Familia ereduak pertsonak adina

Idoia Arraterekin ezkonduta dago eta bi seme dituzte, bizkiak. Beraien harremana ustekabean hasi zuten, Idoiak bereziki ez zuelako inoiz buruan izan familia bat beste emakume batekin osatzea. Lau urte daramatzate elkarrekin, familia ederra dute, beste edozein bezalakoa. Oso esperientzia polita bizitu dutela argi dute, horrelako zerbait eraikitzea erraza ez den arren.

Familia osatzeko, baina, bikote heterosexualek egin beharreko urratsak baino gehiago egin behar izan dituzte. Idoiak argi zeukan erditu nahi zuela. Arraterekin hasi baino lehen, hasiak zituen intseminaziorako tramiteak. Harremana hasiberritan deitu zioten, prozesuarekin hasteko. Bidea elkarrekin egitea erabaki zuten, osasungintza publikotik.

Ezkondu, ezinbestez

Paperetan biak ama gisa agertu ahal izateko, derrigor, ezkondu behar izan zuten. Arrate, bestela, ez zen “ama” izango. Halaxe egin zuten. Ondoren, beste “berezitasun” batekin egin zuten topo: haurrak jaio ondoren, inskribatzera joaterakoan, ezin izan zuen Arratek bakarrik joan. Paper pila bat bete behar izan zituzten gainera, elkarrekin. Bikote heterosexualetan nahikoa da aita bakarrik joatearekin. Kasu honetan, biak joan behar izan zuten, astebeteko epean, erditzea Idoiarentzat gogorra izan zen arren.

Oztopo burokratikoak izan dituzte, bai, baina bidean laguntza eman dieten pertsona guztiei eskerrak helarazi nahi dizkiete, gauzak hain erraz jartzeagatik: ospitalean, erregistroan… Asko eta ondo lagundu dituzte.

300x300_animatua
Ama izan vs. erditu

Ama izatea ez da erditzea, ordea. Argi dauka Idoiak. Ama hitzaren barruan gauza asko sartzen dira: “Garrantzitsuena da, pertsona batekiko hartzen duzun erantzukizuna, erditu edo ez”.

Begien bistakoa da biak direla amak. Ez dago besterik, sinplea da. Berdin du nork erditu. Etiketa horiek nagusiek dauzkagu, ez haurrek. Hala, aukera polita ikusten du Idoiak horrelako kasuetan, nagusiek umeekin lan bat egiteko, nagusiek ere haurren bidez ikasteko: “Ez dauka beste mundu garrantzirik nork erditu zituen, baizik eta zein den hortik aurrera beraien historia”.

Ingurunean, arazorik ez

Inguruneagatik galdetuta, trabarik topatu ote duten jakiteko, ez dute arazorik izan, are gehiago, dena “oso ondo” joan zaiela dio Idoiak. Emakume askok esan omen diete eurek ere errazago edukiko zituztela haurrak beste emakume batekin. Bereziki, bizkiak.

“Ikusten dute familia bat garela”, kito. Nahiz eta hasieran galdetzerakoan lotsatu, inoiz ez dute inor atzera bota, edo aurpegi txarrik nabaritu. Justu kontrakoa. Irribarre batekin erantzutean, gehiago galdetzen diete: “Orduan konturatzen gara zein aukera gutxi dituzten horrelako bikote batekin hitz egiteko”.

Inguruan, asko maite dituzte eurak eta haurrak.

Maitasuna, gakoa

Idoiak ez du uste “beste” familia mota bat direnik. Familia eredu pila bat daude, pertsona hainbeste. Baina momentu egokia ikusten du halako esperientziak bistaratzeko, denak mahai gainean jartzeko: “Orduan konturatuko gara, familia tipikoak zirenak, agian ez direla hain tipikoak”.

Izan ere, umeak hazi dituena izan daiteke amona, eta ama papera bete duena izan. Kasu pila daude historian: ama desagertuak, aita desagertuak… “Familia apurtuez bezala hitz egin dugu horietaz orain arte. Baina agian konturatu ez garena da, ez zirela apurtuak, beste familia bat zela, beste familia bat zeneukala”, nabarmendu du Idoiak.

Bere kasuan, gurasoak txikiak zirela banatu ziren. Aita ingurunetik desagertu zen. Hasieran lotsa ematen zion, ez zuen gaiari buruz hitz egin nahi ere. Baina gero konturatu zen beste familia bat zeukala, inork aitaren “paper” hori jokatu behar izan gabe. Beste paper protagonista batzuk zeuden: izeba, amona, aitona…

Hala, mezu bat zabaldu nahi du, bereziki, gure elkarrizketatuak: “Bakoitzak ikusi behar du zein den bere familia: azken finean zer da familia? Heztea pertsona bat maitasunarekin, denborarekin, laztanak emanez… Hori denek behar dugu eta espero dugu denok edukitzea”.

Hots, familia = maitasun horrekin heztea pertsona txiki hori.

Gu desiratzen gaude horrelako adibideak ezagutarazi eta normalizatzen laguntzeko. Eta zuek, animatuko zarete zuen esperientzia kontatzera?

 

Argazkia: Caitlin Childs hemendik hartua