Lagunen bila joan gara, botean gure diru zatia sartu eta gaueko lehenengo erronda eskatu dugu. Hurrengoak jarraian etorri dira, “Sarri Sarri” gerriarekin dantzatzen geunden bitartean. Foko txuriak gora eta behera. Beste garagardo bat. Komunera buelta. Katea gaztetxetik. Beste garagardo bat. “La chica del batzoki mi amor”. Beste garagardo bat. Beroa masailetan. Gerria aske. “Pero alguien tiene que tirar del gatillo”. Tragoxka eta garagardoa. Gaztetxearen zorua ezagutu dugu. Gora eta behera, behera eta gora.
Lotsa guztia kenduta, tragoxka eta muxu bana eskatzera joan gara barrara. Hormigoizko pareta horretan dagoen mailara igo naiz Ekiri begietara zuzen begiratu eta eskatzeko. Baina Aimar aurreratu zaigu. Garagardo bana atera digu eta barra azpiko zulotik atera da, aurpegitik heldu eta muxu goxo bezain zaratatsu bana eman. Nirea jaso bezain laster Eki begiratu dut, guri begira dago irribarretsu. Nahiko nuke muxua berea izatea.
Bueltatu gara dantzara. Nire ezpainetan beste norbaiten berotasuna nahi dut. Garagardoaren muturra gerturatu dut ahora, desira hori lasaitu nahian. Gerturatu dut behin, birritan, hirutan. Ja ez dakit zelan baretu hankarteraino iritsi zaidan dardara.
Komunera joateko eskatu diot Haizeari. Gaztetxetik atera eta parkeko lehenengo zuhaitzaren atzealdera joan gara. Frakak eta kuleroak jaitsi bitartean esan diot ez dakidala zer egin. Oso urduri nagoela baina nire burua gehiegi estutzen ari naizelaren sentsazioa daukadala. Orduan proposatu dit tabernetara joan eta Ekirengandik aldentzea. Denbora apur bat eman ahal diodala nire buruari, egun luzea izan baita. Ez da jaso nahi nuen erantzuna izan, baina onartu dut.
Gaztetxera sartu gara gure gauzak hartu eta beste leku batera joateko, baina gela handira sartu naizenean, Eki keinu bat egiten ikusi dut. Atzamarra nigana zuzendu du, gerturatzeko eskatuz. Harritu naiz, zerbait beharko du agian.
Barrako mailara igo bezain laster burua nire belarrira gerturatu du. “Komunera joan behar dut, zatoz?”. Begiak zabal-zabalik geratu zaizkit, baina ez dut erantzuna ezta pentsatu ere ez egin. Noski.
Gela handia gurutzatu dut nik, berak sukaldeko pasabidea. Bitartean hamaika zalantza nire buruan, erantzun bakarrarekin: komunera joan nahi dut. Gaztetxeko sarreran elkartu gara, komuna libre dago.
Barruan sartu naiz lehena, argiak piztuz. Eki atzetik sartu eta atea kisketarekin itxi du. Begietara zuzen begiratu, eskumako eskuarekin nire lepoa atzeko aldetik heldu eta ezkerreko eskua aldakan jarri dit. “Tragoxka atera dizut lehen, baina Aimarri eskatu diozun muxua falta zitzaidan”.
Ekiren ezpainak nire ezpainekin lotu. Paretaren kontra bultzatu nau. Eskuen mugimenduek kamiseta altxarazten didate, azulejuek nire azalari hotzikara bat sorraraziz. Uzkurdura baliatuz nik ere eskuak kamisetaren azpitik sartu dizkiot. Mendi eta haranen artean galdu naiz. Bitartean ezpainak heze, hankak dardarka eta Ekiren gorputza nirearen kontra. Haragi gosea. Haginka ezpainetan. Mihia lepoan. Kexu txiki bat. Kanpoan itxaroten daudenen oihuak ez ditugu ezta entzuten.
Nire lepoan duen eskua ezpainetatik pasa dit eta hasi da behera jaisten, lepora, bularrera. Pausa txiki batekin askatu dit praken botoia eta jaitsi kuleroak. Hankak apur bat zabaldu eta mihi-puntarekin arakatu dizkit periferiak.
Xurrupadekin hasi da iraultza. Laztantzen diot ile kizkurra, nik ere boterea hartuz. “Egongo nintzake beti hemen bero-bero” abesten du erromeriak. Hasperenak geroz eta gehiago dira. Saiatzen naiz zaratarik ez sartzen, baina ezin. Ezin diot eutsi. Ezin naiz erreprimitu. Ezin dut hankarteko uholdea eten. Ezin dut eta ez dut nahi. “Desio bi ta oihu bat”. Komuna txiki geratzen ari da. Titiburuak apurtzear, gorputza lehertzear. Irrintzika apurtu naiz.
Arnasaldia berreskuratuz ireki ditut begiak. Altxatu eta muxu bat eman dit ezpainetan. Kulero eta frakak igo ditut. Komunetik atera gara. Eki barrara bueltatu da, ni koadrilakoen bila noa.
