Iñigo Arandia Galarraga (@iarandia)
[Hasieran testu bakarra idazteko asmoarekin hasi naiz, idatzi zalea ez banaiz ere, espero baina luzeago atera da eta, bi tarte bereizitu ditunez, bata #EnpresareanAzoka ri buruzko kronika eta bestea jasotako saria eta hau “Banaiz Bagara” elkartearekin parteatzearen arerazoiaz bestea, gaur eta astelehenean publikatuko dut bi zatitan.]
Bai euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak bi urtez behin antolatzen duen hirugarren #EnpresareanAzokan parte hartzeko zorioneko aukera izan nuen atzo, Hernaniko Oronaren Ideo egoitzan. Atzo bertan erabaki nuen iruzkin hau idaztea, eta ideia ugari pilatu zaizkit buruan orduz gero, hauei forma ematen saiatuko naiz jarraian.
Enpresarean Azoka euskara eta enpresa uztartzen dituen azoka da (hemen duzue zehatz azalduta) eta atzokoan egitarau oparoa izan genuen egun guztian zehar (hemen egitaraua) “Ekintzailetasuna eta finantziazio ereduak” ardatz gisa izan zuena.
Goiz goizetik aurpegi ezagun ugari ikusi nituen, gehienak euskalgintzaren mundutik ezagutzen nituenak, baina segituan jabetu nintzen ezagutzen ez nituen beste asko ere bazirela bertan, eta ur handitan sartu nahi gabe, bi “mundu”, gutxienez ezberdin, bertaratu zirela esatea ez dut uste gehiegitxo esatea denik. “Finantza eta Enpresa” mundua alde batetik (enpresa zentzurik tradizionalenean esan nahi dut, bertaratutako gehienak bait ginen, artez edo moldez, enpresa mundukoak) eta “Euskalgintza” mundukoak bestetik (noski hauek ere denak enpresa badira). Bertan egonik erabat bi mundu hauekin identifikatuko ez direnak ere izango ziren ziur baina, bi mundu hauek hala bereizteko lizentzia hartzea baimenduko didazue.
- Bi mundu hauek euskara hutsean antolatutako ekitaldei batean elkarrekin ikustea deigarri bezain interesgarri eta pozgarri egin zitzaidan. Esango nuke, are gehiago, “Finantza eta enpresaren mundua” izan zela “Euskalgintza mundura” gerturatu zena, eskerrak beraz antolatzaileei mundu hori ekartzen laguntzeagatik eta hauei, etortzeagatik.
Ekitaldiak saio eta solasaldi ugari izan zituen, denak ezin laburbildu, bestela ere luze joko duen iruzkin honetan baina goraipatzekoak hauek ditut eta bestela hemen duzu kronika eta bideoa:
- Antolaketa oso profesionala izan zen, detaileak ongi zainduak, tenpoak ongi mantendu ziren eta moderazioak bikainak. Hamaiketako eta bazkariko formatua eta tartea oso egokia izan zen, jana oparo eta denbora nahiko saretzeko ahalegina egin nahi zuenarentzat. Agian ekitaldia luzetxo joan zela esan behar, bereziki wifi eta telefono estaldurarik gabe (ustez lasai) bizi ezin gaitezkeen honetan…
- Gustatu zitzaidan Pili Kaltzadak dinamizatutako ekintzailetza ereduez izandako solasaldia eta berriro ere, honetan ere, bi mundu , bi eredu ikustea, eta oraingoan, horrelako foroetan ohiko ez den ekonomia sozial eta eraldatzailea ardatz duten kooperatiba munduko ordezkaria izatea; Talaios kooperatibako Beñat Irasuegi zuzendaria kasu.
- David Sanchez Botek dinamizatutako finantziazioa nola lortu solasaldian gustatu zitzaidan Spri, Laboral Kutxa, Elkargi eta Fiareko ordezkari eta buruek finantziazio ereduez euskara peto-petoan aritzea (bizkaiera petoan gehienak) eta era berean,
gogorra egin zitzaidan gordin entzutea dirua badela (asko gainera, antza) baina proiektuak falta direla oro-har eta bereziki inbertigarriak direnak, alegia, errentagarriak izan daitezkeenak edo arriskua malgutuko duten berme ekonomikoak, abalak, eskaintzen dituztenak.Inorri ez zaio arrotza hau baina Euskalgintza present dagoen foro batean hitzok badute esanahi berezi bat; Rockanrollak ez bait du dirurik ematen.
Bazkal tartean baieztatzeko aukera izan nuen, kide batzukin, errentagarritasunaz hitzegiten denean ekonomikoaz hitzegiten dela gehiegitan eta ia beti proiektuen errentagarritasun soziala ez dela haintzat hartzen, are gutxiago neurtzen. Bestalde, gazteleraz esan ohi den bezala “Es lo que hay” eta horregatik uste dut bi mundu hauek foro berean biltzea positiboa dela, elkarrengandik zer ikasi beti egongo delako.
