Katarsia

Sarrerara iristeko igo beharreko aldapak ateratako hotzak, laster itzuli zaizkigu material guztia prestatzen hasi garenean. Antzigarrak bereganatu du izotzak aspaldi galdutako lurra, oihartzun klimatiko baten gisara. Denak edertasuna darion honetan, mesfidati eta hotzez akabatzen begiratzen diot kobaren ahoari. Joan zen osteguneko afarian isilik egon izan banintz, orain etxean goxo-goxo egongo nintzateke, izotz madarikatu honi leihotik burla eginez.

—Azkar hasi zara marmarrean! Gorde zerbait gerorako ere! -Izar, irribarre batekin, nire miseriaz gozatzen.

Espeleologiako material guztia utzi dit, nire lurperatzeari ezer falta ez dakion: buzo gorria, arnesak (noski, bat aldakarako, beste bat bularrerako), kaskoa, frontala eta ia izendatu ere ezin ditudan metalezko traste ugari. Denak aurreko hilobiratze batzuetako lokatz arrastoz josiak. Hauek janzte hutsarekin, eskuetan behin lokatz izan zen harren hautsak higuina sortu dit.

—A zer nolako nazka! -“nazka” hitza oso fina da aurpegian dudan espresioaren alboan.

—Ene bada! Hartu eskularru hauek! Pare bakarra ekarri dut baina jantzi zerorrek, bestela goiz osoa zure kexak entzuten pasa beharko dut eta! -burla eginez, oraingoan ere.

Hainbeste lokatz eta zikin artean, nire telefono mugikorra, behar ez ditugun beste zenbait gauzarekin batera, kanpoan uztea erabaki dut. Zisko eginda dago jada, baina ez dut gaurko odisean errematatu nahi.

Material guztia ondo jantzi dudala ziurtatu eta bizkarrean hartu du soka. Frontala piztu eta sarreran pilatutako pago orbela zeharkatuz barrura abiatu da. Nik temati eusten diet eguzki izpiei.

—Hor geratzeko asmotan ala?

—Banoa! -beste erremediorik ez daukadalako.

Kobazuloaren ahoa nahiko txikia da, baina bere belztasunak sekulako dimentsioa ematen dio. Beldurra, ikara eta izua kondentsatzen diren zuloa. Nire oinen artean orbela ere mantso-mantso nirekin daramat barrura, malda apalean behera. Eta iluntasunean murgiltzearekin, ezusteko epeltasun batek besarkatu nau. Kanpoko izotzaren aldean, lurraren berotasunak gozatu nau. Zerbait ona izan behar zuen ez-mundu nardagarri honek.

Sarrerako paretek kolore berdexka bat mantentzen dute oraindik, badirudi sartzen den eguzki argi apurra jasotzen duten eremuek harrotasunez erakusten dutela beraien esklusibotasuna. Barrura egin ahala, ordea, arroken kolore gris iluna nagusitu da segituan. Ilunpearen belztasuna elikatzen duen arroka madarikatua.

Izar aurretik doa. Bere frontalaren argiztapen harmoniatsuak lasaitzen nau: mugimendu leunez margotzen du iluntasuna. Nire frontalaren ezinegon frenetikoa apalduz doa eta Izarren erritmoa eransten hasia zaio. Leku erosoan oinez goazen bitartean, pixkanaka lurra hezetuz doa: ur putzuak eta lokatza nonahi. Erabat gaitzesten nuen ‘zikin’ harrekin harrapaketan hasi naiz oharkabean. Hasieran ihes egiten nion, bazterretik pasaz edota salto eginez, baina pixkanaka beraren hatzaparretan erortzea ere gustagarri bihurtu zait. Elur koloreko lohi fin hura botetan eta buzoan: lurpeko mundu harren luzapen bat bihurtu naiz honezkero.

Zeharkatzen ari garen galeria hura eraldatuz doa. Hasieran inguratzen gintuzten pareta ilun eta zurrun haiek, apaintzen dituzten askotariko egitura bertikalez janzten hasi dira apurka-apurka. Altuera ezberdinetan jaiotzen dira eta bakoitzak bere sorlekuaren identitatea aldarrikatzeko dimentsio, kolore eta forma anitzak erakusten ditu. Urak milioika urteetan zehar mendia deseraikiz idatzitako poesia. Pausoz pauso, transformatuz doa, transformatuz noa.

