Usaina inoiz galtzen ez den zerbait dela diote, betiko irauten du; emozioak, oroimena,
gosea eta sexu-sena arautzen dituela. Bada, zure kasuan, sexuaren lurrina
oroitzapenetik guztiz ezabatuta duzu. Kirats, usain, hats… gazia, garratza, mingotsa…
Hori guzti hori, hain gustuko zenuena, zure izaeraren parte zen hori, itzuli egin behar
duzu. Lehen, sudurra besapean sartzea gustuko zenuen gainezka egiten zenuen
bakoitzean, zurekin zegoen pertsonaren jariakinak tatuatzen zenituen betiko zure
usaimen oroitzapenean. Piztiak denbora gehiegi darama hibernatzen, eta ateratzeko
beharra du.
Oso argi daukazu lehen nor zinen, bai. Ausarta zinen, oso. Ez zenuen beldurrik
bizitzak eskaintzen zizkizun esperientzia guztiak probatzeko, usnatzeko eta bizitzeko.
Orain, aldiz, nor zara? Amets goxo eta eroso baten barruan zaude zure
egunerokotasunean, errutinen morroi, eta konturatzen ari zara bizitzak, ura lez,
atzamarretatik ihes egiten dizula. Lan duina, lagun bikainak eta familia zoragarria
duzu. Baina, zertan bilakatu zara?
Gaur zure eguna da, bakarrik zaude eta galdera guzti horiek buruan dituzula, mendiko
botak jantzi eta motxilan ura, bokata eta gozatzeko gogoa sartu duzu, ahaldunduta
sentitzen zara eta edozein gauza egiteko prest zaude. Itzinak oparituko dizkizun
bizipenak sentitzeko irrikatan zaude.
Kotxea hartu eta Orozkotik abiatu zara, Urigoitin aparkatu eta aldapan gora hasten
zara. Lehenengo pagadia pasata, hainbeste maite duzun larreari begira gelditu zara,
eta zeharkatzera animatu zarenean, mongiak lurrean aurkitu dituzu. 17 urte bete
zenituenean probatu zenituen lehenbizikoz. Lagunekin Supelegorren egindako
akelarreak buruko pentsamenduak lapurtu dizkizu, eta irribarre xalo batek ezpainetatik
ihes egiten dizu. “Zergatik ez? Bihar arte neu bakarrik egongo naiz etxean…”
Perretxiko magikoak zure gorputzean eragina egiten doaz eta, apurka, lasaiago
sentitzen zara. Atxulaur azpian dagoen uraskan geldiunea egin duzu. Uraskak iturburu
batetik datorren txorrota bat du, ur garbi eta freskoarekin, eta edaten hasi zara. Urak
mingaina eta ahosabaia laztantzen dizu; zure sentsazioak areagotu egin dira. Inoiz
baino goxoago dago, eta eskuarekin putzuarekin jolasean hasi zara. Aurpegia uretan
islatuta ikustean, pentsatu gabe, rau! Burua bertan sartu duzu. Tanta bakoitza zure
azalean itsatsita gelditzen dela nabaritzean, azala desagertu eta ur bilakatu zara,
gozatzen zaude. Oxigenoaren beharra sentitu duzunean bakarrik atera duzu burua
arnas bila.
Goitik behera blai zaude, iheskor pasatu duzu begirada zure gorputz osotik, ura
zorrotadaka dabil kamisetatik. Zure titiburuak oihalaren azpitik puntan ikustean,
eszitatzen hasi zara. Begiratzen zaudena ederra da, 50 hamarkadako emakumeen
gorputzak etorri zaizkizu burura, Marilyn Monroe sentitzen zara. Bai, gorputz hau
laztandu eta gozatu daiteke. Titiburuetan atximurka leun eta biribilekin hasi zara, poliki
hasieran, baina gero eta indar gehiagorekin, birak alde batera eta gero bestera…
Arnasketa arintzen zaizu. Baina zure eskuek ez dute kamiseta laztandu nahi, azal
gordina bilatzen baitaude, eta orduan, oihala ebatu duzu bortizki eta tira egiterakoan,
gorputza eta kamisetaren artean aire-burbuila handia sortu da. Egoerak barre algarak
sortarazi dizkizu. Zuhaitz baten atzealdera joan zara, ez dago inor, kamiseta eta
bularretakoa kendu duzu barruan duzun piztia basatiari eutsiz. Sudadera jantzi eta
Atxulaurrerantz jarraitzea erabaki duzu.
Katedral natural ikusgarria duzu parean. Harrian zulatutako irekidura izugarri honen
azpitik pasatu behar duzu Mariren gordelekura iristeko. Baina, azkenean,
Supelegoren zaude.
