Kafe hotza

Kafeari beste zurrutadatxo bat eman zion arte, ez zen ohartu burua beste nonbait zuela.

Hoztuta zegoen kafea. Azkenaldian maiz gertatzen zitzaion.

8:51. Bederatzi minutu falta ziren bilerarako. Esan beharrekoak argi eta ordenatuta zeuzkan eta bazekien gai-zerrendako laugarren puntuari buruz esatera zihoanak zeresana emango zuela. Baina egoera halakoa zen, eta bera ez zen, besoak gurutzatuta, zer etorriko zain gelditu eta barruko egoera kanpoko miseriekin justifikatzera dedikatzen zen horietakoa, ez. Asmatu ala ez, etengabe saiatu eta arriskatu behar zela uste zutenetakoa zen. Bai lanean eta baita bizitzan ere. Bigarren eremu honek, ordea, azkenaldian dardarka jarria zuen ordura arte, horren seguru eta irmo, aldarrikatzen zituen printzipioen teoria. Eta horrek unean uneko jardueretan zentratzea eragozten zion. Ezinegon konstantean zegoen. Ustez sinistu, eta hainbat eztabaidatan defendatu zuen hori aplikatzeko ausardiarik ez zuela jabetu zenetik hala sentitzen zen.

8:54. Bi egun eta erdi igaro ziren jada, liburu dendan topo egin zutenetik, kasualitatez. Muxu bana masailetan. Bigarrena ezpainen fronte arriskutsutik oso gertu. Korronteren batek nahi gabe (edo nahita) buruaren bira-angelua gaizki kalkulatzea eragin balie bezala. Azaleko elkarrizketa laburra. Ezustean topo egiteak baldintzatzen duen horietakoa. Irribarre pare bat, irribarre bikote bat eta ia apetitua galtzerainoko korapiloa sabelean, deformazio elastikoa, ondorengo bizpahiru orduetan pixkana askatzen eta bere egoera naturalera itzultzen joaten den horietakoa.

8:58. Ea bada, zentratzeko garaia zen. Proiektorea piztu zuen.

Espero baino gehiago luzatu zen bilera. Eta ez laugarren puntuarengatik. Hori espero baino azkarrago eta apalago joan zen. Seigarren puntuan luzatu zen. Edukiak ez zuen luzatzeko arrazoi esanguratsurik eskaintzen. Hitza hartu zuen lankideak bai, ordea. Gauzak labur eta eskematikoki azaltzeko zuen ezintasun hori bideratzen behin baino gehiagotan saiatu zen bera, baina momentuz ez zegoen emaitza positiborik. Zentratuta egon izan balitz ez zen gertatuko, nola edo ahala moztuko zion jario hura, baina hura hizketan hastearekin bat bere buruak ihes egin zuen bileratik, eta ondorioa: ia hiru orduko bilera, bertaratutako guztiek sufritu zutena. Beno, berak ez, gainerako guztiek. Bera pentsamendu lizunetan igerian ibili zen bitarte horretan: liburu dendara itzuli zitzaion pentsamendua, eta nola pixkana azaleko elkarrizketa hartan bi subjektuen arteko distantzia geroz eta murritzagoa zen, irribarre tuntunen eta begirada lotsatien artean, besteari ze liburu hartu ote zuen galdezka eta eskuarteko liburuari helduz, bide batez eskua ukituz, eta eskua ez zena ere bai…

Bitxia da, astebete ere ez zen igaro lotsaren definizioa erabat arrotz sentitu zuenetik, batak bestea zerekin harrituko eta zerekin atsegin emango jolas mugagabean murgilduta ibili zirenetik. Ardo kopa haren kristal hotzak, bere gorputzean irristaka zihoala, sortu zuen zirrara zetorkion bereziki gogora. Eta begira liburu dendan, arratsalde arrunt batean espero gabe tupust egin eta lotsa izan behar lehenbizi azaleratutako sentimendua.