Izar gelditu egin da eta ingurua aztertzen sumatu dut. Behera eta aldamenetara begira ikusi dut pentsakor. Buelta eman eta irrikaz gainezka begiratu dit:

—Itxaron hor, rappela muntatu behar dut. Hogeita bost metro! Honekin flipatu egingo duzu! -esan du Izarrek, ni zirikatzeko asmoz mingaina ateraz.

Konturatu gabe, nire trantzea elikatzen jarraitu du.

—Ikusi, hau “Multi Monti” bat da. Jaitsiera ekipatzeko erabiltzen den metalezko torlojua, baina behin erabilitakoan jaso egingo dugu bertan hondakinik ez uzteko. Lehendik egindako zulo pare bat egoera onean daudela ikusi dut, beraz ez dugu berririk egin beharrik izango. Garrantzitsua da… -luze jarraitu du.

Tonu goxo batekin egiten duen guztia mimoz azalduz doa, nahiz eta ordurako beste zerbaitek nire gaitasun kognitiboak ezbaian jarriak dituen. Liluratuta begiratzen diot. Mundu honekiko bere miresmena, naturarekiko begirunea, geologiako ezagutzak, espeleologiako materialaren maneiua esku artean eta aurpegiko keinuak sokari korapiloak egiten dizkion bitartean. Hipnotizatuta nago, Izarren ezpain artean lotsati ageri zaion mingain punta harren zain.

—Ni jaitsiko naiz lehenengo, sokaren zatiketa muntatu behar dut tartean. Denbora pixka bat beharko dut. Ondo gogoratzen duzu zatiketa nola pasa behar duzun, ezta?

—Bai -kosta egin zait hitz bakar hura ahoskatzea ere.

—Dena argi orduan? Bestela errepaso azkar bat egingo dugu nahi baduzu.

Buruarekin ezetz adierazi diot, momentuari dagokiona baino jarrera ausartago batekin.

—Ados, banoa ba! Kontuz jaitsi eta disfrutatu!

Han abiatu da sokan behera, leun eta lerden. Nik, neure txandaren zain, lurpeko magia hartan murgiltzen jarraitzen dut estalaktiten puntan grabitateari matxinatutako ur tanta bat gehiago banintz bezala. Edertasun hura kontenplatzea ez da nahikoa, gehiago behar dut. Nire eskuei begiratu eta Izarrek utzitako eskularruak daramatzadala jabetu naiz. Pentsatu ere egin gabe, eskularruak kendu ditut. Nire hatzek eskuaren kontra igurzteak nire haragizko izaera gogora ekarri dit. Nire lurrazaleko niari halako gaitzespena sortuko lioketen gainazal eta elementu haiek denak beste zerbait iradokitzen didate orain.

Eskuineko eskuaren kanpo aldearekin pareta ukitu dut. Bat-bateko hoztasun hark bizia eta hilezkortasuna parez pare jarri ditu. Ukitu oso leuna dauka, milioika urteetan zehar gainazal hura jantzi duen ur xafla mehe harren jarraipen gaurkotuak azala busti dit. Nire ezker eskua ere festa harri batu zaio. Eskuak goxoki labainaraziz laztandu dut harria, behin eta berriz. Harria, eta hark sinbolizatzen duen guztia.

Inguratzen nauten estalaktita, estalagmita, zutabe eta gainerakoentzat bezalaxe, niretzat ere denbora gelditu da momentuz batez. Inguruan zer dastatu bila jarraitu dut. Lurrean belauneko jarri eta kontu handiz eskuak putzu bateko ur gardenetan murgildu ditut. Poliki-poliki, hatzekin hondoan dagoen buztin zuriari kilimak egiten hasi naiz. Berehala limurtu dut hura ere. Harrotu eta putzua bereganatu du. Nire azala estali duen lubrikazio perfektua.

—Ei! Iritsi naiz! Soka libre dago! Nahi duzunean! ­-Izarren ahotsa entzun dut urrutira.

Buztin gozo hartaz agurtzeko eskuetan dudan lohi mehea lepoaren alde banatan zabaldu dut eztiki hatzen puntekin, Parisko perfumerik sentsualenaren pare.

