Ezpainak

Bizitza errotik aldatu zitzaidan Andonik utzi ninduenean. Inoiz ez nuen ulertu zergatik, baina jada ez zait inporta. Txarto pasatu nuen, oso txarto. Negarrez eman nuen denbora luze. Lankideak animatzen saiatzen ziren, baina txarrera nindoan. Andoni dena zen niretzat, baina egun batetik bestera, abisurik gabe, maite ez ninduela bota, eta maletak hartuta etxetik alde egin zuen. Amildegia ireki zen nire oinen azpian. Noraezean geratu nintzen, etengabeko zorabioan. Beste andra bat egon behar zen, zer bestela? Horrelako erabakiak ez dira bat-batean hartzen, zerbaitek bultzatuta baizik. Bai, beste bat egon behar zen. Eta horrela, eldarnioak gidatuta, jarraitzen hasi nintzaion. Ezin nuen ideia hura burutik kendu, harik eta lankide batek “Eta gero, zer egingo duzu?”, esan zidan arte. Galdera horrek neure senera ekarri ninduen. Zer egingo nuke beste batekin zebilela jakingo banu? Ezer ez! Horixe erantzuna. Hortaz, onena hura ahaztea zen, baina nola? Artean, ahul, indarge sentitzen nintzen, ezertarako gogo barik. Ez dut gogoan nor, egun haietan adimena lausotuta nuelako, baina norbaitek aholkatu zidan on egingo zidala psikologo batera joateak.

Espezialistaren laguntzarekin apurka-apurka egoera kudeatzen ikasi nuen. Funtsean, burua eta denbora beste zeregin batzuekin okupatu behar nituen. Horrela, jende berria ezagutu eta aukera gehiago izango nituzke etxetik irteteko, bertan geratu beharrean nire saminean itota. Bada, auzoko antzerki taldean, pintura klaseetan eta teila tailer batean eman nuen izena. Hala, pixkanaka nire etxea, lagunenak eta familiakoenak koadro ikusgaitzez eta teila dekoratuez betetzen joan nintzen. Hoberantz nindoan, bai; baina bazegoen neure baitan gainditu gabe nuen zerbait. Gaua.

Eguna okupaturik neukan lana eta tailerrekin, baina etxera heltzean, isiltasunak itotzen ninduen. Ez dugu seme-alabarik izan, baina noizbait haien falta sentitu dudan arren, dibortzioaren atarian, ez izateaz poztu nintzen, finean beraiek izango liratekeelako egoeraren pairatzaileak.

Edozer afaltzen nuen telebista aurrean, eta berehala oheratzen nintzen; baina nire aldean baino ez nintzen etzaten, ez nintzen ausartzen beste erdia okupatzera. Aspaldi ez genuen amodioa egiten, baina niri ez zitzaidan inporta; eta zirudienez, berari ere ez. Bere arnasa, bere gorputza alboan sentitzearekin konforme nengoen; eta zirudienez, bera ere bai. Nik uste nuen adin batetik aurrera kontu normala, naturala zela; baina argi geratu zenez, Andonik ez.

Harekin egon nintzen bitartean, nire desioak estaltzen joan nintzen, eta barneko sua itzali ere, beragana hurbiltzen nintzen bakoitzean, zirkin egiten zidala sumatzen nuelako. Une batean, pentsatu nuen jada ez nintzela erakargarria harentzat. Egia da urteekin kilo batzuk hartu ditudala, baina artean desiragarri nengoela uste nuen. Nola edo hala, gurea apurtu egin zen, eta ohe osoa niretzat bakarrik geratu zen. Jada ez nuen desiorik erreprimitu behar; eta hala, su hark hartzen ninduenean, pixkanaka izaren artean gorputza zabaltzen nuen, eta eskuei baimena ematen nien bidea egin zezaten bular eta izterren artean, gero eta biziago, harik eta plazerraren eztandak bizkarra makoarazten zidan arte.

Hura esperientzia soila izatetik normala izatera pasatu zen, ia erritu bihurtzeraino; baina une batean jada ez zen nahikoa izan. Beste zerbait behar nuen, eta antzerkiko zenbait kideri entzun ostean, satisfayer bat erostea erabaki nuen. Hasieran apur bat desatsegina izan zen, baina erregulatzen ikasi nuenean, beste plano batera eraman ninduen. Berehala etortzen zitzaidan orgasmoa, baina ez bat bakarrik, beste bat, eta beste bat. Bazirudien ez zegoela mugarik.

Batzuetan, antzerki saioen ostean, hurbil samar zegoen taberna batean zerbeza edo kafe bana hartzen genuen. Ia emakume guztiek zeukaten tramankulu hura, eta barren artean komentatzen zuten euren senarrekin ere erabiltzen zutela. Horrek pentsarazi zidan Andoni erregulatzen jakin izan banu, agian gauzak beste era batera joango zitzaizkigula, baina berehala baztertu nuen pentsamendu hura. Neu ez nintzen ezeren erruduna; eta kulpa sentimendu haiek ez ninduten inora eramango. Halere, inbidia ematen zidaten emakume haiek. Nik ez nuen inor alboan hura praktikan jartzeko.

-Zelako inbidia! -bota nuen beheko ezpaina kosk eginez.

-Ulertzen dizut oso ondo! -esan zidan Leirek, ni bezala, bananduta baitzegoen-. Baina horrek konponbide erraza du!

-Zein?

