Sorginkerietan


Haizea dator
gure ileak nahasi
eta badoa.


Haiku IV, Kartzelako poemak, Joseba Sarrionandia


Taberna zulo hartako argi urdinak elektrizitatea nola mugitzen ziren espazio itxian. Kanpoko hego-haizeak txoraturik zeuzkan bertaratuak, eta lau horma haien barnean azala azalarekin igurztean,
pasioak kutsatzen zirela zirudien.
Baserritar jantziek ordezkatu zituzten arropa garaikideak. Lihozko alkandora zurixkak izerdiarekin gardentzen ziren, eta gerruntzeak estututako bularraldea askatu nahian sentitzen zen, tradizioari traizio egiteko gosea. Sagarrari kosk egin ezin bazitzaion, beti edan zitekeen sagardotik. Gutxi eta maiz, diote; dioten eran sua eta ura belaunetatik behera. Baina itsasgorarako gutxi falta zela
zirudien gona luzeak eta gonazpikoak ikusita: olatuak eta aparra, urpean geratuko zen harrapatzen
zuen dena, hasi oinetatik eta goraino. Eta zeinen dotore geratzen zitzaizkion alpargata zuriak trenean ikusitako neska ilegorriari, sentsual eta arin, oin-puntetan ibiliko balitz bezala. Nora joango ote
zen?
Ukondoan ukituak nabari nituen orduan. Musikaren erritmora biratu nintzen, eta hortxe ikusi
zintudan oraindik arratsaldeko irribarrea erantzi gabe. Donostiako Boulevardean zen, dantza-borobilera lotuta zinen, eskuak airean kriskitin-kraskitin. Alkandora erantzita behar zenuen, abenduaren
hogeita batgarrenean ez zen eta normala halako berotasuna. Zeraman tirantedun beltzak gerruntzearena egiten zizun, bularrak estu-estu zenituen: botoiak askatzeko estrategia egokia ondu behar. Gona
beltza zetorkigun gaua zen, eta puntu zuriak zeru ilun eta oskarbia argituko zuten izarrak. Gonazpiko zuritik zintzilik, justu zure belaunen gainetik, bi zinta, bat gorria, bestea berdea, eta galdegiten
nion nire buruari duda-mudatan: zer ote debekatuta eta zer baimenduta?
Debeku zerrendak aspalditik ezagutzen genituen. Marra gorriak non marraztu zituzten jakin
nekien, baina tentazioa, kitzikadura, horixe bera da: sekretuan eta inor ohartu gabe jauzi egitea.
Kontrabandoan desioak, fantasiak, ametsak eta xuxurlak, gorputz batetik bestera doaz ero, saltoka,
brinkoka, trostan.
Eta orduantxe, so zure geografiara.
Baimenak bilatu nahi nituen zure keinuetan, begiraden norabidean, intentsitatean, beheko
ezpainean goiko hortzek utzitako marka sentsualetan. Hipnotizatuta, ergelduta, sorginduta nintzen
zu dantzan ikusita, ezker-eskuin, jiraka eta biraka ile-adatsak hegan, libre, eta edonor txoratzeko
irribarrea ezpainetan. Obsesio sukarra: nostalgia faltsua eta fantasia lizunena txortan ari ziren nire
garunean, eta parranda-kideak bizilagun kexu ziren ulertzen ez zuten infernuaren aurrean. Lekuz
baino jokoz kanpo sentituta, handik hanka egitea proposatu zuen suminduenak, eta ukondokada batez atera ninduen nire ganbaratik.
Eta zuk beste bat eman zenidan taberna zulo hartan.
Aitor dizut ilusioa ezin izan nuela ezkutatu, are gehiago eskutik heldu eta zure dantzara bildu ninduzunean. Zeinen hurbil sentitzen nuen zure gorputzeko berotasuna! Gerritik heldu nizun, eta
ezpainak nire belarrira hurbildu zenituen, bestela ulertzea ezinezkoa baitzen eta.
Zuk uste duzun hori naiz, xuxurlatu zenidan.
Korapilo bat egin zitzaidan eztarrian, eta hitzik artikulatu ezinda sentitu nintzen une batez.
Bestetan ez zara, bada, honen isil ibili, eta barre egin zenuen.
