Amaia Zufia, Pili Alvarez Moles, Oihana Lopez, Idoia Arraiza
Euskal Herriko Bilgune Feminstak egindako balorazioa bi ataletan banatu dugu duen luzerarengatik eta bi atal nabarmendu dituelako, lehena ikerketaren kokapen teorikoari eta metodologiaren inguruan eginikoa eta bigarrena hau, emaitzen atalez ataleko balorazioa.
Emaitzen inguruko iruzkinak
Egoera afektiboa:
G1 / G12 : Eredu monogamikotik at kokatu daitezkeen harreman irekiak gutxiengoa dira, %7a, eta 29 urte baino gazteagoko lagun, gizon eta homosexualen perfilengan batez ere.
Lehenik eta behin, jakin beharko genuke zer ulertzen dugun harreman irekiengatik. Sexu harremanak pertsona askorekin izatea dela ulertzen badugu, logikoa da gizonezkoek gehio atxikitzea formula honi, bere harremanetako ikaspena sexuarekin lotuagoa joan delako, eta sexual eta afektibitatea banantzeko joera handiagoa izan dezakete.
Bigarrenik, monogamiaren arauaren pisu handia sumatu dezakegu, hau baita familia den unitate ekonomikoaren berme handi bat: patrimonioaren herentzia, seme-alaben oinordetza, hipotekak, errentaren aitortza. Familia jabetza babestu eta transmititzeko taldea den heinean, jabetzan oinarritutako harreman monogamikoak bultzatzen dira. Monogamiaren eragina, heteroarauatik urruntzearekin batera, harreman homosexual eta bisexualetan, murrizten doala ikus dezakegu.
Bukatzeko, badirudi gazteek harreman ireki gehiago dituztela. Ondorioztatu dezakegu, aukera hau beti behin behineko egoeratzat ulertzen dela, gaztaroan baimendutako “desbideratzearen” moduan, helduaroan harreman itxietara berbideratuko dena.
G2 / G6 / G11: Soilik bikotea duten elkarrizketatuen %10a ez duste bikotearekin jarraituko duenik etorkizunean eta soilik elkarrizketatu guztien %7a ez du bikoterik nahi etorkizunean. Euskaldun gehienen (%41,7) erlaziorik luzeenak 10 urte baino gehiago iraun du.
Bizitza binaka antolatua dago (binakako indibidualismoaren aroa da), bikotearekin lotzen dugu elikadura afektiboa, bizipoza eta egonkortasun materiala (errenta aitorpena merkagoa da bikotekideekin, beherapenak hainbat zerbitzuetan, bajak hartzeko baimenak). Gainera, bakardadearen estigma zabala da. Beraz bikotearen behar inposatua oso hedatuta dago gure artean. Honekin lotuta, ikusi dezakegu pertsonen gehiengoak 10 urte baino gehiagoko harreman luzeak izan ditu. Hortaz, epe luzerako proiektu gisa bizitzen harremanak litekeena da aurreko lerroetan aipatutakoagatik baldintzatuta egotea.
Bikote harreman itxi batean dagoen eta etorkizunean egongo dela aurreikusten duen perfil nagusia hau da: emakumea, heterosexuala, 30-44 urte artekoa eta ezkondua. Baliteke, espektro honetan maitasun erromantikoaren ideologia errotuen egotea. Ikusi dugunez, ideologia hau emakumeengan eragin handiagoa dauka, jasotako mezu anitzengatik: beti norbait ondoan babesle izatea, salbatzen eta osatzen gaituen printze hori topatzea, lekuetara bakarrik ez joatea, amatasuna garatu ahal izateko familia osatzea.
Ikusi dezakegu, adina gora joan ahala bikotekidearekin jarraituko dutenaren ustea areagotzen dela. Ematen du, beraz, helduaroan bizi proiektua finkatzen goazen heinean bikote eta familiaren egitura geroz eta gehiago bilatzen goazela. Izan ere, zer suposatzen du egitura horretatik ateratzea? Zer arrisku material dakartza? Zer beste maitasun sare edota erreferente ditugu? Aldaketek eta “bakarrik zahartzearen” mamuak zelako eragin dauka guregan? Betirako gurekin egongo den “laranja erdiaren” fantasiak noraino zeharkatzen gaitu?
G7: Maiteminduak ez daudenen zoriontasun maila afektibo / sexuala txikiagoa da.
