Ad Libitum

1
Pirates of the Caribbean-eko soinu-bandak iratzarri du Maite, eta abestiaren in
crescendo epikoa oraindik erdira dagoenean eskua sakelakora luzatu eta
isilarazi du keinu bortitz eta azkar batez. Alaiago jaikitzeko grinaz jarri bazuen
ere abesti hura, mania hartzen ari zaio goizero hainbestetan entzun behar izan
eta gero. Bigarren iratzargailuak jo arte —oren-erdi barru— lotan jarraitu ala ez
zalantza egin du, eta betazalak kilimatzen dizkion logurari men egiteak tentatu
badio ere, iratzargailua hain goiz zergatik jarri zuen gogoratu eta hasperen
luzea egotzi du. Orduan burua biratu eta ikusi du —edo irudikatu du, gaua baita
oraindik eta leihotik argi kirri zurbil bat baino ez da sartzen— bikotearen silueta
geldia. Barregarria egiten zaio Peiok beti gora begira lo egiteko daukan ohitura,
izaretan guztiz bildurik momia bat bezala, Maiteri hain deserosoa suertatzen
zaiona. Hatz txikiaz jarraitu dio siluetaren marrari, kopetatik hasi eta zintzurrera
jaitsiz. Arnasa sakona du bikotekideak eta loak ere sakona izan behar duela
ondorioztatu du Maitek. Jostakin, hatz txikiak Peioren soinean behera jarraitu
du.
Tenk, tente, totem, betiko tokian topatu du hatzak zakila, eta jelosia memelo
pittin bat sentitu du, nor izango ote den ametsetako izaki hura —musa
liluragarria, gogortasuna lekuko— bere buruari galdegiten diolarik.
Arnasa sakonaren erritmoa ez da aldatu, eta Maitek erronkatzat hartu du.
Izaretan murgildu eta ezpainek hartu diete hatzei lekua. Otzan musukatu du,
apenas ertzak ertza ukitzen, ez baitu bikotea oraindik esnatzerik nahi. Oraindik.
Errutinaren abantailak. Engaiamenduaren onurak. Maitek jadanik badaki nondik
miazkatu eta noraino hurrupatu Peio esnatu gabe haren ametsarekin jolasteko
eta horretan olgatzen da, mingaina gora eta behera bidaiaraziz haren
arnasaren arabera, ondo ezagutzen duen pentagraman da capo al fine
amaigabe bat burutuz. Arnasketa azkartzean zakilaren oinarrira jotzen du, eta
egonkortzean gune sentikorrenei —uretra, frenulua, koroa— erasotzen die
gogor eta gupidagabe.
Peioren ametsean izaten ariko den papera irudikatzen saiatu da Maite, eta hau
kitzikagarria egin zaionez laster bere amets propioan galdu da. Itzuli denerako
—gela honetara, goiz honetara— Peioren loari hartu dio lekua loarinak, edo
guztiz esna dago eta, plazera luzatzekotan —madarikatua, pentsatzen du
Maitek—, lo plantak egiten ari da. Gehiago presionatu dio ezpain eta
mingainarekin, indar handiagoz xurgatu dio, hortzekin mordente finak iradoki
dizkio, Peiori intziri bat atera nahian. Arrakasta ia gehiegizkoa da, zakilaren
espasmoek laster “joango” dela ohartarazi baitiote, eta hau ez zaio batere
gustatzen ordurako Maite, bera ere, hezeegi sentitzen delako. Pijama erantsi
eta zangalatraban igo da Peioren aldaketara.
2
Peioren hatzak bere izterrei helduta sentitzen ditu eta mugimendu sinkopatua
hasten du. Gorputzen dantzari bien arnasen musika sinkronizatzen zaio.
Mantsoa hasieran, pianissimotik mezzofortera eramaten du Maitek konpasa.
Kukurruku gertu bat aditzen du. Bizilagunaren oilar goiztiarra, ezbairik gabe.
Egun berriaren presaz —eta eguneroko betebeharren beldur—, eskuak
oheburukoan jarri eta erritmoa azkartu egiten du. Gorputz osoan zehar
hedatzen ari zaizkion ikarek hurbil dabilela adierazten diote eta lehenbailehen
iritsi nahi du ondo ezagunagatik inoiz unatzen ez duen tokira. Fortissimo.