Kobazulo barrenean sartu zara esku-argirik gabe; beti gozatu duzu iluntasunak
ematen dizun ikusezintasunaz, usainaz, soinuaz… Kanpoko argi-izpi bat haitzuloko
zulo batetik sartu eta harkaitz bakarti bat argitzen du momentu oro. Bertan eseri,
begiak itxi eta zure fantasietan pentsatzen hasi zarenean, Mari irudikatu duzu; zerua
sutan zeharkatzen duen jainkosa eta ekaitzak leherrarazten dituen emakumea. Leize
horretan bere konplizeak diren Sorginak eta Lamiak somatzen dituzu baita ere.
Askotan, besapeak eta iztaiak amanita muskariarekin igurzten dituzte biluzten diren
bitartean, eta orduantxe, suaren inguruan dantza egiten dute beraien gorputzak
limurtuz. Gozamena dute helburu bakarra, besterik ez. Akelarrea irudikatzean irakiten
jarri zara.
Nahiz eta zulo barruan tenperatura hotza eta hezetasuna handia izan, sugar arin bat
zure barnealdean pizten ari da, arnasa areagotzen zaizu eta izterretatik kalanbre bat
somatzen duzu, gorputz osotik barrena doan kalanbrea, alegia. Sudadera azpitik
eskua sartu duzu.
Gorputza bero, baina eskuak hotz dituzu eta zilborrean pausatzean, gorputzeko ile
guztiak laztu zaizkizu titipuntak izotz-tenpluak bilakatuz, eta bertan dituzun biloak,
itsusiak zirelakoan askotan erauntzi dituzunak; orain, beraiekin jolasean ari zara, zure
plazeraren iturburua dira. Arnasestuka, berotasuna eta umeltasuna duzu. Beste eskua
beherantz jaitsi eta praketako botoia askatu duzu. Hankartera zoaz. Horko biloak ere
hatzen artean korapilatzen dituzu, elkarrekin jolasean ari zarete; emeki, baina
intentsitatez, estutasun txiki horrek ematen dizun plazera sentitzeko. Klitoria
borborrean nabari duzu, bihotz taupadak eta bera erritmo berean dantzatzen daude,
punpaka. Bularraldea askatu duzu bi eskuak libre izateko eta prakak izterretaraino
jaisteko aprobetxatu duzu. Zure ezkerreko eskuak gozamenaren botoia laztantzen
duen bitartean, eskumakoa hankarteko haitzulora hurbildu da, hatz erakuslea sarreran
ikusminez pausatu eta bira pare eman ostean, barruan sartu da. Jolasean ari zarete,
baina nahikoa ez dela sentitu duzu, zure kobazuloko paretek presio handiagoa behar
dutela oihukatzen ari dira eta bigarren hatza barrura doa. Ondoren, hirugarrena. Eta
barrurago, eta bustiago… Gozamenez horditurik zaude. Baina, ez duzu nahikorik,
gehiago nahi duzu. Orduan zure ipurtzuloarekin jolastera animatu zara. Hatza,
hankartean duzun likido lingirdatsuaz busti eta uzkia ferekatu duzu, gero eta
azkarrago, gero eta barrurago. Zure eskuetako hatz guztiak, inoiz sortutako
koreografia finena dantzatzen ari dira izterren artean, eta plazerari ezin eutsiz, garrasi
lehor batek ahotik ihes egin dizu. Haren oihartzuna, kobazuloaren paretetan, labar
pinturak lez, itsatsita gelditu da.
Lasaitasunera itzultzeko, arnasa kontrolatzen saiatzen zara prakak janzten dituzun
bitartean. Ahoa abarka bezain lehorra duzunez, trago bat ur hartu, eta kantinplora
motxilara itzuli duzunean, kobazulo barrenetik zarata bat entzun duzu, nor edo nor
dagoela somatu duzu.
Supelegor barruan laku txiki bat dago, metro erdiko hondotasunaz. Mari eta bere
jarraitzaileek beraien gorputz biluziak bertan bainatzen zituztela kontatzen dute
legendek. Urduritu zara, norbait egotekotan entzun ahal izan zaituela uste duzu.
Motxila eta gauza guztiak jasotzen hasi zarenean, kobazuloko sakontasunetik norbait
ateratzen ikusi duzu. Bere irribarrea zabala eta distiratsua da. Lotsatuta, haren
begiradaren bila zabiltza zure galderaren erantzuna aurkitu nahian: “ikusi edo entzun
egin nau?”
Agurtu eta zurekin elkarrizketa bat mantendu nahi duela nabaritu duzu. Zuk ez duzu
hitz egiteko gogorik, bere esaldiei buruarekin baietz esan eta noizean behin irribarre
iheskorra botatzen diozu. Isiltzea nahi duzu. Eta isildu egiten da, pentsamendua
irakurri izan balizu bezala. Giro tirabiratsu horretan hain lasai egoteak harritu egiten
zaitu. Begiradak dira argazki horren protagonista.