-Apuntatu kontaktuen sare sozial batera! Adibidez, kaixomaitia.eus-era! -erantzun zidan irribarre batez.

-Bai horixe! Eta agerian jarri ezezagunen aurrean! Edo txartoago! Eta ezagunen batek ikusten banau?

-Tira, neska! Baduzu ezer ezkutatzeko?

-Ba, ez!

-Orduan, zein da arazoa?

-Ez dakit, ez dakit, ez nago seguru!

-Bestela, baduzu beste aukera bat, seguruagoa! -proposatu zidan doinu misteriotsuaz.

-Badago masajeak egiten dituzten leku bat…

-Eta?

-…amaiera zoriontsuarekin! -bukatu zuen, lentzeria itxurako musuko beltzaren atzetik barre eginez. Une horretara arte ez nintzen konturatu, baina oso erotikoa iruditu zitzaidan.

-Nola amaiera zoriontsuarekin? -galdetu nuen erdi totelka.

-Ba, horixe, neska! Amaiera zoriontsua! Zuk nahi duzun amaiera, edozein!

-…

-Ez jarri aurpegi hori! Nik probatu dut, eta zinez gomendagarria da. Hori bai, ez da merkea! -esan zuen, bekokian kiribiltzen zitzaion xerlo beltzaran bihurria leunki belarri atzerra zeramala.

Hala, aztoratuta eta gehiegi pentsatu barik, helbidea eskatu eta egun batean hara abiatu nintzen. Barregarri sentitu nintzen. Ez nuen inork ezagutu nintzanik nahi, eta goitik behera estalita joatea deliberatu nuen: kapela, eguzkiko betaurrekoak, musukoa, tapauka eta abar. Lekuak bi ate zituen. Kalekoak gelaxka batera ematen zuen, non egurrezko atetzarra zegoen zain. Alboko txirrina sakatu nuen, eta ireki zen. Dekorazioa ekialdekoa zen, buda eta banbu kanabera askorekin. Airean meditaziora gonbidatzen zuen urruneko melodia suma zitekeen. Harrerako neskak abegikor azaldu zidan zertan zetzan masajea, ze nolako amaierak zeuden aukeran. Nik banekien zer nahi nuen, eta osoa eskatu nion. Irribarre batez gidatu ninduen zenbait pasabidetatik gela bateraino. Eroso jartzeko, Giorgio berehala etorriko zela. Neure baitan, barre egin nuen. Argi zegoen mutil haren benetako izena ez zela Giorgio izango. Arropa erantzi, eta dutxa bat hartu nuen. Gela txukun atonduta zegoen. Ohea behegainean, izarez eta burukoaz hornituta; alboetan buda eta elefante irudiak; hormetan ispilu bana; eta eskumaldean hiru kandela piztuta. Horrek guztiak musikarekin batera taxu exotikoa ematen zion lekuari. Norbaitek atea jo zuen. Giorgio zen.

Saioa izugarria izan zen. Giorgiok bazekien bere eskuak erabiltzen. Lehenengo gure gorputz biluziak olioztatu zituen, eta gero berea erabili zuen masajea emateko, aurrera eta atzera, gora eta behera. Ez zuen nire gorputzeko zirrikiturik utzi igurtzi gabe. Gomatxoa ahoarekin jarri nion, eta bere besoetan abandonatu nintzen. Bere hats sakon eta umelak inarrosi ninduen. Bukatu genuenean, biok izerditan geunden, eta sexu usaina zerion aireari. Gustora nengoen, gehiago nahi nuen. Zerbait, ordea, zerbait ez zebilen ondo nire baitan. Ez nekien zer, baina erraietan iltzatuta nuen. Bestalde, Leire zuzen zen. Garestiegia zen. Holakoak bakarrik noizean behin ordaindu ahal nituen. Baina nola egin uko horrelako plazerrari?

Handik gutxira, Andoniren mezua jaso nuen. Itzuli nahi zuela. Okertu zela. Barkatzeko. Ez nion erantzun. Gauza asko nituen artean ikasteko. Plazerraren atea ireki berria nuen, eta ez nuen itxiko aurreko gatz bako bizitzara itzultzeko. Aske izan nahi nuen. Aske noiz, nola, non eta norekin erabakitzeko. Eta Leirek aholkatu bezala, desio horrek sare sozialetara eraman ninduen.

Orain, hemen nago, kaixomaitia.eus-en izena ematen. Soslaia egitea erraza da, baina ez daukat argi zer nolako argazkiak ipini. Antza, lehenengo argazkian argi ikusi behar da neu naizela. Lotsa apur bat ematen dit, baina puntu honetaraino helduta, uste dut lotsa aspaldi galduta izan beharko nukeela. Bestalde, kontua salseatzea baldin bada, nik uste neure burua aurkezteko ukitu pikante bat ez letorkeela batere txarto. Horregatik, lentzeria beltzeko musuko batekin erabaki dut argazkia egitea. Beltz garden honek goiko ezpainak lausotzen dizkit, behekoen promesa umela iradokiz. Argazkia egitear, logelako ispiluari begira nago, baina musukoaren atzean ez naiz nire ezpainak ikusten ari, Leirerenak baizik. Eta bere aurpegia etorri zait, bere ile kiribilduaren xerloa bekokian, bere irribarre mozorrotua, bere begien distira… Aztoratuta, eskua jaitsi, eta mugikorrari so geratu naiz. Deituko diot.