Hor zaude, nire ondoan, kezkarik iradokitzen ez duen aurpegi lasaiaz, zure burua nire bularren aurka ezarririk. Zein ederra zauden lo zaudenean ere. Elkar atzo ezagutu bagenu bezala sentitzen naiz, nerabe, bizirik, alai. Ezagutu ginen egunetik kasik bizitza bat pasa dela kontziente naizen arren. Baina zein ederra bizitza, honelako uneak ematen badizkigu. Zure burua esku artean leun hartu eta burukoan utzi dut, kalera noa, esnatzen zarenerako gosaria erostera. Jarrai ezazu ametsetan goxo, eta ni iritsi aurretik esnatzen bazara itxaron zaidazu ohean. Laster helduko naiz…
Itzuli naiz eta pronostiko guztiak betez lo jarraitzen duzu. Hain erraza da zurekin kinielak asmatzea! Ez zintuen ba, eder hori, bart gaueko bigarren lehen aldiak k.o utziko ezta? Ez, borrokalaria zara, espero baino lehen irekiko dituzu berriz ere bizia darien zure begi argiak. Bitartean, dutxa bat hartzearen hautua egin dut. Hain izan da gozagarria ur gezaren tantek atzoko izerdi gaziaren arrastoekin bat egin duten une hori… Eta denbora iragan dut bertan, mimo handiz oraindik zure usaina zerion hankartea garbituz, buruan Tapia eta Leturiaren kantuak etengabe euren erritmoan zebiltzan bitartean. Hortzak ere garbitu ditut, bakoitzaren maniak. Eta hemen naiz, berriz ere logelan. Bozgorailuetan Rythm and blues zerrenda jartzea erabaki dut, eguna lasai eta ondo has dezagun… Hemen lehen abestia : Lou Read, Walk on the wild side.
Honela, musikaren erritmoa jarraituz, nire esku txiki eta leunekin izarrak marraztuko ditut zure bularren artean, goxo, mimoz, zure arnasa gora eta behera sentitzen dudan bitartean. Kitzikaturik sentitzen naiz. Zuk begiak ireki artean, esku bat zure gainean jarririk bestearekin behin irakurri nuena egiteari ekingo diot: En tiempos de turbación, másturbación…
Eta bat-batean, nire sumendia lehen orgasmoarekin lehertzear zelarik, begiak ireki dituzu. Pixkanaka zure burua nigana gerturatu duzu eta oraindik atzo gaueko gozatuaren usaina darion mingain punta zorrotz bezain jolastiarekin nire ezpain hertsiak zabaltzeari ekin diozu. Denbora geratzeko gaitasuna izan duen muxu batean murgildu gara, jolasti, boteretsu, goxo. Eskua hankartetik atera dut zure aurpegia laztantzeko. Zuk gauza bera egin duzu. Muxuak gorputz tenperatura igotzearekin batera bideratu duzu nire eskua zure hankartera. –Bustia dago –esan duzu esnatu berritako ahotsarekin. –Sentitzen duzu?- Buruarekin baiezkoa eman dizut mingainarekin zure ezpainak dastatzen ditudan bitartean. Pasioaren indarrak bereganatu nau, barrunbeek eztanda egiteraino. Laztan eta laztan artean jada itsaso bilakatu den zure sumendiari sendo heldu diot. Pixkanaka, zure ezpainetatik askatu eta banoa beherantz, desiraren ateak gogoz kolpatu asmoz. Espero bezala, ez duzu erresistentziarik jarri bidean. Gogoz heltzen dizkidazu bularrak bitartean. Batzuetan goxo, besteetan indarrez, maite dudan bezala. Ohartzerako, muxuen bidea iritsi da mitxoletaren erreinura. Begietara begiratu zaitut, -eroso zaude? Jarriatuko dut?- Hasperen batekin erantzun didazu, buruarekin baiezkoa ematen duzun bitartean. Pixkanaka, ezpainak behatzekin goxo zabaldu eta mingainarekin zure klitoria mihizkatzen hasi naiz. Goxo lehenik, gogorrago ondoren. Erritmoa etengabe aldatzen dudan bitartean, zure pultsua nire ahoan senti dezaket. Zure eskuekin ni laztantzeko ahaleginetan hasi zara, baina berandu, ez zara ondo iristen. Eta beherago jaitsi naiz, eta mingaina ozeano dirudien aluan barneratu dizut, behatzekin ingurua laztantzen dizudan bitartean. Zure eszitazioa nire bihurtzen ari da pixkanaka. Buelta eman eta ahalik eta leunen nire hankartea zure aurpegian pausatu dut, batera goza dezagun. Zure mihia soma dezaket nire klitorian barrena, nire bulba goxoa goitik behera mihizkatuz. Behatzarekin nire barrua askatzen ari den likidoa hartu eta uzkia ukitzeari ekin diozu. Ezin izan dut oihu txiki bat ateratzea ekidin. Ukitu lasai, egin nazazu zure… Nahi duzunean eta nahi duzun moduan.
