Gaua ondo sartua zen. Loak hartzeko sarritan neure burua maitatu ohi nuen eta
halaxe nengoen ohe barruan, prest, izarek nire azala ferekatzen zutela. Zerekin kitzikatu?
Irudimena zertan jarri? Ez nintzen asko konplikatu, sakelekoa hartu nuen, bideo lizunen
xerkan.
Alabaina kaixomaitia-ren aplikazioan sartu nintzen, ea nire auzo gorriko
eskaparateak norbaiti arreta piztu zion jakin guran. Mezurik ez, bisitarik ez, deus ez.
Arrantzan egin nahi bada busti egin behar omen, beraz bilatzaileari eman nion: Ionebeltz,
Izar75, ibiltaria… urbasako_dama. Uhmm, Urbasako_dama-ren soslaian irakurritakoa:
baso-zalea, oihanean galtzea gustuko duena, landareetan metamorfosia egitea, batzuetan
otsoemea besteetan otsoarra… Argazkia ere bazuen, bizkarka, ile-mataza luze gorriska,
gorputz sigisagatsua. Gainera aplikazioak online zegoela adierazten zidan borobiltxo berde
baten bidez. Hertzainak-en abestiak zioen gisan, garaia duk, motel, esaiok, ez pentsa gehio,
esaiok, amodioaren aurrean egia lotsagabe esaten ikasi behar duk.
Mezua idazteko gutuntxoan zanpatu nuen “Kaixo dama xarmant hori, zelan?”
Minutu erdira edo, “Hementxe gauaren hotzean berotuko nauen basapiztiaren miran”
Ño! Hasiera gogorra, alajaina! Nola erantzun horri?
“Piztia banaun, hi bezala, odol berokoa, gosetia, basatia. Baina heu ere otsoemea
edo arra izanik, nola egin aurre hotzari elkarri minik eman gabe?”
“Hago trankil, azal leuna diat, ertz hezeak eta mutur likatsuak. Zauriak eraginez gero
miazkatuko nizkikek sendatzeraino. Ausartzen haiz nire kobazuloaren misterioa
ezagutzera?”
Ez nuen bideorik behar oraingoan, urbasako_damaren hitzekin bero-bero jarri
nintzen, sumendia hazia nuen izarapean. Jolasa eskutik zeraman otsoemeak edo arrak eta
gustuko nuen. Jakinmina pizten zidan generoaren misterioak eta nolakoa ote zen bere
kobazuloa? Horretarako ordea nik eman behar nuen pausoa, bere gordelekura hurbildu
beharra neukan.
“Nitaz ezer ez dakin, pizti arriskutsua izan ninteken, eta hala ere hire kobazulora
hurbiltzen utziko naun?”
“Ez hadi nitaz kezkatu, haragi berria diat gustuko, ezezaguna, aurrez dastatu gabea
eta min egitera bahator nire izaerarik basatiena aterako diat heu suntsitzeko. Damutuko haiz
hala etorriz gero.”
Orduan ezin nuen oilobustiarena egin, zirt edo zart jokatu beharra neukan,
zintzurretik harrapatuta ninduen dama basatiar hark, hipnotizatuta irakurtzen nituen bere
hitzak behin eta berriz sakeleko pantailan, begiak irten beharrean, bihotz taupadak saltoka.
“Zein basoetan daukaan kobazuloa?”
“Lanara kalea, 69. zenbakia, baxua. Etor hadi bizi, arren, gose nauk, oso gose eta
asetzeko gogo itzela diat”
Ohetik ziztu batean atera eta dutxara joan nintzen, otsoarentzat haragia prestatu
behar nuen, freskatu eta gozatu. Esne itxurako xaboiarekin azala eztaltzen ari nintzela,
zurtoin zaintsua tente eta gogorra sentitzen nuen, gori-gori nuen punta, astintzeko irrika
ikaragarriari eusten ari nintzaion. Ur txorrotada hotzarekin amaitu nuen badazbada ere.
Ez nuen hau sekula egin, aplikazioaren bidez norbaitekin idazten hasi eta
momentuan bertan nire etxera ekarri larru-dantzan aritzeko. Hau zorakeria. Baina horrela ez
banu egingo argi zegoen ez nuela inorrekin harremanik izango. Ausarta izan beharra
zegoen. Arrazoi horregatik idatzi nion zalantza izpirik azaldu gabe, jolasaren hasiera
hasieratik gogor jokatuz, zartaginaren kirtena eskutan nuela erakusteko. Gero, ordea, su
garren indarra mantendu beharra zegoen basa_piztia menderatu, otsandu eta den dena
jateko. Zukutu egingo nuen. Orduerdira nire kobazuloaren atarian egongo zela esan zuen.
