aniztasun funtzionala: sexua eskubide bat da


Liher taldearen Maitemina abestia burutik ezin kendu nabil azkenaldian. Bereziki esaldi bat sartzen zait barruraino: Zentzurik al du sentitzeak plazera ez den ezer? Esperientzia gradu bat izaki, helduenek askotan esaten digute gozatzeko, arazoak gerora ere etortzen direla bakarrik. Esaldi horrek gauza bera gogorarazten dit: plazera bilatu behar dugula ahalik eta gehien, sustoak bestela ere jasoko ditugu eta.

Plazeraz ari garela, bereziki blog honetan, plazer hori ukatzen zaien pertsonen edo isilarazten diren errealitateak azaleratzen saiatzen ari gara azken asteotan. Aste honetan, aniztasun funtzionala dugu hizpide.
300x300_animatua

Aniztasun funtzionala?

Esapidea 2005ean proposatu zuen Bizi Independentearen Foroaren (FVI) baitako desgaitasuna duten pertsonen komunitateak. Aniztasun funtzional motari eta mailari dagokienez, pertsona oso heterogeneoak dira, baita aniztasun funtzionalik gabeak ere. Komunitatea batez ere estatu eremukoa da, eta European Network on Independent Living (ENIL) delakoaren partaide da.

Hizkuntzaren bidezko bereizkeria eredu nagusia aldatu nahian, FVIren baitan “aniztasun funtzionala” kontzeptua sortu zen, “desgaitasun” hitza ordezkatzeko. Biztanleria sektore horren definiziotik negatibotasuna kendu, eta bere aniztasun funtsa indartu nahi izan zuten hala.

(Pikara Magazinetik).

NBE Nazio Batuen Erakundeko herrialdeek sinatuta dute Elbarritasunen bat duten Pertsonen Eskubideen Hitzarmena. Horren arabera, herrialde guztiek osasun publikoaren arlotik artatu behar dituzte pertsona horiek.

Honela zehazten du 25. artikuluko A tartekiak, sexuaz ari garela: “Elbarriak diren pertsonei osasun-programa eta atentzioa emango diete doan, edo prezio egokietan, gainontzeko pertsonei bezala, baita osasun sexual eta erreproduktiboari dagokionez ere”.

Gure inguruan lanean

Mexikon, sinposio bat egin zuten pertsona horien eskubide sexualei buruz, Conadis-ek antolatuta (Consejo Nacional para el Desarrollo y la Inclusión de las Personas con Discapacidad). Asistente sexualaren figura kontenplatuta dago han. Asistenteek unibertsitate-ikasketak izan behar dituzte. Horrez gain, entrenatuta egon behar dute aniztasun funtzionalak ezagutzeko eta pertsonen sexualitatean duten eragina neurtzeko. GEISHAD taldea lanean ari da horretarako (Grupo Educativo Interdisciplinario en Sexualidad Humana y Atención a la Discapacidad).

Irene Torices GEISHAD-eko zuzendariaren hitzetan, “ezberdina denak beti erresistentziak sortzen dizkigu, ez dugu onartzen ez duguna ulertzen, ezberdinak direnak diskriminatzen ditugu. Elbarritasuna pertsonen infantilizatutako egoera bezala kontsideratua izan da”.

Legeak onartzen du gaitasun ezberdinak dituzten pertsonek bizitza sexual osoa bizitzeko duten eskubidea, eta laguntza behar dutela euren sexualitatea hobetzeko. Baina ez da existitzen asistentzia sexualari buruzko erregulaziorik.

Erregulazio hori, prostituzioaren kasuan bezala, beste tabu handi bat da.

Yes, we fuck! filma ikustea gomendagarria da, gaiaz jabetzeko.

Guztiz kontrako kasuak ere badaude: Kolonbiako giza eskubideen defentsan aritzen diren hainbat elkartek 2013an egindako txosten baten arabera, Kolonbiako legeek derrigor esterilizatzen dituzte elbarritasunen bat duten emakumeak.

Gure ingurura gerturatzen hasita, Espainiako Estatuan badaude aniztasun funtzionala duten pertsonen hainbat kolektibo. Lanean ari dira euren sexualitatea onartua izan dadin eta gainontzeko pertsonek bezala praktikatzeko.

Herrialde katalanetan, Bartzelonan, oso interesgarria da Tandem Team BCNren esperientzia, aniztasuna eta kontzientzia dituzte helburu. Tailerrak, bidaiak, jarduerak… antolatzen dituzte, baita zita intimoak ere.

Euskal Herrian, Donostian zehazki, Emakumeen Etxean egin zuten honako bideoa, gaiari helduz: Yo soy preciosa.


Behagi Gipuzkoako Gizarte Behatokia ere lanean ari da aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusiorako. Kolorearekin elkartea ere bai, bereziki dantzari lotuta. Bertako kide Xabier Madinari egin diogu elkarrizketa, jorratzen ari garen gaiaren gainean.

Xabier Madinaren ahotik

Madinari anti-natura iruditzen zaio sexualitatea edozein pertsonak albo batera uztea. Horrek ere, gainontzean lantzen ditugun gaitasunek bezala, gaitasun komunikatiboak eta harremanak izatekoak (edonolakoak) hobetzen laguntzen baitie, guztioi bezala. Hezkuntzan benetako inklusioaren aldekoa da, eta curriculumean ikasgai espezifiko bat sortzearena. Denok landu beharreko gaia baita, ez bakarrik gaitzen bat duten pertsonek eta euren familiek. Ez dira gizartetik at bizi.

Orain arte aipatutako esperientziez gain, informazio gehiago duzue ondorengo loturetan:

Muga mentalak hautsi

Honaino iritsita, argi geratzen da mugak guk jartzen ditugula, gure buruan eraikitakoak besterik ez ditugula. Horiek eraisten dugu lana. Pertsona oro da, sexuduna, sexuala eta erotikoa. Goza dezagun horretaz, arazoak bakarrik etortzen dira eta. Zentzurik al du sentitzeak plazera ez den ezer? Ez, ezta? Ez duzue uste?

Argazkia Kolorearekin elkartearen webgunetik hartua