Zure gainetik kendu eta hanka zabalik jarri naiz zure altzoan, lanarekin lasai jarrai dezazun. Hain zara abila… Fintasunez marrazten dituzu zortziak nire klitorian, beste behatzekin barruraino murgiltzen zaren bitartean. Ea gustuko dudan galdetzen didazu. Intziri batekin erantzuten dizut. Burutik heldu eta nigana ekartzen zaitut, muxuen ozeanoan berriz murgil gaitezen. Zure hankartea nirearen aurka igurzten duzu gogor, eta barruan zeinen goxoa izango litzatekeen imajinatzen dut. Eskuak heldu eta bururantz bideratzen dizkidazu, tartean ezpainetan, tarteka lepoan, tarteka belarrian muxuak uztartuz. Bat-batean, espero gabe, lepotik eusten didazu eta plazerraren paradisuan sentitzen naiz.
Ahal dudan bezala esaten dizut mesedez nire barnean sartzeko, mesanotxeko tiraderan gordea dudan arnesa jantzi zure egiteko. Eta kasu egiten didazu. Badoa enbor zelataria zulo estuan barrena. Eta beste intziri bat ateratzen zait. Ahoa estaltzen didazu indarrez, bizilagunak entzun ez gaitzaten. Zure gainean jartzen naiz eta sekula sentitu ez dudan askatasun batez hasten naiz gora eta behera. Momentu batez tximeleta izateari utzi eta zaldi bilakatuko bagina bezala. Zure eskua hartu eta nire hankartera eramaten dut, bidai honetan masturba nazazun. Begiak ixten ditut, eta ireki, eta itxi eta ireki… Zein ederra den aske gozatzea. Eta ezin duzula gehiago esaten didazu, sumendia lehertzear dela, ezingo duzula denbora luzez eutsi. Eta zure gainetik jaisten naiz, eta berriz ere mingaina zure kobazuloan murgiltzen dut. Eta nire mingain eta zure eskuaren laguntzaz estasira heltzen zara, nire gorputz osoa testigu delarik. Eta zure barneko ura hartu eta ahora eramaten dut, goxo, eta titi artera, eta niri begira zaudela eta ni zuri begira, nire gorputz osoan zehar barreiatzen dut plazerraren elixirra. Eta masturbatzen jarraitzen dut, gogor, zure nekeak utzi artean eskuekin titiak ukitzen dizkidazun bitartean. Eta supituki ni ere helmugara heltzen naiz, intziri erreprimitu artean…
-FUUUU, FUUUUUUU, FUUUUUUU. Presio heltzearen kearen hotsak kamuflatu du nire orgasmoa. Irribarre batez satisfayerra hankartetik atera eta sukaldeko mantalaren poltsikoan gorde dut. Janari usaina etxe osoan zabaldu da.