Baieztapen honetan ikusi dezakegu zoriontasun eta asebetetze maila afektiboa, pasiozko maitasunarekin lotzeko joera, hau da, maitasun erromantikoaren “harremanen mailakatzearen” eragina. Haatik, ez dugu elikadura afektibo-sexuala bestelako harreman mota edo sareetatik jasotzearekin lotzeko joera.
G8: Nagusitutako baloreak: Konfiantza eta zintzotasuna (%72), elkarrekiko maitasuna (%68), sexua (%54) eta adiskidetasuna-ongi pasatzea (%51). Babes ekonomikoa, ezkontzea, epe motzeko harreman bat eta gizartearen onarpena gutxien baloratuak dira.
Hemen kontraesan bat hautematen dugu. Gure ustez askotan bikote baten baitan emandako harreman afektiboak kontratu ekonomiko bat ere badira, eta presio eta egitura sozialagatik oso baldintzatuta daude: egonkortasun ekonomikoa lortzea, besteen onarpena jasotzea, familia nuklearra osatzea e.a. Erantzuleek, ordea, ez dute desiragarritzat hartzen, ez baitator bat “erabaki aske” eta “erromanitizismoaren magiaren” paradigma modernoarekin. Horregatik, aukeratzeko momentuan, beste elementu batzuk lotzen dira maitasunarekin, beste errealitate batzuk ezkutatuz.
G10: Euskaldunen zoriontasun maila afektiboaren bataz bestekoa 6,9koa da, erdipurdi baino pixka bat hobea. Joerak erakusten du adinak gora joan ahala zoriontasun maila afektiboa behera doala. Ezkonduek zoriontasun maila baxuagoa dute bikotekidea (ezkondu gabe) dutenek baino.
Kontraesankorra dirudi, gehiengo batek etorkizunean bikote harreman itxi bat nahi izatea (Ikus G6 galdera), eta era beran, harreman itxi monogamiko baten ikur izan daitekeen ezkontzearen baitan adieraztea zoriontasun mailarik baxuena. Zergatik desiratzen dugu bada eredu hori?
Bestetik, ematen du harreman afektibo sexualen afera gaztaro eta helduaro goiztiarraren kontua dela.
Zoriontasun maila eremu honetan adinak gora egin ahala jaisten baita. Baliteke maitasun erromantikoaren ideologiak, pelikulen edota publizitatearen bitartez, bultzatzen dituen “pasiozko” harreman horiek eta maitasun harremanen subjektu gazte eta lirain horiek zahartzaroan ez direla hain eramangarriak, eta eredu honen arauetatik urrundu heinean, zoriontasun sentipena jaitsi eta zailtasunak ugaritu egiten direla.
G14 / G15: Erantzuleen gehiengoak (%58,6) dio harremana irekitzeko beharra sentitzekotan bikotekideari jakinaraziko liokeela. Euskaldunen jarrera harreman irekien inguruan nahiko positiboa da; nahiz eta ez aitortu, guztion nahia dela (%27,1) eta bikotearen hedutasuna azaltzen (%22,2) duelako ustea dago; baina, lehenik eta behin, epe luzera eramangarriak ez direla goraipatzen da (%46,4)
Baieztapen honetan ondorioztatu dezakegu negoziazio, elkar ezagutza eta konfiantza, komunikazio konszienterako joera bat egon daitekeela, bai eta harreman afektiboak eraiki eta sortzeko prozesu konpartitutzat hartzekoa. Hau positibo moduan hartzen dugu. Galdera litzake, ordea, joera honek maitasun erromantikoaren eta heteroarauaren makinaria eraldatzeko gai da, edo berau mantentzeko erreforma litzateke? Eztabaida hor da.
45-64 adin tartekoak eta heterosexualak dira gehien onartzen dutenak ez luketela harreman ireki bat izateko aukera partekatuko bikotekidearekin. Ezkonduek eta denbora zibilean denbora asko daramatenek zailtasun gehiago dute bikotekidearekin harreman ireki bat adosteko.
Berriz ere, antza denez, heteroarauaren patroi idealetik are eta gehiago urrundu, are eta ohikoagoa da monogamiaren erreprodukzioa zalantzan jartzea.-
G15aren emaitza hauetan ikusi dezakegu, harremana irekitzearena elementu positiboekin lotzen dela elkarrizketatuen %49,3arengatik: desiragarria dela, heldutasuna azaltzen duela. Honek heteroarauaren pilaretako bat den monogamian pitzadura bat adierazi lezake.
