Antisorgailuak eta emakumeon osasuna arriskuan jartzea


Espainiako Botiken Agentziak Essure izeneko antikontzeptiboa (Bayer) erretiratu du denboraldi batez. Erabakiak mahai gainean jarri du berriro antisorgailuen gaia, eta emakumeon osasunean izaten duten eragina (ondorio negatiboak gehienetan, gure osasuna arriskuan jartzen dutenak).

Essure edo tronpa-buxadura metodoa antisorgailu iraunkorra da, hormonarik gabekoa, eta falopio tronpetan jartzen da, baginatik sartuta. Tronpetan inflamazioa sortzen du espermatozoideek ez aurrera egiteko. Prozedura ezin da leheneratu, behin betiko metodoa da, alegia (tronpen ligatura antzekoa).

Essure

Espainiako Botiken Agentzien erabakia urteetako borrokaren ondoren iritsi da. Hainbat elkarte daude Espainiako Estatuan antisorgailu honen ondorioak jasan dituzten emakumeek osatuak. Behin eta berriro eskatu dute Essure-ren arriskuak onartzeko. Hauek dira salatu dituzten ondorioetako batzuk: hilerokoak min askorekin, infekzioak pixan, odola gorozkietan eta pixan, etengabeko nekea eta min asko.

2017ko apirilaren hasieran lehen salaketa jarri zuen Espainian Carolina Diez izeneko erabiltzaileak. “Produktuaren zaintzan eta kontrolean akatsak, jasotako notifikazioen ebaluazioei jaramonik ez egitea, eta alerta informatiboak eta osasun-alertak ez egitea” leporatu die Osasun Ministerioari, Espainiako Osasun Sistemari eta AEMPS Espainiako Botiken eta Osasun Produktuen Agentziari.

Espainiako lehen salaketa da, bai, baina ez mundu mailakoa. Brasilen inplantea debekatu dute, eta beste hainbat herrialdeetan ere borrokan ari dira horretarako. Essure “munduko antisorgailu efektiboena” bezala definitu zuten arren, Espainiako Estatuan denboraldi batez erretiratu dute, eta helburua behin betiko debekatzea da.

Antisorgailu hormonalak, oso arriskutsu

Essureez da antisorgailu hormonala, eta behin betiko metodoa izanik, ez dago hain zabalduta. Emakumeoi, normalean, pilula antikontzeptiboa gomendatzen digute bikote harreman egonkorra badugu, aintzat hartu gabe horiek sortzen dituzten ondorioak.

Arriskuak oso txikiak direla saltzen digute, ez direla ondorio horiek nabaritzen. Nik bizitu dut hori, eta nire inguruan ere istorioak hainbat dira. Nire kasuan, bitan izan dut antisorgailu hormonalekin esperientzia. Lehenik, Yasmín errezetatu zidaten. Ginekologoaren esanetan, antisorgailu hormonal suabeena da, ia hormonarik eta ondoriorik ez duena. Dezente gizendu ez ezik, ile pila galdu duen, nire mototsa lodieraz erdia izatera iritsi zen arte.

Bigarren aldian eraztuna gomendatu zidaten: NuvaRing. Are suabeagoa eta erabilerrazagoa omen zen, ez bainuen egunero pilula bat hartzeaz gogoratu beharko. Bai, erosoa zen, baina ondorioak, izaeran behintzat, askoz ere okerragoak. Gogoan dut lagun batek eta biok hasi genuela tratamendua batera. Biok oso gaizki pasatu genuen, bizipoza galtzeraino, bazirudien depresioa genuela.

Nuvaring

Azkenean, urteetan hormonak hartu ondoren, ginekologora jo behar izan nuen hormonarik gabeko antisorgailu eske. UBG Umetoki Barruko Gailua eskatu nuen, hormonarik gabekoa (hormonarekin ere egon badago eta). Hasieran, edo lehen behintzat, asko kostatzen zitzaien medikuei UBGa jartzea haurrik ez genuen emakumeoi. Zorionez, hori ere aldatzen ari da.
Ezagutzen ditut ere antisorgailu hormonalekin arazorik izan ez duten emakumeak. Ez dut esan nahi kasu guztietan arazoak izaten direnik. Hala ere, ez dut uste hormonak hartzeak onik egiten duenik. Nik behintzat, hormonarik gabeko antisorgailuen aldeko hautua egin nuen aspaldi. Artikulu honekin minutu bat hartu eta hausnartzea besterik ez dut nahi, ahal bada, zuen osasuna zaintzea. Bideo oso labur bat ere utziko dut hemen, ea laguntzen dizuen:

http://content.jwplatform.com/previews/MnbQa3eS-fmMLQWa1