Ahoa urtuta nuen, mingaina aurrera eta atzera neraman, haginen ertz zorrotzak umel nituen.
Gogorrak somatzen nituen bularrak, tente eta heze hankartea.
Lehenengo ikusmirarekin ustegabean harrapatu nahi nuen, horregatik nire azalaren
gaina larruz estali, begiak otso maskara batez izkutatu, ezpainak odol kolorez margotu eta
larru azpiko gorputzaren azalera guztia mihise bat lez margotu nuen. Etxeko hormetan
margolanak nituen nonahi, basoa irudikatzen zituzten irudiak, garozko oihanak, okre
koloreko orbelezko bideak, eguzki izpiak pagadian barneratuz, goroldiozko errekastoak…
Sartu bezain laster jolasa proposatuko nion, ehizakina nire mende geratuko zen jolas
maltzurra bezain iradokitzailea. Jarraituko al zidan haria basapiztiak?
Urratsak entzun nintuen atarian, herabeak, leunak, beldurtiak. Nire alde. Atean
kox-kox jo zuen. Ireki nion kobazuloko atea eta han ageri zen bera, aplikazioan jarrita zuen
argazkian bezala, kokotsa aurrerantz, sudur ondradua mehatxati, bularra tente, beso eta
hanka zuztar indartsuekin, begiak zabal zabalik zituela niri begira.
- Zer, pasa behar al duk kobazuloaren epelera? Nire maskararen azpitik mingaina
ezpainen artean zeharkatuz galdetu nion. - Etzakinat bada, hire gosea asetzeko gai izango oten naizen. Baina hemen naun,
edozertarako prest.
Ez nuen espero holako ikuskizunik kobazulora sartu nintzenean. Atea ireki bezain
laster giza-animalia basati batekin egin nuen topo, gorputz biluztua ezkutatzen zuen
larruaren azpian, azala erabat margotua, oihaneko kolore marroiska, gorriska eta berdeskaz.
Gorputz-baso hartan muinoak eta haranak nabari zitzaizkion, agian kobazulotxoak ere bai
edo beharbada zuhaitzen adarrak ere baziren han. Otsoaren maskara atzean bi nini beltz
nituen dirdirka begira eta ezpain gorri-gorri haietatik “jolastu nahi”? entzun nion. Denborarik
ez zidan eman erantzuteko, “zu geldi hor, ez mugitu”.
Arropak zirrizti-zarrazta kendu zizkidan, bortitz, bularrean eta izterretan hatzazalekin
hurradurak txikiak egiteraino. Osorik biluztu ninduen. “Etzan lurrean izararen gainean”
agindu zidan. “Zabaldu hankak eta besoak, egin ixa bat”.
Une batez bakarrik utzi ninduen baso hartan, nora joan ote zen ez nekiela. Baina
handik gutxira trepeta guztiekin azaldu zen: pigmentu ezberdinak, eranskari oliotsuak,
tamaina ezberdinetako ixipuak… eta hauen kirtenak? Forma ezberdinetakoak, batzuk
bolatxoz osatuta, beste batzuk xibatxoak irudi zuten, U formakoak.
Zangalatraba nire sabelaren gainean eseri eta ixipu fin batez lepo atzea margotzen
hasi zitzaidan, belarri gingilak gero, zintzurrean borobilak ondoren. Ixipuarekin ezpainak
margotu zizkidan, piskanaka ahoan sartuz margoaren zaporea har nezan. Mango mingots
gozoa. Orduan bere mihina sumatu nuen ixipuak egindako bide guztia berreginez. Beste
pigmentu bat busti zuen eranskari oliotsuan eta titiburuak margotu zizkidan. Han zetorren
bere ahoa berriz mihin puntaz zirkuluak eginez, baita horzkatxoa ere punta puntan.
Arnasa azkartzen ari zitzaidan, geldirik egoteko lanak nituen, aldaken mugimenduari
ezin eutsita nengoen. Tupustean mugimendu basati baina arin batez, niri bizkarra ematen
jarri zen, bere popa nire aurpegiaren aurrean jarriz. Ez nuen ikusten zer egitera zihoan,
baina beste ixipu bat hartu zuela ohartu nintzen. Kilimak sentitzen nituen nire zuhaitzean,
zeharkako mugimenduekin hasieran, espiralak eginez puntaraino eta hara iristean berriz ere
behera. Ondoren goitik behera azal zaintsuan barrena, behetik gora beste aldetik, puntan
geratu arte eta han, sumendiaren ahoan, ixipuaren puntaz borobilak egin zituen. Banekien
zer zetorren gero. Bere mihia eta ahoa, beroa eta hezea, margotutako den dena
birpasatzera. Hori zoramena! Sumendiaren magma borbor nuen, ipur-masaialak gogortzen
nituen leherketa eragozteko.