Abesti komertzialaren erritmoan eraman ninduzun hormak topea egin zuen txokoraino. Bero
egiten zuen, heze zegoen. Ze koba klase zen hura? Lurrunak hartua, bederen, pentsamenduak erabat
lanbrotuta bainituen, eta ez nintzen ezertxo ere ikustera ailegatzen. Soilik zu, ipurdia nire sexuaren
kontra jarrita dantzatzen zenuena ziurtatu nahian, akaso, aurreko jolas guztien egiazkotasuna. Hazi
zen desioa, bai eta haragiztatu ere. Bira eman zenuen, ipurdi masailez harago, hankartean ere sentitu
nahi baitzenuen haragizko nahia. Izerdi tanta bat irristatzen zitzaizun lepotik eta jaitsi zen bular-tarteraino. Begiradarekin jarraitu nuen galdu zen arte zure eskotean. Bidexka hartan gehiago jarraitu
nahi, eta ezin. Debekua hortxe al zegoen?
Mugako alde batetik bestera saltoka jostatzen direnen pare, aho mutua bularraldera arrimatu
nizun, eta oihalen erresumatik gora, azala miazkatu nizun geldo, bero, pausarik gabe, izerdiaren
arrasto azukretsuari jarraikiz, harik eta iritsi nintzen arte belarri ertzera. Kateatu nituen orduan atzamarrak zure adatsetan, katramilatu, korapilatu, askatzea zailegi egin zitzaidan, eta matrailetik kokotsera, ezpainak oso hurbil zeuden jolasa eskatzeko. Hats beroa eta alkohol usaina.
Eskua gerritik ipurdira mugitzen nuen ez zitezen handik mugi. Segurtasun-neurri absurdoa
besterik ez zen, ordea, handik ihes egiteko ekuazioetan ni neu sartu baininduzun jada. Nire beheko
ezpainari kosk egin zenion amua irentsitako arrainak nola. Begiradak gurutzatu bezala kateatu ziren,
bat-batean, urtzeko. Ezpainak elkartu genituen, umel zeuden, eta mihiek kiribilean dantzatzen zuten,
elkarren artean korapilo hezean.
Bozgorailuei zerizkion soinu-uhinak desagertu ziren nire pertzepziotik bihotz-taupadak aditu
nizkizunean. Ingurua amildu zen, eta zure begiradaren garrak besterik ez ninduen argitzen leize hartan.
Irribarre gaiztoarekin begiratzen ninduzun musuak eteten genituenean, lepotik zintzilik.
Ondo zenekien nola jartzen ninduen inozentzia faltsu horrek. Hatz puntekin zirkuluak egiten zenizkidan bizkarrean, eta ile-adatsak lodi eta izerditsu erortzen zitzaizkizun kopetatik behera. Urpetik ir-
ten berri den sorgina zinen, bere basan miretsia. Miazkatu zenidan lepoa eta belarrian hozka txikiak.
Kili-kili kilimak. Ihes egin zidan txilio txikiak, eta zuk antzeman, utzi baitzenuen erortzen eskuin
eskua leunki nire gorputzetik urrundu gabe, eta izterretara iritsi berritan hasi zenuen beheko jolasa.
Esna zegoen piztia etxekotu nahian? Igurzten zenuen behetik gora eta goitik behera, hats beroa botatzen nuen, eta maleziaz begiratzen ninduzun. Galtzak estu sentitzen nituen, zure hatzen magia aski zen are tentatuago senti zedin. Baina tentazioa aldebikoa zen, eta eskua sabelera igo bezain
pronto zuzendu zenuen berriro ere hegoaldera, lurralde beroetara, infernuetara. Galtzen barruan sartu nahi izan zenuen, geldiarazi zintudan saiakeran. Ez zen tokia horretarako, ez nuen nahi horretarako tokia izan zedin.
—Goazen beste norabait.
Morboa ematen zizun leize barnean desio primitiboenak gorpuztea, haragitzea. Une batez,
ekuazioak berregingo zenituela pentsatu nuen, jolasa amaitu zela, akabo ordura arteko dena. Zenbait
muga gainditzeak beldurra ematen du, ordea, konjurua gaizki esan, eta sasi artean harrapatuta gelditu izan banintz bezala noizbait. Sorgin baldarra naiz.
Zure eskutik helduta, baina, beldurrik gabe hegan egiteko ausardia kutsatu zenidan. Joan ginen jendez mukuru zeuden kaleetan sigi-sagan, arineketan, bihurrikeria bat egitear dauden gaztetxoen pare. Irri egiten zenuen, begiak dirdizka zenituen. Atzetik jarraitzen zintudan, nora eramango
zenidan ideiarik izan gabe. Ez nendin kezkatu errepikatzen zenidan behin eta berriz, bertara iritsi
bezala dastatuko zintudala, eta ni erabat gosex, ezagutzen ez nuen lurralde hartara ailegatu nahi
nuen.
