Harreman irekiei buruz aritu ginen pasa den astean. Prest ote gauden galdetzen genion geure buruari. Ez dira “ohikoak” izaten harreman irekiak praktikatzen dituzten kasuak, edo ez behintzat ezagunak (ez dira oraindik ahots ozenez hitz egiten diren gaiak. Lastima! Hainbeste ikasiko genuke…). Horregatik, eta zertaz ari ginen jakiteko, lehen hurbilketa txiki bat egin genuen.
Pixka bat harago joan, eta “sexu jarduera ez normatiboak” izango ditugu hizpide aste honetan: bikotea izan edo ez, “jarduera onartu eta nagusitik kanpo” praktika daitezkeen jardueratako batzuk, behintzat, ezagutzen saiatuko gara.
Parentesi txiki bat praktika horiek ezagutu aurretik. Ohartu bazarete, beti ari gara “ohikoa”, “normala”, eta horrelako adjektiboekin, inor ez mintzeko ahaleginetan. Halakoak erabili beharrak esan nahi du “zerbaiten barruan direla ohikoak edo normalak jokabide horiek”. Edo horrela sartu dizkigutela barruraino. Iritsi behar zuen, bada, definizioari heldu beharreko egunak.
Denok dakigu bizi garen gizartean bizi garela. Ohitura batzuk pasatu dizkigutela. Hezkuntza eta kultura mota bat bizi ditugula. Horraino argi. Badakigu, ere, horietako asko irauli beharrekoak direla. Baina ez dugu, hemen behintzat, oraindik irauli beharreko bizimoduaren termino nagusi hori bere horretan jorratu. Kasu honetan, zer esan nahi dugu “sexu jarduera ez normatiboekin”? Egungo gizartean bizi dugun “norma” horretatik kanpokoak direla. Sexu jarduera horiek ez normatibo bezala ezagutzen ditugu, zoritxarrez, oraindik heteronormatibitatearen barruan bizi garelako.
Heterozer?
Goazen definizioarekin, beraz:
Heteroaraua edo heteronormatibitatea erregimen politiko, ekonomiko eta giza-erregimena da. Erregimen horrek praktika sexual heterosexualak inposatzen ditu hainbat mekanismoren bidez: osasunari dagozkionak, artistikoak, hezkuntzakoak, erlijiosoak, juridikoak… Baita instituzioen bidez ere. Instituzio horiek heterosexualitatea aurkezten dute gizartearen funtzionamendurako beharrezko; harreman sexualetarako edota afektiboetarako eredu bakar gisa ere aurkezten dute. Erregimenak bere burua elikatzen du marginalizazioarekin, inbisibilizazioarekin edota hortik kanpoko jarduerak jazarriz.
Heteroarauak sistema dikotomiko eta hierarkizatu bat du oinarri. Honakoak dira ideia nagusiak:
- Pertsona guztiak bi kategoria ezberdin eta osagarrietan banatzen ditu: emakumea eta gizona.
- Harreman sexual normalak sexu ezberdina duten pertsonen artekoak bakarrik dira.
- Sexu bakoitzak gizartean rol edo paper natural bat dauka.
- Sexu fisikoak, genero-identitateak edo generoaren paper sozialak edozein pertsona femenino/maskulino arauen barruan kokatzen ditu.
Hala, heterosexualitatea da normala den orientazio sexual bakarra (gaztelaniazko Wikipediatik).
Arautik at
Guri, ordea, ez zaigu gustatzen arau horretara mugatzea, noski. Hainbat jarduera daude oso dibertigarriak direnak, baina baita seguruak ere, eta praktikatzea gustatzen zaigunak. Beti esan ohi duguna: gustatzen bazaizu eta segurua bada, zergatik ez, ezta? Aurpegia estali gabe, aurreiritzirik gabe… beti ikas dezakegu gustuen mundua iruditzen zaiguna baino askoz ere zabalagoa dela. Goazen ba jardueratako batzuk ezagutzera.