Orduan iritsi da, baina ez Maite. Bat-bateko ufakoa aurretik, isurtze luze eta
emaritsua ondotik. Zapuzturik, albo batera egin eta eskuekin adierazten dio
bidea Peiori. Honek, arnasestuka oraindik, izterren artean kokatzen du bere
ahoa.
Maitek ez du erraz topatzen erritmoa hasieran. Oso gertu zebilen, eta orain
Peio suabeegi ari zaio, zapuztasuna zapuztasunaren ondoren, eta hatzekin
presionatzen dio lokian erritmoa eta presioa indartu ditzan. Apurka, lasaitzea
eta disfrutatzea lortzen du, eta berriz aurreko tokira iristen ari dela iruditzen
zaio.
Kirrinkaria, tupustekoa, bigarren iratzargailuak ez dauka lehenaren melodia,
txistu ozen eta urduria baizik, zeregina, gosaria, lana, umeak, burura ekartzen
dizkiona. Entzun ez zezatela erregutzen du, baina laster Maddalenen ahotsa
etortzen zaio.
—Ama!
Ziztu bizian jaiki, ziztu bizian jantzi. Kuleroak aurrena, jeansak ondoren.
Leihoaren pertsianak igo eta hor ikusten du, bi etxeen arteko hesian paraturik,
bizilagunaren oilarra, harro.
—Amaaaaaa!
Laugarren edo bosgarren deia da eta Maitek, haserre, tonu berean erantzuten
dio:
—Banoaaaaaa!
Bitartean gosaria prestatzeko esaten dio Peiori, baina logelatik ateratzear
dagoenean honek berriro lo hartu duela ohartzen da. Momia bezala berriz ere,
gora begira geratu da zurrungaka. Sutan, Maitek lanpararen argia piztu eta
mandoarekin mailarik altuenera eramaten dio, gogor eta gupidagabe, eta plazer
puntu bat sentitzen du Peioren aurpegian desatsegintasun imintzioa
hautematean.
Maddaleni jaikitzen eta janzten lagundu ondoren, Aneren gelara doa hura ere
esnatzeko. Jadanik esna topatzen du, sakelakora itsatsita.
3
Eskola egunetan ez diote sakelakoa baimentzen, baina debeku hori, de facto,
arratsaldeei zein gauei soilik dagokie, eta goizak oraindik hutsune legal batean
dituzte. Dena den lizeora iritsi behar du, eta sakelakoa utzi eta gosaltzera
joateko agintzen dio. Anek bafatzen du, baina kasu egin eta altxatzen da.
Sukaldean Peiok gosaria jarri berri du mahaian eta pozik ikusten zaio kafea
ezpainetaratzean.
—Bihar zu esnatuko zara ni aitzin —botatzen dio Maitek mingoski, eta Peiok ez
dio erantzuten eta burua jaisten du. Izan ere, bere buruari galdetzen dio Maitek,
zergatik isuri behar zuen Peiok lehenago? Ezin al zuen eutsi ala posizioa
aldatzeko eskatu? Horri buruz mintzo izan dira noizbait.
Bi alabak gosaltzera esertzen direnean Anek sakelakora itsatsita jarraitzen du,
eta soilik ezkerreko eskuarekin saiatzen da —alferrik— tostadan gurina
zabaltzen. Maitek sakelakoa itzaltzeko agintzen dio, alferrik ere. Frantsesez
agintzen dio berriz, tonu zakarragoan, eta orduan bai, Ane harritu eta sakelakoa
sakelan gordetzen du fite. Erdara hain arin erabiltzeaz damutzen da Maite,
gehienetan aginduaren bosgarren ala seigarren errepikapenerako gordetzen
baitu, edo errieta handietarako, eta agerikoa da ez daudela egoera horretan.
Gainera, baliabide hori baztergarritzat jo izan dute Peio eta biek. Horri buruz
mintzo izan dira ere noizbait. Bere baitari onartzen dio ez dagoela ondo
haserrea alabei ordainaraztea.
Anek piano klasea dauka lizeoa eta gero, eta Maddalenek igeriketa ikastarora
joan behar du ikastola amaitzean. Bien motxilak, beharrezko materialarekin,
atarian daude prest. Peiori ea dena dagoen galdetzen dio.
—Atzo prestatu nituen —erantzuten dio Peiok.
—Orain dela bi aste ere hori erran zenidan eta Maddalen uretako betaurrekorik
gabe egon zen.
