“Azalean daukat, oraindik ere, gorputz guztian zehar egin dizkidazun xuxurla guztiak”. Horixe idatzi diot, bide bazterretik, agurtu berri dudan amoranteari.
Eta, idatzi orduko, berriro ere zutitu zaizkit ileak, eta kilimak hankartean. Zalantzan jartzen nenbilen egun batzuk lehenago, nire mugikorreko amorantea benetan hain ederra ote zen. Dagoeneko, badakit baietz. Duela egun bat laztandu nion azala lehenengo aldiz, baina hilabeteak dira, lehenengo aldiz baita ere, orgasmora iritsi ginela; bere arnas estua belarrian, eta nire hatzak klitorian. Bazekien aspalditik gustuko dudala titi puntak miaztea, edota izter barruak kilikatzea. Gure solasaldi beroetan, mugikorraren bitartez, imajinazioan bidaiatzen genuen bitartean, baginatik dariola hasten nintzen, bihotz taupadak klitorian sentitzeraino. Eta biok goren-gorenean geunden momentu horretan uzten genion telefonoa eusteari. Irribarreak burukoari, gozameneko uzkurdura batzuk, eta berriro pantailara:
- Hor zaude?
- Bai. Ederra izan da.
- Oso.
- Eskerrik asko!
- Zuri
Lo hartzen nuen, horrela, egunak joan eta egunak etorri; gorputza bero, tentsioak aske, eta amets onak opa egiten ohe handian, bakarrik, gozamenarekin tapatuta.
Ikastaro batean ezagutu genuen elkar: Euskararen erabilera indartzeko ikastaroan, hain zuzen. Ikusi orduko jarri nion arreta. Freskuraz beterikoa, bera. Eta astelehenero dastatu ahal izan nituen bere iritziak, bere ideiak, nahiak, desadostasunak… hizkuntzarekiko eta abarrekiko. Eta horrela eraiki nuen, arrastoz arrasto, berarekiko miresmen edo erakarpen indar sutsua.
Astelehenak politagoak izaten ari ziren ikastaroa hasi nuenetik. Interesgarria izaten ari zen jasotzen ari ginen materiala, baliabideak, euskarriak… Eta, dudarik gabe, oso interesgarria zen berari begiratzea, labean sartu berri den lasagnari kristalaren beste aldetik begiratzen zaion bezalaxe; jateko momentua noiz iritsiko, desira horrekin. Eta labeko alarmak abisatu bitartean gu hor, euskara gora eta euskara gora, beti gora. Horrela egin genituen udazkeneko makina bat astelehen, eta ikastaroaren azken eguna ere iritsi zen. Ondoan eseri ginen aldi gutxi horietako bat zen, bederatzi zenbaki idatzi nituen bere koaderno urdineko orri batean, goian, ezkerraldean. Irribarre batekin erantzun zidan, eta niri uzkurdura sortu zidan urdailean, berak sortutako lehenengoa. Berrogei urterekin uste dut sakonago sentitzen ditudala urdaileko uzkurdurak. Akaso muskulatura hori ere indartuago daukat.
Gaueko errituala hasia nuen bere mezua jaso nuenean. Aurpegia lehortzen ari nintzela joan nintzen telefonoa begiratzera, argia piztuta ikusi bainuen. Zenbaki batzuk ikusi nituen ezer baino lehen, eta, segidan, mezua; nire desiorako, bera zela konfirmatu nuen:
- Kaixo! Despistatuarena egin nezakeen baina… pringatuarena egitea aukeratu dut
Harrokeriak alde batera utzi eta idatzi izanagatik, ederragoa bihurtu zen bera, eta, arrazoi horregatik, ez nuen nik hartu handiputzaren jarrerarik, eta segidan erantzun nion:
- Gabon! Badirudi ez naizela zenbakitan nahastu…
- Ezta neu ere!
Harekin mezu trukean ari nintzela garbitu nituen hortzak, hurrengo egunerako poltsa prestatu, eta erantzi nuen kaleko arropa. Eta, bi aldiz pentsatu ondoren, ez nuen lotarako ezer jantzi. Izara goxotan murgildu nintzen telefonoa esku artean nuela, eta begiak aurpegitik irten beharrean. Eta eroso jarri nintzen momentu hartantxe…
- Bueno, oso nekatuta nago, eta deskantsatzera noa. Hitz egingo dugu beste momenturen batean, edo ametsetan ikusiko dugu elkar. Nork daki?
Barre egin nion komentarioari, baina zapuztuta utzi ninduen agurrak. Azkar pasa zitzaidan, ordea. Biluzik nengoen, eta dena neukan gozamenerako: irudimena, desioa eta gorputza. Lokartu aurreko fantasiako pertsonaia izango zen bera gau hartan (ezaguna zen, ordurako, nire fantasietan). Begiak itxi nituen, eta eskuineko eskuko hatz erakuslea miazkatu nuen, suabe, nahikoa titiburuak puntan jartzeko. Kilima moduko laztanak eginez zeharkatu nituen lepotik pubiserainoko zirrikituak; iristen nintzen zirrikitu guzti-guztiak. Bere irudia etorri zitzaidan nire gorputza musukatzen. Goxo eta poliki senti nezakeen. Zeinen trebetasun handia, imajinatzen dugun hori benetakoa balitz bezala sentitzearena. Bustirik nuen hankartea, gorputza erantzuten ari zen seinale.
