Distopia Bertikala

Begi bat ireki nuen. Ilun zegoen oraindik. Lo zeuden denak nire inguruan. Arnasketek,
zurrungek eta bafadek horrela adierazten zuten. Sudur punta hotz nuen, kanpoko
tenperaturaren seinale. Tapakien azpian, aldiz, goxo nengoen. Goxo. Eskuak hankartean sartu
nituen, eta hankak luzatuta, indarra egin nuen. Genitalak eskuen kontra estutu nituen. Edo
eskuak genitalen kontra. Estutu. Goxo eta tinko. Tinko eta goxo. Hasperen isila egin nuen.
Pilota bat egin nuen tapakiaren bazter batekin eta pototaren kontra igurtzi nuen, leun
marruskatu, behin eta berriz, behin eta berriz. Indarka, arnasari eta hasperenei eutsiz, larruzko
pilota estutu nuen klitoriaren kontra, ondoko gorputzen mugimenduek nire plazera eten zuten
arte.
-Egun on, Sukiletx! -erran zidan Lekimek-. Gaur bakarrik geldituko zara Sai-ziloan.
Plazeretik ezustera, ustekabean harrapatu ninduen lanen arduradunaren iruzkinak.
-Dagoeneko hamasei eguzki-ziklo bete dituzu eta klanean ardura gehiago hartzeko unea
ailegatu zaizu -nonbait, nire harridura aurpegia ikusita, bere erabakia justifikatzeko beharra
sentitu zuen Lekimek. Berak ez zekiena zen nire gorrialdiak bertzelako jatorria zuela-. Badakizu
-jarraitu zuen-, erraza da, hamaika aldiz egin duzu gurekin: zaindu ez dadila inor gainetik etorri,
mantendu liburuen aretoko sua, eta adi egon sokak eta esku-eskailerak botatzeko azpitik
etortzen garenean.
Lekimek emandako ardurak urduritasun punttu bat eman zidan, hotzikara ttipi batek astindu
ninduen.
Ohi bezala, aitzineko eguneko artopilak ahuntz esnetan gosaldu genituen. Nik bederen, ez
nuen bertze gosaririk ezagutzen, baina egia zen gosari hark indarra eta energia ematen zuela ia
egun guztirako. Artoa zailagoa zen erdiesten baina ahuntzak nonahi zeuden, edozein
amildegitan grabitateari izkina egiten. Irlintziko klanaren antzera, amildegietako gordelekuetan
bizi baikinen.
Lekimek iragarri bezala, klaneko kide guztiak joan egin ziren gosaldu ondoren. Batzuk zuntz
begetalez egindako esku-eskaileretan beheiti, bertze batzuk Oparo-aro garaiko nylonezko
poliamidaz egindako soketan barna blokeadoreen laguntzaz.
Den-dena bildu nuen goiti Sai-ziloko bazterreraino eta klaneko kideak begetazioan nola
desagertzen ziren behatu nuen. Instintiboki, buru gainean nituen paretetara eraman nuen
begirada, mehatxu ikusezin bat sentitzeraino. Distopikoak etorriz gero, gainetik etorriko ziren.
Haiendako errazena zen, zalantzarik gabe.
Distopikoak eta utopikoak, horrela banatzen zen mundua ni sortu nintzenerako. Distopikoak
horizontalean bizi ziren, indibiduoen ondasunen metaketan oinarritutako sistema bertikal
batean. Utopikook, aldiz, bertikaletan bizi ginen, naturaren biziraupena helburutzat zeukan
talde-lan horizontalean. Distopikoek burdinaren gogortasun sendoa zeukaten; utopikook zuntz
begetalen elastikotasun paregabea. Distopikoek gehiegizko oparotasuna bilatzen zuten;
utopikook berdintasunezko giza-justizia. Distopikoek luxuria kontrolaezina praktikatzen zuten;
utopikook sexua, jokoa eta plazera.