Soka stop-etik pasa eta amaigabea dirudien bertikal haren ahotan zintzilikatu naiz. Ezereza zeharkatzearen itolarria; sakontasun infinituaren parte bilakatzearen frenesia. Itolarria eta frenesia, zein baino zein amorratuago. Sokaren zatiketa pasatzeak irrika areagotu dit. Izarrek eskuartean ibilitako korapiloetan nire bizitza tinkatzeak ekintza are intimoagoa bilakatu du hau. Arnesaren presioa bera ere gustagarria da. Zatiketa pasa eta behera noala, berriz lurrera iristearekin Izarren ukitua sentitu dut izterretan eta bat-batean aireratu egin naiz. Leku estua baina labainkorra denez, berak lagundu dit lur hartzen.

—Zer, ondo ezta? -galdetu dit kuriositate osoz, irribarre morboso batekin.

Nire barruko piztiak irribarre egin dio.

—Banekien gustatuko zitzaizula -begiek ñir-ñir egiten diote.

Zain egoteaz aspertuta zegoelako edota barrunbe hartan sakontzen jarraitzeko desioari gehiago eutsi ezin ziolako, sokara lotzen ninduten tramankuluak berak kendu eta jaso dizkit. Oraingoan ere isilik begiratzen nion, esanekotasun osoz. Nire arnesa antolatzerakoan, mugimendu indartsuez eragiten zion han-hemenka. Nire aldaka berarengana hurbildu eta urruntzen zuen. Mugimendu tekniko bezain erotikoetan. Bere lanak amaitutakoan, begirada altxa du nire begiekin topo egin arte.

—Goazen -xuxurlatu dit limurki.

Oinez abiatu duen bidea apurka-apurka estutuz doa eta ia ez gara zutik ibiltzeko gai. Izar lau hankan jarri eta estugune batean murgildu da. Nik bere dantza imitatuz jarraitzen diot atzetik, txintik atera gabe. Barrukotasuna gorpuzten den arroka arte honetan sartuta gaude, geure sakontasunaren kontzientzia hartzen eta, aldi berean, galtzen. Nire gidaria behatzen dut, bere armonia horretan munduaren pitzadurak zabaltzen. Lau hankan jarraitzeko ere estuegia da zati hau.

Izar lurrean etzan da eta narrastien moduan lurra laztanduz egiten du aurrera. Besoekin eta hankekin aurrerako indarra egitearekin batera pelbisa mugitzen du. Mugimendu horiekin batera arnasketa areagotzen zaio, egiten duen esfortzuaren eta sortzen dion nahiaren filtrorik gabeko bozgorailua. Buzoak lurraren kontra labaintzean ateratzen duen hotsa. Labaintze horrek harrotzen duen hautsa gure frontalen argipean ihesi. Harrotzen den hautsa arnasteak areagotzen duen delirioa. Bien artean sorturiko mantra fisiko harrek eragiten didan plazera.

Erritmo aldaketa bat sumatu dut eta Izar pikotxean dago niri begira. Buruarekin aurrera begiratzeko keinu bat egin eta alde batera baztertu da. Ustekabean, nire frontalaren izpiek hogei zentimetro eskaseko espazio ito bat argiztatzetik, ezerezaren sakontasunera ihes egin dute. Parean daukadan areto erraldoi haren handitasunak, berarekiko proportzionala den ezinegon neurrigabe bat irentsarazi didala sentitu dut. Mugagabetasunak sortzen duen bertigoa. Beldurra, urduritasuna, agitazioa, harridura, irrika, desioa.

Izar agertu da berriro ere nire frontal parean, metro eskaseko distantzian eskua luzatuta, niri laguntzeko gonbidapen batekin. Gure begiraden artean eraikitako zubi hartan elkartu gara. Eskua buztin artetik altxatu eta Izarrengana jo du, iluntasunak emandako bizitza propioarekin. Eta azkenean, bat egin dugu. Arrokaren hoztasunetik ihes egindako azalak lurpeko izar haren berotasuna aurkitu du. Intimitateak bustitako larruazalak labainkor elkarren artean, elkarri eutsi edota ihes egitearen joko lizunean jostari. Ustekabean eskua gehiago estutu eta ni bereganatzeko asmo sendo batekin tira egin dit eta bion aurpegiak zentimetro eskas batzuetara geratu dira, arnasestuka.

—Eskularruak kendu dituzu.

—Bai.

Eta orduantxe gertatu da eztanda: lurpeko lehen supernoba.