Ispilu aurrean

Ispiluaren aurrean. Nire gorputz txiki osoaren isla ikus dezaket nire aurrean. Jertsa grisa,
bakeroak eta plaierak jantzita ditut, ohi legez. Aurpegia hurreratu dut ispilura, nire pekak
hobeto ikusi nahian. Aspaldi honetan nire pekei grazia ikusten diet. Txikitan pekatsu izatetik
nagusitan pekaduna izatera pasatu naiz. Kostaldeko pekaduna. Eta otu zait peka horiei apur
bat laguntzea ezpainei kolorea emanez. Ezpain-barra gorria hartu dut, nire ezpain mamitsuei
kolore bizia emateko; gorri bizia, ezpainei. Barrari kaputxoia kendu eta goiko ezpainaren
eskuineko ertzetik gora egin dut xuabe ezpain-barragaz, ezpainaren mendia margotu dut eta
ezkerreko ertzean amaitu.

Eskua ezpainetatik altxatu barik, ertz horretatik besterainoko marra ia zuzena estali dut,
gorriz ere, xuabe ostera ere. Ezpainek elkarri igurtzi eta mihia, aurretik barrak eginiko bideari
ekin dio. Sentsuala. Bustia. Hezea. Nire aurpegia bat-batean ezin erakargarriagoa iruditu
zait eta ispiluari musua ematera ausartu naiz, garai hartako aktoreek egiten zuten erara.
Neu ere aktore. Bekaina goratu egin dut eta ahoan irribarre maltzurra irudikatu. Berotu egin
naiz eta jertsa kentzera adoretu. Baita plaierak ere. Bakeroak erantzi ostean bularretakoak
eta tangak baino ez dute estaltzen nire biluztasuna. Berriro bekaina gora, berriro kitzika.
Jaitsi dut bularretakoaren eskuineko tirantea. Irudi probokatzailea begien aurrean. Jaitsi dut
beste tirantea ere. Irudi sugerentea oso. Artega. Bero. Irrikan nago oihal zati hori kenduta
estalitakoa ikusteko. Eskuak bizkarrerantz eraman eta jaregin ditut bularretakoa ixteko
gailuak. Bularrak tente ageri dira. Titiburuak gogor. Goratu ditut titiak eskuekin, garai hartako
kortse inposible horiek egiten zuten moduan. Ondoren, eskuak bularren parera eraman eta
beharantz egin dute, nire gorputzaren ertzak laztanduz; beherantz, xuabe, lasai, aldaka
desafianteetara heldu arte. Zertxobait beherago tanga antzeman dut. Hori ere astiro-astiro
jaitsi dut orkatiletaraino. Oinek askatu dute gorputza tangaz.

Ni neu biluzik ispiluaren aurrean. Ni neu plazeraren xede. Eskuak titiak laztantzen hasi dira
eta atzamarrek pintzarena egin diete titiburuei. Esku batek beherako bidea egin du nire
aluraino, klitorisa topatu arte. Eta klitorisa laztantzen hasi da, ondoren gogor astintzen,
igurzten, gogor, xuabe, gora eta behera. Tititiei eusten zien eskuak ispiluan bilatu du
bermea, plazeraren plazeraz ez zorabiatzeko.

Busti-bustita nago. Gorputza dar dar batean. Atzamarra ahoan sartu dut eta nire zaporea
dastatu dut. Ez dago norberaren zaporea baino goxoagorik. Ostera ere dardara.