Trantsizio batean geundela zioen Lekimek, Utopiarako bidean. Oparo-aroa oso bertzelako
garaia izan omen zen, ondasunen metaketa indibidualistan eta errekurtsoen xahuketa eroan
garatutakoa. Kolapsatu egin zuena, hain zuzen. Ez une puntual batean, ez, baizik eta
hamarkada pare batean. Orduan hasi omen zen utopikoon iratzartzea. Konbentzimenduz nahiz
halabeharrez. Lekimek trantsizioa deitzen zion gure garaiari, oraindik ez baitzegoen argi nor
gailenduko zen: distopikoak (irtenbiderik ez zegoela defenditzen zuten indibidualistak) ala
utopikook (errespetuzko mundu orekatua eraiki nahi genuenok). Trantsiziozkoa ere oraindik
bazeudelako garai zaharreko (Oparo-aroa) materialak Utopiako materialekin batera. Gure
habia zen Sai-zilora sartzeko esku-eskailerak eta sokak horren lekuko. Sai-ziloan babesten
genituen liburuak ere, adibidez, zaharrak ziren, Oparo-arokoak.
Liburuak erretzea distopikoen ohiko jarduera zen, batez ere liburu erotikoak eta sexuari
buruzkoak, asmo oneko gizakien morala iraintzen omen zutelako. Utopikoon arduretako bat,
beraz, askatasunaren, sexuaren eta plazeraren izenean, liburu horiek babestea bilakatu zen.
Utopikoon bizitokiak baina, kobazuloak ziren eta kobazuloetan ia ehuneko ehunekoa zen
hezetasuna, liburuendako ezin giro kaltegarriagoa, alegia. Hortaz, kobazuloan apur bat isolatua
zegoen areto batean egokitzen genituen liburuak, eta su bat pizten genuen eguneko hogeita
lau orduetan. Egun hartan, bertze ardurez gain, liburuen aretoko sua mantentzea zen nire
betebeharretako bat.
Lehen aldia zen Sai-ziloan bakarrik gelditzen nintzena. Isiltasuna arrotza egin zitzaidan, nire
pentsamenduen oihartzunetara berehala ohitu nintzen arren. Liburuen aretoko hezetasuna
idortzeko sua arrunt apal zegoenez, egur pare bat bota nuen. Lekimek zioen gisan, egur hark
hirugarrenez berotzen zuen: lehena egurra bera egitean, bigarrena Sai-zilora igotzean, eta
hirugarrena garretan erretzean. Pilatutako egurretik liburu mukuruetara joan zitzaidan
begirada. Besoa luzatu eta liburuen solomoak laztandu nituen atzamarrekin. Liburu bat,
niregana etorri nahi balu bezala, mukurutik erori eta nire oinen ondora amildu zen. Hartu egin
nuen. Ireki eta, zergatik jakin gabe, liburuak gauza ez naturalak zirela pentsatu nuen papera
ferekatzearekin batera. Orriak pasatu nituen tximeleta baten hegaldia imitatuz. Alu baten
lehen plano baten irudiak nire arreta deitu zuen. Potota ederra hura. Ondoko argazkian
emakumezko bat ageri zen biluzik, Oparo-aroan existitzen ziren bizikleta baten gainean. Irriño
bat joan zitzaidan ihesi.
Liburua itxi eta izenburua irakurri nuen: “Klito mendian gora eta behera”.
Izenburu ezin kitzikagarriagoa zen. Jakin-minak liburuaren orrialdeetara eraman ninduen eta,
postura harturik, irakurtzeari ekin nion.
Ikaragarria zen orri haietan kontatzen zena. Oparo-aroa baino lehen, distopikoen XVI.
mendean, bi anatomistak, biak gizonak, noski, klitoria deskubritu izana aldarrikatu zuten
eztabaida akademiko nahaspilatu batean. Zozoak biak, benetan sinesten al zuten beren
aldarria? Bistan denez, medikuez gain, emakumeek aski ongi zekiten hankartean zeukaten
plazeraren banabarra.
Enfin, distopikoen gauzak.