Begi beltzak ditu, sakonak, biziak. Bekain bat jaso eta irribarrea egin dizu. Zu lotsatuta,
botekin jolasean ari zara. Orduan kokotsa eskuarekin hartu dizu eta begiradak trukatu
dituzue. Isiltasuna. Haren ezpainetan jarri duzu orain arreta, haragitsuak dira, oso
erakargarriak zaizkizu. Eta berriro, adimena irakurriko balizu bezala, mihiaz bere
ezpainak busti ditu. Zure eskua hartu eta bere ezpainak laztantzera gonbidatzen zaitu
zuregana hurbiltzen den bitartean. Baimena eskatu dizu begiradarekin musu emateko,
zuk ez dakizu zer esan, bera zure erantzunaren zain dago, mutututa. Orduan, gehiegi
pentsatu gabe, zure ezpainak bereen gainean pausatu dituzu. Heze eta gozo daude.
Elkar musukatzen hasi zarete. Zuen mihiak lotsati jolasten dira haien artean. Eskutik
gozotasunez hartzen zaitu eta bera jarraitzeko gonbidapena luzatu dizu.
Kobazuloan barrena zoazte, lakura. Motxila alde batean bota, eta bata bestearen
aurrean kokatu zarete. Begi-ninia iluntasunera egokitzen zaizun bitartean, arropa
eransten hasi zarete, kontakturik ez, baina aurrean duzuen paraje ederrari begirada
kendu gabe. Biluztutako bi gorputz. Elkarri atzamarrak lotu eta musuka hasi zarete,
zuen arnasa azkartzen doa, ezin duzu ulertu musu batek nola berotu zaitzakeen
hainbeste. Urduri jartzen hasten zara sex-suaz blaitu nahi duzulako eta eskua bere
hankartera jaisten zaudela, laztan batekin gelditu egin zaitu buruarekin ezetz dioen
bitartean; ez du zuk ukitzerik nahi, berak nahi dizu zuri plazera eman.
Harri hotzean etzatera gonbidatzen zaitu. Harkaitzaren hoztasunak eszitatu zaitu,
baita azala urratzen dizun harri txikiak ere. Zure gainean etzan, eta kontu handiz,
begiradak elkarrengandik baztertu gabe, eskua jaitsi eta pubisean duzun ileekin
jolasean hasi da, bere hatzen artean korapilatzen ditu, zuk lehen egin duzun bezala.
Une horretan konturatzen zara dena ikusi duela, baina jada ez zaizu axola.
Titipuntak miazkatu dizkizu, lehenengo bat eta gero bestea. Ez du presarik, leun doa.
Plazera izugarria da. Zure gorputzeko profilak mihi hezearekin zeharkatzen ditu
samurtasun handiz. Gerriko parean geldiunea egin eta koskada txikiak ematen
dizkizu. Zilborrarekin jolasean ari den bitartean, eszitazioa hain duzu handia, bizkarra
kakotzen duzula hezur-haragizko zubi perfektua eraikiz. Eskuak gerriaren atzetik sartu
dizkizu, zure pisua bere eskuetan uzten animatzen zaituen bitartean. Eta beherantz
jarraitzen du, bi izterrak goitik behera lamiazkatu eta gero, sudurra zure aluaren
barnean sartu du presioa eginez, esentziarik intimoena lapurtu nahi balizu bezala.
Arnasten duen bakoitzean, zure kobazuloaren hormak sudurrean itsasten zaizkiola
sentitzen duzu; keinu horrek burua leherrarazten dizu, ez baituzu inoiz horrelako
sentsaziorik izan. Ondoren, zure klitorian ere sudurra pausatu du. Usainketaren jolasa
irakiten utzi zaitu eta klimax-era ailegatzen zaudenean, gelditu egiten da eta begietara
begiratzean, irriñoa oparitu dizu. Boterea berea dela ulertzen duzu, baina berdin zaizu.
Azken erasoaldia egitera doa. Klitoria indarrez eta intentsitate handiz zurrupatzen
dizu, bere hiru behatzak batera zure baginan sartzen dituen bitartean, zuk lehenago
egin duzun bezala. Ezin duzu gehiago eta mendi gailurrera heltzen zaudenean, bere
hatzetako bat eztiki sartzen du zure uzkian, eta orduan ulurik sakonena entzuten da
Supelegor barrenean.
Gorputzak banatzen dituzuen bitartean, bere ezpainak zuretan pausatzen dira azken
agurra emateko. Zure barreneko esentzia guztiak musu horretan itsatsita daude,
zapore horien nahasketa errepikaezina gustuko duzu; orduan, mingaina barruraino
sartu diozu listua eta hatsa lapurtu nahian, lurrin horiek tatuatu nahi dituzu, betiko,
lehen egiten zenuen bezala. Inoiz bizi izan duzun despedidarik motzena eta goxoena
izan da, zuk nahiko zenukeena baino laburragoa. Azken irribarrea eskaini dizu, zure
eskua askatu, eta lakua zeharkatu du, biluzik.