Baina edozein kasutan behin behineko bidetzat hartzen da, “epe luzera eramangarria ez delakoan”. Trantsizio moduan bizitako harreman ireki hauek, bestelako eredu bat bultzatzeko gaitasuna izan dezakete?
Internet bidezko harremanak
G16 / G20: 3tik batek eman dute inoiz izena harremanetarako webguneren batean: gehienbat gizonak, homosexuala, eta 45-64 urte bitartekoak. Sexua bilatzea lehenengo aukera da homosexual eta bisexualen artean. Gizonezkoen gehiengoak (%44,6) sexurako gelditu zela dio; emakumeen gehiengoak, ordea, geratu baino ez zela egin (%30,3) edota epe luzeko harreman (%25,1) bat izan zuela baieztatzen du. Homosexualen artean, sexurako gelditu zirenaren erantzuna nabarmenagoa da beste joera sexualeko erantzuleen artean baino.
Emaitzen arabera, gizonek eta emakumeek ez dute berdina bilatzen internetez harremantzerakoan, gizonek gehio sexua nahi dute, emakumeek beste gauza batzuk bilatzen dituzten bitartean. Homosexualek ere berdina diote, sexua bilatzen dute, baina kasu honetan berdinak izango da gay eta lesbianen erantzunak? Homosexualen baitan interesgarria izango zen galdera guztietan ezberdintasun hori egitea. Izan ere, gure ustez persona batek beste harreman batean zer bilatzen duen edo zeri ematen dion garrantzia sozializazio prozesu baten ondorio da. Gizonek ez dute desira sexual gehio, baizik eta hori gehio garatzear bultzatzen zaie, eta emakumeei aldiz sentibera eta emozionalagoak izatera, eta horregatik harremanetan adiskidetasunari edo afektuei garrantzi gehiago ematen diete. Aldiz, emakumeen sexualitatea tabu bat izaten jarraitzen du eta erreprodukziora oso bideratua, inkesta ezberdinek baieztatzen diote berandu ezagutzen dugu gure alua, beranduago masturbatzen hasi e.a. Emakumeon sexualitatearen gaineko moral eta estigmaren efektua da hau.
G18 / G22 Erantzuleen gehiengoak (%89) pentsatzen du Internetek harremanak izaten / ligatzen laguntzen duela. Gizonezko gehiago dira (%91,2) baiezkoa ematen dutenak emakumezkoak (%86,4) baino. Bereziki, bisexualek uste dute(%98,4). Harremanetarako webguneetan izena eman ez dutenek deskonfiantza eta lotsarengatik dela nabarmentzen dute, bikotekidea jada dutenak albo batera utzita. Beldurra eta lotsa nabarmenagoa da emakumeen artean.
Adina aurrera, Internet eremu ohikoagotzat hartzen da harremanetarako, tabernak eta kalea bezala.
Gehiengoak uste du (89%) intenertek harremanak izaten/ligatzen laguntzen duela, baina soili %34 erabiltzen du. Deskonfiantza eta lotsa da arrazoi nagusia, baina beldurra eta lotsa nabarmenagoa da emakumeen artean. Emakume bezala sozializatua izateak, esparru honetan mugak eragiten ditu, feminitateak beldurra, inseguritate edo lotsaren ikaspen trinkoa ekartzen duelako.
Horrekin batera, ematen du heteroarauetik aldendu heinean, interneten bidezko harremanak presenteago daudela: bisexualek, homosexualek, pertsona ez gazteak (gogoratu dezagun heteroarauak erreprodukziora bideratutako gazteen arteko bikote harreman heterosexualak bultzatzen dituela). Honek adierazi lezake, espazio publiko ohikoa heteroarauarekin bat egiten duten ereduarentzat irisgarriagoa dela (plazak, tabernak, lantokia e.a.), bestelako ereduek askotan internet bidezko zirrikituak bilatzen dituztelarik bidea irekitzeko.