Apirilak 9, igandea. Balorazio eguna
Egun osoa daramat ostiral gauekoa burutik ezin kendu. Ordutik Ekik eta biok ez dugu hitz egin gertatutakoaz eta gaur berriz ikusiko dugu elkar. Agurtuko nau? Bai ezta? Zer esango diot? Eta noiz? Asanblada amaitu arte itxarotea pentsatu dut, baina presa baldin badauka zer egingo dut?
Gaztetxera sartu naiz, baina barruan Aiora soilik topatu dut. Protokoloaren inguruan hitz egiten hasi gara, ez omen zuela inork erabili behar izan eta asko pozten garela izan zuen harreraz. Bitartean beste kideak sartzen joan dira, sei terdiak iritsi arte. Orduan bilerarekin hasi gara. Baloratzeko lehenengo puntua, aurrelanketa.
Deialdiaren zabalpen komunikatiboaren inguruan hitz egiten geundenean, Aimar eta Eki sartu dira atetik. Berandu. Momentu horretan oso urduri jarri naiz, ez dakidala nora begiratu. Aimarrek agurtu gaitu lehena eta Ekirengana zuzendu dut begirada jarraian. Berak ere agurtu gaitu, niri zuzendutako begi-keinu batekin. Irri bat atera zait.
Keinuak lasaitu nau, baina baita aurreko egunean gertatutakoa gogorarazi. Bere ezpain heze bezain epeletan pentsatzen hasi naiz. Nola dantzatzen zuten nireak eta bereak elkarrekin. Eskuen mugimendu goxoak, azal uzkurtua eta fantasia librea. Zer da errealitatea eta zer fikzioa?
“Komuna” hitza entzutean konektatu naiz berriro asanbladara. Masailak gorri-gorri jarri zaizkit konturatu gabe. Peru ari da horren inguruko zerbait esaten:
- Atzo komunean festa izugarria egon zela esan didate.
- Bai, nire koadrilakoek ere esan zidaten kanpora joan behar izan zutela pixa egitera – Aiorak arnasestuka- Zeozer egin behar dugu drogazaleek eta ligeek komuna blokeatu ez dezaten.
Kaka-zaharra, harrapatu gaituzte. Jakingo dute gu izan ginela? Ez dakit zergatik baina ez dut jendea horretaz enteratzerik nahi. Bollera izateagatik epaituko nautelaren beldur izango al naiz? Edo Eki ni baino askoz nagusiagoa delako izango al da? Asanbladako bileretan hasi berri eta komunak blokeatzen… Gainera oso mozkor nengoen. Baina horrek zer inporta du? Tira, bai inporta du, nigandik jasotzen duten irudia delako. Bai? Benetan inporta dit? Bueno, ez dakit. Bitartean, asanbladakoak haien artean eztabaidatzen ari dira, Ekik hitza hartu duenera arte:
- Uste dut guk asanblada moduan ezin dugula ezer berezirik egin. Gaztetxea espazio libre eta ireki bat da, zeinetan gure baloreen baitan askatasunez jarduteko aukera dagoen. Komunak blokeatuta egotea arazo bat da, bai. Baina ezin dugu polizia lana egin jendeak espazio horretan egiten duena eta egiten ez duena kontrolatzeko.
Isilik geratu gara denak, batzuk buruarekin adostasuna adierazten duten bitartean.
Sabelean nuen korapiloa askatu zait, amaitu da eztabaida.
Diru sarrera eta ordaintzeke daudenen inguruan hitz egiten amaitu dugu gaurko bilera. Txalo bero bat eman diegu gure buruei, egindako lana ez baita makala izan. Aulkiak batu eta kide batzuk etxera alde egin dute. Haizea nigana gerturatu da eta ia Ekirekin hitz egitera joango naizen galdetu dit. Nik saiatuko naizela esan diot, oraindik ez dakidala zer esan nahi diodan baina inprobisatuko dudala. Besarkada baten erdian edozein gauza behar badut deitzeko esan dit. Eskerrak Haizea gertu dudala.
Gaztetxeko atetik irten denean buelta erdi eman eta Ekiren bila hasi naiz begiradarekin. Aiora eta Aimarrekin hizketan dago. Badirudi eztabaida sakon batean sartuta daudela eta ez ditut molestatu nahi. Agian ez da orain momentua berarekin hitz egiteko…
Alde egitea erabaki dut, denbora izango dugu Aste Santuko oporretan lasai hitz egiteko.
Bitartean atseden hartuko dut.
Gaztetxetik aldentzen hasi naiz, nire atzean Gasteizera bidean Haizeak harramaskan hartutako erabaki batekin hasitako bidea utziz. Begi urdin horien zintzotasunean pentsatzen gurutzatu dut parkeko iturri handia, nire atzetik pertsona bat korrika antzeman dudanera arte. Buelta erdi eman eta begi horiekin estropezu egin dut.
- Iratxe! Patxaran botila bat gelditu da soberan. Amaitu beharko, ezta?