpainekin eta behatzekin jostatuz; zu etapak markatzen zoaz, hurrengo asteetan lo egitera geratuko zaren leku guztiak, eta kafea bor-bor honezkero. Hasi gara aieneka, txintxetaren batzuk lurrera, zer axola dio, pertsianak irekita eta argia pizturik, gustatzen zaigun moduan.  Ikus gaitzala munduak, gure mundua leihotik ikus dezakegun iluntasun hau soilik bada ere. Ikus nazala, fisika eta kimika eta horren kausa zientifikoak ez diren beste arrazoi ba- tzuengatik sexua izaten; ikus nazala maitasuna egiten agur esateko, bazoazelako, eta maitasuna desegiten beldur naizelako, errepidean ordu larregi eta akats batekin nahikoa, nekeagatik bolanteak ihes egin edo gi- dari astakiloren bat, eta kito zu, kito ni. Hala egiten gaitu maitasunak, beldurrez, guk bera egin beharrean, sekula azkenak izan nahi ez duten azken aldi hauetan, sukaldeko lurrean etzanda eta txintxetaz inguraturik, kafeontzia txistuka eta erre usain gozo bat airean, oilo-ipurdia azaletan.

Gero gauzak azkartu egiten dira, azeleratu.  Amaierak  eta  hasierak  labur  egitea  gustatzen  zaizkizu, batek daki zergatik. Janzten ikusten zaitut, presaz, ilea nolabait orrazten, katilu txiki batean kafea eta ezti koilarakada bat jartzen dizkizudan bitartean. Agur diozu, pasillotik atera bidean, eta nik kontuz gidatzeko, muxu bat, gauez ez aukeran, maleta hartu duzu, nekatu ezkero gelditu, aterantz zoaz, deitu ahal duzunean, eta beste muxu bat, azkar joan barik ibili, ireki duzu, maite zaitut, baita nik ere, eta giltzen soinua eta banoa eta itxaron eta azken muxu bat eta atea itxi duzu, amaitezin egingo nukeen aholkuen zerrenda zure lurrinarekin nahastuz. Pixkanaka kafe eta sexu usainean bihurtuz doa, kafe eta sexua nonahi eta sekula hartzen ez duzun katilu betea mahai gainean, eta baita beste zerbait ere, bakardadea akaso, ez dakit. Bakardadeak beti darama lurrinen bat, inguruan dabilela ondo antzemateko, eta beti narama ohera. Ohera, bai, ohera joatea onena. Egin gabe utzi dugu, ondoegi deseginda.  Zertarako egin?  Gaur ez, orain behintzat ez. Gero, akaso, edo bihar. Orain irratia, irratia eta sabaira begira so eta so, hozkailuko maparen arabera egunero sintonizatzen ditudan emisorek berririk ekarriko ez dizkidatelakoan. Kezkak, zurekin, lehen aldiak itxarotea da. Lehen aldiak, pluralean.