Muxuak elkarri lapurtzen ibili ginen babesleku intimora iristeko baldintza bailitzan. Nerabeak ematen genuen, baita natura partzela baztertuan barneratu ginenean ere. Lurra heze zegoen
han, berdea iluntasun beltzak ezkutatzen zuen, eta gu geu ere ezkuta gintzakeela esan zigun ilargiak.
Hosto artean iradokizun zen, silueten marrazkilaria, konplizea, konfidentea eta nahi izanez gero,
xantaia-egilea.
Ezpainak urtsu ezpainen aurka, eta piztiari hots egin zenion berriz. Istantean kasu egin zizun, eta esku epela jostari hankartean nabari nuen. Jolaserako gogo biziz, laztan eta igurtzi, nik zu
eta zuk ni, askatu nizkizun askatu nahi nizkizun botoiak: bular haragitsuak eskura bigun eta ahora
ezti. Kilimak sentitu zenituen, eta barreak ahotik ihes. Gelditu nintzen, nahiz eta zuk nahi ez ni gelditzea. Eskuin eskua likinago, ahora eraman zenituen hatzak, eta katu bat miazka, basatiago ipini
nintzen: bekatariago, sugeago, batzuen hiztegietan; animaliago, senari atzetik jarraituz besteen mintzairan. Zein animalia ote ginen, katu, suge, arrain, txori, zaldi, orein? Zein basapizti etxekotu ezin
zena? Sorginak hego-haize egunean kiribiltzen eta kiribiltzen, korapilatzen korapilatuago. Ahora
eraman zenuen zeuretzat nahi zenuen haragia, eta mihi-puntak irrist! Eremu labainkorretan oinutsik
ibiltzeko tentazioari ezin eutsi.
Endredatuak nituen hatzak zure ile-matazetan.
Endredatua zenuen mihia nire buztanean.
Ahaztu nuen denborarik bazela, ahaztu nuen espaziorik bazela, harik eta zutitzea erabaki zenuen arte. Gau-argiak busti zizkizun begiak, eta belarri-ertzera xuxurlatu zenidan:
—Gaur ez al didazu galdetuko ze koloretakoak diren?
Gonapetik erantzitakoak, iluntasunean, lurrera erori ziren, misterioz blai.
Orduan heldu zenuen berriro ere zakila, eta taberna zena baino leize umelagora hurbildu. Posizio desatsegina aukeratu, eta halere, asmatu. Horma hotz eta lizuna euskarri, ipurdi-masailetatik
gogor helduta sartu zen barrura. Busti-busti gonapea, hezetasuna nabari nuen nire hankartean, hezetasun beroa irristan behera. Besarkatu nahi zintudan gogor, berriro ere sentitu bihotz-taupada bizkorrak, azeleratuak, espidatuak. Bitartean, musurik urtzen ez bazen, entzumenera ailegatzen zitzaizkigun elkarren intziri eta txilioak… akaso uluak, otsoak nola. Ilargi-argiak plazer zuenean zure begirada lizuna eskaintzen zidan, ezpainari kosk egiten, neurrian dasta nitzan bakarrik. Gorroto nuen horregatik.
Zuk gogor besarkatu ninduzun. Bularrak puztuta eta lehertzear zenituen nireen kontra. Zure
arnas beroa eta hitz zatikatuak garrasirik ez zegoenean. Mihia eskatu zenidan, ez dakit ze ezpainekin esan zenuen. Lurrera erori ginen, baldar. Halere, gona altxa nizun, eta zure leizean barneratu
nintzen. Zure lurrin gozotan miazka, kiskaltzen zinen. Eskuarekin burua heltzen zenidala sentitu
nuen, barrurago sartzea nahi bazenu legez. Haragi bigunean lardaskan, entzuten nituen ahotik iheska zenituen hitzak silabak onomatopeiak, eta zin dagit benetan zela abesti ederra. Hurbilago nahi nituen, ordea, eta hatzak sartuta, zure ezpainetara gerturatu nituen belarriak. Bai, horixe entzun nahi
nuen.
Auskalo inbidiaz, auskalo jolas gozo, heldu zenidan, eta tiro egin zuen armak. Plazerezko
kalanbrea sabelpetik gorputz osora. Bustita nabari nuen hankartea.
Nire baitara itzulita, zure begiak bilatu nituen. Muxu bat sinadura ona izan zen, eta gero hantxe utzi ninduzun. Berriro ere parrandara jaitsi zinen, oraindik busti-busti eginda eta kulerorik gabe.
Ilargiak iradokitzen zidan zure silueta sorgin batena zen ezbairik gabe: gona luzea, ileak haizeak
nahasiak bezala eta begirada bihurria.
Berriz zurekin hegan noiz eramango nauzun desiratzen nago.