Berandutu zait, ze nazka! Iratzargailu madarikatua. Beti ondo konpondu izan naiz bizi guztiko iratzargailu arruntekin, ordulariak diren horiek, alarma jarri eta ondo funtzionatzen dutenak, “pi-pi-pi” zaratatsua eta ametsik gozoenak ere esnatzen dituen horietakoa. Atzo, aldaketa egin nuen irrati-iratzargailu baten truke, musikarekin esnatzea gozoagoa izango delakoan, eta bai, gozoagoa izan da, ez bainaiz konturatu ordua dela eta tramankulu berri horrek ez du irrati- igorgailurik antzeman, beraz lo jarraitu dut.
Dutxa azkar bat hartu dut eta ilea sikatzeko astirik ez dut izan, ezta nire burua txukuntzeko ere. Taxi batera deitu dut, nire lanpostuan aparkatze lanak ekiditeko asmoarekin, horrela denbora irabaziko dudalakoan nago. Etxe azpiko tabernan eramateko kafe bat eskatu dut, taxian emango dudan denbora aprobetxatuko dut edateko. Nire drogarik preziatuena da, ezin naiz kafe gabe bizi, esnatzeko ezinbestekoa dut, benetan esnatzeko eta ez atzo erositako kaka hura: “reloj radiodespertador digital dual”.
Tabernatik atera eta taxia bertan dago, zein ondo; ez baldin badago trafiko asko ez naiz berandu helduko lanera. Atzealdean sartu naiz, hemengo taxiek gidariaren alboan esertzen uzten duten arren, gaur ez daukat solasaldietarako denborarik, ezta gidariaren hanka-tartera begiratzeko ere. Alboan joan izan naizenetan gidarien hanka-tartera so eginda egin dut bidaia, nire adimen erotikoari lekua egin diot eta nire une intimoez baliatu naiz irudimena astindu eta bero jartzeko. Baina gaur ez, gaur ez daukat astirik. Gidariaren barruko ispiluan ikusi dut nire burua, ze itxura desitxurosoa dudan.
Etxera iristean, tramankulu gorrotagarri horretaz mendeku hartuko dut, zin egiten dut.
Oraindik hamabost minutu falta dira Ertzainetxera heltzeko. Gaurko lekukoaren txostena irakurtzen hasi naiz, goizaldean emailez bidali didate, baina ezin izan dut inprimatu, komisarian egin beharko dut. Eskerrak gaur eguneko mugikorrak ordenagailu txiki bat bezala funtzionatzen duten, salbu nago. Bikotekideak aurkitzeko aplikazioko ikonoa atera zait mugikorreko pantailan, nik sexu harremanetarako bakarrik erabiltzen dut, baina ezagutzen dut aplikazio hauetatik harreman serioak aurkitu dituzten lagunak. Nik ez daukat denborarik bikotekidea izateko, sexu-topaketak eta kito. Irribarrea atera zait taxi gidaria ikusi dudanean aplikazioko profil batean. Beste egun batean taxia desbideratzeko eskatuko nioke eta, kotxe barruan, gure beroaldia asetuko genuke. Taxi gidaria ez dago batere gaizki, niri gustatzen zaizkidan horietakoa da. Aplikazioa itxi eta txostenari jarri diot nire arreta osoa, ez daukat denborarik galdeketa prestatzeko.
Taxitik atera eta Ertzainetxean sartzeko eguneroko segurtasun neurriak pasatu ditut, nire identifikazio txartela eskuratu dut eta zuzenean abiatu naiz “Galdeketa Gela”-ra. “Gesell Gela” bat da. Ganbera hauek bi zati dituzte, galdeketa egiten den lekua eta ispilu batek banatzen duen beste gela bat, nondik galdeketa gela ikusten den nahiz eta galdeketa gelatik ispilu bat ikusi, alegia, filmetan ikus ditzakegun gela horietakoa da. Kriminologiako ikasketak egiten ari nintzela, irakasgai bateko ganbera-praktikak gustuko nituen. Hainbeste psikopatologia kasu eta arau zibil ikasi eta gero, errealitatearekin lotzen genituen, gure etorkizuneko betebeharra aurrez-aurre ikusteko aukera paregabea zen.
Gelan sartu naiz, kafe usaina dago, orain ez digute uzten barruan erretzen, beraz, beste usai guztiak gehiago nabaritzen dira, onerako eta txarrerako. “Hugo Boss” perfume usaia antzeman dut, Mario, nire lankidea ez dabil urruti. Lurrin hau asko gustatzen zait gizonezkoentzako, baina Mario ez da nire txorta- zerrendan sartzen ezaguna baita.
- Egun on! Non sartu zara? –Mario presaka sartu da gelara, paper pilo bat ditu eskuetan. Estutasun aurpegia dauka, normala da, ni gabe ezin da galdeketa hasi. –Lekukoa, edozein momentutan ekarriko dute.
- Lokartu naiz. Zer daukagu? Gainetik begiratu ahal izan dut txostena.
- Hildakoaren neba da. 38 urte, aurrekari gabe, pare bat abiadura isun besterik ez, eta bizitza nahiko arrunt bat darama. Familiako enpresa zuzentzen du, ez du denbora asko aisialdirako. Bakarrik bizi da eta ez dugu harreman sentimentalik ezagutzen. Hilketaren egunean enpresan zegoen txinatar batzuekin batzartuta, konprobatuta daukagu, eta ezer gutxi. Bere arrebarekin ez zuen harremanik, baina ez zuen inongo arrazoirik erditik kentzeko. –Mariok bai du irakurri txostena, zer egingo nuke bera gabe.
- Beraz, nahiko argi geratzen zaigu ez duela zerikusirik, ea di-da batean egiten dugun galdeketa. Ni arduratuko naiz, joan zaitez bulegora eta aurreratu falta zaizkigun paperak, gure homizidioetako lankideei pasatu behar diegu eta.
–Nahikoa egin du nire burua salbatzearekin, eta galdeketa hau nahiko aspergarria izango delakoan nago. Ez dut inor behar, bakarrik egingo dut, gainera, gelako alde honetan, beti daukagu grabatzeko kamera bat, beraz, galdeketa gero ikusi dezake zerbait gehiago gehitu nahi badu.
Mario atera bezain laster lekukoa sartu da gelara Ertzain batekin. Agenteak esertzeko eta pixka bat itxaroteko eskatu dio. Ni ez nau ikusten, beste aldean bainago. Ispilura begira dago eta ileak bere lekuan jartzen ari da. Eserlekutik altxatu eta ispilura hurbildu da. Nire sabelaldean ziztada bat sentitu dut, tipo hau itzel dago, nire gizon prototipoa da, eta badaramat denbora asko txortaldi eder bat bota gabe. Aurrez-aurre daukat, zentimetro gutxira, ziur nago berak badakiela hemengo aldean norbait dagoela, badaki gustatzen duen tipo bat dela. Ile beltz erdi luzea dauka, kizkurra, norberaren atzamarrak galtzen uzteko horietakoa. Aurpegi perfektua du, begi berde eta sakonak, begirada zikina du, nire gustukoak dira begirada horiek, mutil gaiztoarenak. Sudur garaia du, baina aurpegiko oreka mantentzen du. Ezpain politak ditu, goxoak, muxu bustiak emateko prestatuak, pare bat egunetako bizarrez inguratuak. Berotzen ari naiz, Mariok prestatu didan kafeari zurrutada bat eman diot eta galdetegia hasteko asmoarekin barrura sartu naiz.