Etxeratutakoan

Gaur berriro hurbildu nahi dut zugana. Egunsentiak esnatu nauenetik ibili naiz zure
gogoz. Badakit, ordea, ez zaitudala gordeleku honetan sekula aurkituko, sekula ukituko,
sekula laztanduko.
Ilunpetatik sortutako itzalak legez hasi gara ateratzen guztiok, ilaran, pausoak ere
bateratsu, arrastaka bezala, itzalak lurrera jositako hari fin zetazkoak apurtzeko
beldurrez ibiliko bagina bezala, lausotutako zoru gris horretara tente jositakoak.
Jantokira iritsi beharreko lehen atea zeharkatu eta ez dut paradarik izan zugana
hurbiltzeko; oroimen oneko ikasletzat ninduten txikitan herriko eskolan, halaber, gaur
ez dut oroitzapenik marrazteko abileziarik izan, ez dut zure izerdi lurrinik sumatu.
Eskailerak jaisteko eskudela oratzean sentitutako hozkirriak gorputzean eragin didan
dardarak eraman nau berriro ere zugana hurbiltzeko gogoa piztera, beste edozein
egunsentitan ez bezala oraingoan; bigarrena, hirugarrena, laugarren atea, baina ezer ez;
zaila egiten zait mamuen eta izuen artean zurekin egoteko abagunea aurkitzea.
Jantokian altzairuzko erretilua bete dut, goizero bezala, astero bezala, urtero bezala,
baina ez nau horrek asebete. Ez nau hemen aurkituko dudan ezerk asebeteko;
horregatik, gaur ere zugana hurbildu nahi dut. Kafesnez busti ditut ezpainak; epeltasuna
sentitu dut beheraka, eztarrian, sabelean; eskuekin berotu beharra dut, ordea,
hankartea, bustita senti nadin berriro ere, umel, dardarti, hasperenka zure besoen
artean.
Korridorean aurrera egiten dugu guztiok, argitasunaren bila, aire garbiaren atzetik,
hauspoa lasai betetzeko helburu bakarrarekin; hala ere, iluntasunean nahiko nuke egon,
zure ondoan izango balitz, zure hatsa barruraino arnastu eta hauspoa hustu arte bion
arteko kulunka lasaian galduko bagina.
Ezin dut, baina. Patioko pareta altuenaren oinetan lekua hartu dut, inguruko lapur,
hiltzaile, tratu txarren emaile, bortxatzaile eta abarren artean. Begiak itxi ditut eguzkiak
azala epeltzen didan bitartean, buruak zure ondora hurbildu nazan; patioko marmarra
olatuen soinu bihurtzea bezain zaila egiten zait. “Oso estudiante aurreratua bere
adinerako, memoria bikainekoa, arbelean idatzitako edozein esplikazio lehen begikolpean harrapatzen duen horietakoa” hala azaltzen zion amari andereño Pilarrek
eskola-bileretan. Nahiko nuke eskolako patioa.
Orduak igaro ditut burua zure ondora eraman nahian, horrek bakarrik lortzen baitu
denborari bere pisua, benetako pisua, ematea. Ez dut sekula orduak minutu bihurtzerik
lortuko hemen nagoen bitartean, ez dira erlojuaren orratzak presaka azkartuko, hodeiak
zeruan pausatzen diren bitartean.
Ez da inguruko inor jabetuko, ez dut imintzio txikiena ere agerian utziko; buruak zugana
hurbiltzeko abagunea eskainiko balit…
Sirena hotsak altxarazi gaitu eta bizkar-orbanak baino ez dira gelditu horma luzean;
sekulako sargoria egiten du uda partean inguru honetan, eta kostaldetik hurbil egon
arren, pareta hauen artean ez da haizerik nabari. Goizeko bideari ekin diogu berriro ere
denok, baina kontrako norabidean: lehenengo atea, bigarrena…
Iritsi naiz, azkenean, nire azken urteetako gordelekura, nire bakardadearen egongelara,
logelara, komunera; nire 6 m2
-ko denera. Eta hemen, eguzkiak zeharka hartzen duen
nire ziega honetan hartu dut atseden, berriro ere atseden. Lurrean eseri naiz gaurkoan
eta zugana hurbiltzeko proposamena egin diot neure buruari, laztana. Adinean aurrera
eginikoak gara jada eta atzean gelditu dira andereño Pilarren laudorioak. Irudikatu nahi
dut, hala ere, elkarren arteko une gogoangarriren bat.
Proposamen horretan, une batez, azkenik, lortu dut egun horietako bat marrazten
hastea:
Udako izaren artean kiribilduta aurkitu zaitut, biluztasunerako pauso txiki baten bidean,
goizeko argia pertsiana itxi gabeko zirrikituetatik beldurti sartzen den bitartean. Ni
bezain beldurti, gaztetasunaren jakingabetasunak eragiten didan beldurraren jabe.
Pausoak emateko segurtasun-ezak harrapatuta egiten dut aurrera, poliki-poliki. Etor
daitekeenaren axolagabetasun eta inkontzientziaren nahasketa baten zurrunbiloan
sartuta iritsi naiz ohe ertzera. Umetako hondartza hartara eramaten nindutenean
ikusten nuen itsasoa bezain zabal eta urruneko egiten zait orain zure hankarte bukaeran
antzeman dezakedana.
Barruko senaren eta ezezagutzaren arteko gatazka horretan, eskua pausatu dut zure
orkatilan, eta, makurtu bitartean, ezpainekin lehenik eta mihiarekin gero dastatu ditut
zure hankak, zure borobiltasunari erreparatu diot, zure edertasunari so mututu dira nire
begiak.
