Flirt

Muxu bat ikusi dizut ezpainen ezkerraldeko partean eta hatz punttekin hartu dizut. Begira geratu natzaio begien parean sostengatzen dudalarik. Irribarre polit bat egiten duzu, egiten didazu. Giligiliak eragiten dizkit barrutik. Ez dakit nabaritzen zaidan baina berdin dit, badakit zuk somatu duzula eta zuk ere ernatze bat sentitu duzula. Beste aldera begiratzen duzu disimulatuz bezala, hau ere jolasaren parte. Zure muxua nere ahora eramaten dut bitxito bat balitz bezala, eta bitxito batek bezala harridura eragiten dit. Ui aurpegia jartzen dut eta berriro niri begira zaude. Bobo esaten didazu eta muxu azkar bat ematen didazu ezpainen erdian, baina oso azkar, inork ez ikusteko modukoa. Baina iritsi zait. Nik esango nuke gertatu dela.

Aurpegia gorritu zaizu behintzat.

Zutitu eta gonbitea eginez bezala (oso txikia dena, oso delikatua) oinez hasi zara. Ni pausu bi atzetik, zure ipurdiari begira disimulu barik. Zu ohartzeko moduan. Ez dut zer galtzerik. Ipurmasailen formak biziki gustatzen zaizkit. Ugaztun erara bueltatzen gaituztela esango nuke.

Ume bati entzun nion behin Un museo de nalgas esaten, eta ideia paregabea iruditu zitzaidan. Hau irakurtzen duenak ideia on hau (musutruk) hartu eta martxan jartzen badu bejondeiola! Ni behintzat askotan joango naiz. Bide batez, museoetan eskulturak ikutu egin behar direla aldarrikatu nahi dut. Esku garbiekin. Zer esanik ez ipurdien eskulturak badira!

Ibiltzerakoan ipurdiak nola mugitzen diren ikustea hondartzako olatuei begira egotearen parekoa da, jaungoikoa edo dena delakoarekin konexioan jartzen zaituen jarduera da. Meditazio bat. Niri ere gustatzen zait beste norbait nire ipurdiari begira dabilela somatzea. Zeharo limurtzen nau, ia lingirdatsu jartzen. Horregatik begiratzen dizut zuri, horregatik laztantzen dizkizut ipurmasail borobil bi horiek nere begininiekin, bi pausu atzetik. Zure ipurdia ez duzula gustoko esaten didazu baina melokotoi zukutsu goxo bat dela esaten dizut nik eta barre egiten duzu. Zure barrea kutsakorra da, eta gure ipurdiak ere poztu egin dira. Ipurdi-pozak.

Eskuak zintzilik daroazuz gorputzaren bi alboetan suelto, eta noizbehinka amiñi bat altxatzen zaizkizu haizearen pausuan. Hegal egitera zoazela uste dut eta besarkada bat emango dizut, jolasten, hegan urten aurretik. Baina ez dizut eman hegal egin dezazun gustoko dudalako. Zuk keinuren bat egitea nahiko nuke. Pikardia punttu batez begiratzen nauzu hegaldira gonbidatuz bezala. Zure lepoari begira geratzen naiz kosk egiteko gogo itzelarekin eta zure lepoak hau ere igarri egin du, inarrosi egin zaio azala.

Zure azala beste kapitulu bat da. Nere gosaria. Nere merienda. Hala balitz.

Eskutik heldu didazu. Nere diskurtso guztiak borratu dira. Gero jarraituko dut horrekin, baldin eta gogoratzen banaiz. Zure eskuak nirea heltzen duenean munduan dagoen epeltasun guztiaren jabe naiz. Edonork eskatzea dauka eta gustora oparituko diot epeltasun horretatik. Norbaitek horrela heltzen zaituenean zure biguntasunaz ohartzen zara, bi azal elkartzen direnean azal azpian dagoen guztia ere elkartzen da, eta bizitzaren dardara partekatua da. Oso handia da hori.

Ez dugu hitzik esaten gorputzak direlako mintzo. Gorputzak mintzo direnean adi egotea berebiziko plazerra da, eta jolas horretan murgildu gara. Nik badakit zer dagoen eta zuk ere badakizu zer dagoen, horregatik ez dugu hitz traketsekin hondatu nahi. Ez badugu esaten baliteke gidoi jakinetik irtetzea ere. Eta ez dugu esaten.

Gorputzak mintzo direnean espero ez ditugun gauzak esaten baitizkigute gehienetan. Eta hori plazerretik egitea bizirik egoteko arrazoirik hoberenetakoa da.

Emakume nagusi bat igaro da gure ondotik baina ez gara ohartu ere egin. Txoritxo batek esango dit gero. Geldirik gara orain aurrez aurre, oso hurbil baina ikutu gabe. Tentsioa ikaragarria da, zerbait gertatuko dela dirudi. Euria ari du gelditu gabe. Euri beroa. Nork egingo du hurrengo mugimendua? Ur tantek, zure aurpegian zehar karrerak egiten, are distiratsuago egiten zaituzte. Dagoeneko arroparen azpitik ere baditugu ur tanta beroak korrika bizian izerdiarekin nahastuz.