Geroztik, behin baino gehiagotan izan zuen mezuren bat edo argazki probokatzaileren bat bidaltzeko tentaldia, baina segundo gutxiren buruan amildegiaren ertzean sentitzen zen, eta jauzi egin ordez urrats bat ematen zuen atzera… baina oinpean arrakalak irekitzen hasten ziren orduan eta erortzekoa zela sentitzen zuen unean bikoteak heltzen zion gerritik, estu, ez erortzeko adina. Ez zen, ordea, estutasun goxoa, itolarria eragiten zion estutasuna zen eta begiak isten zituen goxoago sentitzeko, estutasunetik ihes egiteko. Eta irudimenak bestearengana zeraman orduan ere. Bikotea laztanak egiten hasten zitzaion: lepoan lehenbizi eta bularraldean ondoren, eskua zabal albo batera eta bestera, gora eta behera, gorputzeko hautsa kentzen ari bailitzan, titi puntetan espresuki tematuz. Irudimenean erlaxatuta sentitzean, postura erosoagoa hartzen zuen, albokoari lana errazte aldera. Fin zerraien bikoteak, hautsak harrotze-lanetan eta gerritik gorakoak nahikoa distira zuela iruditutakoan gerripeko zirrikituari ekiten zion. Berak ordea ezin ardo kopa burutik kendu…

Beste kafetxo bat hartzeko ordua zen. Jendeak kontzentratua zirudien bere lanean. Berak ere bai agian kanpotik, edo hori pentsatu nahi izan zuen. Menpekotasun puntu bat zuen kafearekiko. Eta harekiko ere bai. Ez zen ordura artekoa utzi eta benetan desio zuen haren aldeko apustua egitera ausartzen. Eta geroz eta argiago zeukan hori zela nahi zuena, behar zuena. Aspalditik ezagutzen zuten elkar baina erraietako sugar hori azken urtean piztu zitzaien; barruko premia, gogo, kezka, eta desioek igortzen zituzten uhinak maiztasun berean oszilatzen hasi zirenetik gutxi gora-behera.

Beroa zegoen kafea, ia mihia erretzeraino. Putz eginez itzuli zen bere bulegora. Gutxiago aldarrikatu eta gehiago egiteko garaia zela pentsatzen hasi zen. Zergatik jarraitzen zuen askatasuna, ilusioa eta gozamena emango zizkion atearen sarrailari eragin gabe giltza eskuan edukita? Ez zuen erantzunik aurkitzen, edo beldurra ematen zion bila saiatze hutsak. Baina zeri beldurra?

Edateko moduan zegoen jada kafea. Kolpetik hustu zuen basoa. Zirt edo zart. Lanetik irtetean mokadu azkar bat jan eta korrika saio bat egingo zuela pentsatu zuen. Buruan zerabilena indartzen lagunduko ziolakoan. Jarraian, dutxa bero bat hartu eta aurreko asteko gau hartako barruko arropa bera jantziko zuela erabaki zuen, horrek plazerezko momenturik onenak berdin errepikatzea ahalbidetuko balio bezala, edo hala sinetsita. Azkenean sarrailari eragingo zion. Bikoteari esan beharrekoak esan eta bizitzan ere, lanean bezala, arriskatu eta saiatu egingo zen.

Gauzak labur esaten ez zekien lankidea kontsulta batekin gerturatu zitzaion irteteko bost minuturen faltan. Kaka. Huskeria zen argitu beharrekoa baina bukatu zuenerako hogei minutu pasatxo. Korrika egitera joan ala ez duda egin zuen une batez, baina ez, nahikoa asti zuen pentsatutakoa pentsatu bezala egiteko. Irribarretsu irten zen lantokitik, baina ez zen ohiko irribarrea, egun hartakoa ezberdina zen; ziurtasun-gabeziak eragindako irribarrearen eta bihurrikeriaren bat egitera doanarenaren arteko nahasketa arraroa.

Etxeko atarira iristear zela, gelditu eta mezu bat bidali zion: “Nire burua, bihotza eta gorputza ez daude nire itzala dagoen leku berean. Gaurtik aurrera denak nahi ditut zure ondoan. Aurreko asteko leku eta ordu berean? Ardoa nire kontu, zuk jarri kopak.”

Arineketan eta binaka igo zituen etxeko eskailerak eta arnasa sakon hartzen saiatu zen giltza sarrailan sartu zuenean. Eragitera zihoan telefonora iritsitako mezuaren doinua entzun zuenean. Une batez, giltza bere horretan utzi eta irrikaz irakurtzeari ekin zion: “Sentitzen dut baina ez idatzi eta ez deitu gehiago mesedez. Ez dut ezer jakin nahi”.

Zer irakurri zuen artean asimilatzeko zuela giltzari eragin zion.

  • Aupa Ane! Iluntzean antzerkia ikustera animatzen?
  • Ez daukat gogorik bihotza, gaur nahiago dut etxean geratu, lanegun gogorra izan dut…