Esna zaude jada, hala adierazi didazu hankak loaldiko kiribildu horretatik askatu
dituzunean; ez duzu begirik zabaldu, baina ezpainak emeki busti dituzu, gosetuta zu ere.
Eskuak libre dituzu, eta hala nahi dituzu, libre, atzamarrak zabalik, maindireak oratu
gabe, haien gainean aske utzita bezala. Segidan biratu duzu burua ezkerreko aldera. Ile
motzak erraztu egiten dizu eskuak libre mantentzea, zure aurpegia garbi ikusteko aukera
eskainita eta lepoa luze jarrita.
Ari naiz, hasi naiz, gora eta beherakako mugimendu geldoez zure azalean gutxinakagutxinaka lurrak konkistatzen. Bezperan hondartza txiki hartan hartutako bainuen
ondorio den kresalaren garraztasuna dastatzen dut, mihiarekin hanketan gora jarraitzen
dudan heinean. Oraindik ere eskuak inon jartzeko beldurrez, belauniko jarri naiz, nire
hankak zureen artean tartekatuta eta eskuak ohe gainean tente jarrita, bide horretan
goraka egiten jarraitzeko lagungarri.
Hasieran kiribilduta ziren hankak aske zabalik utzi dituzu orain, buruz behera, baimen
guztiak eskainiz. Zuhurtziaz jokatu behar dut, ezagutu nahirik, jakin nahirik pausoak
behar bezala, zuk nahi bezala ematen ditudala. Orduan, maindire gainetik arrastaka,
eskua luzatu duzu nire besoa gogor oratu arte eta zure ipurdi-masiletara hurbildu duzu
nire eskua. Hala egin dut nik beste eskuarekin ere eta gogor heldu ditut bi masailak.
Iritsi naiz biok nahi genuen hankartera eta nire listuarekin bat egin dute zure izerdi,
kresal eta barneko umeltasunek. Lehen hasperen xumea atera duzu orduan, inolako
lotsarik gabe, mingainaren azalera busti, bigun, likatsuak zure hankarteko ezpainak
laztantzea gustuko duzun seinale. Klitoriak ere inolako konplexurik gabe eskatu du bere
protagonismoa; merezi duen garrantzia eman nahian, emetasunaren seinale garbia den
altxor horretan, irabazitako begiramenarekin eskaini diot tratua. Horretan jarraitzeko,
ez denborak, ez guk ez dugu presarik, eta hala aritu naiz zure barrena dastatzen eta zure
hasperenez gozatzen. Ni ere ordurako bero, tente eta gogor.
Eskuekin masailak oratuta, irekiera horretan gorantz arrastatu dut mingaina eta ipurdi
barreneraino eraman dut mihi-punta. Zuloa bustitzeko, zabal, nasai, erruz erabili dut
gero mihi azalera osoa. Hasperenak luzatu dituzu, sakondu dituzu, nire urratsak bidetik
atera gabe ematen jarraitzeko aukera egokiak hartu ditudala adieraziz.
Ezezagutzak, segurtasun-ezak, inkontzientziak edota gaztetasunak ahaztuak ditugu jada.
Ez dago atzerabiderik eta ez dugu atzera egin nahi, biok bilatzen dugu elkar. Hankak
luzatzen hasi, eta zure leporaino iritsi naiz, bertatik belarrira egin dut eta hura ere sexuzulo bihurtuta miazkatu dut.
Etzana naiz ordurako, zure bizkarra bularraldean sentitzeak eragin dit sekulako zirrara.
Hankartean sentitu duzu zakilaren azal leuna; tente bezain ezti, leun, gozo darabilt gorabehera, laztanean, aluko ezpainen artean kulunka motelean. Ez dugu inolako presrik.
Hurbil dabil zakila, baina ez da bera, ez naiz ni unearen jabe. Momentuak noiz iritsi behar
duen jakiteko zain zoratzeko nagoela, sabelaldea altxatu duzu emeki, eta, inongo
eskuren beharrik gabe, zakila zure barnealderantz irristarazi duzu; barruratu nauzu.
Sartu-irten motelean aritu gara orduan. Besoak besapetatik igarota, sorbalden
azpialdetik oratzen zaitut nik. Zuk ene zakila besarkatzen duzun bezala zaitut nik ere
besarkatuta. Gure gorputzen barreneko galdaratara iritsi gara, gori-gori dagoeneko.
Zure eskuek maindireak gogor zimurtzen dituzte orain, baina hasierako askatasuna
mantenduz. Hasperen artean galduak gaude. Denborak bere zentzua galdu du, ez da
erlojurik munduan momentu hau neurtuko duenik; orgasmorik garaienetara iristeko
gogoz amorratzen eta, aldi berean, une hau sekula bukatu behar ez delako esperantzan
ari gara kulunkan, ari gara dantzan.
Dantza horretan murgilduta galdu naiz nire irudimenean, sirena hotsak zure barrenetik
aterarazi eta Puerto Santamariako ziega honetako errealitatera ekarri nauen arte. Baina,
lasai, laztana, egingo dugu topo berriro ere bihar, etzi… Elkartuko gara berriro ere
edozein hondartzatan, baso itzaletan, uretan, kulunkan… Egunero hurbilduko naiz
zugana memoriak laguntzen didan bitartean edota kartzela betiko utzi eta
etxeratutakoan.