Sadomasokismoa (S/M)
Masokismoa eta sadismoa izango dira, ziurrenik, parafilia ezagunenak gehienontzat. Masokismoa oinazea edo mina pairatzean sexu-atsegina hartzen duenaren jokaera, hau da, sexu-atsegina lortzeko kalte fisikoak edo moralak jasateko beharra ezaugarri duen joera.
Sadismoari kontrajartzen zaio, baina, kasu askotan, batera agertzen dira masokismoa eta sadismoa; kaltea jasanez atsegin hartzeaz gainera, besteei kalte eginez eta haien gaineko nagusitasunaz ere atsegin hartzen dute sadomasokistek (Wikipedia).
Kolpeak, zaplaztekoak, azoteak, esklabo papera hartu, asfixia, auto-asfixia… praktikatzen dituzte eszitatzeko. Praktika horiek arriskutsuak izan daitezke, beraz, komeni da zer egitera goazen jakitea eta tentuz ibiltzea. Gorputza limiteraino eraman daiteke praktika mota honetan, eta emaitza baliteke ez izatea bilatzen genuena.
Rol jokoak
Rol-jokoa jokalariek fikziozko pertsonaia bat antzeztu edo haren rola interpretatzen duten joko edo jolas bat da, fikziozko mundu batean edo errealitatea irudikatzen duen egoera batean giroturik historia bat garatzen duena, eta jokoaren bilakaera eta amaiera jokalariek hartutako erabakien eta jokoaren arauen mendean daude (Wikipedia).
Sexu-praktikaz kanpoko jokoan bezala, sexua praktikatzean ere, pertsona bakoitzak rol edo paper bat hartzen du eta hori betetzen du, adostutako arauen arabera.
Lotan daudenak
Parafilia honen kasuan, lo dagoen ezezagun batek sortzen du eszitazioa. Masturbatu egiten dira somnofilia praktikatzen duten batzuk, beste batzuk harreman sexualak izaten dituzten pertsona horiekin. Gehien berotzen dituena pertsona hori esnatzeko “beldurra” da.
Ipurtzuloan likidoak
Clismafilia bezala ezaguna den parafilian, ipurtzulotik likidoak sartzean sentitzen da plazera. Ez da izatean elkarbanatu ohi den fetitxea, pertsona gehienek enemak jartzen baitituzte. Hala ere, praktika konpartitua da batzuentzat.
Urolofilia eta koprofilia
Pertsona batzuei eszitazio sexuala sortzen diete gorozkiek. Horixe da koprofilia. Indibidualki edo modu kolektiboan praktika daiteke jarduera erotiko hau. Pertsona horiei gorozkiak usaintzea, dastatzea, ukitzea… gustatzen zaie, baita pertsonaren bat kaka egiten ikustea. Zenbaitek jan ere egiten dituzte gorozkiak gero.
Urolofiliak, bestalde, pizari egiten dio erreferentzia. Hots, gauza beraz, baina pizarekin. Praktika hau “urrezko euria” bezala ezagutzen da. Horrez gain, pertsona batzuei kalean piza egitea gustatzen zaie, soinean egitea, beste batzuek nola egiten duten ikustea, edo beste norbaitek gaintzean txiza egitea.
Takoi altuak
Plazera takoi altuak jantzita edo norbaiti soinean ikusita lortzen da. Altocalcifilia janzkiekin erlazionatzen da orokorrean, eta retifismoa deritzo zapatei zehazki dagokion filiari.
Partzialismoa
Interes sexualak gorputzaren zati konkretu batek sortzen du, genitalak izan ohi ez direna: oinak, eskuak, besapeak…
Ezagunena podofilia da (oinei dagokiena), baina ezagunak dira ere maschalagnia (besapeak), nasofilia (sudurra) edo tricofilia (ilea).
Eta zuek?
“Sexu jarduera ez normatibo” batzuk aipatu ditugu, artikuluetan egin ohi dugun gisara. Askoz gehiago ere badaude, noski. Animatuko zinatekete zuen gustuak gurekin konpartitzera?
Argazkia: AustinPony “Confidence Game” hemendik hartua