Gu eta besteak, besteak eta gu
Kaixo, maitia eta
koma hasieran,
agur, maitia eta
puntu bukaeran.
Garrantzitsua baita
nola hasten geran,
ta garrantzitsua da
nola bukatzen dan.
Sexualitatea doa
komatik puntura,
jaiotze momentutik
heriotz ordura.
Ez da inoiz lokartzen
azalaren gura,
zergatik aplikatzen
diogu zentsura?
Emozio konplexu
batzun ondorio,
inpultsuak eteten
dittugu propio,
guztiak baimentzeak
ez baitu balio,
onartu beharko da,
ze erremedio!!
Dena den nahi duguna
askatasuna da,
espontaneo izan,
debekuak laga,
baina nahi dugun hori
bete ezin bada,
frustrazioan erraz
asko jausten gara.
Toleratu eziñak
sarri garamatza
besteengan jartzera
norbere lokatza,
hala doa maitasun
ta_harremanen martxa,
gurea da ardura,
gurea akatsa.
Akatsetatik asko
ikas daiteke_eta,
harremanetan segi,
nahiz kosta tarteka.
Gaitasunak guregan
daudenez gordeta,
batez ere haiengan
ipini arreta.
Unai Muñoz Iztueta
Argazkia: Gorka_”Mikrofonoa-Lisabö” hemendik hartua