Harreman irekia izatearen abantailak

Kaixomaitia.eus

Zer da monogamia? Bi pertsona elkartzea, eta maitasuna eta sexu harremanak kide bakar horretara mugatzea. Orain arte, horixe izan da harremanak izateko gizartean gailendu den arau inplizitua, pertsona bakar batekin izatea harremanak, alegia, bestelako aukerak baztertuz. Baina gizartean, gero eta gehiago ari dira bestelako aukerak mahai gainean jartzen.

Bikote harreman monogamoa izatea erabakitzen dutenek uste dute hobeto joango zaiela harreman afektiboa eta sexuala pertsona bakar batera mugatuta. Pertsona gehienek onartzen dute bikote harreman batean egonda ere beste pertsona batzuekiko desira sentitu izan dutela, baina desira horrekin zer egin asmatzea da gakoa. Monogamoek nahiago dute desira hori kontrolatu eta beste inorekin harremanik ez izan, bikote harremana lehenesten dutelako.

Dena den, ez dago monogamoa izateko modu bakar bat; ez dago harreman guztietarako baliagarria den neurri bakar bateko ikuspegirik. Harreman monogamo bakoitzak bere mugak ditu, tartean dauden pertsonen beharretan eta nahietan oinarrituta, eta norbere bikotekidearekin komunikatzea da zer eredutako harremana izan nahi den erabakitzeko bidea.

Hori bai, bikote monogamo guztiek dituzte ezaugarri komun batzuk: bikotekide bakar baten inguruan zentratzen dute beren bizitza erromantikoa eta sexuala. Hori ez da horrela izaten harreman irekien kasuan; izan ere, harreman irekia izanez gero, bikoteko kideek aldi berean hainbat harreman konprometitu izateko aukera dute. Poligamia hitza baliatzen da harreman eredu horiek izendatzeko, eta pertsona poligamoek bikote gehigarriak izan ohi dituzte harreman nagusitik kanpo.

Marla Renee Stewart sexologoak, esaterako, harreman irekiak izan ohi dituela adierazi du behin baino gehiagotan, eta zera dio berak bizi izandako esperientziaz: “Oso pertsona sexuala naiz, eta pertsona askorekin ligatzea eta sexua izatea gustatzen zait. Baina, zoritxarrez, ez dut sakontasun emozionalik pertsona bati baino gehiagori nire bizitza pertsonalean eusteko”, dio.

Stewarten arabera, era horretako harremanak izan nahi dituztenek bikotekidearekin argi zehaztu behar dituzte mugak; horixe da garrantzitsuena. Horrek bikoteko kideei elkar nola zaindu behar duten ulertzen laguntzen die, eta norbera harremanean seguru senti dadin ahalbidetzen du.

Zer abantaila gehiago dituzte harreman irekiek? “Zorionaren hormonak aktiba ditzakezu zure bikotekidearekin nahiz beste pertsona batzuekin harremanak izanda”, nabarmendu du Stewartek. Izan ere, pertsona berriak erakartzen ditugunean, gure gorputzak dopamina eta norepinefrina maila altuak askatzen ditu. Substantzia kimiko horiek bertigoa eta euforia sentiarazten dizkigute. Jende berriarekin ligatzeko, ezezagunekin sentsualki dantzatzeko edo norbere bizitza sexualean pertsona berri bati ongietorria egiteko aukera dugunean, gogobetetasun handia sentitu ohi da, eta harreman irekiak izanez gero, kide berri horrekin nahiz norbere bikotekidearekin goza dezakegu emozio horretaz. 2020an egindako azterketa baten arabera, esperientzia berriak partekatzen dituzten bikoteak gogobeteago eta seguruago sentitzen dira harremanetan.

Emozioekin jarraituz, Jess O’Reilly sexologoak dio poligamoa izateak “emozioa eta arrisku sentsazioa” eragiten dituela harreman batean, eta hori dela epe luzean pasioari eusteko gakoa. 2014an Sexual and Relationship Therapy-n argitaratutako ikerketa batek jasotzen duenez, harreman irekiak dituzten adineko helduak zoriontsuagoak eta sexualki aktiboagoak dira harreman itxiak dituzten adin berdintsuko beste batzuk baino.

Erreferentzia: https://www.menshealth.com/es/sexo-relaciones-pareja/a41079204/monogamia-que-es-relacion/