Potota jatea, adibidez, zuk norbaiti edo norbaitek zuri, gehien gustatzen zitzaidan sexu-jokoa
zen. Bada, milaka urte lehenagoko literatura greziarrean, lesbianei edota erekzio arazoak
zituzten gizonei baino ez zitzaien onartzen, bigarren mailako praktikatzat hartuta. Are gehiago,
“Y”an afaltzea (cunnilingusa praktikatzea, hain zuzen) ohiko iraina zen greziarren artean.
Horrelako kontu eta anekdotez betea zegoen liburua, erdi harritu erdi mindu egiten
nindutenak. Nolanahi dela, ohartu orduko esku batekin ari nintzen liburua kontzen eta bertzea
hankartean neukan, Colombo eta Falopio delako anatomistek deskubritu omen zuten
amodioaren marrubia ferekatzen. Kobazuloko paretaren kontra bermatu nuen bizkarra, eta
liburuko argazkiak eta irudiak begiratu nituen klitoria estutzen eta igurzten nuen bitartean.
Arnasa azkartu egin zitzaidan eta belarrien atzeko lepoaldean bero hotza sortu zitzaidan.
Begiak itxi nituen eta liburua lurrera erortzen utzi nuen. Esku liberatu berriarekin gorputza
ferekatu nuen antsietatez, eta hanketan indarra galduko banu bezala, lurreraino egin nuen
bizkarra paretatik irristatuta. Tarteka-marteka atzamar bat sartzen nuen alu bustian,
ipurmasailak estutzen nituen indarrez. Arnasestuka, gorputz guztia laztandu nuen. Lepoaren
atzeko aldeak hotzikarak eragiten zizkidan. Titiburuetan zimiko ttipiak egiteak mina eta
plazeraren arteko gozamena ematen zidan. Pototaldean astinaldi azkarrak egiten hasi nintzen
arnasari eutsiz, klitoriaren gainetik, zorabiatu behar nuela sentitzeraino. Bat-batean, adar
baten deiadarra entzun nuen, baina ez orgasmo txundigarri baten alegiazko adar bat, baizik eta
Irlintzi klanean bertan erabiltzen genuen adar-deiadar bera.
Urduri, lurretik altxatu nintzen oihal-jantziak ongi paratuz eta Sai-ziloko ahora abiatu nintzen.
Ahotsak aditu nituen, oihuak, eta berehala ikusi nituen Lekime eta bertzeak bertikalaren
oinarrian.
-Bota esku-eskailerak eta sokak, fite!
Beroaldia pasatu orduko, klaneko bizpahiru gazte Sai-ziloan zeuden, polea eta kontrapisu
sistema bat erabilita bi zera pisutsuak goititzen. Gertatzen ari zena ia ulertu gabe, kontrapisu
haien zama nire begi parera agertu zen: bi distopiko!
Klanekoek borroka izana zuten distopiko multzo batekin talka egin ondoren, eta haietako bi
gatibu hartu zituzten. Distopiko gatibuak, klanean txirikordatutako soka hoberenekin lotuak,
Sai-ziloan atxikiko genituzke, gutakoren bat gatibu eroriz gero txanpon-truke izateko. Orduan
ohartu nintzen klaneko jendea falta zela.
-Sukiletx! Zaindu bi gatibuak eta adi egon bertikalean!
Agindua emanik, soketan beheiti desagertu ziren berriz Lekime eta bertzeak. Antza,
distopikoekin izandako talka ez zen Sai-zilotik oso urrun eta borrokak jarraitzen zuen. Urduri
samar, sokak eta esku-eskailerak jaso nituen. Isiltasunak Sai-zilo guztia hartu zuen berriz, istant
bat lehenago gertatutako eromena ametsa balitz bezala. Burua jiratu eta kobazulo barrenera
begiratu nuen. Lurrean zeuden bi distopiko gatibu haiek gertatutakoa errealitatea zela
baieztatu zidaten.