Salara luzatu dut begirada. Hortxe zaude, Goiaren koadro baten gisan, maja jantzi eta biluziaren arteko lehian. Besoak buru gainean gurutzaturik, eskuan telebistako mandoa, ahoan txotxa, petxua airean eta gutxienez 96an erositako abanderado zuri horituak soinean dituzula. Danteskoa, pentsatu dut nirekiko. Eta horretan nenbilela esku bat kaltzontziloetan sartu eta iada paxa idorrak diruditen barrabilak hazkatzen hasi zara, inguratzen duten ile xurien hotsa sukaldetik entzuten dudalarik: krax, krax, krax. Hotzikara batez atea itxi dut, irribarre txiki batekin horrela erosi zenuen nire buruari esanez.
Beste generazio batekoak gara. Norberaren beharrak azken lerrora iganarazten zituen generazio batekoak. Lehentasunak familia eta ahora eramateko zerbait izatea ziren, utikan beste dena. Maitasunean ere ez ginen hautaketan ibiltzen. Bat gustatu eta normalean dena “ongi” joan ezkero, harekin geratzen ginen, benetan barrenak esaten zigunari kasu gehiegi egin gabe. Desberdinagoa izango zen, akaso, herrigunean jaio izan bagina. Askeagoa beharbada. Baina gure etxean eguneroko menua izan zen Jaungoikoa eta lege zaharra. Radio Maria, baserriko lanak eta postre bezala Arrate irratia. Ezin beraz, bidetik gehiegi atera. Eskerrak igande arratsaldeetan Aristerrazuko erromerian zertxobait aska gintezkeen. Han ezagutu nuen Joxe Mari. Arin-arin baten osteko dultzemeneoan dantza eskatu zidan, ezin ezetz esan garaian gizontasunaren kanon guztiak betetzen zituen adonis hari. Gaurko irudia etorri zait burura bapatean: zerri guztiei iristen zaie bere San Martina. Hau da hau alperrik galtzea. Eta beste irribarre bat egin dut. Izan berri dudan orgasmoko protagonista aurrean dudan errealitatetik zien urrun dagoen pentsatuz.
Denek esan zidaten: “10 urte diferentzia handia da harreman baterako. Orain ez duzu ikusten, baina gerora konturatuko zara”. Jendearen hitz jarioa. Beti zerbait esan beharra. Beti muturra denean sartu beharra. Bakoitza bere posiziotik, bakoitzak etxean duena kontuan hartu gabe. Baina beharbada ez zen hori bakarrik. Agian nik baino hobeki ikusten zuten gizonezkoaren figurak ez ninduela asetuko. Baina ei, ez naiz damutzen. Arrazoia zutela? Izan daiteke, 65 bete berri ditudan honetan egia da adin diferentzia pisatzen hasia dela. Ez da apenas etxetik ateratzen, bizitza baserriko lanetan topera pasa eta orain berak dirudi belar-txondorra. Okerra eta puntan konkorrarekin. Zaharkitua geratu da zentzu guztietan. Ez du batere eboluzionatu. Hona bere egunerokoaren kronika laburra: Gosaltzeko bezperako ogi gogorra kafesnean bustirik Diario Vascoa irakurtzen duen bitartean, goiza telebista aurrean , bazkaltzeko ematen diodana jan, siesta, arratsaldean baxoerditxo bat zaharretan lagunekin eta afalostean bere aitak herentzian utzitako (eta zigarro papera bezain fina bilakatu den) franela zeneko koadrozko pijama jantzi, orinala ohepean sartu eta lotara. Kitto eguna. Eta lasai bizi da estruktura hertsi horretan.
Ni aldiz gazte eta lorios sentitzen naiz. Adinean aurrera egin ahala are eta gazteago. Are eta askeago. Berak ez bezala ederki aprobetxatu ditut herritartzearen abantailak. Badira 20 urte Laurgaingo baserria saldu eta Oriora bizitzera etorri ginela. Eta uste dut hor hasi nintzela benetan bizitzen. Goizero 8etan puntuan elkartzen naiz nire 2 lagunekin barraraino itzulia egiteko. Giro ona bada hondartza aldean pintxo bat jan eta ondoren erosketak egitera ateratzen naiz. Gero bazkaria prestatu, gizona bazkatu eta arratsaldeetan gehien maite dudana egiteko denbora hartu ohi dut: irakurri, tarteka idatzi eta astean bitan pilates. Sekula baino indartsuago sentitzen naiz, ahaldunduago. Eta jarrai dezala bideak. Baina astero jarraitzen dudan errutinaren barnean, bada oraindik aipatu ez dudan arren zirrara berezia sorrarazten didan ekintza bat: larunbat goizetako pelukeriako buelta. Eta gaur ostirala da.