Arropa itsatsita ez dudan lekuetan giligiliak egiten dizkit. Hankartean, noski. Zuri ere gauza bera gertatuko zaizula irudikatzen dut.

Hankarteko beroarekin lurrindu beharko lirateke. Zure hankartea usaitzen ari naiz, hori imaginatzen dudalarik. Zer? Zu gauza bera egiten ari zara… Nire hankarteari begira zaude barruko begiekin. Baina ez dugu ezer esaten. Eta hizkuntza ezberdinetan mintzatuko bagina?

Titiburuak teink izango dituzu, justu nire hortzekin kosk egiteko neurrian. Kosk ttikia eta zupada bat gero, nere ahoaren berotasuna zure bular osoan barreiatuz. Zure bularraren forma guztiak ezagutzen ditut hondartzan egon ginenean ikusi nizkizulako. Uretatik irten ginenean, zeharo ugaztunduta ni, larrialdia igaro nuen zure gainera salto ez egiteko. Hantxe bertan follatuko zintuzket. Baina mesedez. Ez gaude hor. Hondartza jendez beteta zegoen gainera. Ordutik ametsetan asko ikusi zaitut, beti irribarre limurtzaile horrekin. Orain daukazunaren antzekoa. Baina hau hurbilagoa da. Ametsean baino zentimetro batzuk hurbilago zaude, pausu batzuk eman dituzu nigana eta lehertzear daukat bihotza. Ez. Dena. Zelula bakoitza.

flart:

Aurpegiko ile bustia alboratu dizut eta barreak zure hortzak erakutsi dizkit, hor aho barruan. Mihi punta ere hortxe duzu. Jauzi mortala egiteko prest al zaude? Ezin sinistuta nago. Aldapa bat korrika igo bagenu bezala hartzen dugu arnasa. Bai, zuk ere bai, ez esan ezetz, somatzen dizut eta. Orain bai, hor zaudela somatzen dut, irrati batean zerbaiten bila aritu eta doinu polit bat agertzen denean, doiago entzuteko milimetro erdi bat mugitzen duzu diala, eta doinua ezezaguna da hasieran baina piskanaka ezagutzen duzula konturatzen zara. Pozik jartzen zaituela gainera. Pozik baina barrutik pozik. Poz ugaztuna.

Eskua bularrean jarri didazu, eta politki politki arakatuz jaisten hasi zara. Zutik geldi gaude pasealekuaren erdian oraindik. Zure eskuak bularrezurra jarraitu du eta sabelean pausatu zait. Ezin naiz mugitu, nere arreta guztia zure eskuaren bidean delako. Zure eskuak behera egin du tixertaren ertza harrapatu eta azpitik sartu arte. Aldakara bidean dela begiak itxi zaizkit hotzikararekin bezela. Aldaka beherantz mugitu dituzu behatzak nere sexuko lehenbiziko biloak punttekin somatu arte. Hor gelditu zara.

Hor geldi, zenbat gauzatan pentsatzen arituko zaren otu zait. Zer egingo ote duzun zure zalantza guztiekin. Honek ekar ditzakeen arazoekin. Zurekin dabilen horren aurpegia ikusi duzu flash batean eta pareo batekin estali duzu. Ez duzu zertan dena ikusi behar esan diozu. Bihar kontatuko diozula kontatu beharrekoa. Besteok egiten dugun bezala. Argi ikusi duzu eta lasaitu zara. Zure gorputza parez pare zabaldu dela ondo igarri dut. Tentu handiz ibili nahi izan dut orain arte. Orain azkartu egin zaigu hau. Eskuak zure gerrira hurbildu ditut. Azazkalak urdinez margotuta daramatzat eta zure praka estu zuri horietan dotore geratuko dira nire hatzamarrak zabal zabalik. Zure formak ezagutzeko abenturan murgiltzen hasi dira piskanaka lotsak galduz. Atzeko poltsikoan sartzen dizut esku bat. Sartu aditza gustatzen zait. Hartu bezela. Eta irristatu. Beste eskua beheraka doa ipurmasailartetik. Blai dituzu prakak. Blai gaude kanpotik eta barrutik. Zoraldian sartzen ari gara. Honez gero semaforoa berde jarriko zitzaigun. Eta gorri. Eta berde berriro. Oso berde. Zure mingaina aho barruan daukat, haragi zati handi bat nire mingainarekin elkarrizketa propioan. Ate guztiak zeharkatuko ditugu, hementxe bertan, kalearen erdian. Botoi guztiak askatu dira eta lehen igo dugun aldapan behera pirritan doaz, nor lehenago iritsiko putzura. Putzua gurea, isuri epelez ase ezinezkoa. Elkarrengan urtzen gara. Idazteari ere utzi diot.