Haizea Cosgaya Barakaldotarra izan da Kaixomaitia.eus-en Kontaketa Erotikoen lehiaketaren III. edizioaren irabazlea

“Hats Lurrina” izan da testu irabazlea. Zigor Saizar Getariarra izan da bigarren sailkatua “Urbasako Dama” kontaketarekin eta aurten ere, 3. postua lortu du Ernesto Prat Urzainki Berriozartarrak “Distopia Bertikala” testuarekin.

Kaixomaitia.eus

Goizeko 11.00tan puntuan hasi da Kaixomaitia.eusen Kontaketa Erotikoen Lehiaketaren III. edizioaren sari banaketa ekitaldia. Bertan ziren lehiaketara aurkeztu diren 16 idazleetatik, 8 finalistak. Iñigo Arandiak hartu du ongietorrirako hitza eta eskerrak eman dizkie bertaratutako guztiei, partehartzaileei, Elkar Argitaletxeari, antolaketan, sustapenean eta ekoizpenean bidelagun izateagatik eta Antxiñe Mendizabal editoreari eta Dorleta Kortazar ipuin kontalariari epaimahaikide lanak egiteagatik.

Urtero bezala 8. postutik Lehen postura izendatu dituzte Iñigo, Antxiñe eta Dorletak saridun guztiak eta hauek saria jasotzera gerturatu dira oholtzara. 8. postutik 4. postura bitartekoak, Elkarren eskutik liburu sorta eta 100€ ko opari bonua jaso dute:

4/ Sorginkerietan (Ugaitz Agirre)
5/ Ad Libitum (Mikel Casuso)
6/ Katarsia (Garazi Auzmendi)
7/ Etxeratutakoan (Urtzi Ruiz de Azua)
8/ On egin (Garazi Urretabizkaia)

Lehen bost saridunak ezagutu ondoren azken hiruen sailkapena ezagutzeko garaia heldu da.

Ernesto Prat Urzainki izan da 3. saritua, liburu sorta eta 100€ko opari txartela jasotzeaz gain 250€ ko txekea jaso du, “Distopia Bertikala” izeneko testuarengatik.

Horrela aurkeztu du sariduna eta bere lana, Iñigo Arandia, Kaixomaitia.eus eko arduradunak:

“Agian, batek daki, hain urruti ez dagoen egoera bat azaltzen digu testuak, trantsizio bat, bizitzeko eta bizitza ulertzeko bi modu, utopiarako bidean.

Aurreko edizioan ere sari bera eraman zuen Ernesto Prat Urzainki Lagunak Bihotza Lapurtu zidan Panpayruna kontaketarengatik. Aurten ere bikain azaldu digu errealitate distopiko bat, Distopia Bertikal bat, horrela dio kontaketaren parrafo batek:

“Distopikoak eta utopikoak, horrela banatzen zen mundua ni sortu nintzenerako. Distopikoak
horizontalean bizi ziren, indibiduoen ondasunen metaketan oinarritutako sistema bertikal
batean. Utopikook, aldiz, bertikaletan bizi ginen, naturaren biziraupena helburutzat zeukan
talde-lan horizontalean. Distopikoek burdinaren gogortasun sendoa zeukaten; utopikook zuntz
begetalen elastikotasun paregabea. Distopikoek gehiegizko oparotasuna bilatzen zuten;utopikook berdintasunezko giza-justizia. Distopikoek luxuria kontrolaezina praktikatzen zuten;
utopikook sexua, jokoa eta plazera”

Nik garbi daukat bi talde hoien artean non kokatuko nintzatekeen.

Mila esker Ernesto, zurea da hirugarren saria!”

Jarraian Dorleta Kortazar Ipuin kontalariak hartu du hitza, 2. saridunaren izena jakitera emateko eta deskartez, aurtengo edizioaren irabazlea ere nor zen ezagutzeko. Zigor Saizarri eta Haizea Cosgayari zutitzeko eskatu die Iñigo Arandiak eta horrela aurkeztu du Dorletak 2. sariduna eta bere idazlana:

“Ez da erraza izaten, eta kasu honetan egileak anbiguotasunarekin jokatu izanak testuari mesede egin dio.
Baliabide literario aberatsak erabili ditu.
Joku erotiko polita planteatu digu, koloretsua, bisuala, jolasaren ausardia erdigunean jarriz.”

Zigor Saizarren “Urbasako Dama” idazlanaz ari zen, eta berak eraman du 2. saria: Liburu sorta, 100€ opari txartela eta 500€ko txekea.

Ordurako Haizea Cosgaya Barakaldotarrak bazekien bera zela Kaixomaitia.eus lehiaketaren III. edizioaren irabazlea eta hunkitututa jaso du Antxiñe Mendizabalen eskutik, lehen saria: Liburu sorta, 100€ ko opari txartela eta 1000€ko txekea.

Honela aurkeztu du Antxiñek, bere lana:

Drogak erabili izan dira kultura guztietan transgresiorako, eta sexua
ere izan daiteke transgesioa. Norbere mugak gainditzeko batez ere.
Mongiak bereziki erabili izan dira zibilizazio askotan jainko-
jainkosekin harremanetan jartzeko. Horixe bera gertatzen da ipuin
honetako protagonistari, onddo aluzinogenoak jan eta protagonistak
izango du sexu-esperientzia berezia, ohi kanpokoa, errealitatearen
eta fantasiaren muga-mugan.
Lehenengo saria HATS-LURRINA ipuinarentzat da. Lortu duelako
sortu duen mundu magiko batean irakurlea murgildu eta gainera
kitzikiatu.

Amaitzeko , taldeko argazkiak atera ditugu eta jarraian mokadua jan eta tertulia ederrean aritu gara inguruko taberna batean.

Zorionak partehartzeile eta saridun guztiei!

Kaixomaitia.eus