Hori esanda, eta hemen bustiko naiz, Euskal Herriak euskalgintza eta eredu sozial eraldatzaile gehiagoren beharra duela uste dut, eta administrazio publikoak oraindik ere ba duela bietan egiteko bide luzea. Gertuen ezagutzen dudan euskalgintzako munduari dagokionez, Euskal Herria garatzeko eta etorkizunean bizitzeko hizkuntza izango bada, euskararen eta honen babesle eta sustatzaile diren enpresa eta ekintzaileen aldeko behin betiko apostua egin behar du administrazio publikoak. Euskara ez bait da estrategiko Euskal Herriarentzat; ezinbestekoa bait da. Euskararen herria bait da Euskal Herria. Eta finantziaketaz ere ari garelarik, administrazioaren aurrekontuetan ezinbesteko, zalantzarik gabeko, leku sendo bat behar luke euskarak eta euskalgintzak.
- Asko gustatu zitzaidan, horrelakorik espero ez nuelako agian, Eneko Knörren aurkezpena. Gustatu zitzaidan biluztu egin zelako, gordin azaldu zuelako bere ekintzailetza esperientzia eta bizitza, arrakastak, baina bereziki porrotak; Ahobilorik gabe, intimo, gordin… Gauza askorekin identifikatua sentitu nintzen, esan zituen guztiekin ados ez banago ere. Baina hori beste kontu bat da.
• Kaixomaitia.eus aurkeztu nuen “arin arin” saioa freskoa iruditu zitzaidan eta aukera ona proiektu ugari (13 izan ziren aurkeztutakoak) azkar batean ezagutzeko. Kanpotik ikusita 3 minutuak espero baina luzeago egiten dira, oholtza gainean motzago.
Hauek izan ziren Arin Arin Saioan parte hartu zuten elkarteen zerrenda: Aek, Arteman, Banaiz Bagara, Elhuyar Fundazioa, Emun, Flashback, Goiener S.Koop, Kaixomaitia.eus, Sabeletik mundura, TaPuntu, Xafla, Koparia, eta Talaios koop.
- Gustatu zitzaidan jende gazteenak oholtza gainean izan zuen “desparpajoa”, ilusioa eta energia; Koreneko Jone, Miren eta Uxue eta Loadinn eko Xabier, zorionak!
- Bereziki aipatu nahi dut ere “TaPuntu” ko lagunek egin zuten aurkezpen teknikoki perfektu eta forma aldetik originala, komunikatzaile bikainak direla erakutsi zuten atzo 3 minututan, abeslari bezala zer hobetu badute ere 😉
Noski, arin-arinetik gehien gustatu zitzaidana, garrantzitsuena ez bazen ere, emaitza izan zen, epaimahiak ontzat ikusi bait zuen Kaixomaitia.eus-i saria ematea. Poza. Poz handia. Honi buruz, aurrerago idatziko dut hala ere.
Ekitaldiari jarraipena eman zion “Emakume ekintzialeen egoerari buruzko solasaldian”, EmakumEkin eko Miren Lauzirika eta Abantaileko Sonia Ortubai hizlari. Hemen ere energia eta ilusioa ikusi nituen, baita patxada ere. Euren buruarengan segurtasun izugarria duten bi emakume. Ez nuen jaso euren ekintzailetza prozesuan emakume izateagatik arazo berezirik izan zutenik, pozgarria dena, ez dakit halaber, hau araua ala eszepzioa den. Zoritxarrez Soniak aipatu zuen alor teknologikoan egun ia ezinezkoa dela generoan parekide den enpresa bat osatzea, antza, unibertsitate teknologikoetan behera egiten ari da emakumeen partehartzea (ez nuen nik horen ustea) eta postu bat betetzeko iristen zaizkion kurrikulumetatik 6 tik bat da emakumezkoena.
Hau esanda, eta generoaren gaiarekin jarraitzeko, pozgarria izan zen ikustea atzokoan aurkezpen, solasaldietan eta entzule gisa bertaratu zen emakume kopurua, egitarauan eman zitzaien presentzia, horrelakoetan ohikoa ez dena. Honegatik ere, bereziki, eskertu eta zoriondu nahiko nuke antolakuntza, hau ez bait da, zoritxarrez, “naturalki” egiten edo ateratzen den zerbait.
Egitaraua Markel Irizarrek itxi zuen, bizipoz proiektuarekin. Ordurako nahiko lan banuen nik ere neure emozioak kudeatzen, saria jaso berri, eta behar baino atentzio gutxiago jarri ahal izan nion hitzaldiari, baina hau ere bihotz-bihotzetik egindakoa izan zela ikusi zen. Bizipoza zer den jakiteko batzutan bizipoza zer ez den ezagutu behar dela ulertu (nahi izan) nuen eta tartetxo baterako gaudela hemen eta sorpresa on eta txarrez betetako tartetxo horretan gu eta albokoak zoriontsu egiteko ahaleginak merezi duela ondorioztatu nuen (berriro ere).
[Hemen amaitzen da idatzi luze honen lehen atala, astelehenean, hilaren 7an zabalduko dut bigarren zatia, Enpresarean saria irabazi izanaz eta hau “Banaiz bagara” elkartearekin partekatzeko arrazoiez. Hau gustatu bazaizu, bigarrena gehiago gustatuko zaizu. Zin dagit.]