…
Sekula baina goizago esnatu naiz 9tan Zarautzen dudan zitaz pentsatzeak sortutako barne tximeleten matxinadaren ondorioz. Dutxatu, Joxe Mariri kafesnea prestatu eta estaziorantz abiatu naiz. Estomagoa itxia dut nik ezer gosaltzeko. Haize zakarra zubian. Ditudan lau ileak dantzan, nire barnea bezala. Ordu erdi barru bertan izango naiz, Bittoriren pelukerian. Txikitako laguna dut Bittori. Ondoko auzokoa izanki, elkarrekin pasatu dugu ia bizitza osoa. 13 urteren bueltan izango genituen igande arratsalde horietako erromeria batean, gure lehen garagardoak edan ostean batera pixa egitera joan eta elkarri promesa bat egin genionean: 16 urte bete baino lehen ez badugu gizonik muxukatzea lortzen, elkarri emango diogu gure lehen muxua. Une kitzikagarria izan zen, gurutzatu genuen begiradan argi geratu baitzen ez genuela bitako inork 3 urteko itxaron kondena hura pairatu nahi. Biok desio genuela une horretan bertan gure ezpain gazteen bat egitea. Baina lehen esan dudan bezala, beste garai batzuk ziren. Eta irribarre nostalgiko batez desira erreprimitu eta dantzatzera itzuli ginen. Datozen urteetan gauzak bere horretan jarraitu zuten, beti geunden elkarrekin, baina sekula ez genuen elkarrizketa hura gehiago aipatu, segurrenik bien buruan iltzatuta egongo zen arren. 15 urte eta 10 hilabete nituela agertu zen Joxe Mari, eta hor puskatu zen frontoi atzeko belardian, kuleroak orkatiletan genituela Bittori eta bion artean sortu zen magia hura. Hortik aurrera gure bideak pixka bat aldendu ziren. Ni 19 urterekin ezkondu eta baserrian geratu nintzen, Bittori aldiz, 23rekin Zarautzera joan zen bizitzera, bertako alkate zenaren semearekin ezkondu ostean. Eta hortxe sortu zuen, urte batzuk beranduago bere negozioa: ADISKIDE izeneko pelukeria. Beti pentsatu izan dut gure adiskidetasunari gorazarre eta konplizitate keinu bat egiteko modu bat izan dela. Erokeriak. Ala egokeriak agian.
Kontuak kontu, hor noa, larunbat guztietan bezala trena hartu eta Zarautz aldera. Eta joan naizen bakoitzean bezala, gaur ere ideia bera darabilkit buruan: Ixabel, gaur bai, gaur gaia aterako dion! Inozentziatik, baina barnean daramadan intentsitatea azaleratzen utzi gabe. Azken batean, bere erreakzioa ikustean argi izango dut berak ere promesa harekin ametsetan jarraitu ote duen. Arnasa sakon hartu eta atea ireki dut. Hor dago, uniformetzat duen blusa beltz estuak bere bularra markatzen duelarik. Irri zabal bat marraztu zaio ikusi nauen momentutik.
- Egunon Ixabel! Zer moduz pasa dun astea? Hi ikusteko desiratzen nengoan. Jar adi hemen eta konta iezaidan! Ze egingo dinagu, betikoa?
Aurpegia gorritu zait. Ni ikusteko desiratzen? Jakingo balu ze gustura ikusi nuen nik atzo bazkaria prestatzen nuen bitartean…Sumendi bat bezala lehertzear somatu dut berriz hankartea. Izerdiz blaitu zait kopeta.