Bizitza sexuala:
G24: Gizonek emakumeek baino bizitza sexual gehiago dute. Homosexualek harreman sexual gehiago dituzte:
Sexualitatea, plazera emakumeetan tabua, txarra, debekua, zikina… bezala eraikia izan da. Emakumeek modu askean sexualitatea bizitzeko debekuagatik zailtasun gehiago topatu ditzakegu. Heteronormak emakume sexualki pasiboak diren emakumeak bultzatzen ditu (sexualitatea bikote hetero, itxi eta herreman koitaletara bideratuz).
Homosexualen kasuan, pentsa daiteke eredu heteronormatiboaren baldintza zurrunak (bikotea, monogamia, elkarbizitza, ohea, koitoa…) apurtzen den heinean sexualitatea bizitzeko aukera gehiago ireki daitezkeela.
G25: Gizonezko gehiago dago bikote sexual gehiagorekin emakumezko baino.
Emakumeek bere rolarekin bat egiteko eta emakume “onak” izateko bikote gutxi izan behar dituzte. Emakumeok dugun marra gorri bat “puta”ren estigma da. Bikote eta harreman gehiegi izateak oraindik ere emakumetasunean debeku bat da, emagaldu izatearen adierazle, beraz ez dago feminitatearen rolaren baitan.
G26: Euskaldun gehienek (%33,5) astean behin edo bitan izaten dituzte sexu harremanak
Zer dira harreman sexualak? Ohar metodologikoetan esan bezala, galdera honek tranpa dauka eta galdera beste modu batez egingo bagenu, hau da, plazera eta gorputzari buruz hitz egingo bagenu bestelako erantzun batzuk izango genituzke.
Badirudi harreman heteronormatibotik aldentzen diren harreman afektibo irekietan ere harreman sexual gehigo daudela. Pentsa daiteke eredu heteronormatiboaren baldintza zurrunak apurtzen diren heinean sexualitatea bizitzeko aukera gehiago ireki daitezkeela.
G28: Erantzun dutenen %50,3k astean hirutan edo gehiagotan nahiko lituzkete sexu harremanak izan eta astean behin baina gutxiago 10%ak:
Lehialtasuna eta harremanak
G44 / G46/ G50 / G51: Erantzuleen %91ak onartzen du noizbait izan duela bikotekidea ez den norbaitekin desio sexuala. Bikotekide dutenen %87ak onartzen du noizbait sentitu dela bikotekidea ez den norbaitek bereziki erakarria. %42 ak izan du inoiz –egungo edo aurreko –bere bikotekideak jakin edo adostu gabe harreman sexualik beste pertsona batekin. Erantzun dutenen erdiak desleiala izateko arrazoi nagusitzat dute bikotekidearekiko ilusio edo erakarmen falta edo eta aukera suertatzeak. Erantzun dutenen 4tik batek uste du gizakia berez dela poligamoa, denon desira dela.
Poligamoak gara? Gehiengoak pertsona ezberdinekiko desira sexuala sentitu arren, soilik %25ak uste du gizakia poligamoa dela, hori dela denon desira. Eta elkarrizketatuen %7a soilik harreman irekia dauka, hau da, eramaten du aurrera zintzoki adostutako praktika poligamo bat. Bestalde, ezkonduak dauden pertsonek beste egoera zibiletan daudenek baino gehiago lehenesten dute sexua harremantzeko webguneetan; hauen artean maitalea topatzeko nahia ere goraipa daiteke.
Honek agerian uzten du kontraesanetan bizi garela, desio batzuk izan arren, gero ez ditugula praktikara eramaten, edo egiten dugunean, ezkutuan izaten dela. Heteroarauaren arau nagusi bat monogamia da eta bikotekidearekiko leialtasuna esklusibitate sexualaren arabera neurtzen da. Hortik ateratzea txarra edo ez normala dela uste dugu oraindik, edo behintzat ez daude garatuta oro har kontu hauek kudeatzeko tresnak eta komunikazio egokia bikoteengan
Bestalde, heterosexualak ez direnen artean, komunikazio gehiago dagoela ikusten da: Bisexualak dira bikotekidea desleiala izan dela dakitela esaten duten gehienak (%16,7, heterosexualen %8,4aren aurrean). Joerari jarraituta, homosexualak dira bikotekidea inoiz desleiala ez dela dakitela esaten duten gehienak (%21,5, homosexualen %11,1aren aldean). Heteroarauatik aldentzen diren ereduek komunikatzeko eta konpromisoa birpentsatzeko formulak asmatzen ari dira?