Maiteren ziztadaren aurrean Peiok berriz isilik geratu eta motxilak berrikusteari
ekiten dio. Berriz damu da Maite. Bidegabeki ari dela iruditzen zaio, egun bakar
bateko akatsa gogora ekartzeagatik. Zergatik ari da hain baldar jokatzen? Izan
ere, oso gertu zegoen. Baina Maitek badaki dena ez dela kontrolagarria. Berez,
nahiago zukeen Peio besarkatu, egunero lanera joan aurretik egiten duten
bezala, berdin dio nola atera esnatu ondokoa. Gogorra egiten zaie gauera arte
biak elkarrekin, bakarrik, egoteko tenorerik ez topatzea. Horregatik, hain zuzen,
asmatu zuten hain goiz iratzartzekoa. Eta ondokoa. Hotzikara batek
zeharkatzen du Maiteren bizkarrezurra. Alabek gosaltzen bukatzen eta hortzak
garbitzen dituzten bitartean, agian…
Baina hau pentsatu duenerako Ane atarian da, lizeorako bidea txirringan
lagunekin egiteko prest; eta Maddalen Maitek darama ibilgailuan, izan ere
Angeluko herriko etxean egiten du lan eta ikastola oso gertu dago. Etsirik, Ane
4
despeditu eta Maddalen atzeko eserlekura igotzen du. Panpina bat darama
eskuan. Segurtasun-uhala jartzen dien bitartean —panpinari ere— Peio etxeko
atea ixten entzuten du, goizeroko giltzen musika berdintsuaz. Maitek mala
altxatzen du motxila sartzeko. Trastez betea dauka, beti bezala, eta makurtu
egiten da tokia egiteko. Atzetik, Peioren urratsak aditzen ditu, oinez doa lanera.
Momentu batean urratsak gelditzen dira.
Jeansen gainetik eskuak nabaritzen ditu. Ipurmasail biak ferekatzen dizkiote.
Maitek motxila jadanik gorde du, baina ez du buelta emateko keinurik egiten.
—Gaur Ane sei eta erditan etorriko da pianotik?
Peioren ahotsa geldoa da, ezer gertatuko ez balitz bezala. Maite tonu berean
erantzuten saiatzen da.
—Bai.
—Eta Maddalen, seitan joan beharko dugu bere bila igerilekura, ezta?
—Bai.
Gehiago kostatu zaio oraingoan tonua mantentzea. Izan ere, ferekek jarraitu
dute, izterretara orain eta izter barnera gero. Kaletik lihoakeen edonork ikus
ditzakeela otutzen zaio.
—Beraz, lanetik bostetan itzultzen garenean oren oso bat egongo gara
bakarrik, ezta?
Ia-ia erosketak egitera joango zela erantzuten dio. Hankartea laztantzen ari zaio
orain, pizzicato leunez.Bidea erraztearren, gehiago makurtzen da eta hankak
zertxobait gehiago zabaldu. Maitek hasperen bat ito behar du ezpainetan
erantzun aurretik.
—Bakarrik, bai.
Dardara txikiak sentitzen ditu belaunetan. Malaren ertzei eutsi behar die oreka
mantentzeko. Bizilagunaren oilarraren kukurruku urrutia entzun du, baina ez dio
jaramonik egin. Jeansen ehuna lodia bada ere, ermamien zarrastadak senti
ditzake geroz eta azkarrago, geroz eta hondorago. Ezpainei kosk egiten die.
—Berandu iritsiko naiz, ama!
Deiadarrak coda supituki amaiarazten du. Ferekak gelditzen dira. Ibilgailuaren
atzeko eserlekutik, Maddalen panpinarekin jolasteaz aspertu eta bere ahotsak
itzularazi du Maite. Segundo batzuk behar ditu zehazki non dagoen
gogoratzeko —kotxe hau, goiz hau— eta zer egin behar duen.
—Berandu da, ama!
5
Peio makurtu egiten da eta musu ematen dio garondoan. Maite konturatzen da
hori dela goiz horretan jaso duen lehen musua. Azken hitzak entzuten dizkio
belarrian.
—Arratsaldera arte.
Peio badoa, eta Maite, dardarka oraindik, mekanikoki ia, gidariaren eserlekuan
kokatzen da. Ez du asmatzen segurtasun-uhala lehenengoan jartzen.
—Ez gara iritsiko, ama…
—Tout de suite, tout de suite!