Zalantzek eta beldurrek borroka egin zuten nire erraietan baina, azkenean, haiengana eraman
ninduen jakin-minak.
Metal astunez osatutako armadurek beren gorputz atal nagusiak estaltzen zituzten. Kaskorik ez
zuten, eta oihal banak estaltzen zizkien begiak. Batek zaharragoa ematen zuen, gihartsuagoa.
Gazteagoak aiene egin zuen, kexu. Arretaz begiratu nion, harriduraz. Zauritua zegoela ohartu
nintzen. Eskuak bizkarrean lotuta zituen eta saihetsean odola zerion zauri irekia zeukan
agerian. Etsaia zenik pentsatu gabe, zauritua zegoen gizakia zen, eta zauria garbitu beharko
niola iruditu zitzaidan. Intsusa-ura hartu nuen ontzi batean, eta kotoizko ehun batzuen
laguntzarekin, zauria garbitzeari ekin nion.
Distopiko gatibua, kexu, nire hurbiltasunaz ohartzean, mugimendu zakar batzuk egiten
ahalegindu zen. Alferrik, ongi lotua zegoen eta. Ezin zen mugitu.
Goititik beheiti hasi nintzaion zauria garbitzen, ahal izan nuen guztia, gerrialdeko armadurak
traba egiten zidalako. Harrizko nabala baten laguntzarekin armaduraren sokak moztu nizkion.
Nabala berarekin arropa urratu nion armadura zatiak kendu ondoren. Saihetseko zauriarekin
batera, bere genitalak agertu zitzaizkidan parez pare. Zauria garbitzen jarraitu nuen. Bukatu
nuelarik azkarrago orbantzeko basailen ukendu oliotsua eman nion, eta kontrakoa saiatu
arren, distopiko gatibu haren zakil mortuak nire arreta bildu zuen. Konturatu gabe, orbantzeko
ukendu oliotsua hasi nintzaion ematen genitaletan eta, fereken eraginez, distopikoaren zakila
gogortzen eta tentetzen hasi zitzaidan eskuetan. Sentsazio kontrajarria zen, desira eta
higuinaren artekoa, baina zakil gogor eta bero hura eskutan edukitzea esperientzia bitxia zen,
are gehiago distopiko batena zela kontuan hartuta. Zakilaren larrua goiti eta beheiti astintzen
hasi nintzen, klaneko mutilei egiten hamaika aldiz ikusia nien gisa berean. Gatibuari arnasa
azkartu egin zitzaion eta hasperen apalez bete zuen Sai-zilo guztia. Erabat kitzikagarriak ziren
gatibu lotu haren aiene eta intziriak. Esku batekin nire lepoa laztandu nuen eta zakila astintzen
zuen eskuaren erritmoa azkartu egin nuen. Eskuarekin batera gatibuaren arnasa azkartu zen.
Berehala ailegatu behar zuen klimaxera, arras distopiko pentsatu nuen. Erritmoa moteldu
nuen, eta posizio erosoagoa hartzeko, jiratu egin nintzen. Orduan ikusi nuen, bat-batean,
bertze distopiko gatibua nire gainera amiltzen zela. Nola edo hala lotuta zeukaten sokak laxatu
egin zituela ulertu nuenerako, sekulako kolpea eman zidan buruan egur batekin, konortea
galtzeraino.
Denbora kalkulaezin batez egon nintzen konorterik gabe Sai-ziloko lurrean, eta desorientaturik
iratzarri nintzen. Kobazuloko ahora begiratu nuen. Soka bat eta esku-eskailera bat hedatuak
zeuden bertikalean beheiti. Berehala ulertu nuen gertatutakoa, distopiko gatibuek ihes egina
zutela, alegia. Soketara hurbildu nintzen eta, harrituta, bertikalaren oinarrian zetzan distopiko
gatibu zaharraren gorpua ikusi nuen. Utopikoon mundu bertikaleko sokekin moldatu ez, eta
eskuak urraduraz erreta, hutsera amildua zen, Naturak mendeku hartu izan balu bezala.