-Egunon!! Ni ere desiratzen nengoan, badakin, larunbatetako kapritxoa beti asteko onena izaten dun! Gaur permanentea egingo dinat aspaldiko partez, zubiko haizeak ilerik gabe utzi nau eta! –Bota diot naturaltasuna adierazi nahian.
Ez nuen permanenterako asmorik, baina horrela denbora luzeago batez begira diezaioket. Eta berokia kendu ostean beregana gerturatu naiz. Hor hasi da, ilea garbitzen didan bitartean rapa-rapa astea nola joan zaion kontatzen: biloben ikastolako abenturak, bezero baten gaixotasun arraroa, argiaren garestitzea. Tonika berean jarraitu dute albalez burua estaltzen zidan bitartean izandako elkarrizketek ere: honen ezkontza eta haren dibortzioa, adinak harekin dakartzan atxakeen errepasoa. Ez dut tarterik aurkitu gaia ateratzeko. Mundu paralelo batetara naramala dirudien sekadorapean ezarri nau gero. Orain hemen 30min esan eta beste bezero batengana hurbildu da.. Aurrean dudan Pronto aldizkaria hartu dut,ispilutik barren abegira naukala ohartu ez dadin. Hortxe dut aurrean nire paradisu propioa: Bere besoen mugimendua Manoliren kanak orrazten dituen bitartean, bere irria, bere ahots leuna benetan interesatzen ez zaion emakumearen bizitzako joan-etorriak entzuten dituen bitartean; bere bularrak blusapean mugitzen, bere ipurmasail perfektuak, bere izerdi usaina….Eta ohartu gabe eskua Konde Lekioren aurpegipetik nire gonapera luzatu dut, atzoko irudiak burura datozkidan bitartean. Hain goxoa litzateke…Ispilura begiratu eta niri begira harrapatu dut, irri txiki konplize bat egin didala iruditu zait. Berriz lotsatu naiz eta oraingoan bai, orria pasa eta Bustamanteren abentura eta kalenturetan zentratzea erabaki dut, denen hobe beharrez.
Pasa dira 30 min, kendu dit buru gainean neraman albal dena. Ilea lehortu eta orraztea baino ez da falta. Lehen baina gertukoago sumatzen dut, ispilutik ikusia gustatu ote zaio? Elkarrizketa hutsaletan murgildu gara beste behin ere: bertso txapelketa, arraun denboraldi berria, gasolinaren prezioa…
- To! Maddona ere beste espaloikoa omen da! Acabaramos… Ze izango dinagu hurrengoa? Maria del Monte ere ala dala? Maialen Lujanbio akaso? Mundua pikuta zien… -Manoliren indignazio ahotsa belarrietan barna.
- Garai berriak ditun Manoli! Badun garaia modernizatzeko! Gozatzea din bakoitzak nahi dinan horrekin, inori zioten kalterik egiten!-Bittoriren erantzuna ispilutik begirada nigan zuzendua duen bitartean.
Disimuluan rulo bat lurrera bota, eta bidean hauxe xuxurlatu dit belarrira ispilutik niri begira jarraitzen duen bitartean:
-Guk ere altura hauetan ez zionagu inori kalterik egingo ezta? Nahi al dun bihar kafe bat hartu?
-54 urte nien kafe horren zai- Erantzun diot gorputzeko ile denak trikutzen zaizkidan bitartean.
Ordaindu eta burua xut baina barnea lehertzear atera naiz pelukeriatik. Hor noa trenera bidean nire buruari Hasta la Bittoria siempre behin eta berriz errepikatuz. Ze ona naizen batzuetan hitz jokoak egiten. Eta berriz ere irri egin dut, pubertaroan sentitze honek ematen didan botereaz kontziente izanik.
Etxeko atea ireki orduko iritsi zait galdera belarri zulora:
- Zer dago ba gaur bazkaltzeko?
- LENTEJAK!
- Berriz? -Galdegin duzu. Eta barre algara sakon bat atera zait kolpean, Nire hankarteko lentejaren goritasunean pentsatuz.
- Bai, eta bero-beroak gainera!