Zilbor inguruan sumatzen nuen bera, eta, listua jarri ondoren, putz egiten zebilen. Zenbat gustatzen zaidan horrek sortzen didan hotzikara. Burua pubisaren parean, beso bana nire gorputzaren inguruan; bere ezkerreko eskua, ondo irekita, nire bizkarraren behealdean, ipurdiaren goian. Benetan nire hankartean balego bezala senti nezakeen. Hankak hobeto ireki nituen, berak leku gehiago izan zezan. Mihia sentitu nuen nire pubisean barrena jolasean; klitorian gelditu zen pixka batean. Eta erritmo perfektuan eraman ninduen izarretara. Gaueko errituala amaitutzat eman ohi nuen bukaera horrekin; nire lo sakona hasi aurreko plan perfektua. Aurrerantzean, ohean bakarrik bai, baina telefonoaren beste aldean bera egon zen erritualeko zati beroetan. Asko ezagutu genuen elkar, telefonoz bada ere. Eta benetan gozagarriak ziren gure topaketa haiek. Distantzia fisikoa ahazterainoko momentu eroak, bere eskuak nire bizkarra laztantzen sentitzerainokoak, belarrira egindako xuxurlak sortutako haizearen benetako kilimak sumatzeraino. Gau magiko haiek askotan gertatu ziren, eta ez astelehenetan bakarrik.
Eta egunez egun sortutako harremana zalantzan jartzera iritsi nintzen momentu horretan proposatu nion elkar ikustea… eta berak… baietz.
Hondartza aurreko petrilean eseri nintzen. Udaberri amaierako egun goxo horietakobat zen. Zuhaitzak eta zelaiak puri-purian zeuden, dena eman ondorengo berde zoragarrian. Indarra sumatzen zen giroan. Eta ni, pozik eta lasai. Betiko lagunaren zain egotearen sentsazio antzekoarekin. Eta idealizazioa badirudi ere, koadro ezin politagoa zen itxuraz eta giroz.
Kaio bati hegaldia jarraitzen ari nintzaiola entzun nituen pauso batzuk niregandik oso gertu, eta han bera, bere freskura bereizgarriarekin. Begietara begiratu, eta irribarre egin genion elkarri, ezezagun oso ezagunak izatearen sentsazioarekin, eta hainbeste desiratu genuen besarkada horretaz gozatu genuen, lehenengo aldiz. Ordu pare bat-edo pasatu genituen amaierarik ez zuen hizketaldian. Farolak piztu artean eutsi genion solasaldiari. Tartean, hamar bat musuk eten zuten hizketaldia; ni ematera ausartu ez nintzen musuak ziren, gure lehenengoak, urdaila mugiarazten duten horietakoak, baita ileak zutiarazten dituen horietakoak ere.
Lehenengo izarra ikusi aurretik jaiki ginen petriletik. Bokata erraldoi bat hartu genuen taberna batetik, eta pentsatuta zeukan nora joango ginen. Ni konfiantza osoz sartu nintzen haren kotxe gorrian, eta ezingo nuen magikoagoa imajinatu ondorengoa. Herritik abiatuta, mendialderako bidexka batetik, borda batera iritsi ginen. Berea omen zen; kontatu zidan kostatu zitzaiola borda horren jabe egitea, baina berea zela orain. Itsasoa ikusi ez, baina entzun egiten zen. Borda kanpoaldetik inguratu, eta barrura sartu ginen. Espazio irekia: atetik sartu eta sukaldea eskuinaldean, armairuak ezkerraldean; barrualderago egongela osatzen zuen sofa granatea eta apalategi bat, aldizkari eta puzzle kaxa batzuekin. Eskuineko pareta izkinan, bi eskaileratxo jaitsi, eta ohe bat eta komun bat. Besarkada batekin bultzatu ninduen tapaki beixeko ohe gainera, eta gosea ase nahi nuen, besterik ez. Bera dastatzearen gosea. Eta jarraian etorri ziren muxu beroak eta hezeak, kamiseta azpitik eskua, bizkarreko laztanak eta belarriko miazkadak. Kamiseta kendu ondorengo tripako muxuak, nik bizkarra laztandu bitartean. Gero eta arropa gutxiagorekin geunden, biluzik gelditu ginen arte. Eta hor hasi zuen xuxurla goxo eta amaigabea, inoizko sentsazio goxoena gorputzean, inoizko fereka beroenak. Ez dut uste gorputzeko eremurik utzi zuenik igurtzi gabe. Zutik mantendu zizkidan ileak segundo luzez. Alura iritsi zen arte jarraitu zuen; galdetu zidan ea jarraitu ahal lezakeen, eta nik baimena eman nion. Intimitatepean ezagutu nituen nik ere bere gorputzeko sekretuak, eta erabateko askatasunean konpartitu genuen momentu goxo hura. Entregatu gintzaizkion plazerari, eta, gozamenaren betekadaz, eskuinaldera biratuta, bera besarkatuta eta leihotik
izar batzuk ikusten nituen bitartean, gogoratu nintzen patata tortillaren bokata hotzarekin, eta pentsatu nuen primerakoa izango zela gosaritarako.