Eva, esku libreko bibradorea


Bibradoreak ez dira berriak; klitoriarentzat bereziak direnak ere ez. Badakigu forma ezberdinak daudela gu, emakumeok, estimulatzeko, baina klitoria ezinbestekoa da gehienentzat. Emakumeen %70 iristen da orgasmora klitoria estimulatuz, sarketarekin edo gabe.

Eva bibradoreak badu berezitasun interesgarri bat: esku librekoa dela. Zer esan nahi du horrek? Pentsa harremanak izaten ari zarela eta ezin duzula klitoria nahi adina igurtzi posturagatik. Bibradore honek horretan lagunduko zaitu, inork heldu beharrik izan gabe. Ez du molestatzen, ezta sexu orala praktikatzeko ere. Eta emakumeok bakarrik ere probestu dezakegu, noski.

Nola erabiltzen da? Eva bere “besotxoetatik” hartu behar da, beheraka jarri, eta bibradorearen gorputza zure klitoriaren gainean jarri. Besoak, gero, ezpain handien eta txikien tartean sartu behar dira. Besoak oso malguak dira, emakume bakoitzaren anatomiara moldatzeko.

Eva_Dame

Fitxa teknikoa

  • Berriro karga daitekeen bateria dauka (5 orduz erabili daiteke).
  • Xaboiarekin eta urarekin garbitzen da.
  • Ezin da ur azpian sartu.
  • Besoak malguak diren arren, ez dira indarrez erabili behar (solta daiteke).
  • Urarekin egindako lubrifikatzaileekin erabil daiteke.
  • Hiru erritmo ditu: baxua, erdi-mailakoa eta altua.

Nondik dator ideia?

Janet Lieberman estatubatuarra produktu-diseinatzailea da. Hori dela eta, egunero erabiltzen ditugu aparailu elektronikoetan hainbat akatsa atzeman izan ditu. Bibradoreen kasua bereziki deigarria iruditu zitzaion. Hainbat erosi izan ditu, baina beti bukatzen zuten bere tiraderan botata: “Hilerria zirudien, oso bizitza laburra zuten, nahiz eta bateria aldatu”. Orduan konturatu zen beharrezkoa zela ondo diseinatutako jostailu sexualak sortzea.

Alexandra Fine bazkidearekin lanean hasi zen 2014an: emakumeentzat pentsatutako bibradore bat egin nahi zuten, baina harreman sexualetan ere erabili ahal izango zena. Hainbat prototipo egin zituzten egokiena hautatu arte. Bibratzen duten eraztunak hartu zituzten oinarri (mutilen zakilean jartzen direnak), baina fokua emakumeen plazerean jarrita: “Emakumeak estimulatu nahi genituen, inbaditzailea ez zen jostailu batekin, eta aurrean duenari begietara begiratu ahal izateko”.

Eva izena jarri zioten. 575.000 dolar bildu zituzten Indiegogo-n urte hartan, eta 2015eko hasieran komertzializatu zuten. 65.000 aletik gora saldu dituzte, 105 dolarreko prezioan. Dame Products enpresak fabrikatzen du, “bere marketinaren parte feminismoa aintzat hartzen duenak”.

Misio bat jarri diote euren buruari, eta horretan ari dira: “Helburu dugu ondo elaboratutako jostailu sexualak diseinatzea, intimitatea handitzeko eta emakumeen esperientzia sexualak modu ireki batean ahalduntzeko”. Euren leloak horrelaxe dio: “My Body My Business” (Nire gorputza, nire gaia). Plazeraren arraila itxi nahi dute: “Sexuen arteko desberdinkeriarekin amaitu nahi dugu, bereziki praktika sexualei dagokienez; emakumeek euren plazer sexuala erreklamatzea nahi dugu, eta beren kargu hartzea”.

Horrez gain, espero dute jostailu sexualek duten izen txarra galtzen joatea: “Espazio arraro baten aurrean gaude: bromaren, opariaren, pornografiaren, osasun- edota ongizate-gailuaren eta gailu teknologikoaren artean; hori aldatzea espero dugu”.

Hemen ikus ditzakezue sortzaileen hitzak, eta probatu duten bikote batzuen testigantzak entzun:

https://www.youtube.com/watch?v=u5Xik4KbsZ4

Niri bat probatzeko gogoa piztu zait. Zuek baduzue? Inork bere esperientzia kontatzerik?

 

Argazkia hemendik hartua