Menderatuta nuen harrapakina, nire azpian neukan, erotuta, suge ehizatuaren
antzera mugimendu narrastiak eginez. Azal biluzia mihise gisa hartuta, goitik behera
margotzen ari nintzaion gorputza. Izterrak zabal zabalik zituen hankarte osoa agerian utzita.
Zakil hanpatua margotu eta jan nion, poliki-poliki, ixipuaren ile likatsuekin egindako bidea
ondo markatuz. Hurrengo koadroa nuen zain. Bere kobazuloaren atetxoa. Ixipurik iletsuena
aukeratu nuen horretarako, kirtena bolatxoz osatuta zuena. Txokolatearen pigmentu oliotsua
ondo busti ondoren ataria margotzen hasi nintzaion. Zuloa gero eta nasaiago zuela nabari
zitzaion, beraz zarra-zarra barrurantza bultzaka aritu nintzen. Intzirika ari zen, plazerraren
tontorrera iristeko ez zuela askorik falta antzeman nion. Orduan, ixipuari buelta eman eta
kirtenaren bolatxoak sartzen hasi nintzen. Lehenengoa txikiena, ondoren bigarrengoa.
Segundu batzuk itxoin ondoren, hirugarrengoa. Horrela hamar bolatxoak sartu arte,
handiena, azkenengoa, barruan izateraino.
Aldakak mugitzen hasi zen, gozamenari ezin eutsita, lehertzear zegoen, dardarka.
Huraxe zen nire momentua. Bere totem zaintsu eta gogorra eskuarekin eutsi eta nire
kobazuloan sartu nuen. Uluka hasi nintzen ozen, dantza zoroan basapiztiaren gainean,
aldakak aurrera eta atzera mugituz, zurtoina kobazuloaren hormekin estutuz. Soinean nuen
larrua kendu nuen, bularrak askatu eta bere hatzaparrak nire titiburuetara eraman nituen.
“Estutu, estutu hitzak!”. Atzera begiratu eta begiak zuri zituela konturatu nintzen, eldarnio
betean zegoela nire ehizakina eta halaxe somatzen nuen bere haragizko hodia, taupaka,
ponpatzen, odol guztia han bildu balitzaio bezala.
Askoz gehiago iraungo ez zuela konturatuta, nire plazerraren bolumena igotzea
erabaki nuen. Bere eztena ondo eutsita gorputza giratu nuen. Begietara begiratu eta ahora
eman nion nire sexua. Tentea, luzea, gogorra eta zaintsua hura ere. Burua gorri-gorria.
Agertu eta desagertu egiten zen bere ezpainetan, listuaz hezetuta disdiratsu. La petit mort,
herio ttipia bertan nuen, basapiztiaren adarra nire kobazuloan, nire adaska bere ahoan, biok
ponpaka, bata zein bestea barruko ziropea askatzeko irrikaz.
Ezin nuen gehiago, lehertzear nengoen, ahoa beteta neukan bere sexu erraldoiaz
eta aldi berean, nire buztana bere kobazuloan sartuta. Nire begien aurrean otsoemea edo
arra dantzan ikusten ari nintzen, bularrak airean, titiburuak tente eta haiek inguratzen
zituzten aroak zabal-zabal. Bazetorren. Bazetorren.
Bat batean nigandik atera zen, beregandik atera ninduen eta uluka oihu eginez
“zutitu hadi eta jarri hormaren kontra” agindu zidan.
Bi aldiz pentsatu gabe jarri nintzen basoa irudikatzen zuen hormaren kontra, besoak
goruntz jarrita, izterrak zabalduta. Eta konturatu orduko atzeko kobazuloa betetzen sentitu
nuen, aurrena burugorria, ondoren enbor zaintsua, azkenik hezetasun oro. Urjauzia nire
barruan, uholdeak basoko errekastoan. Zipristinak han eta hemen.
Gorde nituen lurreko mihisea, pigmentu ezberdinak, tamaina askotariko ixipuak.
Hormirudira begira geratu nintzen. Zuhaitz zabalak, sustrai lodiak, enbor zaintsuak, adaska
ugariak; okre, berde eta hori koloreko hosto handi eta mardulak. Garo tartean basapizti bat
zutik, gora begira, begiak zuri zituela. Uluka ari ote? Margolan ederra geratu zitzaidan,
alajaina!